Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Archive for the ‘Sorginak eta aztiak’ Category

“Zugarramurdiko sorgiñak” izenarekin ezagutzen da euskal sorginkeriaren historiako sorgin prozesurik ospetsuena (1609-1612) eta gaur egun mundu osoan ia ezaguna dena. Baina ez litzateke izango Nafarroan izandako sorgin prozesurik bakarra ezta lehena (Tutera 1279), ezta azkena ere (Burlata 1672).

Urte batzuk lehenago, 1575-1576 urteen artean, sorginkeria-prozesu ugari gertatu ziren Nafarroan, eta Araitz eta Odieta bailarakoak izan ziren entzutetsuenak. Odietako ibarrako Anotzibar herrian, irekitako prozesuak bere eragina izango zuen Baztango Ziga herrian.

XVI. mendean, Nafarroako erresuma zaharran, Gaztelak inbaditu eta arma-indarrez okupatua zuena, jauntxo berriek bultzatuta, bertako bizilagun eta barride aunitz (batez ere iparraldeko haranetakoak) sorginkeriaz salatuak, kondenatuak eta zigortuak izanen dira.

1575 eta 1576 urteen artean, jazarpenak Arakil, Araitz eta Odietako ibarretan hedatu ziren, hain zuzen ere kasu larrienetako bat Odietako Anotzibar izeneko herrian gertatu zen. Dena 1575eko udan hasi zen, Pedro Esain Anotzibarko abadeak Joanes Olague eta Maria Anotzibarkoa emaztearen bisita jaso zuenean, eta 10 eta 7 urteko bi semeak sorginduta zeudela kontatu ziotenean.

Sorgina euskal mitologiako pertsonaia, Midjourney inteligentzia artifizialak imaginatua. Wikipedia

Seme zaharrenak aipati zion, bere izeba Juana Anotzibar, adar batetik ateratako ukendu bat   igurtu ondoren “akelarrea” (hitz hori geroago ezagutarazi zen, Zugarramurdiko kasuaren ondoren) ospatzen zuten lekura hegan eramaten zituen. Han, bertze barride batzuen artean Zubiriko Miguel, Anotzibarko Mariato, Martirena eta hirurogeita hamar urteko bizilagun bat, Joanot izenekoa, zain zituzten (azken honi, denek erreberentzia eginten zioten eta eskuan musu eman ere).

Anaiek ziurtatu zuten, bizilagunek gau osoa ematen zutela dantzatzen edo herriko larreak pozoitzen. Baita ere izebari leporatu zioten, herriko elizako irudiei, gurutzeri txistua botatzera behartzen ziela.

Akusatuak torturatu egin zituzten eta Maria Juanak Sorgina zela aitortu zuen. Zubiriko Migel, bere emaztea Gracia eta haurren izeba heresia, apostasia eta idolatria egotzita zigortu zituzten, eta 1578ko irailaren 28an hiltzera kondenatu zituzten. Jasandako torturen ondorioz, gizona kartzelan hil zen, eta emakumeak Iruñako Takonera larrean erre zituzten (Florencio Idoateren arabera, Miguel, bere emaztea eta Maria Juana urkamendira kondenatu zituzten arren, zigorra azkenekoari bakarrik ezarri ahal izan zitzaion, Miguel eta bere emazte Gracia kartzelan hil bai ziren).

Dirudienez, Maria Juana Anotzibarrek txikitatik izan zituen krisi epilektikoak, eta, beraz, hainbat lekutara jo zuen laguntza eske. Urdazubiko fraide batek erran zion bere konbultsioak eta ikuspenak bere bataioan izandako akats batengatik omen ziren!

Anotzibar Argazkia Patxi Txokarro. Wikipedia

Odieta bailarako sorgin-ehizaren ondoren, ehizaldia Anue, Ultzama eta Baztango haranetara hedatu zen. Ultzaman akusatua Lizasoko Santxo Iraizoz a izan zen, eta Anuen berriz, Olagueko Maria AnizXoapalda” ostalaria izan zen (borzt urteko lekuko baten arabera, aniztarrak aker baten bizkarrean Anotzibarreraino joaten omen zen). Anizko Maria erbestera kondenatu zuten.

Baztani dagokionez, Zigako Maria Etxeandia izeneko hamaika urteko neskato batek Maria Graciana Goienetxe eta Zigako bertze emakume batzuk Anitzibarreko akelarreetara joateaz akusatu zituen. Hala ere, frogatu zen Maria Etxeandiak Zigako parrokiako erretore osabak hala konbentzituta jokatu zuela, honek, liskar pertsonalak baitzituen akusatuekin. Prozesuan, neskatoari “pertsona sinplea, jakintza gutxikoa izatea eta fedea eta sinesgarritasuna merezi ez izatea” leporatu zioten, eta zorionez akusazioak ez ziren urrunago iritsi.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala

Ziga, brujas, guerrilleros y monumentos herrerianos en El Valle de Baztan. sitioshistoricos.com.

Anotzibar, la caza de brujas olvidada. sitioshistoricos.com.

Read Full Post »