Zozomikoteak sasoi zehatz bat adierazten du, martxoaren azken bizpahiru egunak eta apirileko lehenak. Normalean eguraldi ‘txarra’ (eurie, hotza, elurra..) egiten omen du sasoi horretan, Martxoa eta Apirilaren arteko eguraldi txarrarren auzakia dira. Zozomikote egunak tristeak eta ilunak direla dio sinismen zaharrak, hau da! egun zozoak (ergelak) edo zozotuek!
Ezegonkortasun atmosferikoko garaia den arren, zozo bikoteak habiak eraikitzen hasten diren unea da, eta hortik datorkio izena, zozo bikote, zozo mikote.
Zozoa gure folklorean munduen artean bizi den txori bat da, erdiko puntu horretan biziraun dezakeelako eta planoen arteko zubi lana egin dezakeelako, ateak irekiz. Forjarekin ere lotzen da, baldintza desegokietan ugaltzeko duen gaitasunagatik. Nekazarien artean, martxoan zozoen habia bat aurkitzea zorion seinaletzat hartzen zen, txori hori bi aldiz haziko zela esan nahi baitzuen. Beraz, baldintza klimatologikoak egokiak izango lirateke landa lantzeko eta ganadua hazteko.
Euskal Herrian –espezie autoktonoa eta migratzaile partziala da– apirilaren 10etik aurrera hasten da erruten, eta bi gurasoek elikatuko dituzte kumeak. Aurreko urteko habia erabili ohi dute. Zozo-bikotea ere egonkorra da.

kondaira zahar batek dion arabera, Martxoa eguraldi onarekin igarotzen zen, beraz, zezen gorri bat marruka atera zen zelaira eta elorri baten azpian etzan zen. Hori entzutean, Martxoak ekaitz bat bidali eta bi egun eta erdiko eguraldi txarra gehitu zuen. Gero bertze bi egun eta erdi eskatu zituen Apirilari, elorri gainean zegoen zezenari marru egiteko gogoa kentzeko. Azkenean, ekaitzak zezena hil zuen.
Harrezkero, ganadua egun horietan atxikitzea edo belar lehorrez betetako zintzarri bat jartzea gomendatzen da eta elezahar horretatik abiatuta, halako erranairuak sortuizan dira;
-“Martxuek kunkunak jotzea, idiari larrua kentzea”
-“Martxo martxanta, larru tratanta”
Martxoa urteko hirugarren hilabetea da gregoriar egutegian. Bere izena Martius latinetik dator, erromatar egutegiko lehen hilabetea zena. Martius, berriz, Marsetik dator, Marte izena latinez, gerraren erromatar jainkoa. Antzinako Erroman suovetaurilia izeneko errituala zegoen, lurra bedeinkatzeko eta garbitzeko asmoz Marteri ( Martxoari) sakrifikatzeko aratxe bat (taurus) eskeintzen zizaion errituala zen.
Antza, erromatarren garaian harpetako ireluei (izakia, izpiritua, jenioa) egindako gurtza oso zabalduta zegoen Euskal Herrian. Barandiaranek erromatar garaiko txanpon ugari aurkitu zuen Izturitze, Kortezubi, Santimamiñe… leize zuloetan. Baita Bidarraiko Harpeko-Sainduaren harpean ere. Antza txanpon hauek jendeak lur-azpiko Jainko eta ireluei egindako opariak ziren, Zezengorri eta Behigorriei barne. Antza orduan behigorriei eta leizetako gainontzeko ireluei gurtza oso zabaldua zen.
Behigorri edo Zezengorri Euskal Herriko mitologiaren izaki (irelu) bat da, lur azpian, leizeetan bizi omen den irelua da. Kolore gorriko behi, idi, aratze, txahal, txekor edo zezenaren itxura hartzen omen du. Euskal Herrian behi azienda “abelgorriak” deitua izan da, piriniar enborreko abereak gorriak direlako. Piriniar behiak edo betizu arrazak zabalduenak izanik.
Antzinatik Euskal Herriko mendietan betizu izeneko behi-azienda mota bizi izan da. Betizuak beraz, mendi eta baso basati eta apartatuetan bizi zirenez, eta aunitzetan bertako harpe eta leizeetan babesten zirenez, eta abere erasokorrak izanik, Zezengorri eta Behigorrien inguruko kondaira aunitzendako gaia eman dute.
Jose Migel Barandiaranek labar artean azaltzen diren uroen marrazkiak eta leizetako behi eta zezengorrien inguruko sinesmenak lotzen ditu.
Sarrera hau egiteko erabili den materiala.
Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Jose Miguel de Barandiaran. Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
Epaila, Opaila eta Zozomikote. Por encima de toda las zarzas bloga.
Zer dira zozomikoteak? grabili.eus web-eko sarrera.
Zozomikote. Auñamendi Eusko Enziklopedia.
Behigorri. wikipedia.eus