Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Archive for the ‘Familiak’ Category

Eliza, Erdi Aroan, oso erakunde ahaltsua izan zen, garai guztiz erlijiosoa izan baitzen, eta Europako erresumek banatzen zituzten mugetatik haratago batasun kontzeptu berri bat sortu zen: kristautasuna.

Eliza botere feudal handia zen, eta bertze edozein jaun feudalek bezala, feudoak, lurrak eta basailu ugari zituzten. Gainera, nobleziako kide aunitz gotzain izatera iritsi ziren, haiek beren elizbarrutia erregeen edo bertze noble batzuen kontzesiotzat hartzen zuten.
Nafarroako erresuman, XIII. mendearen hasieran, San Ferminen aulkia bere handitasunaren gailurrean zegoen. Gotzainek jaurerri garrantzitsu batez gozatzen zuten, eta zeregin erabakigarria zuten erreinukoi bizitzan. Iruñea gotzain-hiria zen eta 1230. urtetik geroztik Petri Ramiritz Piedrolakoa Iruñako gotzaina zen.

Petri Ramiritz Piedrolakoa, Baztan leinuko kidea zen. Baztan leinua edo Baztan familiak, Iruritako Jauregizar etxetik atratako gizon aberatsak biltzen ditu. Familia XII. mendearen hasieratik dokumentatuta dago: Fortún Ximenez Baztan eta Ximeno Fortún aita-semeak Alfontso   Borrokalariaren segizioan (sekitoan) ageri dira (1119 eta 1131). Baita ere Antso VII.a Azkarraren azpian familiako lau kidek (lau anai) tenente funtzioak betetzen dituzte ainbat gaztelu eta gotorlekuetan; Tafalla, Donibane Garazi, Urantzia,…
Leinuaren gailurrik nabarmenena Tiobalt I.-rekin gertatu zen, 1234 eta 1238 artean Iban (Joanes, Juan) Pérez Baztan-goa erreinuko errege alféreza (banderazaina) izan zen (Nafarroako banderazaina edo alfereza Nafarroako erregearen gudarosteen buruzagia zen) eta alferzaren anaiordea Petri Ramiritz Piedrolakoa (ama Urraka Ibainez Baztan bai zuten), Iruñako gotzaina zen. “Baztandarrak” erreinuko indar militarra eta erlijiosoa kontrolatzen zuten.

Baztango Urraka Ibainez (Ibanen alaba) Ramiro Piedrolarekin bigarren aldiz ezkonduz gero (Antso Ramirez de Piedrolaren ondorengoak) Petri Ramiritz Piedrola jaio zen.Iruñeko elizbarrutia 1229an edo 1230ean (dokumentuen arabera) hartu baino lehen, sei urtez Osmakoa apezpikua izan zen.zuen. Garai hartan Nafarroan Antso VII.a «Azkarrak» zen errege, eta Petri Ramiritz Iruñeko Gotzaina izendatzen lagundu zuen (bere politika erlijiosoaren aurkako prelatu batek kargua hartzeko beldurrez zegoen).

Erregea 1234an hil zenean, nafarrek erregearen borondatea ahaztu zuten, non Jaime I.a Aragoikoa bere oinordeko egiten zuen, eta zenbait nobleen batzorde bat (enbaxada) Pedro Ramirez de Piedrola Iruñeko apezpikua buru zuena, «Provins» -en aurkeztu ziren eta Nafarroako Koroak Txampañako Tibalt kondeari (hildako erregearen iloba), eskaini zion.

Prelatuak aldaketa dinastikoa aprobetxatu zuen Iruñeko elizako gazteluak eta jabetzak Koroaren eskuetan zeudenak, erreklamatzeko. Hasiera batean akordiorik ez zuen lortu, baina Tibal I.a “Trobalaria” subirano berriarekin aktiboki lankidetzan aritu ondoren; Noblezia baxuaren kexen kontra bereziki (Txampainako nobleen laguntzarekin gobernatu zuen Nafarroa errege berriak eta hauek kargu garrantzitsuak jaso zituzten). eta expreski Infantzoien kasuarengatik, Errege nafarrak, borondate onaren seinale gisa, Monjardineko gazteluaren menpeko hiribildua eta jaurerria itzuli zion, baina ez Monjardineko San Esteban gaztelua bera.

Tibalt I.a Nafarroakoaren miniatura.

