Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Gartzain’

Baztango haraneko eliz aunitz estilo errenazentistakoak dira (edo jatorriz, ziren) eta XVI. mendean eraiki ziren. Guztiek dute antzeko eredu arkitektonikoa oinplanoari, altxaerari, estaldurari eta kanpoko egiturei dagokienez, eta Nafarroan garai hartan eraikitako tenpluen berezko ezaugarri formalak dituzte.

Baztango eliza errenazentista horiek bertako maisu harginek egin zituzten, harriaren lanean adituak, hareharri arrosazeozko (harri gorrie) harrobiak dituen harri lan tradizio handiko eremu bateko arginak ziren. Eraikuntzako profesionalak, koadrila ibiltarietan taldekatuak, maisuak, ofizialek eta ikastunek (mutil) osatuak, eta familia bereko hainbat kide aurkitzea ohikoa zen, ogibidea normalean gurasoengandik seme-alabengana pasatzen baitzen, edo osaba-izebengandik ilobengana.

Baztandar artisau klan emankorrenetako bat Oiz familiarena da, XVI. mendearen erdialdean buru Pedro de Oiz zuena (1580 zendua). Pedrok, Irurita, Arizkun, Lekaroz eta Zigako parrokietan lan egin zuen, eta azken enpresa horretan Martin de Oiz semeak lagundu zion. Hala ere, harginen “dinastia” honetako kiderik nabarmenena Miguel Oiz gartzaindarra izan zen. Miguel aipatutako Pedroren iloba zen eta Arraioz (1568), Arizkun, Goizueta, Zubiri, Berroeta, Eugi (1581) eta Gartzaingo parrokietako harri lanetan parte hartu zuen eta hil ondoren Juanot eta Juanes semeak jarraitu zuten.

Gartzaingo san Martin eliza. Argazkia Pello San Millan

Bestzalde, Pedro Oizen suhia zen Martin Urrutiak (1596 zendua) Arizkungo parrokia-elizako burualdeari, kaperei eta sakristiari ekin zien (1584), eta Iruritako parrokiako gangak egin zituen (Gerora, gaur egungo tenplu barrokoek ordezkatu zituzten). Halaber, 1580ko hamarkadan Zigako elizan hasitako obrekin jarraitzeko ardura hartu zuen, eta 1591tik aurrera Juan Urrutia semeak hartu zuen haren lekua.

Baita ere nabarmentzekoa da Juan Garaikoetxea eta Oiz, Elizondarra. XVI. mendearen amaieratik XVII. mendearen hasierara bitartean Nafarroan bere eraikuntza jarduera oparoa garatu zuen eta hargin aurrerakoi (abangoardista) izan zen; Eugi, Berroeta, Elbete, Eratsun, Gartzain eta Leringo Santa Maria elizan parte hartu zuen.

Baztango bertxe hargin batzuk izendatzeagatik, Juan Martínez de Leizagoyen nabarmendu behar da, Amaiurobrako Jasokundearen Elizako nabea eraiki zuena eta Erratzuko Juan de Goyaran harginak amaitu zuena, edo baita ere Erratzuko Pedro José de Iriarte hargina, 1773an kontratatu zutena mende batzuk lehenago eraikitako kanpai oktogonalen gorputza errematatzeko.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Jose Ciaurriz “Joxe Argiñe” (goitizena zuena) dugu, eta haren senideak izan ziren Santos eta Polikarpo Ciaurriz. “Joxe argiñak”  1901an 10 metrotako harriz landutako gurutze bat zintzelatuko du Legate kaskoan patzeko (atorrizko gurutzea). XX.mendearen 20.hamarkadan Baztanen arras ezaguna zen Martin Zabaleta hargin Berruetarrak Amaiurko jatorrizko monolitoa zizelkatuko du.

Mende berean ere nabarmendu ziren Silveiro Sobrino hargiña elizondarra, José Lorenzo Rementegi Berroetarra, eta Bautista Soule Arizkundarra (bere aita Juan ere zen hargiña). Azken honek Ostiztarrak bezala ogibidea gurasoengandik seme-alabengana pasatu da eta bere ondoren Cesáreo Soule eta honen semeak Albaro eta Biktor jarraituko dute.

José Lorenzo Rementegi berroetrrak zinzelatutako harri bitxia. Berroeta. Argazkia al monte,¿para qué? blogatik hartura dago.

Gaur egun Souletarrekin batera, Elizondoko Mitxelena edo nik berbera (ogibidez hargiña naiz) harria eta armarriak zinzelatzen segitzen… dugu.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Los artífices: los maestros canteros baztaneses“. Las iglesias del Renacimiento en el valle del Baztan. María Josefa Tarifa Castilla. Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro. Universidad de Navarra.

