Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Archive for the ‘Errepublika’ Category

2017ko irailaren 3an Otsondon foru-poliziak egindako kontrol batean Andoni René Iturrioz Lenglart-i makila familiarra konfiskatu zioten. Andoni Parisera itzultzen ari zen uda Amaiurren duen borda batean igaro ondoren. Han, bertzeak bertze, ehun urtetik gorako makila bat zeraman, aitetxi izandakoaren makila! Iturrioz familiaren oroigarri preziatuenetako bat.

Uda hortan Andonik, Irungo Alberdi artisauei makila eraman zien, larruzko helduleku berria balitz bezala utz zezaten. Otsondon Foruzaingoak ibilgailuari geldialdia eman zionean. Agentea, autoa miatzean, tresna eta ekipaje artean makilarekin topatu zen.

Arma bat da– erraan zion. – Ezin duzu gainean eraman. Debekatutako arma da, azpimarratu zuen foruzaingoak, eta tresna arriskutsutzat jo zuen, barruan ezten itxurako 17 zentimetroko estoke bat zuelako.

Geroztik, Iturriotarren makila Elizondoko Foruzaingoaren komisarian dago (bederen 2020ra arte), eta agintari eskudunak entzungor egiten die familiaren errekerimenduei, haiek sinbolotzat jotzen dutena itzul diezaieten.

Makila Elizondoko komisarian. Argazkia noticiasdegipuzkoa.eus.

Makilaren jatorrizko jabea Manuel Iturrioz zen, mugalarien Houdini bezala ezaguna. “Houddini” goitizena (ilusionista eta eskapista ezaguna) Iturriotzek irabazi zuen presondegitik ihes egiteko zuen abileziagatik, behin baino gehiagotan bisitatu baitzuen.

Manuel Iturrioz Gipuzkoako Orexa udalerrian jaio zen 1902an eta mutikoa zelarik Arizkunen morroi lanetan aritu zen. Arizkungo baserrirako, bertzeak bertze artzai gise ibili zen eta Baztango mendiak eta muga ezagutu zituen. Baztandik Orexara itzuli zen eta han artzain lanetan jarraitu zuen, baina ondoren ardiak saldu eta Tolosara abiatu zen lan bila, hortik Zumarragara eta hotel batean hasi zen lanean. Zumarragan Mikeleteak (Gipuzkuako foruzainak) biltzen ziren eta handik gutxira, lagun baten biz tartez, mikeletea egin zen. 22 urte zitueen eta bertan ikasi zuen gaztelaniaz. Mikelete bezala Oiartzungo mugan, Gipuzkoa eta Nafarroa artean lanetan hasi zen, mugazain gise… azkenean mugazaina mugalari bihurtuko zen!

Gerra Zibila hasi zenean, gerraren lehen egunetan Donostian atxilotu zuten. Bere lehen ihesaldian parte hartu zuen eta batailoi milizianoekin bat egin zuen, Intxortan borrokatu zen, Lemoan zaurituta erori zen, Asturiasera iritsi zen eta bi hilabete eman zituen preso Santoñako espetxean sartu zuten eta handik ere… eskapo egin zuen. Santoñatik Bilbora iritsi zen oinez, handik Donostiara trenez, gero Añorga, Astigarraga, Artikutza eta Lesakatik Sarara. Bartzelonan borrokan agertu zen berriro, hontakoan kapitaina zen.

Errepublikarren bandoak gerra galdu zuenean, Frantziara alde egin zuen, baina Argeles-Sur-Mer kontzentrazio-esparruan akitu zuen. Han este bat pasto ondoren baita ere handik ihes egingoi zuen. Perpignango Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin Ipar Euskak Herriara etorriko da eta Bidarteko ospitalean zauriak konpondu ondoren, Tarbeseko arma-fabrika batean hasi zen lanean.

Bigarren Mundu gerra piztu zenean eta Alemaniarrak Franzia indarrez hartu zutenean  Gestapo ezarria zen, hainbat sarekada gauzatu zituzten, eta nazietatik ere ihes egin zuen. Donibane Lohizunen ezkutatu zen eta han, baserrietan laguntza bila zebilela Alejandro Elizalde Elizondarrarekin topo egin zuen. Baztandarrak, Comete sarearen arduraduna zen inguru honetan, eta mugalariak bilatzen zituen. Comete sarea alemaniarren eremu okupatuan erortzen ziren hegazkin pilotuei muga pasatzen laguntzen eta Manuel Iturrioz Comète sarean parte hartu zuen lehen pasatzailea izan zela uste dute ikertzaileek.

Manuel Iturrioz. Argazkia, mugalari.info

1942ko apirilean, Iruñeko Poliziak harrapatu zuen eta hauek Meliton Manzanas odolzaleaaren eskuetan utzi zioten. Manzanasek hiru egunez torturatu zuen Irungo komisaldegian baina berriz ere Iturriotzek ihes egin zuen eta, bi hilabete eta erdiz Artikutzako kobazulo batean ibili ondoren, inguruko baserri batean babestu zen. Han bere eamztea izando zena Asun Escudero ezagutu zuen (baserriko alaba) eta denborarekin hiru seme izango zuten; Ángel, Andoni (Andoni Reneren aita) eta Maite.

Bigarren gerra amaitu ondoren itzuli egin zen eta makiei Pirinioetako alde batetik bertzera pasatzen lagundu zien eta kontrabandoarekin dirua irabazten hasi zen. Familia hasiera batean Saran finkatu zen eta gero Parisen behin betiko.

1991n hil zenean, senide batek ohar autobiografikoen bilduma bat eman zion Andoni Iturrioz semeari, Manuelek bi koadernoetan idatzita utzi zuena. Aitaren bizitza erkatu zuen, lau urtez Eusko Jaurlaritzako artxiboetan, Salamancan, Madrilen, Londresen, Bruselan eta Washingtonera arte murgildu ondoren. Eta utzi zuen bezalakoa zen. Heroien iritzirik eta balentriarik gabe. Liburua Alberdania argitaletxeak argitaratu du: Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak.

1991n hil zen, Manuelek bi koadernoetan bere bizitza idatzita utzi zue. Andoni semeak aitaren bizitza, lau urtez Eusko Jaurlaritzako artxiboetan, Salamancan, Madrilen, Londresen, Bruselan eta Washington artxibategietan murgildu ondoren eta Juan Carlos Jimenez de Aberasturi ikertzaileari galdetuz (Comete sarea ikertu zuen) Manuelen testuaren datak eta izenak erkatu zituzten. Informazio horrekin Joxe Mari Iturrioz (Manuelen iloa) 2011an “Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak· idatzi zuen.

Sarrera hau egiteko erabili de materiala:

Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak. Joxemari Iturrioz. Alberdania. 2011.

 Manuel Iturrioz, el Houdini de los mugalaris vascos. Iban Gorriti. Mugalari.info. 2017

Una makila de un siglo en la comisaría. Enrique Conde. Nabarralde. 2019.

Manuel Iturrioz: abeltzain, mikelete, gudari eta Comete sareko kidea. Peli Lekuona. Naiz.eus.2022

FOTOTEKA

Manuel Iturrioz eta Pedro Okamika mugalariak. Argazkiak, naiz.eus


.


Read Full Post »

Barkatuko didazue, baina oraingoan nire familiari buruz arituko naiz, nire amaren aldeko familiari buruz, nire aitetxixar (birraitona) Juan Antonio Etxabe Guesalaga eta nire amatxixar (birramona) Juana Magirena Igoa buruz, hain zuzen ere.

Gogoan dut, haurra nintzenean, Pirrintenea etxean dagoen gaur egungo Txokoto Taberna, Etxabe taberna bezala ezagutzen zela eta Etxabe-Maguirena familiak taberna hainbat hamarkadatan gobernatu izanak tabernari izena ematen zion.

Aiako Goienetxea etxea, Argfazkia Etxabe familia.

Jose Antonio Etxabe Guesalaga, 1895eko azaroaren 9an Aiako Goienetxea etxean jaio zen, hamar anaiaren zazpigarrena da (horietatik bortz, hiru urteak bete baino lehen hilko dira).1 905ean, bizi ziren bortz anaiek Egia auzoko Gorriaran Berri baserria jaso zuten aitetxiren (aitaren aldetik) jaraunspen gisa. Lau urte geroago aita hil omen zen eta lurrak jaso zituzten Aian. 1914 inguruan, bi anai zaharrenek 12.000 pezeta jaso zituzten ( jaraunspenaren beraien zatia) eta Arjentinara emigratu zuten. 1918ko irailean ama hil zen eta lau egunera Candido anaia txikia, dirudienez, karrotilluez jota hil ziren (gripe española).