1234an Gregorio IX.a Aita Santuak baimena eman zion erregeari Infantzoien Batzarrak desegiteko (tokiko noblezia baxua). Hurrengo urtean (1235), matxinada bat gertatu zen Tuteran, eta Petri Obanosen aurkeztu zen batzarraren aurrean, bi aldeak adiskidetzeko asmoz, baina talde honen aurkako errege-politikarekin bat eginez beti

Baina… erregearekiko harremana hondatuz joan zen, batez ere, 1236an Tibaltek, aurreko errege Antso VII.aren gorpua Tuterako katedraletik Orreagako ospitalera lurperatzera bidaltzen duenean, Petri Ramiritzen baimenik gabe, eta horrek Elizaren eskubideen aurkako iraina adierazten zuen. Gertaera horren ondorioz, apezpikuak Orreagako kabildoa eta operazioan parte hartu zuten guztiak eskumikatzea erabaki zuen, Tiobalten baimen publikoa galaraziz, baina Gregorio IX.a Aita Santuak hala eskatuta, eskumikua kentzea erabaki zuen.Tibalt I.a Nafarroakoa

Baina berriro Erregearen eskuetara itzuli zen, eta haren gotzaindegiaren azpian, eta erregearen babesarekin, 1237an Leireko monasterio beneditarraren erreforma erregularra egin zen, Zisterraren Ordenaren diziplinara pasatuz ( Beneditarrek aldaketa ez zuten onartu eta 70 urtez Zisterrekoen aurkako hainbat borroka izan zituzten Leyreren jabetza lortzeko, monje zurien eta monje beltzen arteko borrokak bezala ezagutzen da).

1238ko urriaren 5ean apezpikua hil zen, eta Tiobalt I.a erregeak berriro konfiskatu zizkion lehen emandako hiribilduak (Monjardioneko jaurerria)

Post hau egiteko erabili den materiala:

Los obispos de Pamplona del siglo XIII. José Goñi Gaztambide. (1957). Príncipe de Viana 18 (66): 83-94,

El linaje de los Baztan. Gran Enciclopedia de Navarra.

Pedro Remírez de Piedrola. Auñamendi Eusko Enciklopedia.

Wikipedia. Petri Ramiritz Piedrolakoa.

Read Full Post »

Baztango haraneko eliz aunitz estilo errenazentistakoak dira (edo jatorriz, ziren) eta XVI. mendean eraiki ziren. Guztiek dute antzeko eredu arkitektonikoa oinplanoari, altxaerari, estaldurari eta kanpoko egiturei dagokienez, eta Nafarroan garai hartan eraikitako tenpluen berezko ezaugarri formalak dituzte.

Baztango eliza errenazentista horiek bertako maisu harginek egin zituzten, harriaren lanean adituak, hareharri arrosazeozko (harri gorrie) harrobiak dituen harri lan tradizio handiko eremu bateko arginak ziren. Eraikuntzako profesionalak, koadrila ibiltarietan taldekatuak, maisuak, ofizialek eta ikastunek (mutil) osatuak, eta familia bereko hainbat kide aurkitzea ohikoa zen, ogibidea normalean gurasoengandik seme-alabengana pasatzen baitzen, edo osaba-izebengandik ilobengana.

Baztandar artisau klan emankorrenetako bat Oiz familiarena da, XVI. mendearen erdialdean buru Pedro de Oiz zuena (1580 zendua). Pedrok, Irurita, Arizkun, Lekaroz eta Zigako parrokietan lan egin zuen, eta azken enpresa horretan Martin de Oiz semeak lagundu zion. Hala ere, harginen “dinastia” honetako kiderik nabarmenena Miguel Oiz gartzaindarra izan zen. Miguel aipatutako Pedroren iloba zen eta Arraioz (1568), Arizkun, Goizueta, Zubiri, Berroeta, Eugi (1581) eta Gartzaingo parrokietako harri lanetan parte hartu zuen eta hil ondoren Juanot eta Juanes semeak jarraitu zuten.

Gartzaingo san Martin eliza. Argazkia Pello San Millan

Bestzalde, Pedro Oizen suhia zen Martin Urrutiak (1596 zendua) Arizkungo parrokia-elizako burualdeari, kaperei eta sakristiari ekin zien (1584), eta Iruritako parrokiako gangak egin zituen (Gerora, gaur egungo tenplu barrokoek ordezkatu zituzten). Halaber, 1580ko hamarkadan Zigako elizan hasitako obrekin jarraitzeko ardura hartu zuen, eta 1591tik aurrera Juan Urrutia semeak hartu zuen haren lekua.

