Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Agustin Otondo’

Erro, Ilargiko talka-krater bat da, Ilargiaren ekialdeko gorputz-adarretik haratago dagoena, ezkutuko aurpegian. Ipar-mendebaldean Mare Marginis eta mendebaldean Mare Smythii lotzen dituen lautada irregularraren ekialdeko zerrendan dago. Ilargi-azaleraren zati hau Lurretik ikus daiteke librazio onuragarrietan. Hala ere, une horietan ere ezin da xehetasun handirik ikusi, ertzek zentroaren ikuspegia oztopatzen dutelako. Erro kraterra 63,75km-ko diametroa du eta 1,2 km-ko sakontasuna. Izena, Luis Enrique Erro Soler astronomo mexikarraren omenez izendatu zuten.

Argtazkia. NASA (Wikipedia)

Luis Enrique Erro Soler 1897ko urtarrilaren 7an Mexiko Hirian jaio zen eta mexikar astronomo eta idazle ezaguna izan zen, Luis Erro Berasategi eta Filomena Soler senar-emazte emigratzailen semea izan zem

Astronomoaren aita, Luis Erro Berasategui, baztandarra zen eta Mexikora iritsi aurretik, Baztango bailaratik irten zen XIX. mendearen amaieran eta denbora bat eman zuen Katalunian. Leku horretan ezagutu zuen Filomena Soler, bere emaztea izango zena. Baztanen egurgile eta eskupilotako pilotari ezaguna zen, Mexikora emigratzeko dena utzi zuen ofizioa eta afizioa.

Mexikon, Morelosko estatuko azukre-etxalde bateko administratzailea izan zen, eta, ondoren, meatzari gisa dirutza lortzea saiatu omen zen (meategi baten jabea). Baina meategiko betak ez zuen inoiz topo egin, eta saltzea erabaki zuen. Morelia utzi eta emaztearekin Mexiko Hirira bueltatuko dira.

Erro baztandarrak 1920 inguruan hil zen Mexiko Hirian, Baztanera itzultzeko nahia bete ezinik.

Luis semeak, Morelian egin zituen lehen ikasketak, eta Ingeniaritza Zibila, Jurisprudentzia, Matematika Garaiak, Historia eta Greko Klasikoa ikasi zituen Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan (unam).

Luis Enrique Erro Soler. Argazkia elem.mx

1916an Gladios aldizkaria sortu eta zuzendu zuen, 1916 eta 1917 biztartean Marrazki eta Pintura irakaslea izan zen Arte Industrialeko Eskola batean. 1923an Adolfo de la Huertaren matxinadan parte hartzea leporatu zioten, beraz Kubara erbesteratu behar izan zuen. 1927an, Mexikora itzuli zen, ekonomista gisa lan egin zuen, eta politikan sartu zen. Batasuneko Kongresuko diputatu federala izan zen (1934-1936), eta lehendakaritzako kontseilaria (1935-1955). Legegintzaldia amaitzean, Parisera joan zen diplomatiko gisa. Astronomia eta Fisika ikasketak egin zituen; Harvardeko Behatokiko ikertzaile gisa lan egin zuen eta The Harvard College Observatory Bulletins-en kolaboratu zuen. 1941ean Astrofisikaren Behatoki Nazionala sortu zuen Tonantzintlan (Puebla), eta bertako zuzendaria izan zen 1950era arte.

Bihotzeko arazo larri baten ondorioz, zenbait astez barneratu zuten, baina egoera aprobetxatu zuen “Los pies descalzos” eleberri ospetsua idazteko. Bere obra idatzi ondoren, Luis Enrique Erro 1955eko urtarrilaren 18an hil zen, 58 urte zituela.

Luis Enrique Erro Soler, eleberrigile, astronomo eta matematikaria, politikaria eta humanista ere izan zen; kulturaren bidez unibertsaltasuna lortu nahi izan zuen. Bere eleberri bakarrean, “Los pies descalzos” izenekoan, gizarte-arazoez interesatu zen, kasu honetan Morelosko estatuko nekazariaren esplotazioaz, diktadura porfiristaren pean. Astronomiari egindako ekarpen ugarien artean hogei izarren aurkikuntza dago.