Beraz, familiaren jaraunspena Juan Atonio eta bere arreba Martina Josefa Etxaberena jasoko dute (Donostiako Loiola auzoko Irigoien baserriko Domingo Astiazaranekin ezkondu zen Beraz, familiaren jaraunspena Juan Atonio eta bere arreba Martina Josefa Etxaberena jkasoko dute (Martina Josefa Donostiako Loiola auzoko Irigoien baserriko Domingo Astiazaranekin ezkondu zen). Argentinara emigratu zuten anaiek herentziaren herena jasotzen dute. Oinordetza hainbat baserrik (Jonsaunsoro, Gorriaran, Gorriaran berri, Irureta Haundia, Goienetxe eta Olasoro) eta Aian inguruko zenbait lurrek osatzen dute.

Emigratutako anai-arrebei beren zatiak erosi ondoren, herentzia oparoa Juan Antoniorengan eta Martina Josefa ahizpa zaharrenarengan (bi urte zaharragoa) kontzentratuko da.

1923an Juan Antoniok, bere koinatu den Domingo Astiazarani oinordetzan hartutako ondasun guztiak harekin hartutako 25.000 pezetako zorra kitatzeko, salduko dizkio. Zorra ekendu ondoren, 1924an negozioak egitera Baztanera etorri zen (dirudienez, Arraiozen bizi den osaba baten biez), eta urte horretan bertan Iruña-Mugairi-Elizondo arteko posta zerbitzua enkante bidez eskuratu zuen .

Urte horretan bertan Juana Magirena Igoa zigatarrarekin ezkondu zen eta hurrengo urteetan lau seme-alaba izanen dituzten (horien artean nire amatxi Martina).

Juana Magirena Igoa eta Juan Antonio Etxabe Guesalaga breen ezkontza egunean. Argazkia, Etxabe familia.

Juana Magirena Igoa eta Juan Antonio Etxabe Guesalaga beren ezkontza egunean. Argazkia, Etxabe familia.

1933ko uztailaren 10ean, Nafarroako garraio-batzordeak Iruñea eta Elizondo arteko bidaiari eta merkantzien garraioaren emakida eman zion, eta geroago, Baiona-Elizondo linearen emakida izan zuen. Famili sosadun bat zen, uda Donostian igarotzen zuena, eta inoiz ez zen haragia falta mahaian (sosa autobusen negozioa eta kontrabandua ematen zien), baina… denbora gutxian dena aldatuko da.

1935eko abenduaren 30ean, bidaiariak eta salgaiak garraiatzeko emakida (kontzesioa) eta bidaiarientzako hiru ibilgailu saldu zizkion Baztanesari 42.500 pezetaren truke, baita posta arruntaren kontzesioa (emakida) ere. Salmenta hau baino egun batzuk lehenago, Chevrolet markako bidaiari-auto berri bat matrikulatzen du (NA-4673), eta berarentzat gordeko du. Ibilgailu hori, militarren altxamenduan 1936ko uztailaren 3l konfiskatuko zioten, eta ez zen autobus hortaz gehiago ja jakinen (1938an erreklamatuko erranez bere lanerako behar zuela).

Behin faxistak eta karlistak bailarako jaun eta jabe zirela, bertze Baztandar batzuekin batera Juan Antonio atxilotu zuten (fusilatuak izateko hogei bat izen zituen zerrenda bat bazen), baina Elizondoko Andres Belzunegi apaizaren bitartekaritzari esker, gertakaria gauzatzea ekidin ahal izan zen. Familian erraten da (Maria Dolores Ladera. Juan Antonioren errainak kontatua) apaizari esker on gisa, Juan Antoniok urrezko kopon bat eman zuela Elizondoko elizarako.

Gerrako urteetan, negoziorik gabe, bidaiari-ibilgailurik gabe (Elizondo Baiona ibilbiderako) eta, ondorioz, kontrabandotik aldenduta, familiaren ekonomiak okerrera egin zuen, eta Etxabe izeneko taberna bat gobernatzea bertzerik ez zuten izan. Taberna horrek ostatua zuen ere eta Txokoto auzoan zegoen, Pirrintenea etxean hain zuzen. Alokatutako lokal bat zen, maisterrak bihurtu ziren eta gainera tabernak arazo larri baten bat emanen zien. Behin baino gehiagotan, Juana Magiarena ohartarazia izan zen, Baztanen zeuden preso errepublikanoei (batzuei) janaria emateagatik eta haientzat gordetzeagatik.

Horrez gain, tabernako lanak eta familiko atsekabe baten bat, Juan Antonioren edariarekiko zaletasuna haunditzen zaio eta 50eko hamarkadan tabernako erregeordetza utzi beharko dute alkoholarekin arazo larriak zituelako.

Hamarkada horretan Elizondo utzi eta Zigan (Juanaren sortetxea), Lekarozen biziko dira, denborarekin Elizondora itzultzeko Antzanborda auzora eta han bizi izanen dira bere azken egunak artio.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala

“Historia de la familia Echave”. Patricia Perochena Echave.

Read Full Post »

Hezkuntzak eta eskolak aldaketa sakona izan zuten Errepublikaren etorrerarekin: lehen hezkuntzaren derrigortasuna eta doakotasuna, eskola-laikotasuna, hezkuntza-erakundeen demokratizazioa, eskola berrien eraikuntza, eukal eskolak, maistra edo maisua herri txikienetara iristea…

Aldaketa horiek gaitzespen sakona eragin zuten gizarte-talde erreakzionarioenen artean, matxinatuek okupatutako eremuetan 1936ko uztailaren 18tik aurrera maisu-maistren aurkako errepresioan eta mendekuan gauzatu zen. Estatu kolpea izan eta bederatzi egunera, Aldundiak (Diputazioa) Nafarroako irakasleei zuzendutako zenbait neurri adostu zituen: maisu-maistren izendapenak berrikusiko ziren, mutil eta nesken gela mixtoak debekatzen zen eta ez zen onartuko katolizismoaren eta Espainako unitatearen aurkako irakaskuntzarik

Nafarroan 355 irakasle ( maisu-maistrak) errepresaliatu eta “depuratu” zituzten gerra zibilean eta diktadura frankistan, horietako bat Katalina Alastuey Garaikoetxea izan zen.

II. errepubikako gela bat. Andereñoa eta neska-mutil ikasleak (gela mixtoa).

Katalina, 1899ko abenduaren 26an Iruñean jaio zen. Ama baztandarra zuen, Gartzaingoa! Irakasle ikasketak Iruñeko San Jose Plazan zegoen Eskola Normalean egin zituen; eta 1916an ikasketak bukatzerakoan, San Francisco Udal-ikastetxean hasi zen maistra bezala. Baitere ikasketak amaitu ondoren, Maria Ana Sanz eta bertze irakasle batzuekin batera “Iruñeko Normaleko ikasle ohien elkartea” sortu zuen. Elkaertea emakumeen garapen pertsonal eta soziala lortzeko asmoarekin sortu zuten.

Irakaskuntzaz gain, “Emakume Abertzale Batza” elkartean parte hartu zuen. 1931ko urriaren 8an, emakume talde batek Nafarroako taldea sortu zuen, Katalina Alastuey Garaikoetxea zuzendariorde izan zen.

EABren sarea Nafarroa osoan zabaldu zen (Baztangoa urte berean sortuko da), eta 22 talde sortu ziren. Horien bidez, folklorea gazteen artean zabaltzen zuten, eta haur-jaialdiak, elkartasunezko jarduerak, jarduera politikoak eta irakaskuntzarekin lotutako bertze jarduera batzuk antolatzen zituzten. Azken horien artean azpimarratzekoa da Iruñeko lehen ikastolaren sorrera, 1932. urtean. Ikastolaren sorreran Katalinarekin batera bera bezala Eskola Normalean ikasi zuten Maria Biskarret eta Julia Fernandez Zabaleta (elkarteko zuzendaria) zeuden.