Baita ere nabarmentzekoa da Juan Garaikoetxea eta Oiz, Elizondarra. XVI. mendearen amaieratik XVII. mendearen hasierara bitartean Nafarroan bere eraikuntza jarduera oparoa garatu zuen eta hargin aurrerakoi (abangoardista) izan zen; Eugi, Berroeta, Elbete, Eratsun, Gartzain eta Leringo Santa Maria elizan parte hartu zuen.

Baztango bertxe hargin batzuk izendatzeagatik, Juan Martínez de Leizagoyen nabarmendu behar da, Amaiurobrako Jasokundearen Elizako nabea eraiki zuena eta Erratzuko Juan de Goyaran harginak amaitu zuena, edo baita ere Erratzuko Pedro José de Iriarte hargina, 1773an kontratatu zutena mende batzuk lehenago eraikitako kanpai oktogonalen gorputza errematatzeko.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Jose Ciaurriz “Joxe Argiñe” (goitizena zuena) dugu, eta haren senideak izan ziren Santos eta Polikarpo Ciaurriz. “Joxe argiñak”  1901an 10 metrotako harriz landutako gurutze bat zintzelatuko du Legate kaskoan patzeko (atorrizko gurutzea). XX.mendearen 20.hamarkadan Baztanen arras ezaguna zen Martin Zabaleta hargin Berruetarrak Amaiurko jatorrizko monolitoa zizelkatuko du.

Mende berean ere nabarmendu ziren Silveiro Sobrino hargiña elizondarra, José Lorenzo Rementegi Berroetarra, eta Bautista Soule Arizkundarra (bere aita Juan ere zen hargiña). Azken honek Ostiztarrak bezala ogibidea gurasoengandik seme-alabengana pasatu da eta bere ondoren Cesáreo Soule eta honen semeak Albaro eta Biktor jarraituko dute.

José Lorenzo Rementegi berroetrrak zinzelatutako harri bitxia. Berroeta. Argazkia al monte,¿para qué? blogatik hartura dago.

Gaur egun Souletarrekin batera, Elizondoko Mitxelena edo nik berbera (ogibidez hargiña naiz) harria eta armarriak zinzelatzen segitzen… dugu.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Los artífices: los maestros canteros baztaneses“. Las iglesias del Renacimiento en el valle del Baztan. María Josefa Tarifa Castilla. Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro. Universidad de Navarra.

Estructuras arquitectónicas“. Las iglesias del Renacimiento en el valle del Baztan. María Josefa Tarifa Castilla. Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro. Universidad de Navarra.

“Las cuatro estaciones en el Valle del Baztan” (Diario de noticias, Baztango Herri Unibersitatea. 2006) Lander Santa Mariaren liburua.

Read Full Post »

Villeta, Paraguai ibaiaren ertzean dagoen Paraguaiko udalerri bat da. Asuncionetik 33 kilometrora dagoen hiri industriala eta portu-hiria da. Gaur egun 42.000 biztanle inguru ditu eta 2014 urtean 300 urte bete zituen sortu zenetik.

Nahiz eta gaur egun Villeta (villa txikia) izenarekin ezagutzen den, sortu zenan “San Felipe de Borbón en el Valle de Baztán” izena jarri zioten.

Hiria 1714ko martxoaren 5ean San Felipe de Borbón en el Valle de Baztán bezala sortu zen. Izenaren lehenengo zatia Felipe V.a espainiar subiranoaren omenez jarrita zegoen (Borboien dinastiako lehen errege hispaniarra zen) eta bigarrena “en el valle de Baztan” hiriaren sortzailearen familiaren jatorria aipatzen zuen.

Hiriaren 300 urteurrena ospatzeko eraikitako monumentua. Erdian Baztango armarria eta “Baztan” izena idatzita ikusten ahal da.
Argazkia bienvenidoaparaguay.com

Hiriko sortzailea garai hartako Paraguaiko Probintziako gobernadore zen Juan Gregorio Bazán de Pedrazak izan zen. Juan Gregoriok 1665ean Tucumáneko (Arjentina) Todos los Santos hirian jaio zen. 1713-1717 biztarte (hil zen arte) Paraguaiko gobernadore eta kapitain nagusia izan zen.

