Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Archive for the ‘Laxoaren kontuak’ Category

Pilota eta laxoaren historian, Perkain dugu lehengo pilotari ospetsua, mitoa bihurtu zena, heroi herrikoia, eta haren inguruan, kondairak egin eta kantatu izan direnak. Baina historian, Perkain haundiarrekin parekatzen ahal den bertze pelotaria, Arraiozko Bautista omen da.

Pilotari baztandarrak Perkainen urrego belaunaldikoa zen eta Arraiozko Ximon pilotari beteranoaren semea zen. Honek, Perkain, Kurutxet, Azantza…pilotarien garaikidea izan zen eta haiekin (batzukin kontra bertze batzukin alde) hainbertze desafiotan aritu zen. Ximonen semeak, XIX. mendearen hasieran izandako laxo jokalari haundiena izan zen eta “pilotaren erregea” goitizena zaukan.

Personai polemikoa zen, plazan maisutasuna, alhamena, gaitasuna erakusten zituen, baina baita ere harrokeria! Batzutan ederra zen, bertzetan iskanbilatsua. Arraiozko Bautistak ospea izan zuen eta Perkain bezala historia herrikoiko garai oso bat bete zuen. Arraiozko Bautistak herri xumetik atera zen pilotaririk handiena eta harroena izan zen.

Antonio Peña Goñi jaunak, 1892an “La Pilota y los Pelotaris” liburuan Bautistari buruz idatzi zuen;

-“XVIII. mendearen amaieran, Arraiozko Bautista jaio zen, Ximonen semea. Ximon pilotari ospetsuena zen, eta aitaren iguala hundía berdindu eta erabat ilundu zituen.”

Irudia. Ramiro Arrue-ren nargoa.

Baita ere Peña Goñik liburuan, Bautistak eta bertze pilotari euskaldunak, Fernando VII.a erregearen aginduz 1821an Madrilen jokatutako partidoa kontatzen digu. Partida Euskaldunen eta Valentziarren arteko bote luzeko partidua izan zen eta euskaldunek garaileak ateraz gain, arraioztarrak Fernando VII.a erregea ahozabalik utzi zuen.

Arraiozekoa jolasean ari zela, taldekidei erran zien aurkarien hiru sake boleaz (besagaika) errestatuko zituela eta lehenengoan pilota erregearen eskuinetik pasatuko zela, bigarna erreginaren ezkerretik eta hirugarrena bien tartean. Eta hala egin zuen, hogei koadroetatik eskularru motza batekin, hiru pilotakadak erran zituen tokietatik pastu ziren. Partida amaituta erregeak txundituta eta gogotsu galdetu zien jokalariei ea zerbait nahi ote zuten!

Simonen semeak, partiduko heroiak, “cabo de guardas” (garaiko karabineroa) izendatzea nahi zuela erantzun zioen, eta nahia eta izendapena han bera, erregeak eman zion.

Bautista, jokalari handia baina pertsona txarra omen zen, zentzu moral guzttikoa, parranderoa, gonazale amorratua, ankerra, bihozgabea eta batere eskrupulurik gabekoa. Aurkarien gainetik nagusitzen zen, eta nahi bezala partiduak iruzur egiten zuen. Gauza bera ematen zion galtzea edo irabaztea, garrantzitsuena erreal pila bat poltsikoetara eramatea zen.

Kontatzen da, aitak zegoen zenbait partidutan, oso arduragabe jokatzen zuela, aurkariei garaipena ziurtatzen ziela eta aitari erten zioila;

-Aite! manzak bi ontza, edo partida galduko dut!

Hasiera batean, Ximonek uko egiten zion, eta haren semeak kintze eta kintze gehigo galtzen zituen eskatutako ontzak jasotzen zituen arte, orduan jolasten hasten zen, eta aurkariak erraz garaitzen zituen…Hala zen eta hala ere jokatu zuen bere azken partiduan.