Nafarroako Emakume Abertzale Batzako zuzendariordea izanez gain, Euzko Alderdi Jeltzalearen asanblada nazionaletan hainbat aldiz ordezkari izan zen eta Euskararen Adiskidearen eta Eusko Ikaskuntzaren zenbait ekintzetan ere parte hartu zuen. Oso aktiboa izateaz gain, oso kritikoak zen (Julia bezala) bere alderdi politikoak, garaiko emakumeei ematen zien rol tradizionalarekin: familiaren balioak etxean gordetzea eta belaunaldi berriei transmititzea. Beraiek gehiago aldarrikatzen zuten emakumeentzat, bertze alderdi batzuetan emakumeek aktiboki parte hartzen baitzuten etxetik kanpoko mota guztietako jardueretan (lana, politika, kultura…).

Maistra honen jarduera politikoa 1936ko uztailaren 18an Gerra Zibilaren hasieran zapuztu zen. Nafarroako Hezkuntzako Goi Batzarrak bere gain hartu zuen irakasleak garbitzeko lana, eta,Nafarroan lan egiten zuten irakasle guztien zerrenda egin zuen, haiei buruzko zenbait datu bilduz: erlijiotasuna, moraltasuna, irakurtzen zuten prentsa mota, ideia politikoak. Abuztuaren 25ean, espedienteak aztertu ondoren, erregimenari “desafektatzeagatik” (jaregiteagatik) zigortutako pertsonen lehen zerrenda argitaratu zen. Katalinari zehazki, irailaren 2an, urte erdiko soldata galtzearekin zigortu zuten. Ondoren, maistra kargutik kendu zuten 1937ko maiatzaren 18.

Zerrenda horretan Katalina bezala, zigortuak, depuratuak, lanpostutik kenduak eta enpleguz eta soldataz gabetuak baita ere izan ziren; Manuela Fagoaga Aristia erratzutarra, Maria Arevalo Pantoja Erratzuko maistra eta herri bereko maixua; Manuel Muguruza Etxeberria, Almandozko Jose Maria Cherrail Ezquer maixua, Lekauzko maixua; Julio Martinez Tello, Predro Vidaurre Araiz Azpilkuetako irakaslea, Elizondoko andereñoa; Dolores Moreno Luzuriaga, eta Karlos Menaya Erburu, Elizondokoa ere. Karlos Iruñarra (gerora Napar margolari ezaguna) ere lanbidea betiko galtzeaz gain, gogor torturatua izan zen.

Guztizkoaren % 29 maisu eta % 15 maistreak zigortuak izan ziren. Maisu-maistra horietatik 58 lanpostutik galduzituzten, eta 85 lanpostutik eta soldatatik behin betiko kendu zituzten, 100 baino gehiagok bertze zigor batzuk jaso zituzten; adibidez, isun handiak ordaintzera kondenatu zituzten, eta 32 maisu eta maistra bat afusilatuta exekutatu zituzten. Horien artean Amaiurko maixua, Martín Gil Isturiz Aoiztarra, atxilotua, espetxeratua eta azkenik 1944ko urriaren 14an Alcala de Henaresen fusilatua izan zena.

Karlos Menaya eta Juli Arrubin, Elizondon maixua zen garaian.

Maistra Maria Camino Oskoz Urriza Iruñarra zen,  maistraz gain Alderdi komunistako Idazkaria eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kidea izen zen. 1936ko uztailaren 31n falanjistek atxilotu zioten eta  jendaurrean ibilarazi ondoren espetxean torturatua eta bortxatua izan zen. Hamaika eguneko infernu bizi ondoren abuztuaren 10ean, espetxetik atera zuten eta Urbasako Pilatosen balkoiara eraman zuten. Han karlistek, hil eta amildegitik behera bota zuten maistraren gorpua. Maria Camino 26 urte zituen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

“Hik hasi” erebistako artikuloa. Irene Lopez. 68 zbk. 2002 Maiatza.

Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona”. Hainbat egile. Iruñako Udala. 1998.

Homenaje a las maestras y maestros represaliados“. Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea – 1936.

Listado de maestros, maestras y personal docente represaliado. pazyconvivencia.navarra.es. Nafarroako Gobernua. 2016. 

Camino Oscoz y otras historias del 36. Joseba Eceolaza. Denonartean-Cenlit. 2017.

Wikipedia.

Read Full Post »

Jakina da, gerra zibilaren urteetan Baztanen hainbat ihesaldi sare batzuk aritu izan zirela ( blogan berri eman dugu). Hain zuzen, Bittori Etxeberriaren Alaba sarea eta Errepublikako Zerbitzu Sekretuak  sortutako eta Baztanen Blas Marin eta Erviti anai kontrabandistak kudeatutako “Quintanilla sarea”. Baina bi hauek ez ziren izan Baztango mugatik jendea pastu zuten bakarrak! hirugarren sare bat egon zen ere!

Bertze ihes-sare hau, Baztanen jaiotako Guillermo Frías Arizaleta kazetari errepublikarrak antolatutako sarea zen eta dirudienez dirudienez, 1936ko abenduan hasi zen lanean. Beraz, aberzalena baino lehenagokoa izango litzateke, eta ia aldi berean, anaia kontranbadisten eta Blas Marin alkate ohiarenaren parekoa.

Uste denez, Guillermo Friasen sareko mugalariak Baztango haraneko hainbat bizilagun ziren. Sareko gidariak Pedro Adin eta Aniceto Arocena baztandarrak ziren, eta mugalariak, gehienetan Lekauzko Eskisaroiko Galarregi anaiaen (Agustín, Antonio, Juan y Pedro Máximo) kontrabandistak ziren. Arduradun nagusia Guillermo Frias zen biztartean, erakundeko idazkaria Juan de Luis Osés zen. Bertzalde, ihes egin nahi zuten pertsonekin kontaktu gisa Serafín Úriz Turrillas, Pedro Urrizalqui Sarasate eta Pilar Ortega Escudero daude (iruñan), azken hau baita ere Marin-Ervititarren sarearekin ( Errepublikako gobernuarena) lan eginen du.

Guillermo Frías Arizaleta Elizondon 1881ean jaiotako kazetari eta errepublikatzale ezaguna zen. Gurasoak Raraioako Gregorio Frías Iriarte eta Claudia Francisca Arizaleta Urrutia elizondarra ziren. Amaren familia jatorriz Azpilkuetarrak ziren.

Baztandar honek Mexikora eta Venezuelara emigratu zuen gaztetan. Itzultzean Nafarroako hainbat egunkari liberal eta ezkertiarretan kolaboratu zuen: El Porvenir Navarro, El Demócrata Navarro.  La Región Navarra egunkatia sortu zuen eta geroago, El Pueblo Navarron eta La Republica egunkarietan lan egin zuen (1930). 1931ko abenduan, alderdi erradikala (Partido Republicano Radical) antolatu zuen Iruñean eta alderdikoi idazkaria izan zen. Bere kazetaritza-bizitzan zehar hainbat sudonimo erabili zituen: “Sarduky”, “San Thero”, “Un radical”, “F”, “Un euskeldun”, “K”, “Q” eta abar.

Altsu Eskisaroi lepo gainean. Argazkia Oskar Elorza montesdebaztan.blogspot.com

Sare honetatik ihes egiten zutenak, Frantziara abiatzen ziren Lekarozetik Frantziako mugarantz, Galarregi anaien jatorrizko eremutik hain zuzen. 

Frias 1937ko apirilean atxilotuko dute, eta 4 hilabete igaroko ditu Iruñeko espetxe probintzialean (38ko urtarrilean berriro atxilotuko dute). Buruzagiaren atxiloketa hauekin, sarea erabiltzeari utziko dute, nahiz eta hainbat kide Araba sarearekin harremanetan egon ziren eta nolabaiteko konexioa izango zuten; izan ere, Bittori Etxeberriaren etxeko erregistroan, Friasen sareko txoferretako bat zen Aniceto Arocena Zubiria presoaren helbidea zeukan ohar bat aurkitu zen.

Oso deigarria da hiru sareak, Erviti anaiena, baztandar abertzalena eta Guillermo Friasena kontaktu edo beraien artean laguntzatik gabe moldatzea eta ia bi urtez ( 1936ko uztailetik 1938ko otsailera biztartean) irautea hiruak batera (Araba sarea 1940ko abenduren artio iraunen du).