Real Academia de Historia webguneko biografían dioen bezala, konkistatzaileen semea zen eta familia bere aitatxirekin XVI.mendearen bukaeran Gaztelako Talabera de la Reina-tik etorria zen. Bazan leinuko (linaje) adar hau Talaberan, bederen XV. mendetik errotua zegoen eta Bazan izeneko guztiak bezala, armarria gise zuri beltzeko xakea zeukaten eta harro kontatzen dute bere abizenaren jatorria;

Diotenez, Bazanen leinua, 1135ean Gartzia Ramirez erregeak sortutako Nafarroako Erresumako “ricohombres” hamabietako bat zen. Bazandarrak Nafarroa, Aragoi eta Gaztelako errege etxeetatik datoz, eta Baztango haraneko jaun eta jabe izan zirelako abizen hori hartu zuten. Etxeko eta Baztango haraneko lehen andrea Maria Bazan andrea izan zen, Fortun Iñigezekin ezkondu zena.

Bai Bazan leinua eta abizena Baztan haranatik dator, hain zuzen Ontzalu Ibañez Baztangoa-tik.  XIII. mendeko Nafarroako handikia zen (Baztango jauna) eta bere leinu extxea Iruritako Jauregizarrea zen. Nafar erresumeko  errege-alfereza izan zen. Nabarreriako Gerran, Frantziako Filipe III.ak jarritako Eustache Beaumarchais gobernadorearen aurka borrokatu zen, eta Nabarreriaren suntsipena eta Sarraski handiaren bezperan ihes egin zuen nobleetako bat izan zen hura hil eta suntsitu bezperan Nabarreriatik ihes egin zuen nobleetako bat izan zen. Horregatik konfiskatu zituzten bere lurrak eta jabetzak eta Gaztelan babestu behar izan zen.

Hortik aintzin Baztan leinua Gaztelako Koroan zabalduko da eta bere oinordekoak Valduerna eskualdean errotuko dira eta “z” galduz abizena Bazan geldituko da.

Bazan hoietako bat, Gregorio izenez 1440 inguruan Talaberan ezarriko da eta hiru mende geroxago bere ondorengo bertze batek, arbasoak omenduz nahian Nafarroko haran baten izena jarriko dio berriki Paraguaien Espainiako lurraldea hedatzeko eta Chacotik iristen ziren indigenen aurrean interesak babesteko helburuarekin sortutako hiriari.

P.D. Zenbaiten ustez, hiriaren izena “San Felipe de Borbón en el Valle de Baztán en los campos del Guarnipitán” izanen zen, baina ez dago hori berresten duen dokumenturik eta garaiko aktek ez dute aipatzen “Guarnipitango eremuetan”.

Sarrera hau egiteko erebili den materiala:

Villeta (Paraguay). Wikipédia.

Bazán de Pedraza, Juan Gregorio. Real Academia de Historia.

Gonzalo Ibáñez de Baztán. Wikipédia.

Read Full Post »

Zaragozan sortu arren, familia Baztandarra zuen. Gurasoak Juan de Borda, Zugarramurditarra (jaioterriz Azpilikuetakoa) eta ama María Ana Ugalde, Erratzuko Alzua etxekoa.

Arras gazte zelarik, 1752ko azaroaren 12an, Zugarramurdiko Juan Bautista Dutari eta Zueldegaray merkatari oparoarekin ezkondu zuten. Juan Bautistak 38 urteko seme-alabarik gabeko alarguna zen eta Joakinaren aita bezala, Zugarramurdikoa zen eta baita jatorria ere, Azpilkuetan zuen, hai justu Azpilkuetako Dutari etxean.

Bikotea Madrilen finkatu zen. Hiriburuan. Juan Bautista Dutarik bere negozioak zituen, aspalditik sektore pribatuko merkataritzan aritzen zen, eta banku-etxe bat berriki sortu zuen. XVIII. mendeko gorte inguruan ibiltzen ziren Nafarroako negozio-gizon (batez ere, Baztandarrak ) artean ibiltzen zen.

1783an senarrak, testamentuan, bere ondasun guztiaren jaraunsle, Joakinarekin izandako seme bakarrari, Vicente Dutari eta Borda izendatuko du. 1785ean, semeak Domingotar ordenean fraide gise sartu zenean jaraunspen handiari uko egin zion eta eta ondasun guztia Joaquina Nikolassa Borda ama eta alargunaren aldekoa izan zen. Semearen pausoak jarraituz, 1786an Joakina Borda, Madrileko Santa Katalina de Sienako domingotarren komentuan sor Joaquina Benita de la Cruz izenarekin sartu zen.