1823ko apirilaren hasieran, Donostian izanen da jokatuko dun azken partidua. Pilotalekua, antzinako gotorleku eta harresien arten zen, jendetza harrizko anfiteatroa betetzen zuen eta zaleak ere inguruan pilatzen ziren. Jauntxoak, apaizak, militarrak, herritar xumeak..eta gaizkile bat edo bertze, partidua ikusteko eta dirua apostatzeko asmoarekin bildu ziren.

Partidua hasi eta berehala konturatu ziren, bertze behin (bere alde duru kopuru haundia jokatzen zenez) aurretik prezioa jarri ziola porrotari. Argi zegoen pilotalekutik kanpo zegoela erabat. Jendea aserre zegoen, kriston kalapite sortu zen eta jendetzaren artean ahots mehatxagarri bat entzun zen;

-“Bautista, bertze kintze hau galduz gero hil egingo zaitut!”

Hitz hoiek izugarrizko eragina izan zuen Simonen semean. eta berehala berak bazekien bezala hasi zen jokatzen eta ti-tau batean partida berdindu zuen. Hori ikusita Alkate jaunak plaza bertan behera uzteko eta plaza garbitzeko agindua eman zuen. Beldurtuta eta Tropel kolerizatu batek atzetik zuela, San Martin auzoko posadara joan zen. Han, Bautista izeneko bertze pilotari batekin batera ostatu hartzen zuen.

Gaueko hamaiketan, pilotariari jarraitu zion pistoladun gizon batek ostatuan aurkeztu zen eta Bautistaz pilotariaz galdetu zuen. Ostalariak “Lehen solairuan, ezkerreko lehen atean” zegola erran zion eta gizonak, pistola zorrotik aterata azkar igo zen. Pistoladuna Miguel Antxotegi militarrra zen atea ixilpeka irekiz, ilunpean zegoen logelan sartu zen. Lehenengo guhatzera hurbildu zen, eta lotan zegonari eskuarekin esnatu eta galde egin zion.

-“Bautista zara”

-“Bai, neu naiz!”

Erantzun bezain pronto tiro bat entzun zen eta military korrika alde edinen du. Posadako jendea fite bi pilotariek lo egiten zuten gelara igo ziren eta Simonen semea sano eta sable aurkitu zuten bertze Bautista odolez eta garezurra deseginda ohean zegoen bitartean. Militar “ausartak” Arraiozko Bautista hil nahi izan zuen eta errugabe bat hil berri zuen.

Arraioztarrak leihotik salto egin zuen eta Frantzian babestu zen. Handik gutxira, merkataritza-ontzi batean polizonte gisa, Kubara ihes egin zuen.

Baina, Donostin heriotzatik eskapo egin bazuen ere, Kariben berarekin seguidan topatuko da. La Habanan, sarritan taberna eta burdeletan aurkitzen ahal zaio eta gau hoietako batean begi berde dituen beltzaran emakume batez maiteminduko da, obsesioa bihurtuko da. Neskak bikotea du eta honek, (Luis Valdés izeneko) 1823ko maiatzaren 20ko egunsentian, Arraioztarra bide estu batetik etxera (La Habanako kanpoaldeko etxola ttipi bat) zijoanean…, balazoz josi zuen, Arraiozko Bautista pelotariaren bizitza gorabeheratsua amaituz.

Post hau egiteko erabili den materiala;

Homenaje al Gran Simon de Arraioz y a su hijo Bautista. José Javier Albisu Pérez-en blogako artikuloa. 2014

Bautista, cruel y balarrasa. Tino Rey. El correo. 2017.

Read Full Post »


Laxoa, gaur egun praktikatzen den Pilota modalitate zaharra dugu, eta bertze batzuen aitzindari da. Gora behera handiak izan baditu ere, gaur egun gure eskualdean osansuntsu dagoela erran dezakegu eta osasun hori Laxoa elkarteari zor diogu. Laxoa elkartea 1980an sortu zen eta berarekin txapelketa eta behin betiko laxoa eskualdean (Baztan -Bidasoa) berreskuratu izan da.