Guillermo Frías Arizaleta 56 urte zituela 1949an Iruñan zendu zen. Aipatu dugun bezala Alderdi Erradikaleko kidea zen eta baita ere Liga Laic-koa ere. 1907an, Victoria Cartagena Ezcurdiarekin “por lo civil” ezkondu zen eta euskaltzale eta euskalduna zen, Erviti anaientzat eta Galarregui anaientzat lan egiten zuten Baztango hainbat kontrabandisten epaiketan interprete gise egin zuen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Mikelarena Peña, F. (2020). Contrabandistas de ganado y redes de evasión en Navarra durante la guerra civil española. Cuadernos de Historia Contemporánea, Vol. 42: 263-283.

García-Sanz Marcotegui, Ángel: Republicanos navarros, Pamiela, Pamplona, 1985,

Read Full Post »

Urtarrila bukaeran (2021) hil eta ia 85 urtera, Maria Domínguez Remón-en gorpuzkiak Zaragozako Fundejalón herriko hilerrian, hobi komun batean (garondoan tiro batekin) aurkitu dituzte.

Maria Domínguez Espainiako Bigarren Errepublikako lehen alkate emakumea izan zen, hain zuzen Gallurreko (Zaragoza) alkatea izan zen. Alkateaz gain kazetaria eta maistra (Baztanen) ere izan zen.

Maria Domínguez Remón 1882ko apirilaren 1an Zaragozako Pozuelo de Aragón herrian jaio zen. Nekazari familia xume baten bigarren alaba izan zen eta haurretan eskolara joateko ez zuen apenas aukerik izan, eta bere kabuz idazten eta irakurtzen ikasi zuen.

Argazkia. Fraternidad Universal blogetik artuta.

18 urterekin, bere gurasoek herriko gizon batekin ezkonarazi zuten. Honen aldetik zazpi urtetan zehar tratu txarrak pairatu ondoren, nazkatu eta Bartzelonara ihes egin zuen. Senarrak salatu zion eta denuntzia bat paratu zuen bere aurka, eta “busca y captura-n” ibili zen. Zorionez ez zioten iñoiz atxilotuko eta Bartzelonan, dokumentaziorik, titulurik eta paperik gabe zerbitzari bezala lanean jardun zuen.

Urte batzuen ondoren Pozuelo de Aragónera itzuli zen, eta Bartzelonan lortutako diruarekin galtzerdiak egiteko makina bat erosi zuen, honek bizimodua ateratzeko modua eman zion. Garai haietan idazten hasi zen eta El País egunkarira artikulu bat bidali zuen eta publikatu zioten. Ondoren ere, Ideal de Aragón astekarian laguntzaile ohi bihurtu zen (Imperia ezizenarekin idatzi zuen). 1914an Zaragozan Irakasle-ikasketak egiten hasi zen baina ez zuen aprobatuko.

1917an, lagun irakasle baten proposamena jaso zuen eta Baztanera etorriko da. Laguna Almandozko maixua, Pedro Rubio zen eta lan eskaintza Almandozko Mendiolako Elizaldea baserrian eskola ematea zen. Autore aunitz irakurriak zituen arren bertze arlo batzuetan prestakuntza behar zuela onartuko dio. Orduan, bere lagun maisuarekin tratua egin zuen eta proposamena onartu omen zuen. Goizeko zazpietan eskola ireki eta hamarretan ixten zuen. Ordubetez ibiltzen zen Almandozeraino, non bere lagun irakasleak arratsaldeko ikasgaia azaltzen zion. Ikasitakoan, bertze ordu bat ematen zuen eskolara itzuli arte, arratsaldeko ordu batean ireki eta hiruetan ixten zuen. Berriro ere Almandozerako bidea egiten zuen eta bere lagunak urrengo goizeko ikasgaia azal zion. Horrela, egunero hamaika ordu inguru ematen zituen lanean.

Eskolak ematearekin batera, Mariak Iruñeko Irakasle-Eskolan sartzeko ikasten zuen, baina egun batean larri gaixotu zen eta medikuak mendietako klimak bere osasunari txar eragiten ziola erran zion eta Zaragozara itzultzeko gomendatu zion. Hala egin zuen, eta hilabete batzuk Baztanen egon ondoren, berriz Zaragozan galtzerdiak josten egonen da.

Goizean lan egiten zuen eta gauez Arte eta Lanbide Eskolan ikasten zuen. Dinamika hartan, gaixotasuna itzuli egin zen eta gripeak urtebete baino gehiago ohean utziko dio. Hala ere, Iruñeko Irakasle Eskolako azterketetara aurkezteko denbora izan zuen eta hontakoan bai aprobatu zuen.

1922an alargun geratu zen, eta bi urte geroago, bigarren aldiz ezkonduko da (ideia sozialistak zituen ardi moztaile batekin) eta Gallur herrira bizitzera joanen dira. Han UGT sindikatuaren tokiko sala sortuko dute eta Zaragozako Vida Nueva astekari sozialistan parte hartu zuen. 1930tik propaganda lan haundia egin zuen feminismo, sozialismo eta errepublikanismoaren alde. Bere idazkietatik Errepublika defendatzen zuen, demokraziaren etsaien aurka borrokatzen zen, emakumearen zeregin aktiboa aldarrikatzen zuen eta inguruko bidegabekeriak salatzen zituen.

1932ko urrrian, Errepublikako hauteskunde legeria berriak ezartzen zuen moduan, 1931n udal-hauteskunderik izan ez zuten herrietan (1931ko apirilako udal-hauteskundeak monarkiaren hauteskunde-legearen arabera egin zirenez eta 29. artikuluaren arabera, hautagaitza bat baino gehiago aurkezten ez bada, Alkatea karguak automatikoki lortzen zen hauteskundeak egin beharrik gabe) gobernu zibilak alkatek kargutik kendu zuten. Galluren (Baztanen ere) alkatea kendu eta Kudeaketa Batzorde (gestora) bat ezarri zuten. Gallurreko herritarrek batzordearen buru Maria Domingez aukeratu zuten eta alkatetza baten buru den lehen emakumea bihurtu zen. Mariak 1932ko urriaren 29tik 1933ko otsailaren 6ra bitartean Gallurreko alkatea izan zen (1933ko apirilan udal hauteskundeak izan ziren).

Bere agintaldia motza izan arren, erabaki ausartak artu zituen; Errepublikako lan-legeria aplikatu zuen eta herrirako lan-poltsak sortu zituen langabezia-maila murrizteko. Herrian neska-mutikoen eskola bateratua izan zen. Irakasleei diru-laguntzak eskaini zizkien garbitzaileak kontrata zitzaten, haurrek garbitu beharrik izan ez zezaten eta Ikatz-zakuak erosteko diru-laguntza onartu zuen, horrela haurrek etxetik eskolara eraman beharrik izan ez zezaten, baita ere eskola duinagoa izateko zuritu eta txukundu zuen.

Alkatetza utzi ondoren, irakaskuntza eta kazetaritzan aritu zen lanean. Bere testuak militanteak eta oldarkorrak ziren, ironiaz, adimenez eta munduari begirada propioa emanez. Artikulu batzuk Maria Tonta izengoitiarekin sinatzen zituen.

Emakumearen berdintasuna, pentsamendu-askatasuna, sufragio unibertsala, emakumeen botoa, zapalkuntzaren aurkako borroka, irakaskuntza, kultura aldaketa, erlijio askapena, amodioa askatasunez aukeratzea…izan ziren defenditu zituen balioak eta idealak.

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpea gertatu zenean, arrebaren etxean babesa bilatu zuen Pozuelo de Aragónen. Handik egun gutxira atxilotu zuten, eta nazional-katolikoak 1936ko irailaren 7an 54 urte zituela, Fuendejalongo hilerriko hormetan fusilatu zuten. Handik gutxira Arturo Romanos senarra Zaragozako Tabuenca herrian baita ere fusilatua izan zen.

P.D. 2021ko Urtarrilaren 30an Mariaren gorpuzkia berreskuratu ziren.


Post hau egiteko erabili den materiala:

María Domínguez, la primera alcaldesa republicana. Ana Bernal triviño. Publico.es.

Wikipediako Maria Domínguez Remon wikia (eskuaraz eta erderaz. Eskuarazkoa hainbat datu okerrak ditu).

Domínguez Remón, María. Fundación Pablo Iglesias web-eko artikuloa.

Domínguez Remón, María. Gran Enciclopedia Aragonesa web gunea.

