Aste hontan udaberriko haize berritu honek, “Baztan eta euskal narratiba”-ren bigarren atala ekarri digu. Berrriz ere, Angel Garziak, Baztan oinarri gisa daukaten eukaraz idatzitako eleberriak azaltzen digu, hontakoan misteriozko nobelak!!!
Misterio nobelak
Detektibeen generoko lehen nobela 1955an agertu zen Euskal Literaturan, Jose Antonio Loidi irundarraren “Hamabost egun Urgainen”. Eta handik 7 urtera, 1962an agertuko zen gure Mariano Izetaren “Dirua galgarri”. Aurrekoan erran nuen bezala, istorioa ez dago Baztanen kokatuta, baizik eta Parisen, Iparraldeko euskaldunen giro batean. Baina hemengo idazlea izaki, eta hemengo euskara, merezi du irakurtzea. Aitaren batean egiten da. Gainera, hitzaurrean (“Leen peridikia”) Angel Irigaraik idazle baztandarren errepaso interesgarri bat egiten du, gure Haizegoak berriki egin duen bezala. Zaila da liburua paperean topatzea, baina Sarean badago, PDF formatuan, Armiarma web-gune zoragarriaren Klasikoak atalean: http://klasikoak.armiarma.com/pdf/IzetaGalgarri.pdf
Agian Izeta ez zen ausartu istorioa Baztanen bertan kokatzen, jendea ez ote zen hasiko fikziozko gertaera eta pertsonaien azpian gertaera eta pertsona errealak bilatzen. Kontuak kontu, detektibeen generoaren jarraitzaile oparoenetako bat Gotzon Garate gipuzkoarra izan zen, eta 1977an Txomin Agirre Nobela saria irabazi zuen “Elizondoko eskutitzak” lanarekin. Geroztik hainbertze argitaraldi izan dituen liburua, eskoletan eta euskaltegietan irakurri dela seinale. Baztango Liburutegian badago ale bat eta Sarean ere irakur daiteke (http://www.armiarma.com/emailuak/mizka/garate4.htm). Harrituta geratu naiz zein lotsagabeki sortzen dituen Garatek hemengo pertsonaiak: Elizondoko alkatea bera agertzen da, erraterako, Anton Hernandorena izenekoa, kontrabando sare bateko burua. Hilik agertuko da Izpegi aldean, hango kuartelaren inguruetan. Ez da garaia zehazten, baina Bordatxo diskoteka martxan zegoen.
Tira, ez dugu istorioa larrutu behar. Bakarrik erran lehen “eskutitza” anonimoa Izpegiko kuarteleko buruak jasotzen duela. Protagonista Gotzon Garateren betiko detektibea da, Jon Bidart donostiarra. Amaiurko baserri batera etorri da bakazioetan, Donostiako Aurrezki Kutxako zuzendari Joxeba Eizagirreren etxera. Bertan ezagutuko du Edurne, etxeko alaba, Iruñeko Unibertsitatean erizain ikasten ari dena. Edurne izanen da bere laguntzailea, hilketen erruz oporraldiko planak aldatu eta gero.
Erran behar da liburu irakurterraza dela, zentzu onean eta txarrean ere bai: istorioa eta pertsonaiak arras eskematikoak dira. Nortasun eta misterio urrikoak. Eta agertzen den Baztan bera ere sinesgarritasun gutxikoa. Nahiz eta Garatek Arizkunen egonaldi bat egin omen zuen, baserri batean (jesuiten Lamiarritan, agian?).
Asmo literario sakonagoa du Iñaki Bernaola idazle bizkaitarrak bere “Zugarramurdiko Kontesa” eleberri labur baina trinkoan. Eta idazkera eta eraikuntza ere literarioagoa da; bihurri xamarra, hiru ahots ezberdinekin. 1988ko Café Iruña-Baque saria irabazi eta hurrengo urtean kaleratu zen. Beraz Atxagaren “Obabakoak” liburuaren garaikoa da, eta badu liburuko Zugarramurdi horrek Obabaren antzeko kutsua.