Garai batean, antzinako artzainek Laxoa partidak jokatzen zituztela edozein pilota-soro eso soropiletan (belarra ebaki ondoreneko lursail laua). Gero, herrira jaitsi zirenean, joko hau zabaldu eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen; Euskal Herriko kirol nagusia izan zen XIX. mendeko bigarren erdi arte. Ipar Euskal Herrian, Nafarroan, nahiz Gipuzkoa, nahiz Bizkaian eta bertze zenbait tokitan ere arrakasta izan zuen Laxoak. XIX. mendearen erdialdean izan zuen bere garairik dizdiratsuena.

Herri-tradizioak eta zenbait lekutako izenek argi uzten dute laxoan aritzen zirela  artzainek bere aisialdietan, Toki edo lur eremu horiek pilota-soro ( edo soropil) izena zeukaten.  Baztanen, Arraiozen (ia ia Bertizko mugan) Urrizketako pilotasoroa dago, Beartzunen Kuartel zaharreko lur saila pilotasoroa zen ere eta Orabidean Karokotze-soroa dago.

Urrizquetako pillota-soroak 70 metro luze eta 40 bat metro zabal zuen eta Arraiozko Indakobordako Juan Ugartek (1914/08/21),  gogoratzen zen Urrizquetako pilotu-soroan laxoa jokatu zuela gaztetatik berrogeita hamarreko lehen urteak arte (bere aitak lehenago ere aritu zen).

Juan Ugarte Urrizquetako pilota-soroan. Arraioz (Baztán). (Argazkia C.U. 05.98). http://www.gipuzkoa.eus .

Pilotasorotan joko-arauak erreboterik ez egoteari egokitzen zitzaizkion, eta pilotak gaur egungoak baino handiagoak eta astunagoak ziren. Gaur egun garai bateko pilotasoroak gogora ekartzen digun plazak Arraiozkoa eta Arizkungoak izan daiteke. Plazetan Oinarrizko elementu bat errebotea da. Hau hasieran ttipiak ziren eta elizitik hurbil eraiki ziren plazetan (Arraioz), haien pareta zen errebotea.

Arizkungo Bozate auzoan dagoen Lamierritako plaza, Goienetxetarren Etxeberria “jauregiarekin” batera ereiki omen zen Lamiarrita izeaneko eremuan. 1913. urteko uholdeak plazan izugarriko kalteak eragin zituen. Erreboteko pareta garai batean altuagoa zen, baina gibeletik pasatzen den errepideak ikusmen handiagoa izateko, murriztu egin zen. Erreboteko paretaren alboan zulo txiki bat bada; han partidan erabiltzen ziren pilotak eta freskagarriak gordetzeko zen. Hamarkada aunitzetan zehar Lamiarritako plazan sekulako desafioak jokatu izan dira, batez ere Baztan, Malerreka eta Aldudes aldeko pelotari artean.

Tiburzio Arraztoak “Laxoa. La pelota en la plaza” liburuan, 1853ko. urtean Lamiarritan, baztandarren eta aldudarren artean jokatutako partida bateko bertso eder batzuk aipatzen digu.

Zer dut bada aditzeen

Baztango aldetik?

Mendiek inharrosten

Iduriz errotik

Bada oihu, bada kantu

Bada irhintzina:

Aire guzia dugu

Bertze bat egina!                                 

19 estrofa osatzen dituzten bertso hauek (lehenbiziko estrofa),  batzuk M. Etchegaray Aldudeko apezak idatzi zituela diote bertze batzuk Johannes izeneko ikustalek idatzi omen zituen.

Bertsoaz gain, haietako desafio edo xelebrekeri batzuk Mariano Izetaren eskuz ere iritsi zaigu. Baztango kontuak liburuan baten bat biltzen ditu. Adibidez, Alduideko plazan Alduidetarren eta Erratzutarren artian eman zena.