Estructuras arquitectónicas“. Las iglesias del Renacimiento en el valle del Baztan. María Josefa Tarifa Castilla. Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro. Universidad de Navarra.

“Las cuatro estaciones en el Valle del Baztan” (Diario de noticias, Baztango Herri Unibersitatea. 2006) Lander Santa Mariaren liburua.

Read Full Post »

Hezkuntzak eta eskolak aldaketa sakona izan zuten Errepublikaren etorrerarekin: lehen hezkuntzaren derrigortasuna eta doakotasuna, eskola-laikotasuna, hezkuntza-erakundeen demokratizazioa, eskola berrien eraikuntza, eukal eskolak, maistra edo maisua herri txikienetara iristea…

Aldaketa horiek gaitzespen sakona eragin zuten gizarte-talde erreakzionarioenen artean, matxinatuek okupatutako eremuetan 1936ko uztailaren 18tik aurrera maisu-maistren aurkako errepresioan eta mendekuan gauzatu zen. Estatu kolpea izan eta bederatzi egunera, Aldundiak (Diputazioa) Nafarroako irakasleei zuzendutako zenbait neurri adostu zituen: maisu-maistren izendapenak berrikusiko ziren, mutil eta nesken gela mixtoak debekatzen zen eta ez zen onartuko katolizismoaren eta Espainako unitatearen aurkako irakaskuntzarik

Nafarroan 355 irakasle ( maisu-maistrak) errepresaliatu eta “depuratu” zituzten gerra zibilean eta diktadura frankistan, horietako bat Katalina Alastuey Garaikoetxea izan zen.

II. errepubikako gela bat. Andereñoa eta neska-mutil ikasleak (gela mixtoa).

Katalina, 1899ko abenduaren 26an Iruñean jaio zen. Ama baztandarra zuen, Gartzaingoa! Irakasle ikasketak Iruñeko San Jose Plazan zegoen Eskola Normalean egin zituen; eta 1916an ikasketak bukatzerakoan, San Francisco Udal-ikastetxean hasi zen maistra bezala. Baitere ikasketak amaitu ondoren, Maria Ana Sanz eta bertze irakasle batzuekin batera “Iruñeko Normaleko ikasle ohien elkartea” sortu zuen. Elkaertea emakumeen garapen pertsonal eta soziala lortzeko asmoarekin sortu zuten.

Irakaskuntzaz gain, “Emakume Abertzale Batza” elkartean parte hartu zuen. 1931ko urriaren 8an, emakume talde batek Nafarroako taldea sortu zuen, Katalina Alastuey Garaikoetxea zuzendariorde izan zen.

EABren sarea Nafarroa osoan zabaldu zen (Baztangoa urte berean sortuko da), eta 22 talde sortu ziren. Horien bidez, folklorea gazteen artean zabaltzen zuten, eta haur-jaialdiak, elkartasunezko jarduerak, jarduera politikoak eta irakaskuntzarekin lotutako bertze jarduera batzuk antolatzen zituzten. Azken horien artean azpimarratzekoa da Iruñeko lehen ikastolaren sorrera, 1932. urtean. Ikastolaren sorreran Katalinarekin batera bera bezala Eskola Normalean ikasi zuten Maria Biskarret eta Julia Fernandez Zabaleta (elkarteko zuzendaria) zeuden.

Nafarroako Emakume Abertzale Batzako zuzendariordea izanez gain, Euzko Alderdi Jeltzalearen asanblada nazionaletan hainbat aldiz ordezkari izan zen eta Euskararen Adiskidearen eta Eusko Ikaskuntzaren zenbait ekintzetan ere parte hartu zuen. Oso aktiboa izateaz gain, oso kritikoak zen (Julia bezala) bere alderdi politikoak, garaiko emakumeei ematen zien rol tradizionalarekin: familiaren balioak etxean gordetzea eta belaunaldi berriei transmititzea. Beraiek gehiago aldarrikatzen zuten emakumeentzat, bertze alderdi batzuetan emakumeek aktiboki parte hartzen baitzuten etxetik kanpoko mota guztietako jardueretan (lana, politika, kultura…).