Primera alcaldesa de la República y maestra de Almandoz. Lander Santamaria. Diario de Noticias. 2014

Encuentran los restos de la primera alcaldesa de España, fusilada durante la Guerra Civil. elmundo.es web guneko artikuloa.

Read Full Post »

Ikastola bat ikasleei (erabat edo nagusiki) euskaraz irakasten zaien eskola mota bat da. Euskal Herrian lehen ikastola ofiziala 1914an ireki bazen ere, XX. mendearen hasieran gaztelania eta frantsesa derrigorrezkoak ziren Pirinioen bi aldeetako eskolatzean. 1930eko hamarkadan, Ikastolen haziak Nafarroan erein zituzten euskal abertzaleak, eta mota horretako lehen hezkuntza erakundea 1931ko azaroan sortu zen Iruñean, ondoren Lizarran (1933) eta Elizondon (1935).

Elizondoko ikastola bultzatu zuten Elizondar abertzaleen artean, Bittori Etxeberriaz gain Ignacio Iturria eta Lekarozko komentuko fraide batzuk nabarmendu behar ziran, batez ere Alzoko Migel Aita. Ignazio euskaltzale izugarriazen, euskaraz solasten zuen beti eta euskaltzale sutsua zen. Berak erosi zituen liburuak, gelako alkiek eta mahaiak eta andereñoaren soldata ordaindu zuen. Andereñoa 21 urteko Goizuetako neska gazte bat izango zen, Pilare Alba Loyarte izenekoa.

Bertze aldetik Alzoko Migel Aitak Eusko Ikaskuntzako Lehen Hezkuntzako Batzordeko kide izateagatik (Comisión de Enseñanza Primaria), erakunde horren laguntzak errazteaz gain, behar zituen kontaktu, aholku eta laguntza guztiak ematen zizkion Pilare andereñori.

602-goizueta-pilare-alba
Pilare Alba100 urte bete zuen egunean (2013-11-14) Argazkia ttipi ttapa.eus

Duela gutxi Donostian Irakasle ikasketak amaitu zituen Pilar Alba Loiarte andereño gazteak 1935eko urriaren lehen egunetan hasi zuen ikasturtea 30 haurrekin. Ikastola Beitonean zegoen (egungo Braulio Irarte kalea, 22) Antxiton trinketaren parean. Urte batzuk geroago, adinean sartuta, ikastola ireki zenean holaxen gogoratzen zuen:

Nahiz eta ilun xamarra izan, mahaiak eta alkiak argiak ipiniz gauza polita sortu zen. Handia, handia ez zen, baina hasteko ongi.” “Eskubidea eman zidaten egiteko neorrek, jartzeko nahi nun bezala eta ordun jarri nien uniforme bezala, batatxo urdin bat, denak berdintsuak egoteko. Liburu kontun, nahi nun guztia, materiala eta dena, dana. Ez dut pentsatzen ordaintzen zutela asko. Hori dana Ignacio Iturria Jaunak egiten zuela” (1)

Hala eta guztiz ere, ikasturteari hasmenta eman bezain fite jaiotzen ari zen ikastola berriari arazo larriak ailegatu zitzaizkion. Urriaren bukaeran lurraldeko inspektorea zen Angeles Barriolaren txostena zela medio Dirección General de Enseñanza delakoak. Elizondo ikastolari bere funtzionamendurako beharrezkoa zen baimena uko egin zion. Haur guziek handik atera, eta berriz sakabanatu ziren, hedatu ziren alde guzietara, barreiatu ziren eta hola gelditu zen”. Egoera honek 1936ko Otsaileko hauteskundeak burutu arte iraundu zuen. Frente Popularraren garaipenarekin ikastolako aintzindariek berriz baimena eskatu eta berehala ireki zuten, ikasturte honetako gelditzen ziren hilabeteak problemarik gabe igaro zirelarik.

Pilare Alba andereñoaren oroitzapenen arabera:

Giro nahiko ona, eragozpenik ez nuen izandu, lagunak genituen danak, elkarrekin joaten ginen goizero Lekarotzera, eta eskola aldetik erreztasun guztiak eduki nituen. Pedagogia aldetikan, ikasleak oso txikiak izaten zirelako liburuak baino gehiago irudiak erabiltzen nituen eta horiek egin beharko nituen. Nire gusto handiena neretzako izan zan eragozpenik ez eukitzea.” (2)

Pilare Alba Nafarroako bertze ikastolekin konparatuz (Iruña eta Lizarra) alde izan  zuen Elizondoko egoera soziolinguistikoa, ume guztiak euskaldunak zituen. Ez zuen hitzik egin beharrik erdaraz, euskaraz ederki moldatzen zirelako haur guztiak.

Bertze ikastolei bezala, Elizondokoari Espainiako gerrarekin behin betiko itxiera heldu zitzaion. Baztanera hasi ziren etortzen kamionak eta kamionak eta hainbertze requete eta falange eta Arizkunenean paratu zuten bere Koartela. Berehala, bi egunen buruan, requeteak joan ziren ikastolara eta lenbiziko ereki zuten, sartu ziren barnera eta atera zituzten hango liburu guziek, eta erre zituzten denak, alkiek, eta mahiak, karroetan bertze eskoletara eraman zuten.

2078ad_97ffe53a429c46fd8ce12e522464e744
 Felizitas Ariztia,  Bittori Etxeberri (ikastolaren bultzatzailea) eta Pilare Alba andereñoa. Argazkia nie.com

Bertzalde, Uztaila zela Pilare Alba oporretan egotea arren Elizondotik zebilen eta Gipuzkoatik abiatuz Bizkaiara joan zen. Bizkaia Nazionalen eskutan ez zegoenik hango Mundakako ikastolan 1936-1937 ikasturtean aritu zen. Eta Bizkai Nazionalen eskutan gelditu zenean atzerrira joaten ziren umeekin Iparralderat alde egin zuen eta Donibane Garazin zeuden haur errefuxiatuen artean klaseak ematen egon zen.

Pilar 1913ko azaroaren 14an jaio zen Iruñean, baina Goizuetako Lubienea etxean eta familia abertzale batean hazi zen. Ikasketak Iruñean eta Donostian egin zituen, eta Elizondoko ikastolan lan egin aurretik Iturengo eskolan egin zuen lan. Familia abertzale bateko kide zenez, gerra garaian Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean lan egin zuen. Gerra ostean, itzuli eta moja egin zen, Mungian 30 urtez egon zen moja gisa, eta euskarazko hezkuntza baimendu zenean (diktaduraren ondoren) moja izateari utzi zion eta Bilboko hainbat Ikastolatan irakasle aritu zen 10 bat urtez.

2015eko urtarrilaren 30ean Goizuetan Elizondoko Ikastolako andereño izan zena hil zen, 101 urte zituela.

P.D. Sarrera hau 2015ean idatzi zen. Baztan Ikastolak antolatzen baitzuen urte horretan Nafarroa Oinez, eta urtean zehar hainbat jarduera, ekimen… egin ziren. Horietako bat Baztan Ikastolako lehenengo ikasleen bilera izan zen martxoaren hasieran. Ikasle ohiak afari baten inguruan bildu ziren Arriarte Elkartean, Mari Carmen Goñi irakaslearekin. Mari Carmen andereñoa 34 urte baino gehiagoz eta Baztan Ikastolako lehena irakaslea izan zen.
Merendu-afarian, oroitzapenak eta elkarbizitzaren zatiak berreskuratu ahal izan zituzten, adiskidetzeak eragindako alaitasunaren eta berriz elkartzearen artean, Baztan Ikastola posible egin zuten guztientzat oroigarri bat ere izan zen, bertzeak bertze, Pilare Alba Loyarte, Elizondoko lehen ikastolako lehen andereñoa eta bakarra!

11041213_928034417230266_7415472052034011617_o
Baztan ikastolako lehenego ikasleak (1970-1971 ikasturtea) Argazkia. nafarroaoinez.eus

(1), (2) Jesus P. Chueca Intxusta. NAPAR TOKIKO AGINTEAK ETA EUSKARAREN BORROKA BIGARREN ERREPUBLIKAN BARRENA. HURBILTASUN BAT.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala

EUSKARARI PRESTIGIOA ITZULI ETA PEDAGOGIA IRAULI ZUEN ISPILURIK GABEKO EREDUA erreportajea. Maider Iantzi Goienetxe. 2015

NAPAR TOKIKO AGINTEAK ETA EUSKARAREN BORROKA BIGARREN ERREPUBLIKAN BARRENA. HURBILTASUN BAT. Jesus P. Chueca Intxusta.