Baztandar pelotari bi talde. Argazkia Diario de Noticias (Ana Mari marin utzitakoa)

Desafio hortan jende pile bildu omen zen, mugaz bi aldeko pilotazalez bete zen plaza eta diru aunitz jokatzen zen. Zaleen artean Erratzuko “Mapitzi” pelotazale eta apostuzale amorratua zegoen. Partida hasi aintzin bi taldeko pilotariak, jokatzen zen diru guztia Mapitziri eman zioten, honek boltseroa bai zen. Mapitzik hainbertze sos ikusirik, gordetzeko eman zioten  diru guztia… Baztandarren alde apostu egin zuen.+

Partida hasi eta segidan Alduindarrek aintzinaldia hartu zuten eta errex ateratzen ari zuten partida, Maipitzik berriz hori ikusita izaldura hezurretaraiño sartu eta deldurraz dardarka, handik ihes egin omen zun muga aldera. Bidean zigoala entzuten zun Aldiudesko plazatik heldu ziren txaloak eta esku-zartak, ikaratuta eta jakinez Erratzura iristen baldin  batzen ere bere bizia arriskuan izango zela, han, to geldi-geldirik gelditu zen. Handik ordu terdi batera gizon bat pastu omen zen eta Maipitzek ea nola zijoan partidua galdetu zion, gizonak erran zion, hasieran Alduindarrek abantaila artu izan arren baztandarrak berdindu, aurreratu eta azkenian nausitu zirela. Hori entzutian, pozez, zorriz piztu herriranz abiatu zen. Pilotarien Sosa pilotarei eman ondoren, apustutako irabaziekin bere poltsikoa beteta Erratzura poz-pozik joan zitzaigun gure Maipitzek.

Erten da erratzutarren eta alduidendarren artekoak ez ziren partidak soilik baizik gudukaldiak. Bertze batian aldudeskoak joan ziren Gorostapolora jokatzera, (han bai zegoen Erratzuko errebote plaza) eta normala zenez jende aunitz etorri zen. Alduidarrak frontoia ezagutzeko jokaldi batzuk in zuten beraien artean. Erratzuko pilotariak ikustean zein ongi jokatzen zuten… eta jakinez sekulan ez zutela partida irabatziko desafioa gibelara bota zuten. Kriston kalapite sortu zen eta azkenik desafioa ez zen egin. Alduindarrak aserre bizirik joan ziren Iparraldera  baño bidean ikusi zuten iretze meta guztiek (metaziri ta guztiz) autxiz eta errakara botaz erre zuten egun hartako espantukeri guziak.

Laxoaz, deafioz, Aldudes, Baztan eta antzekorik aipatzean ezin da historian izan den laxo pelotari ospetsuana izendatu gabe gelditu. Pelotari hori Juan Martin Inda Perkain da, bizitza xelebre izan zuena, baina hori… bertze istorio bat da

P.D. Baztan-Errekako XXX. Laxoa txapelketaren edizioa aurkeztu zenean idatzi zen. Laxoa elkartea antolatutako txapelketa Maiatzan hasi eta finala Abuztuaren 2an jokatu zen.  Arraioz, Irurita, Doneztebe, Oiz eta Hondarrabia herrsko 10 talde aritu ziren.

Post hau egiteko erabil den materiala:

Los pilotasoro. Gipuzkoa.eus weba.

Laxoa. La pelota en la plaza. Tiburzio Arraztoaa Urrutia. Cénlit Ediciones- Luis Enrique Hualde Alfaro / 978-84-96634-60-2.

Laxoa.com webgunea. Tiburcio Arraztoak eskeinitako informazioa.

Baztango kontuak. Mariano Izeta Elizalde. ( Bilbao Bizkaia Kutxa. 1999).