Maistra honen jarduera politikoa 1936ko uztailaren 18an Gerra Zibilaren hasieran zapuztu zen. Nafarroako Hezkuntzako Goi Batzarrak bere gain hartu zuen irakasleak garbitzeko lana, eta,Nafarroan lan egiten zuten irakasle guztien zerrenda egin zuen, haiei buruzko zenbait datu bilduz: erlijiotasuna, moraltasuna, irakurtzen zuten prentsa mota, ideia politikoak. Abuztuaren 25ean, espedienteak aztertu ondoren, erregimenari “desafektatzeagatik” (jaregiteagatik) zigortutako pertsonen lehen zerrenda argitaratu zen. Katalinari zehazki, irailaren 2an, urte erdiko soldata galtzearekin zigortu zuten. Ondoren, maistra kargutik kendu zuten 1937ko maiatzaren 18.

Zerrenda horretan Katalina bezala, zigortuak, depuratuak, lanpostutik kenduak eta enpleguz eta soldataz gabetuak baita ere izan ziren; Manuela Fagoaga Aristia erratzutarra, Maria Arevalo Pantoja Erratzuko maistra eta herri bereko maixua; Manuel Muguruza Etxeberria, Almandozko Jose Maria Cherrail Ezquer maixua, Lekauzko maixua; Julio Martinez Tello, Predro Vidaurre Araiz Azpilkuetako irakaslea, Elizondoko andereñoa; Dolores Moreno Luzuriaga, eta Karlos Menaya Erburu, Elizondokoa ere. Karlos Iruñarra (gerora Napar margolari ezaguna) ere lanbidea betiko galtzeaz gain, gogor torturatua izan zen.

Guztizkoaren % 29 maisu eta % 15 maistreak zigortuak izan ziren. Maisu-maistra horietatik 58 lanpostutik galduzituzten, eta 85 lanpostutik eta soldatatik behin betiko kendu zituzten, 100 baino gehiagok bertze zigor batzuk jaso zituzten; adibidez, isun handiak ordaintzera kondenatu zituzten, eta 32 maisu eta maistra bat afusilatuta exekutatu zituzten. Horien artean Amaiurko maixua, Martín Gil Isturiz Aoiztarra, atxilotua, espetxeratua eta azkenik 1944ko urriaren 14an Alcala de Henaresen fusilatua izan zena.

Karlos Menaya eta Juli Arrubin, Elizondon maixua zen garaian.

Maistra Maria Camino Oskoz Urriza Iruñarra zen,  maistraz gain Alderdi komunistako Idazkaria eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kidea izen zen. 1936ko uztailaren 31n falanjistek atxilotu zioten eta  jendaurrean ibilarazi ondoren espetxean torturatua eta bortxatua izan zen. Hamaika eguneko infernu bizi ondoren abuztuaren 10ean, espetxetik atera zuten eta Urbasako Pilatosen balkoiara eraman zuten. Han karlistek, hil eta amildegitik behera bota zuten maistraren gorpua. Maria Camino 26 urte zituen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

“Hik hasi” erebistako artikuloa. Irene Lopez. 68 zbk. 2002 Maiatza.

Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona”. Hainbat egile. Iruñako Udala. 1998.

Homenaje a las maestras y maestros represaliados“. Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea – 1936.

Listado de maestros, maestras y personal docente represaliado. pazyconvivencia.navarra.es. Nafarroako Gobernua. 2016. 

Camino Oscoz y otras historias del 36. Joseba Eceolaza. Denonartean-Cenlit. 2017.

Wikipedia.

Read Full Post »

 

Gartzaingo Ainzano auzoan, Iturbidea izenekoa, jauregi edo “etxe noble” bat dago eta Baztanen dagoen lehen leinuen etxeetako bat da. Gaur egun baserria edo landetxearen itxura eta abeltzaintza-erabilera izan arren, oraindik badira jatorrizko “Cabo de armería” eraikinaren aztarnak, hala nola harrizko zutabe bat bere kapitelekin eta familiaren armarria sarrerako arkuan harrian zizelatuta. Baztango familia handi baten sortetxea izan zen Iturbidea, eta bertatik zenbait seme bitxiak atera ziren, haien artean (edo haien ondorengoen artean) enperadore bat eta guzi! (suposatzen da Agustin Iturbide enperadore mexikarraren arbasoen sortetxea dela).

Iturbide leinu etxea, Aizano auzoan. Argazkia Pello San Millan

XV. mendean Martin Iturbide izeneko bat dugu, Baztango alkate “perpertuo” gisa. Urte batzuk geroago, agramondarren eta bahamondarren arteko Nafarroako “gerra zibilaren” ondoren (agramondarrak Aragoiko Joan II.aren alde eta Behamondarrak bere seme Karlos Vianaren alde) Nafarroako errege zen Joan II.a Aragoikoak (usurpatzailea) eskerrak eman zizkien Gartzaingo Iturbidekoei erregeari emandako laguntzagatik.