Hau ez da detektibe nobela, berez. Ez dago krimen edo ikerketarik. Gehiago da misterio nobela, Lovekraft eta Poe-ren estilokoa. Hori bai, Garatek bezain lotsagabeki jokatzen du Bernaolak Zugarramurdin eskua sartzean. Hasteko, Baztan bezala aurkezten da Zugarramurdi. Izenburuak dioenez, protagonista nagusia bertako Kontesa bat da: Micaela de Iribarnegaray y Pérez de Antoñana. Emakume berezia, nortasun handikoa. Jauregi batean bizi zen, herritik kilometro batera, edo. Bere txoferrarekin eta neskame batekin. Baina maiz joaten zaizkio herriko alkatea (lizunkeriaz), apeza (hau ere asmo lizunez, baina txoferrarekin) eta maistra. Kontesa hil egin da, eta testamentua entzutera etorri da familia. Jauregia lehengusu bati utzi dio, Bilboko medikua, baina eskaera batekin: bere gorpua hilerrian lurperatu ez, Unibertsitatean erabiltzeko. Kontua da egunak pasa eta gorpua ez dela usteltzen.
Eta bitxia da, baina antzeko zerbait gertatzen da Hasier Etxeberriaren “Mutuaren hitzak” nobelan, Baztan errekan harrapatutako izokin batzuekin.
Baina hori ez da istorioaren ardatza. Damian Arruti da protagonista, entomologo eta detektibea. 2003an agertu zen lehen aldiz Hasier Etxeberriaren literaturan, “Eulien bazka” eleberrian. “Mutuaren hitzak” haren jarraipena da, nolabait, eta 2005ean agertu zen. Arrutik badu zintzurreko minbizia. Operatu dute (Donostiko ospitalean Bozateko batekin suertatzen da) eta errekuperatzeko asmotan Arizkun aldera dator, Leon Karrika lagun margolari ziburutarraren Otsoenea etxera (ezagutzen duzue?). Don Joaquin Aldaz handiki baztandarra ezagutuko du, kontrabandoaren dirua mezenas gisa aritzeko erabiltzen duena. Eta Senpe gizon basa, Baztan erreka hobekien ezagutzen duen arrantzalea. Halere, hilik agertuko da, metro erdiko putzu batean itota…
Bitxia da, halaber, Hasier Etxeberria (telebista aurkezle ezaguna, Sautrela saiokoa, bertzeak bertze) Elgoibarren sortua dela, Gotzon Garate bezala. Ba ote dago hari ezkuturen bat Elgoibar eta Baztanen artean?
Hemendik eskermilak eman nahi diougu Angel Garziari prestatutako kolaborazioagatik eta baita ere erran gai honen hirugarren atala biziki espero dugula!!!
—-GEHITUA—-
2015an Euskaltzaindiak eta Baztango Udalak Mariano Izetaren Dirua galgarri nobela berriz argitaratu dute. Eleberria, Baztango Nobela Beltzaren Astean aurkeztu zen.
Aupa, Haizego! Ikusten dut ari zarela, bero-bero, abaila lanean, Bloga berritzen. Eta ari da itxura hartzen.
Beraz, ez hartu lana niri erantzuten. Segi Baztango Haizegoko bitxiak zaintzen.
Bakarrik erran nahi nuen Alberto Ladron Aranak misterio nobela berri bat atera duela, “Zer barkaturik ez”. Oraindik ez dut irakurri, baina orri pasa gainetik egin eta ikusi dut Baztan poliki agertzen dela.
Ea norbait animatzen den beherala irakurtzera, eta komentatzera. Liburu arinak eta suspensez beteak gustatzen bazaizkizu, Ladron Arana guztiz gomendagarria da.
Ni kanpora noa, Iparralderantz, pixka bat freskatzera, eta bolada batez Suediako eta Islandiako suspense nobela famatu horiek irakurri beharko ditut.
Buelta artio, segi bizkor!