Luis Enrique Erroren lan astronomikoak nazioarteko errekonozimendua merezi izan zuen, ez bakarrik bere garaian, baita gaur egun ere; izan ere, Nazioarteko Astronomia Batasunak, hil ondorengo omenaldian, bere izena erabili zuen Erro ilargiaren kraterra izendatuz. Institutu Politekniko Nazionalak, hil ondoren, Luis Enrique Erro Planetarioa altxatuz ere omenduko dio, planetario ponen funtzio nagusia Mexikoko gazteei astronomia irakastea delarik.

Post hau egiteko erabili den materiala:

Agustin Otondo Dufurrenaren “Diccionario historico biografico del Valle de Baztan” . 2002 Nafarroko gobernua.

Luis Enrique Erro. http://www.elem.mx. 1993

Luis Enrique Erro Soler. Wikipedia.

Read Full Post »

Txokoto, Elizondoko auzo bat da, edo hobe errana, Elizondonko zati bat da, ibaiaren bertze bazterra da. XX.mende hasieran Elizondoko hirigunea, bi kale ziren, ibaiaren bi ertzak hain zuzen. Ezkerra, kale Nagusia zen eta 1890tik Jaime Urrutia izenarekin ezagutuko da. Bertzea, eskuin ertzekoa, etxe solteek osatzen zutena eta bertzearekin alderatuta, kale eguzkitsu zenez Eguzki kalea bezala ezagutzen zen. Kale hau Txokoto zena eta dena zeharkatzen du eta 1921ko urriaren 18an, Kale Nagusia bezala, honi ere bertze herritar ongileren (benefaktorea) izenarekin izendatua izango da, kasu hontan Braulio Iriarte karrikan.

Braulio Iriarte.


Braulio Iriarte Goienetxe, 1860an jaio zen, Elizondoko Txokotoko Martindenea etxean. Braulio gazteak garaiko baztandar haunitz bezala, 17 urtekin eta inolako ikasketarik, ofiziorik eta sosik gabe, Me­xi­kora emigratuko du. Han, iritsi bezain pronto, Santa Catalina okindegiko langile gise hasi zen. Etxez etxez ogia saltzen hasi zen eta, mende laurden geroago, XX. mendean sartuta, okin sektoreko enpresari haundi batean bihurtuko da, 80 okindegiren jabe zen!. Okindegiko diru-irabatziekin La Blanca izeneko bere lehenego errota martxan jarriko du eta iringintza industrian sartuko da. Denborarekin, Fermin Etxandi eta Juan Oteiza nafarrekin batera Euskaro errota (1906) martxan jarrizuen eta Agustin Jauregi (Elizondo, 1890) eta Jose Larregi (Elbete, 1899) ilobekin, Beti-Ona errota. 1913an Levadura Comprimida Leviatán, S.A. elkartea sortu zuen. Ogiarekin zerikusia zuen hirugarren negozio hau, Mexikon ogiarendako legamia egiten zuen lehen enpresa izan zen (ordura arte ogia egiteko legamia ez baitzen herrialde osoan egiten eta Iraultza biztartean, Estatu Batuetatik ekarri behar omen zuten).

Legamiari esker nahikoa sosa irabazi zuen eta kapital hori bilduta, 1922ko martxoaren 8an Cervecería Modelo enpresa sortu zuen Iriartek. Modelo garagardo-lantegiat sortu aitzinetik, garagardotegi ttiki aunitz zeuden Mexikon, batez ere iparraldean. Herri eta eskualdeko merkatuak hornitzeko aski ziren lantegi hauek, baina Modelok herrialde osorako produkzioa egin nahi zuen. Elkartea osatzeko Braulio Iriar­tek Mexikon zeuden bertze negozio-gizon haundien laguntza bilatu zuen, batez ere kantabriarrak eta asturiarrak. Bera izan zen administrazio kontseiluko presidentea, enpresa sortu eta bere heriotzara arte (1932 ekainak 25) eta berak, kapitalaren zati handi bat jarriz gain, fabrika eraikitzeko Tacuban lurrak erosi zituen (1920).