1512ko gaztelerazko inbasioan, behamondarren aldekoak dira eta Fernando Katolikoak Johannes Iturbidekoa Baztango jendearen kapitain izendatuko du. Johannes ehun eta berrogeita hamar gizonekin Doneztebeko elizan sitiatuta zeuden gaztelaniarrak laguntzera agertu zen eta Amaiurren gaztelaniarrekin egon zen, eta hemendik aurrera Iturbidetatarrak bailarako “capitán a guerra” kargoa izanen dute eta Hispaniar Koroaren menpean arituko dira.

Gartzainen 1609an jaiotako Miguel Iturbide Zuria izan zen haraneko “gerrako kapitain” kargua izan zuen bertze Iturbidetar bat. Gartzaindarra nabarmenduko da kapitain bezala Flandesko Armadan (historiografian izen horrekin ezagutzen du 1516tik aurrera a Austriako Etxeko Habsburgotarrak Herberean antolatutako armadari) eta gudan izandako merituengatik kargoz igo zena.

Aita hil ondoren, Baztanera itzuli zen, Nafarroako Gaztelako koroako erregeordea Biarnoan espioi gisa zerbitzatu zuen etapa berri bati hasiera emanez (gaztelania, frantsesa eta euskara menderatzen zituelako). Zerbitzu-bizitza horregatik, Madrilgo gortea eta Olivaresko konde-dukearen aldeko gomendioa nagusitu zitzaizkion.

Iturbide familia armaría Gartzaingo elijan. Argazkia Pello San Millan

1636an porrot egin zuen Lapurdiko espedizioan parte hartu zuen, Valparaisoko markes Nafarroako erregeordeak aginduta. Bertan nabarmendu zen eta berriro igo zen. 1638an, Hondarribiko sorospenean eta Kataluniako gerran ere parte hartu zuen, non zauritu egin zuten.
Miguel de Iturbidek alde batera utzi zuen bere bizitza militarra 1643an Burgo de San Cernin lurmuturreko erregidore eta 1644ko Gorteetako Iruñeko diputatu izendatu zutenean.

Garai gogorrak dira Hispaniar Inperioarentzat, Portugal bere soberastasun osoa berreskuratu du, herrialde katalanak independentziaren alde borrokatzen daude, gainera Frantziarekin gerra dago eta Madrildik etengabe eskatzen diote Nafarroari gerrarako gizon eta diru gehiago. Nafarroak 100 urte anexionatuta izan arren, Nafarroak oraindik erreinu bat da eta bere foruak mantentzen ditu… eta eskaera horiek guztiak foruen aurka doaz.


Miguel de Iturbidek, diputatu gisa, Nafarroako erresumaren izenean, eskaeren aurkako protesta egingo du , eta Felipe IV.aren aurrean ere protestatuko du, erregeordeak, Oropesako kondeak, Kataluniako armadako nafar desertore batzuei ezarri zizkien zigor umiliagarriengatik (azken protesta honen ondorioz, Oropesako kondeak Nafarroako erregeorde kargua utzi zuen).

Ezbehar horren ondoren, eta Nafarroaren subiranotasun galdua berreskuratzeko matxinada bat prestatzeaz akusatuta, Miguel Iturbide Madrilera deitu zuten 1646. urtearen amaieran, eta urtebete osoan zehar gortean atxiki zuten, inolako azalpenik gabe.

Diputazioaren protesta formalek ez zuten ezertarako balio izan, eta Iturbide modo misteriotsu batean 1648ko urtean hil zen (epaiketa sekretu baten ondoren, antza denez, zigortuta).

Historian zehar, ez da lehen kasua nafar erresumaren defendatzaile bat modu misteriotsuan eta gaztelarren aginduz atxilotuta dagoenean hiltzen dena. 126 urte lehenago antzeko zerbait gertatu zen San Nicolaseko espetxean, eta misteriotsuki hilda agertu ziren Amaiurko gazteluko azken alkaide nafar izan zen Jaime Belaz kapitana eta haren seme Luis.

Handik ia V. mendera (1989ko azaroaren 20an) bertze euskal diputatu bat (Miguel de Iturbide bezala) eta independentzia-askatasunaren defendatzailea (Jaime Belaz, bezala) zen Josu Muguruza, Madrilen afaltzen ari zela buruan tiro eginda, hil zuten.

P.D. Sarrera hau 2017 berritua eta eguneratua izan zen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Represión y reparto del Estado navarro”. Pedro Esarte. Pamiela.

Miguel de Iturbide, ajusticiado en 1648 ¿Motivo? Querer sublevar Navarra para recuperar su soberanía.  Mikel Burgui. Nabarralde

Miguel Iturbide Zuria. Real Academia de Historia.

Read Full Post »