Read Full Post »

Otsail hitza, dirudienez, “otso” eta “hil” hitzen batuketatik dator; beraz, otsoen hilabetea erran nahi omen du. Otsoa antzina-antzinatik ehizatu izan du gizakiak, guztiz galtzeraino ere. Abeltzaintza hain jarduera garrantzitsua zenez, gizakiak animalia arriskutsutzat ikusi izan du otsoa, bere azienda hiltzen ziolako (ipuin eta kontakizun zaharretan gizakiei ere eraso egiten dien animalia gaizto eta zital gise agertzen da).

Zinzelatutako otsoa Iratxeko monastegian

Notiziak diotenez Nafarroan ehiztatu izan zen azken otsoa 1914an Andia mendiloerroan izan zen ( aizakia, abeltzainei kalte haundiak egiten ari baizen). Baina dirudi 1925-1930 bitarte Urbasa, Andian eta Aralarreko mendietan, baten bat ikusten jarraitu omen zuten.

Baztanen data zehatz bat ez dugu, baina bai dakigu 1813an Martin Francisco Ariztiak iruritarrak, zazpi otso-kume Azkorrobietan (Baztan-Bertiz-Etxalar tartean) harpatu zituela (1). Hori aparte,  Mariano Izetak Baztanen ehizatutako azken otsoaren kronika edo istorioa, “Baztango kontuak” liburuaren “otsoak Baztanen” izena daukan atalan kontatzen digu. Mariano Izetak komentatzen du aspaldiko kontu bat dela, Berroetan gertatua zela baino ez dakitela noiz, baina… ehun urte seurik bai! dio Marianok (liburua 1999 argitartua zen , ehun urte gibelat?)

 Berroetarra Juan Tomas Iturralde Inda artzai zen, eta bere artaldea, Uzterketako Lepoan zeukan. Denbora hortan bai omen ziren otsoak eta Uzterketako lepoa otsoen pasabidea omen zen. Otsoek sarraski izigarriak egiten omen zuten eta ardi aunitz galtzen ziren.

Juan Tomas artzaia izanez gain, pilotaria ere zen eta Ibañetan dagoen Pilota soro zelaian, laxoan jokatzen zuen bertze artzaiekin. Egun batez Urri aldera, bazen desafiozko partide bat Berroetan, lau berrotar bertze lau baztandar kontra (bertze herrietatik oberenak bilduz). Juan Tomas larunbatean etorri zen etxera biharaminean partide jokatzeko. etorri baino lehen Uzterketan otso-artea (tranpa) patu zuen. Larunbata arratsean otso bat erori zen hartan eta igande goizean artzai lagun batek otsoa ikusita artean arrapatuta, bizkor jeitxi zen Berruetara Juan Tomaseri kontatzera. Partide jokatzen ari zen eta akitu bezain pronto, otsoarena kontatu zion. Lagun batzuk bildu ondoren eta sataiak eskuan harturik abiatu ziren Uzterketa aldera eta han aurkitu zuten otsoa hanka batekin harrapatuta eta atxikike hasia zen bernalzaña moztu nahian. Gizonak hori ikusita, satai ukaldika, indar guztiaz eta zanpaka aritu ziren, otsoa hil zuten arte.

Otso hura izanen zen, hain segur, Baztanen  harrapatutatako azken otsoa edo behinpin ezaguzen duguna , Juan Tomas pilotari famatua bai zen bere garaian eta Baztan osoan kontatu zen xelbrekeri eta “trebetasun” hori. Famatua zenez. erran behar bere izenian bazirela bertsoak eta denbora hartako bertso batek horrela dio:

Berroetako Iturralde

galtza-purdi lazo

Balkarlosen sakiak

botatzen ditu paso.

P.D. Sarrera hau 2009an egin zen baina 2017an eta 2019an gauze batzuk gehitu eta berrituak izan dira.

(1) Erratzuko kontuak blogatik atraia.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Baztango kontuak”. Mariano Izeta. Nafarroako Gobernua/Labairu ikastetxea. 1999.

Erratzuko kontuak bloga.

Read Full Post »