Jasokundeko Andre Maria eliza. Argazkia Pierre Bona.

Joakina Bordak, komentuan sartu aurretik, ia hamar milioi errealen herentziari uko egin zion. Testamentuan, sos hoiek, pertsona, komunitate, komentu, fundazio, “obras pias-en” ( kapital baten dohaintza gizartearen babesik gabeko sektoreei laguntzeko bideratua; umezurtzak, alargunak, doterik gabeko dontzeilak eta behartsuak) eta bertze antzeko helburuendako erabilitzeko zehatz-mehatz idatzita utzi zuen.

Horrez gain Joaquina Bordaren testamentua dioenez, ” berak egiaztatu ahal izan duen bezala, senar zenaren jaioterriko miseria handiaz jantzita dago, bai eta bizilagunena ere“, ondasunaren %10 Zugarramurdi herriarendako izanen da. Diru horrekin, “espiritutasun bultzadarekin” eta “kristau errukitasunaren medioz” , hainbat lan (obra pias) eginen dira Zugarramurdin.

-Testamentua egiterakoa ia eraikita eta zati batean altzariz hornitua zegoen Ospitalea eta komentua. Urtean ospitala hamaika mila erreal belloi jasoko ditu. Ospitala, gaur egun Sorginen Museoa dagoen eraikina zen, Indaburua.

– Bi eskola, bata mutikoentzat eta bertzea neskendako, egunean zortzi eta sei erreal belloi, hurrenez hurren.

– Zugarramurdiko seme batendako, betiko beka bat Iruñeko San Juan Bautista ikastetxean edo hiri bereko mintegian.

-Urtean bi mila errealeko dotazioa herriko parrokia-elizarako. fabrikarako. Senar zena bizitzen zenean, bikoteari esker zimenduetatik ereiki izan zena.

– Kapilautza iraunkorra, bortz mila eta bortzehun erreal urteko errentarekin (errentan jartzen zen diru-kopurua, eta bere irabaziekin arima salbatzeko mezak ordaitzen ziren).

Hamabortz mila erreal Elizondoko miserikordia etxerako (zaharretxea).

Baita ere, senarraren sortexea “Dutari”. Katalina Otsalde lehengusinari emanen dio eta Zugarramurdi bereko “Beskor” etxea, María Otsalde bertze lehengusuari emanen dio.

Lehen aipatu den bezala gaur egungo Zugarramurdiko Jasokundeko Andre Maria eliza Juan Bautista Dutari eta Joaquina Bordaren laguntzaz beraien zen lur eremu batean ereiki omen zen. Gainera ” antzinako eliza hondatuta dagoelako, Jainkoaren etxerako txikia eta zantar delako” (Joakinaren hitzak), erretaulekin, lanparekin eta bere nahierara beharrezkoak diren beetze gauza batzuekin apaindua izan zen.

Azkenik, Joakina Bordak aurreikuspen batzuk utzi zitun eta arrazoia edozein dela ere, Zugarramurdi herria suntsitu, desagertu eta hustuko balitz, Azpilkuetako herriak jasango zuen fundazioko sosa. Eta, gauza bera gertatuko balitz!… Erratzuko herriarendako izanen zen.

Nahiz eta 1793an Konbentzioaren Gerran barne, Saran kuartelatutako tropa frantsak, sutea eragin eta Zugarramurdi suntsitua izan arren, eta… apokalipsisa oraindik iritsi ez denez, Joakin Borda eta Ugaldeko “sosak”, Zugarramurditik ez dira atraiak izan!

Pos hau egiteko erabili den materiala:

Mujeres baztanesas en la corte (siglo XVIII). Gaspar Castellano de Gastón. Príncipe de Viana. 2011. LXXII urtea 254 zenbakia.

Read Full Post »

Urriak 12 Spainian festa nazionala da, hispanidadearen eguna bezala zautua, eta, ez aspaldi “dia de la Raza” izenareki ezagutzen zena. Amerikan berriz, ospakizuna ezberdiña da.  Urte auniz “dia de la raza” izan arren,  herrialde batzuk izena aldatuz gain, pentsatzeko garai hauetara moldatuz ospakizuna ere aldatu dute, edo Kuban bezala, ez dute ja ospatzeko beharrik.