Read Full Post »

 

Rikardo Zabalza Elorga, 1898ko Urtarrilaren 29an Erratzuko Sumusuan sortutako maixu, errepublikako diputado sozialista eta sindikalista izan zen.  Gurasoak Lazaro Zabala medikuaeta Marzelina Elorga ziren eta aitaren lanbideagatik, bere haurzaroa, Nafarroko hainbat herritan igaro zuen; Erratzu, Aoiz, Funes, Burgin. 

Hamabortz urtekin Arjentinara emigratu zen (aitak bidalia). Han, hasiera batean, gari-zakuak kargatu zituen Buenos Aireseko portuan; ondoren, ontziratzeak zenbatzeko eta kontrolatzeko kapataz gise ibili zen, eta, azkenik irakasle izan gabe (magisterioko ikasteta batzuk egin zituen) irakasle bezala urte haunitz lan egin zun.

Ricardo Zabalza. Argazkia “La generación del sacrificio” liburuakoa.

1930an eta 32 urte zituelarik peninsulara bueltatu zen, hain zuzen Jakara,  anaik bizi zirela ta, baña segidan Iruñan finkatuko da. Bigarren Errepublika aldarrikatuta, erantzukizun-karguak izan zituen PSOEko Nafarroako Federazio Sozialistan eta UGT baita ere. Lehenengoaren lehendakariordea zen eta sindikatuan idazkaria. Geroago, 1933ko martxoan, ” Federación Nacional de Trabajadores de la Tierra-ko”(FNTT) idazkari probintzial hautatu zuten.

1933ko azaroko Gorteetarako hauteskundeetan  sozialistak ordezkatzen (PSOE) Nafarroako hautagai izan zen . Boto gehien jaso zituen hautagai sozialista izan zen arren, ez zuen diputatu aktarik lortu (zazpiak Eskuineko Blokerako izan ziren). U.G.T.ko “Trabajadores!!” aldizkarian idatzitako artikulu batengatik auzitegira eraman zuten. Idatzia iraultza eragiten zuela eta Errepublikako presidentearentzat iraingarritzat jo zuten.

1934ko otsaileko sozialisten kongresuan gehiengoa lortu zuen, eta Lucio Martínez Gil ordez FNTTren idazkari nagusia izan zen. Hilabete gutxira, nekazarien greba orokorra koordinatu zuen eta 1934ko urriko iraultzaren prestaketetan ere parte hartu zuen. Horregatik, 1935eko urtarrilean Madrileko Modelo kartzelan sartu zuten (hilabete batzuk geroago atera zen).

FNTT buru zela, Andaluzian eta Extremaduran aunitz ibili zen; beraz, 1936ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan Badajozetik, Fronte Popularrako hautagai gisa aurkeztu zen, eta diputatuaren akta lortu zuen. Diputatuen Kongresuko Nekazaritza Batzordeko kide izan zen eta aktiboki hartu zuen parte herrilurren erreskateari buruzko lege-proiektuaren eztabaidan.

1936ko uztailaren 18ko matxinada militarrak Madrilen harrapatu zuen, eta han “Cuartel de Montaña-ren” erasoan  parte hartu zuen. Ondoren, Badajoz probintziara joan zen, eta han “Pedro Rubio” nekazari-batailoia antolatu zuen . 1936ko irailean, Francisco Largo Caballerok Valentziako gobernadore zibil izendatu zuen, eta 1937ko maiatzera arte aritu zen kargu horretan. Orduz geroztik, nekazaritzako kooperatibismoa sustatzeko ahaleginak egin zituen, Valentzian egin zen Nekazaritza Kooperatiben Biltzarra bultzatuz. Biltzarrean Nekazaritza Kooperatiben Batasun Zentrala (UCCA) sortu zen.

1939ko martxoan  Alacanteko militante sozialisten eta haien familien ebakuazioa antolatzen ari zela,  Italiar tropak iritsi zirenean atxilotu zuten. Albaterako kontzentrazio-eremuan sartu zuten, eta handik Orihuelako kartzelara eraman zuten 1939ko apirilaren 14an, eta ekainaren 15ean Madrilgo Porlierreko kartzelara (101eko espedizioan) bidali zuten. Espedizio hori Alacanteko portuan Espainiatik ihes egitea lortu ez zuten eta harrapatuak izan ziren buruzagi politiko eta sindikalek eta errepublikako pertsona ospetsuek osatzen dute.

1940ko otsailaren 24ko goizaldean, Madrilgo ekialdeko hilerriko tapietan fusilatuta hil zuten (Almudenako hilerrian). Exekutatu baino lehentxeago gurasoei idatzi ahal izan zien.

Lerro hauek irakurtzen dituzuenean, oroitzapen bat bertzerik ez naiz izango. Kristautzat jotzen diren gizonek horrela nahi izan dute… Zuek, zuen erlijio-xumetasunean, ez zenukete azalduko nola, krimenik egin ez zuen eta egitate lotsagarriko akusaziorik ez duen gizon batek espero duen heriotza jasan dezakeen.

Emaztea eta urte terdiko semetxo bat uzten zituen.

Post hau egiteko erabili den materiala:

La generación del sacrificio. Ricardo Zabalza. Emilio Majuelo Gil. Txalaparta. 2008.

https://docplayer.es/43430797-La-generacion-del-sacrificio-ricardo-zabalza.html

Auñamendi Eusko Entziklopedia-ko “Ricardo Zabalza” sarrera.

Read Full Post »

Maiatzaren hasieran, 6an hain zuzen ere, baina 1963an Parisen Xabier Landaburu hil zen. Xabier Landaburuk bizitza osoan maite izan zuen Baztan, eta bihotzean zeraman, eta baztandar batzuk ere bai; Garmendia familia, Ariztia eta Etxeberriatarrak, batzuk esatearren, eta hori Landaburuk ia ez zuela Baztan ezagutu, egun bakar bat egon baizen.

Frantzisko Jabier Landaburu Fernandez de Betoño batzuetan Xabier Landaburu bezala ezagutua, 1907ko irailaren 5an Gasteizen jaiotako politilari abertzalea eta kazetaria zen. EAJ alderdiko eta Eusko Ikaskuntza elkarteko kidea zen eta 1933an diputatu hautatu zuten Araban, EAJ alderdiaren eskutik. 1936ko uztailatik Gasteiz nazioinalen eskuetan zegoen eta Xabierrek ia bi aldiz atxilotua izan zen eta hirugarren atxiloketa bat ez izateko, hamahiru hilabetez egon zen ezkutuan Gasteizko Floridako familiaren pisuko sabaian. Bere etxean ezkutatuta 1937ko iraila artio egon zen, gure “istorio ttipi hau” hasten den egun artio.

Xabier Landaburu. Argazkia euskonew.

 Gasteiztik atera eta Iparraldera ihes egin behar zuen eta horretarako, Alava Sarera jo zen, Eusko Jaurlaritzak berriki sortutako espioitza sarera. Baztanen sarea Bittori eta Esteban Etxeberria, Agustin eta Felizitas Ariztiak elizondarrak osatzen zuten, eta, neurri batean, Garmendia familiak, Rafael Garmendia izango baitzen Landaburu Gasteiztik Elizondora eramango zuen txoferra (taxista zen).

Lander Santa Maria “las cuatro estaciones en el valle de Baztan” liburuan kontatzen dun arabera, Xabierreri, Gasteizen kotxe batean sartu, manta latz batzukin estali ta bi aulkien tartean makurtuta ta mugitu gabe ezkutatuta, gelditu gabeko bidai luze baten ondorioz, Elizondora iristean, Rafael Garmendiak Santiago kalea zeharkatu zuen, ezkerrera biratu zuen Burjes kalea eta parean zuen garajerako sarrera bideratu zuen, Jaime Urrutia kaleko egungo 8. zenbakiarekiko bidegurutzean, gaur egun Goizalde eraikina dagoen tokian, zuzenean sartu zen eta anaia, Ignacio, berehala itxi zituen ateak. Kotxetik atera ziotenean, gixajoa ezin mugiturik zegoen, makurtua bidaiako postura gatik, garaje bertan igurzidurak ezarri zioten.