1925eko urriaren 25eko goizean, orduko Mexikoko presidenteak, Plutarco Elías Callejos-ekin formalki inauguratu zuten Cervecería Modelo lantegia eta garai hartako garagardo-lantegi handienaren produkzioa hasiko zen: Bertzeak bertze “KORONA” ( pilsener mota) eta “MODELO” (beltza) ekoiztuko dute.

Modelo garagardo-lantegia. Argazkia Monchi Time webgunea.

Braulio Iriartek Angela Moreno Herrera mexikarrarekin ezkondu zen eta 1932ko ekainaren 25an 72 urte zituela Mexiko Hirian hil zen. Bizitza gehiena Mexikon egin zuen arren ez zen iñoiz ahaztu Elizondo eta Baztanez. Bere enpresak baztandarrez beteta egoteaz gain (bai administrazio konseiluetan, bai langile gisa) Elizondoko ongilea izan zen. Bertze baztadar dirudun batzuek bezala diru mordoxka bidali zun zaharretxea aurrera seguitzeko, baita ere Elizondoko pilotalekuaren eraikuntza osorik ordaindu zuen 1921ean, eta 120.000 pezeta (kostu osoaren %13,2) eman zituen 1916-1921 biztartean eraiki zen Elizondoko eliza berriarentzat (elizako bigarren dorrea egin zen).

Pilotalekua, Braulio Iriarte frontoia da, laxoa edo frontoi luzearen ondoan eta gaur egun grafitiz margotuta dagoena (1) frontaiaren albo batean harrizko txafla batean irakurtzen ahal da: 1921an ereikia, Braulio Iriarte Goienetxe jaunari esker, Francisco Goienetxe alkatea izanez. 1921ko urriaren 18an Braulio Iriarte pilotalekua inaguratu zen. Elizondon besta egun garrantzisua izan omen zen. Garaiko kronika dio meza ondoren, Martindene etxeko pareta batian, Braulio Iriarte kalea patzen zuen txafla erakutsi zela, eta karrika izendatu bezain pronto, fronton berrian lehenego partidua jokatu zen. Palazko partido bat izan zen eta Donostiko Real Soziedadeko Eguia eta Larrañaga, Iruñeko Denak-Bat elkarteko Irurita eta Mariano Iribarren elizondarraren aurka aritu zuten, naparrak izan ziren garaile.

Bitxikeri bezala aipatu, Braulio Iriarte Goienetxe akaso ez zela iñoiz exititu, edo behinpin, izen horrekin ez zela haurrik sortu. Agustin Otondo Dufurrenaren “Diccionario Historico Biografico del valle de Baztan” liburuan agertzen den bezala, 1850 eta 1870 urteen arteko Elizondoko elizako bataio erregistrotan ez da ageri, Braulio Iriate Goienetxe izeneko bataiatutako haurrik, baño bai 1860ko Martxoaren 20an sortutakoa Tomas Pedro Iriarte Goienetxe izeneko bat, (5. liburua-272 V horrialdean) eta gurasoak Elizondoko Juan Pedro Iriarte Etxeberria eta Arizkungo Maria Catalina Goienetxe Landa ziren.

Brauliok Pedro Tomas Iriarte izanen zen? Txikitatik Braulio deituko zioten? denborarekin izena aldatuko zuen? auskalo!! baina…benetan arraroa izanen zen “Tomas Pedro Iriarte! kalea ezta?

P.D. (1) Blogeko sarrera hau, 2010ko irailan idatzi zen, ordine Braulio Iriarte frontoian berriki (santioetan) grafiti ederrak margotu ziren. 2017an frontoia estali zen eta paretak txuriz margotuak izan ziren.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

 75 Años Sin Don Braulio. Alberto Alday. Vascosmexico.com. 2007.

Coronita euskalduna. Nagore Irazutabarrena. Argia.com. 2008.

Read Full Post »

Uda aste batetik bertzera joan zaigu, tita batean konturatu gabe, aste batean eguzkitan bero eta bertzian bero sutondoan. Freskoa etorri, euria erori, goizetan berogailua autoan lanera joaterakoan eta zeru grisan, tximiniatik ateratzen den kea nahastuta, udazken honetako edo neguberri honetako lurruinak dira.