Arjentina 2010tik ‘Día del Respeto a la Diversidad Cultural’ izeneko  festa eguna da,  Mexiko eta Kolonbian “dia de la Raza”mantentzen da,  mexikon “raza” mestizo ezaugarria eskuratzen du. Chilen 2000 urtetik “Día del Encuentro de Dos Mundos¨ besta da. Uruguayen ‘Día de las Americas”, Salvadorren Españan bezala”de la Hispanidad”…eta Venezuelan eta Nikaraguan “Día de la resistencia indígena” izeneko fiesta eguna da.

Gaizki pensatuko genuen, koloniazailen aurkako erresistentzia indigena XVI. mendearen bigarren erdian amaitua bezala ematen badugu (garaiko kronikalari eta geroko historiatzaile batzuek bezala), aztekaren hiriburuaren erorialdiarekin. Blogan ikusi dugu nola 100 urte geroago Itzalak aurre egin zietela, eta garai haietan ere Maputxeak hainbertzetan matxinadan altxatu ziren hegoamaerikan, Mexiko aldean 1646, 1650-1652 y 1684-1690 Tarahumarak altxatu ziren eta Santa Fen Pope aztiaren indiar askatutak hriarekin egin ziren. 1734-35an Baja Kalifornian Perikue eta Koratar indiarrrak jesuiten misioen aurka egin zuten, 1742 Atau Huallpa matxinatu zen eta 1780a Tupac Amaru II. ren eskutik, indigena eta independentziaren aldeko mugimendu handiena eman zen, Amerika osorako askatasuna eskatzen lehena izan zen baita ere, indigenak esplotatzeko hainbat modu desagerrarazteko (mehatzetako mitak, merkantzien banaketak…) eta arraza beltzeko pertsonen esklabotza deuseztea eskatzen lehena ere izan zen.

Peruko Erregeorde baztandarra aurre izan zun Tupak Amaruri.  Erregeak indigena noblearekin akabetzea agindu zion Agustin Jauregia eta Aldekoa Oharriztaz (Lekaroz) birreiari, eta honek aginduak gogokin hartu zitun

800px-goyeneche_aguerrevere

Juan Goienetxe Agerreberearen erretratoa Arequipako Udalan, wikipedia

Erasoa edo erasoak, Agustin Jauregia izenarekin izan ba ziren, fisikoki bere aginpean zituen hainbat general kapitan ta militarrak burutu zituzten, eta doike! hoien hartean baztandarrak baziren… Juan Crisóstomo Goienetxe  Agerreberea Iruritarra bezala, militarraz gain Arequipiako negozio gizona zena.Esklabuak saltzen bai zun eta mehategi aunitzen jabea zenez (jakinda mehategi ohietako langile indiarrak zirela) Tupac Amaruren altxamendua, bere negoziokin gaizki joaten zen. Hortaz, dudarik gabe bere diruaren lagunzarekin  Zortzigarren Konpainiaren Arequipa-ko Milizianoa Infanteriakk Kapitaina izendatu zioten eta indiarren askatasun mugimenduaren aurkako errepresioan parte hartuz.

Juan Goienetxe Agerrebere  1741eko urtarrilaren 26a  Iruritako Indakoetxean jaio zen. Aita Pedro Goienetxe Grajitena eta ama Maria Bautista Agerrebere Iturralde izan zituen. Famili haundia zen eta Iruritako Indakoetxea, Goienetxea, Grajitena, Iturregia eta Agerreberea, Anizko Arraioz eta Maritorena eta Zigaurreko Iturraldea etxeetako oinordekoa zen.

1768an, 27 urte zituela, Peruko erregeordetzako Callaoko portura iritsi zen. Amat erregeordearekin harremanetan jarri ostean, Arequipara igorri zuten, Milizia Diziplinatuen sarjentu nagusi kargua hartuz. Sarjentu zela, meatze eta nekazaritza lurren ustiapenari esker, aberastasun handia lortuko zuen. 1772an Maria Josefa de Barreda y Benavidesekin, alegia, Nicolas de Barreda y Obando, Arequipako lurjabe handienetako baten alabarekin, ezkondu zen bere jabetza haundituz. Merkataritzan ere aritu zen; batetik, Europako manufaktura produktuak inportatzen zituen, eta bertzetik eskualdeko pattar saltzaile handiena zen eta aistion aipatu dugun bezala esklabu-tratuan ere jardun zuen. Irabazien zati bat Penintsulan inbertitu zuen.