Hortik, garajetik eta gau itxian, Etxenikeara eraman zuten, 50 bat metrora dagoen etxe batera, baratze batek bakarrik banatzen duena, eta Agustín Ariztia elizondarraren familiak, Alava Sareko kide aktiboak, hartu eta ezkutatu zuena.


fiat 508 balilla (1932-1937) – Argazkia todocoleccion – 157367429

Biharamunean, goiz goiz ta garaje berberatik, Ignacio Garmendia ta bere familia eskerrak emanez, beren bizizak arriskuan jartzeagatik, kotxean sartu, baña kasu hontan maleteroan ezkutatuta eta Agustin Ariztiak gidatuta, Dantxarineatik barna Donibane Lohitzunera eramanen zuten. Handik Parisera eta han hasiko zuen politikari bezala epealdi garranzitsu ta berri bat.

 EAJ alderdiak bere ordezkari izendatu zuen Parisen. Frantzia alemaniarren esku geratu zenean, Gestapotik ihes egin zuen, eta euskal erresistenzian (aliatuen alde) sartu zen , 1944. urtean, 1944n Paris askatu zutenean bertze euskaldun batzuekin batera, Marceu etorbideko Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitza bereganatu zuen. Agirre lehendakariaren zerbitzupean izan zen, hura hil zen arte. La causa del pueblo vasco obra eman zuen argitara 1956. urtean. 1960. urtean, Agirre lehendakaria hil zenean, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izendatu zuten.

1963ko maiatzaren 6an 55 urte zituela eta José Antonio de Aguirre, forjador de la nación vasca obra idazten ari zela Parisen hil zen. 

Post hau egiteko erabili den materiala

Las cuatro estaciones en el Valle de Baztan. Lander Santamaria. Diario de noticias, Baztango Herri Unibersitatea. 2006.

Frantzisko Jabier Landaburu. wikipedia.eus

Read Full Post »

Lekarozko Uharte auzoan, Elizondo, Garzain eta Irurita artean, Baztan ibaiaren alboan, 120 urte inguruz, ospe haundiko “kolegio” bat izan zen, hain zuzen “Gure Ama Birjinaren Ahoulku Onaren” eskola (Colegio de Nuestra Señora del Buen Consejo).

Lekauzko kolegioa (izen honekin ezagunagoa zena) bere hastapenetatik, bi arrazoirengatik ikastetxe berezi bat izan zen: bere instalazio bikainengatik eta bere irakasleen dotazio altuagatik, guztiak kaputxinoen ordenako kideak. Lekarozko Ikastetxeak aurreko mendearen hasieran, orkestra eta abesbatza, zinema, argazkigintzako laborategia, natur zientziak, fisika eta kimika, kirol pabiloiak, x izpien aparatua zuen ebakuntza-gela… ziutuen eta  munduko barnetegirik onenetako bat izan zen, eta bertara bortz kontinenteetako ikasleak etortzen ziren.

Kolegioaren lehen argazkia (1891). Argazkia excolegialesdelecaroz.com.

1888an Joaquín María Llavaneras kaputxinoaren eskutik Lekarozko Ikastetxea sortu zen, baina 1890ra arte ez ziren kaputxinoak (22) lehen 87 ikasleekin (Kantabriakoak) agertuko. Urte bat beranduago, 1891n, eliza inaguratuko dute eta urtez urte ikastetxea handitzen joanen da. 1897an energia elektrikoa ekoiztuko dute eta horretarako presa bat eraikiko dute  Baztan ibaian (2009an botaia izan zena) eta argitzeko gas argiak ordez argindarra elektrikoa jarri zuten. 1902an zaldien trakzioko “diligentziak” lurrunezko autoekin ordezkatu ziren, eta bi urte geroago azken hauek motordun auto batzuekin (“Dion-Boston”).
Ikastetxea autonomoa izan nahi du hasieratik, eta 1915ean Bidasoako trena ireki zenean, kaputxinoek Iruritara doan errepidea egingo dute, Iruritan geltoki bat egongo baitzen. 1926an behitegia, zerritegia eta hiltegia eraiki ziren, baita ere gasna egiten hasi zuren, 1927an lehen irratia jarri zuten Ikastetxean eta 1930ean berogailua.

1931an handitze-lanak hasten dira, baina Errepublikako egoera berrie eten egiten ditu. Egoera hontan, 1932an, izena aldatu eta  “Liceo Lecároz, S.C.” sozietatea legez formalizatu zuten eta zuhurtzia neurri gisa, irakasle sekularrak klaseak emanen dute. 1933an, soinu-zinema iritsi zen ikastetxera, eta 1935ean, makina berriak erosi eta sare elektrikoa berritzen da.

Garai haietan kolegioa euskal nazionalismoaren gune garrantzitsu bat da , euskal nazionalismo kulturalaren hazitokietako bat bihurtu zen. Ikastetxean nazionalismo kultural berria horren hiru zutabe garranzitsuak ematen ziren: musika, filosofia eta hizkuntza.

1936an militarren altxamenduaren ondoren, gerra garaian ikastetxea odol-ospitalean eta gero, erietxean bihurtzen da. Gerra Kolpe gogorra izanen da eta urte hoietan 20 fraide-irakasleetatik 17k destinoa aldatu, alde egin edo  erbesteratu egin zituzten, haien artean: Aita Donostia, Fray Miguel de Alzo, Aita Hilario Lizarrakoa…

Aita Donostia 1941an bueltatuko da eta urte hortan ere barnetegi gisa soilik sortua izan arren erabakiko dute kanpoko ikasleentzako matrikula irekitzea (Lehenengo baztandarrak hartuko ditu). 1944an liburutegia handitu eta erizaintzako instalazioak berrituko dira. 1947an Ford-8 kamioi-autobusa eskuratzen da eta 1949an lehenengo jolas aretoa eraikiko da.

Kolegioko Natur Zientzien Museoa. Argazkia excolegialesdelecaroz.com.


50. hamarkadan erlijiosoen (monjak) egoitza eraikiko dute, sukaldea handitu eta garbitokia lekuz aldatzen da, baita ere “Lurdetxo” berriz diseinatzen da. 1953an Jorge  Oteiza ikasle ohiak P. Llevanerasen monumentua zizelkatuko du (Marino di Teana eta Isamel Fidalgo lagunduko diote), 1954an  Zentral elektrikorako multzo elektrogeno bat lortu zen,
56an Saskibaloiko pista berria eraikiko da, 1958an Aita. Donosti busto batekin omendu zioten eta 1959ko maiatzaren 30ean,  A. Luquinek Boy Scouts hezkuntza erakundea sortu zuen.

Hurrengo hamarkadan, 1961an Ubarrenetxea jaunak oparituta, kolegioko lehen telebista aparatua agertuko da eta 1962ko abenduaren 9tik 10erako gauean, ikastetxearen zati batek sute bat jasan zuen, eta, horren ondoren, pabiloi berriekin handitze bat egiteko erabakia hartu zen. Handitze hori, Ikastetxe Berria izenekoa, 1968an inauguratuko da eta 1980an kiroldegia eginen da. 84an “Lekarozko Txokoa” eta 86an informatika gela ezarri zen.

1988an Ikastetxeko mendeurrena ospatuko dute baina guttira Lekarozko ikastetxeko azken ikasturtea izanen da (1989-1990) . Urte horretan bertan, Nafarroako Gobernuari ikastetxe berria saldu zitzaion, Baztango Bigarren Hezkuntzako Institutua eta gazteentzako aterpetxea izateko.

2002an Ikastetxe zaharrean egoera tamalgarria izaten hasten omen da; liburutegiko liburuak, koadroak, mendeurreneko museoa, aldarea, organoa, bankuak, Alonso Canoren Kristoa, pupitreak, Llevanerasen omenez Oteizak egindako eskultura…  kolegiotik atra eta eramanen dute. Gauz gehienak, eskultura barne, Zangotzako kaputxinoen monastegian akituko dute, bertze batzuk liburuak adibidez, Iruñako San Antonio liburutegian.  

Hurrengo urtean altzarien eta objektuen lekualdaketa progresiboak aurrera jarraitzen du eta 2003ko
Otsailaren 11n A. Luquín izanen da da Lekaroz utziko duen azken aita. 

Espoliazioak, lapurretak eta gainerako ezbeharrek  jarraitzen dute, 2007an elizako ezkilak eta erlojua “desagertuko” dira. Ezkilak Lizarran agertuko dira, erlojua?