Supazterreko arratsalde heze eta busti hauetan, goxo goxo egoteko, liburu baten laguntza nengoela , Josetxo Azkonaren azkena “arbola naiz eta zuhaitza” (Alberdania), egun hauetako aproposa (gainera baztango ikur bat dena), olerki hau irakurri dut.

Xirimiri edanda.

Euria,

mila eta hamaika ttantta,

taupakaritan barreiaturik,

behe-lainoz jantzita zetorren

dotore, haritzpetik ikusita.

 

Bihotz kristaldun

opako baten antzera

ageri zen dizdizka,

oihal berde artetik astiro iragatzen.

 

Goraka behea nengoen ni:

zentzumenak laxaturik,

ahoa irekia, logikaz aratago.

Orduan,

nire baitara erori nintzen

ziplo, zeruz mozkorka.

Argazkia Xataka

Joan zaigu uda…baita urte oso bat ere, duela urtebete hasi baitzen Baztango haizegoia lau haizetara zabaltzen (sarean), Iruritar xelebre batekin hasi zen haize-bolada (Tinidad Urtasun bertsolariari buruz), eta urte hontan zehar, astero astero sahiatu gara hor egotea ere.

Eskerrak eman nahi genun zuei, irakurle guztie, berexiki Philipi, hasierako laguntza, animoak, aholkuak (oberena LINUX-era pasatzia), emateagatik, Ieperra (Angel), lehenengoetako irakurtzailea izateagatik eta bere erantzunagatik (falta botatzen dugu), Mikel Romo argazkiblogaren lehenengo “garraitzailea”, Lamizuriri bere urbiltasunagatik nahiz eta urrun egon, katta edo kattalingorri, Ritxiri, Trabis, liztor, Josebe, xa2, JKe, Lasartearai, Gorka, nabarkideri eta Nereari. Baita kolorezko muxuak-oei (argazkiblogan utzitako mezuagatik), Juleni, bere metzueagatik eta bere blogan esteka jartzeagatik, Jaime Viguriari arrazoi berberagatik, valledebaztan.com webhorri ederran aipatzeagaik, (hainbertze sarrera edo bisita etortzen zaigu zure web horritik) eskermile! egonen gara! Nola ez Toribiori bere blog Arizkun agertzeagatik, nabarlur blogari (blog soberanista bezala agertzen garenez eta egia da, Nafarroko historia gaia jorratzen dugunean idei hori daukagu ta gaiñera, beraiek bezala nabarraldeko kideak izanda)…Pernan, Lola Sarratea, Mikel (berratarra), Mirian, Joseba… irakurtzeagatik..

Baita ere eskerrak eman nahi nuen, nire amatxiri (1911-1998) ,ipuin eta istorio kontatzaile hain ona izateagatik (lastima gaztiak izatea eta konntatzen zuna arreta gutti jartzea, kontu zaharrak eta zaharren kontuak zirela pentsatzen genulako), Lander Santa Mariari bere artikuloetatik eta “Las cuatro estaciones en el valle del Baztan” liburutik informazio aunitz atera bait dut, baita ere Agustin Otondo baztandar jatorrizko txiletar idazlearen laneetatik, Maite Lakarren “baztan solasean” liburutik, ta Pello Salabururen “Baztango mintzoa gramatika eta hiztegia”, Pedro Mari Esarteren liburu aunitzetatik “infazones“, “navegantes del interior...”…Iñaki Sagredoren “castillo de Amaiur”…eta nola ez Mariano Izetarin ipuin, gertakizun eta bitxikeri aunitz “lapurtu dugu” bere liburuetatik, “baztango kontuak”, “negarrez sortu nintzan”…

Joan zaigu uda... tita batean urte oso hau bezala, eta datorren bigarren urte hontan… saiatuko gara astero-astero istorio bitxiak lau haizetara astintzen! eta urrengo urtebetetzerako hitz ematen dugu tarta izanen dela.

Ondo izan.

Read Full Post »