Indiarren Matxinada ondoren 1788an Granadarien kapitain izendatu zuten, eta  1786an Arequipako alkatea izan zen, baita ere epailea geroago

Iruritarrak bortz seme alaba izan zuen, eta boterea gustukoa duen ongi antolatutako familiak bezala, seme bakoitza ofizio interesgarri bat aukeratu zuen. Anahi nagusiak, Pedro Mariano (1772-1844), Limako Errege Entzutegiko epailea izan zen. Bigarrenak José Manuel (1776-1846), Errege Armadako lotinant jenerala eta Guaquiko lehen kondea, hirugarna, José Sebastián (1784-1872), Limako artzapezpikua eta txikiak Juan Mariano (1788-1870), merkataria, familiako negozioekin segitu zuen….ah! alaba, Maria Presentacion….jauntxo garranzitsu eta dirudun batekin ezkontzeko prestatu zen, baina gazte zendu zen.

Hego Amerikan Independentziako mugimenduak eman zirenean Goienetxetarrek errealistas izan ziren, Espainako erregearen alde atraz,.Jose Manuelek militar errealista bezala garaipen garranzisuak lortu zitun eta Huaquingo bataila ondoren Guakingo kondea izendatu zioten, baita ere zurrumurrua bada Napoleonen espioa zela…baina hori bertze istorio bat da.

Errealistak galdu zuten eta 1821 Peru Espainako erreinutik independizatzen da eta anai batzuk alde egiten dute eta Espainian exiliazen dira. Juan Mariano huakiko bigarren kondea izanen da eta urte batzuk ekonomikoki gaizki pastu ondoren (amiliak  errealista izateagatik), errekuperatuko da. 1825ean María-Santos Gamio eta Araníbar nafar jatorriko emakume arekipaiarrarekin ezkondu zen (Bernardo de Gamio eta García-Idiakez aberatsaren alaba). Bikotea bortzt seme-alaba izan zituen eta bere ondokoen bidez Goienetxe abizena  garrantzie haundia izanen du Peruko historioan…baina hau ere bertze istorio bat da.

Post hau egiteko erabili den materiala

La consolidacion de una familia de la oligarquia Arequipeña: Los Goyeneche. CARLOS D. MALAMUD. Universidad Complutense de Madrid.

Juan de Goyeneche y Aguerrevere wikia. Wikipedia.com.

notimera.com webguneeko  ¿Qué se celebra el 12 de octubre en Latinoamérica? artikuloa

Read Full Post »

 

Gartzaingo Ainzano auzoan, Iturbidea izenekoa, jauregi edo “etxe noble” bat dago eta Baztanen dagoen lehen leinuen etxeetako bat da. Gaur egun baserria edo landetxearen itxura eta abeltzaintza-erabilera izan arren, oraindik badira jatorrizko “Cabo de armería” eraikinaren aztarnak, hala nola harrizko zutabe bat bere kapitelekin eta familiaren armarria sarrerako arkuan harrian zizelatuta. Baztango familia handi baten sortetxea izan zen Iturbidea, eta bertatik zenbait seme bitxiak atera ziren, haien artean (edo haien ondorengoen artean) enperadore bat eta guzi! (suposatzen da Agustin Iturbide enperadore mexikarraren arbasoen sortetxea dela).

Iturbide leinu etxea, Aizano auzoan. Argazkia Pello San Millan

XV. mendean Martin Iturbide izeneko bat dugu, Baztango alkate “perpertuo” gisa. Urte batzuk geroago, agramondarren eta bahamondarren arteko Nafarroako “gerra zibilaren” ondoren (agramondarrak Aragoiko Joan II.aren alde eta Behamondarrak bere seme Karlos Vianaren alde) Nafarroako errege zen Joan II.a Aragoikoak (usurpatzailea) eskerrak eman zizkien Gartzaingo Iturbidekoei erregeari emandako laguntzagatik.

1512ko gaztelerazko inbasioan, behamondarren aldekoak dira eta Fernando Katolikoak Johannes Iturbidekoa Baztango jendearen kapitain izendatuko du. Johannes ehun eta berrogeita hamar gizonekin Doneztebeko elizan sitiatuta zeuden gaztelaniarrak laguntzera agertu zen eta Amaiurren gaztelaniarrekin egon zen, eta hemendik aurrera Iturbidetatarrak bailarako “capitán a guerra” kargoa izanen dute eta Hispaniar Koroaren menpean arituko dira.