2009an lekauzko kolegioa garai batean zenaren fantasma triste eta penagarri (baita ere beldurgarria) bat da. Azken arnatsa artzen eta erraustea  itxarotzen ari den  eraikuntza  da, sarrera debekatua dago eta etsizinguratua, “erortzeko arriskua” idatzita daukan kartel bat ageri da. Ekainaren 15ean, Nafarroako Gobernuak erabateko eraispenaren berri eman zuen, bere ustez, hondamenean dauden eraikinak birgaitzeak ez du merezi.

80 Tonako pisua eta 30 metroko besoa duen makina kolegio zaharra botatzen.Argazkia erran.eus

Azaroaren 23an kolegioaren eraispena hasten da, horretarako Olloquiegui Redenor UTEak 393.518,90 euroko aurrekontua izanen du. Bakar bakarrik babes berezia duen eliza, klaustroko bi magnolioak eta bertze leku batera eramanen den kolegioko sarrerako arkupea mantenduko dira.[1] Gainerakoa, abenduarako botaia egonen da. Hau dena botatzeko 80 Tona  eta 30 metroko besoa duen makina erabiliko dute.

Mende bat baino gehiagoz  Aita Kaputxinoen Eskola zegoen tokian Lekarozeko Campus Enpresariala sortuko da. “Kampusa”, Aquitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren lehentasunezko azpisektoreetako enpresen ezarpena lortzeko sortu izan zen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

[1] Lekarozko Kolegioa botatzen hasi dira. erran.eus (2009).

www.excolegialesdelecaroz.com.

Colegio Nuestra Señora del Buen Consejo de Lekaroz. Auñamendi Eusko Enziklopedia.

Read Full Post »

Zezenketa zezenak toreatuz egindako tauromakia ikuskizuna da. Espainian, Portugalen, Latinoamerikako herrialde batzuetan (Mexiko, Kolonbia, Venezuela, Peru eta Ekuador[1]) eta Frantziako hegoaldean gertatzen dira, baita Euskal Herrian ere.

2009ko Baztandarren Biltzarrako orga desfilean, Belatzak kuadrillak  1951 Elizondoko Santiotan egindako zezenketa antzeztuz garaile sortatu ziren. Gaur egun horrelako emanaldiak arraro eta urrun egiten badira ere, erran behar da garai batean Elizondoko bestetan  halako “jaialdiak” nahiko arruntak zirela.

2009ko Baztandarren Biltzarrako Belatza kuadroillako orga irabazlea. Argazkia festak.com
2009ko Baztandarren Biltzarrako Belatza kuadroillako orga irabazlea. Argazkia festak.com

Elizondoko Santiotan izandako azken zezenketak, edo hobeto errana  zekorketak (zekorra, txekorra=haratzea) gezurra dirudin arren, 1973an izan ziren. Plaza mobila, Maria Azpilikueta eta Aita Donostia kaleko zelaietan (Frantziskanoetan) eta amaierako etxebizitzetan dagoen zelaian Ormakogibel parajean kokatu zen. Toki honez gain baita Kaolin fabrikatik eta Opoka zerrategitik gertu eraiki ziren plaza eramangarriak gogoratzen dira (egungo Irache beilatokiaren atzealdearen, dia supermerkatuaren eta ibai ertzaren artean) eta baita Giltxaurdiko futbol zelaian izandakoak.

Zezen plaza. Argazkia Guillermo Quertier Munarrizena fazebookeko Baztango fototeka ( Memorial Tomás Belzunegui) taldetik hartuta.

Elizondon Plaza “mobilak” edo “eramangarriak” izanez gain, Nafarroako gran enziklopediaren arabera plaza finko bat 1906an existitzen zen, gaur egun “kasinoa” dagoen tokian, baina bertze aldetik, Gabriel Imbuluzqueta baztandar kazetariaren bidez eta Elizondoko bestetako ekitaldien liburuxka batean, aipatzen duenez, 1907ko Uztailaren 25ko zezenketan plaza berrie zen, zeren urte hortako Diario de Navarrako korresponsalak egindakoa kritikan “aurtengo” plaza portatila joanden urtekoa baino haundiago (1906koa baño haundiagoa) zela nabarmentzen du.

Horrez gain, eguna euritsua izan zela eta toreruak Toribio Gil “Txikorro“, Manuel Borroi “el Aragones” eta Manuel Martinez “el Varita” izan zirela azaltzen du. Jende aunitz etorri zen zezenketara, kanpotar aunitz eta gehienbat iparraldetik! Biarritztik hain zuzen, idatziko du hjorrespnsalak. Baita ere ikusleen artean Nafarroako Diputazioko presidentea  Manuel Albistur egon zela aipatzen du.

XX.mendean zehar zezenketak eta hauen inguruko jaialdiak ohikoak izan dira: sokamuturrak, bigantxak eta 1931 urteko santioetako zezenkeeten kartelan batean agertzen den bezala, torero bonbero izeneko ikuskizunak izan dira ere.

Argazkiak XX. mende hasierako Elizondoko zezen plazak. Bigarren argazkiko egilea Tadeo Viela da. Bi argazkiak gourmet image.com web gunetik atraik daude.

Elizondoko  “Tauromaquia”  mundua ez da bakarri “jaialdi” hauetan gelditzen. XX.mendeko 30. hamarkadan zezen-hiltzaile nabarmen bat, denboralditxo batez Elizondon bizi izan zen. Toreatzailea, Marcial Lalanda zen, zezenketaren “zilarrezko aroa” delakoaren zezen hiltzailea eta Mariposaren pasearen asmatzailea. Marcial 13 urtekin hasi zen toreatzen eta nobilero gisa ibilbide luzea egin ondoren, alternatiba hartu zuen Sevillako Maestrantzan, 1921eko irailaren 28an, Juan Belmontekin batera, “padrino” gise zuela.” Marcial Lalanda zezenketen historialariak diotenez tauromakiaren deitutako Zilarrezko Aroaren (1920-1936) irudi nagusietako bat da. Zilarrezko aro hau Joselito el Gallo toreroaren heriotzatik Espainiako Gerra Zibilaren hasieraraino doan garaia da.

“Viva Madrid que mí pueblo” (1928) pelikularen kartela. Marcial Lalanda pelikulako aktore prinzipala zen.

Gerra zibila hasi zen udan (1936ko udan) Marzial Lalanda , Iparraldean, Baionan eta Franzia aldean; Nimes,  Toulouse, Dax..toreatzen zegoenean Nazionalak Espainako errepublika aurka altxatu ziren (uztailak 18an) eta Espainako gerra zibila hasi zenean Madrilgo toreroa hasmenbta batean Franzian gelditu zen. Baino geroxago konturatu zen edo erran omen zioten Nafarroko bailara hontan gerrarik ez zela somatu eta ez zela somatuko, nazionalen eskuetan zegola eta hauek bakea (beraien bakea) eta “ordena” ezarri zutela (Nafarroan Mola generala altxatu zen eta lehenego egunetan probinzi osoa sublebatuen eskuetan gelditu zen), Horduen bere famila Elizondora ekartzea lortu zun eta bera Frantzian toreatzen zuen biztarteazn, bere emaztea ta bi seme txiki hilabete batzuz hemen gelditu ziren bizitzen. Bizitokie Mendinueta kaleko 1º zenbakian (ikastola parean dagoen etxean eta gaur egun behitin botika bat dagona) zuten eta erten duten arabera hilabete hoietan barridekin eta Elizondarrekin arras ondo moldatu eta gustora egon ziren eta baita ere diote ikusgarria zela, bere emazteak, kapote garbiak idortzeko lehiotik zinzilikatzen zuenean, ikuskizun apartekoa omen zen, iñoiz ikusitakoa, oihal paregabeak bai ziren.

Frantziako denboraldia amaitu ondoren eta sublebatuak herrialdearen zati handi baten jabe egiten zirela ikusita, toreatzailearen familiak Baztango bailara utzi zuen.

Marzial Lalanda toreoaren maixua izanez gain, aktorea izan zen (bi pelikuletan parte hartu zuen) eta bere omenez Marcial, eres el más grande (1932) pasodoblea konposatu zuten.

Elizondon bizi izan zuen toreroa 1990ko urriaren 25an 87 urte zituela Madrilen zendu zen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala.

Wikipedia. Marcial Lalanda.

Nafarroako gran enziklopedia: Plazas de toros.

Gabriel Imbulzqueta.

Read Full Post »

Older Posts »