Gartzainen 1609an jaiotako Miguel Iturbide Zuria izan zen haraneko “gerrako kapitain” kargua izan zuen bertze Iturbidetar bat. Gartzaindarra nabarmenduko da kapitain bezala Flandesko Armadan (historiografian izen horrekin ezagutzen du 1516tik aurrera a Austriako Etxeko Habsburgotarrak Herberean antolatutako armadari) eta gudan izandako merituengatik kargoz igo zena.

Aita hil ondoren, Baztanera itzuli zen, Nafarroako Gaztelako koroako erregeordea Biarnoan espioi gisa zerbitzatu zuen etapa berri bati hasiera emanez (gaztelania, frantsesa eta euskara menderatzen zituelako). Zerbitzu-bizitza horregatik, Madrilgo gortea eta Olivaresko konde-dukearen aldeko gomendioa nagusitu zitzaizkion.

Iturbide familia armaría Gartzaingo elijan. Argazkia Pello San Millan

1636an porrot egin zuen Lapurdiko espedizioan parte hartu zuen, Valparaisoko markes Nafarroako erregeordeak aginduta. Bertan nabarmendu zen eta berriro igo zen. 1638an, Hondarribiko sorospenean eta Kataluniako gerran ere parte hartu zuen, non zauritu egin zuten.
Miguel de Iturbidek alde batera utzi zuen bere bizitza militarra 1643an Burgo de San Cernin lurmuturreko erregidore eta 1644ko Gorteetako Iruñeko diputatu izendatu zutenean.

Garai gogorrak dira Hispaniar Inperioarentzat, Portugal bere soberastasun osoa berreskuratu du, herrialde katalanak independentziaren alde borrokatzen daude, gainera Frantziarekin gerra dago eta Madrildik etengabe eskatzen diote Nafarroari gerrarako gizon eta diru gehiago. Nafarroak 100 urte anexionatuta izan arren, Nafarroak oraindik erreinu bat da eta bere foruak mantentzen ditu… eta eskaera horiek guztiak foruen aurka doaz.


Miguel de Iturbidek, diputatu gisa, Nafarroako erresumaren izenean, eskaeren aurkako protesta egingo du , eta Felipe IV.aren aurrean ere protestatuko du, erregeordeak, Oropesako kondeak, Kataluniako armadako nafar desertore batzuei ezarri zizkien zigor umiliagarriengatik (azken protesta honen ondorioz, Oropesako kondeak Nafarroako erregeorde kargua utzi zuen).

Ezbehar horren ondoren, eta Nafarroaren subiranotasun galdua berreskuratzeko matxinada bat prestatzeaz akusatuta, Miguel Iturbide Madrilera deitu zuten 1646. urtearen amaieran, eta urtebete osoan zehar gortean atxiki zuten, inolako azalpenik gabe.

Diputazioaren protesta formalek ez zuten ezertarako balio izan, eta Iturbide modo misteriotsu batean 1648ko urtean hil zen (epaiketa sekretu baten ondoren, antza denez, zigortuta).

Historian zehar, ez da lehen kasua nafar erresumaren defendatzaile bat modu misteriotsuan eta gaztelarren aginduz atxilotuta dagoenean hiltzen dena. 126 urte lehenago antzeko zerbait gertatu zen San Nicolaseko espetxean, eta misteriotsuki hilda agertu ziren Amaiurko gazteluko azken alkaide nafar izan zen Jaime Belaz kapitana eta haren seme Luis.

Handik ia V. mendera (1989ko azaroaren 20an) bertze euskal diputatu bat (Miguel de Iturbide bezala) eta independentzia-askatasunaren defendatzailea (Jaime Belaz, bezala) zen Josu Muguruza, Madrilen afaltzen ari zela buruan tiro eginda, hil zuten.

P.D. Sarrera hau 2017 berritua eta eguneratua izan zen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Represión y reparto del Estado navarro”. Pedro Esarte. Pamiela.

Miguel de Iturbide, ajusticiado en 1648 ¿Motivo? Querer sublevar Navarra para recuperar su soberanía.  Mikel Burgui. Nabarralde

Miguel Iturbide Zuria. Real Academia de Historia.

Read Full Post »