Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Velaz de Medrano’

1521eko irailaren 29an, igandean, tropa nafar legitimistak (franco-naparrak) Amaiurko gaztelua setiatu zuten eta pieza artilleroak jarri zituzten Baztango gotorleku birmoldatu berriaren aurrean. Aste batzuk lehenago, bere alkaide Anton Alguacilek, erregeordeari idazten zion, hobekuntzak azalduz eta defentsa berriak probatzeko borrokan hasteko irrikaz. Apurka-apurka, bere baikortasuna zorigaitzaren inguruan jartzen zen, kanoien indarrak bere defentsak ezabatzen zituela ikustean, amore emate desohoragarri bat hitzartzera behartuz, Urriaren 12an errenditzen da. Labritarren bandera dorre nagusiaren goialdean zegoen berriro.

Balentria honen historia, Noaingo guduaren ondoren hasten da (1521eko ekainak 30), kausa legitimistarentzat porrot gogorra izan zena. 1521eko irailean, Noaingo zoritxarra ondoren eta Nafarroa Beherea gaztelarren aurka matxinatu ondoren, Napar-franko erasoaldi berri bat antolatu zen. 1521eko udan oraindik oso egingarria ikusten zen armada franko-nafar batek gaztelaniarrek okupatutako erresuma berreskuratzea.

Amaiurko gaztelua birsorkuntza. navarra.es

Frantzisko I.ak, frantziako erregeak, erasoaldi berri bat egitea erabaki zuen, eta armadako agintari goren bezala, bere konfiantzarik handieneko pertsona bat izendatu zuen: Guillaume Gouffier, Bonniveteko jauna eta Frantziako almirantea.

Bonniveteko jaunak Henrike II.a Nafarroako ERREGEAREKIN bildu zen abuztuan, eta tropen erreklutamendua finkatu zuen erresuma berreskuratzeko bertze saiakera bat egiteko, laugarrena bederatzi urtetan; 1512, 1515 eta 1521koen ondoren (hilabete gutxi batzuk lehenago egindakoa).

Tropa mugimendu hoiek Iruña okupatura iritsi ziren. Han, erregeorde berriak, Mirandako kondeak, erreakzionatu egin zuen, urte horretako maiatzean izandako altxamenduaren antzeko bat gerta ez zedin eta erreinutik erbesteratu zituen altxamendu berri baten buru izan zitezkeen nafarrak, bereziki Iruñean eta Zangoza, Tafalla eta Tuterako zonaldeetan, baita ere gizon taldeak bidali zituen Tutera, Corella, Tafalla, Cábrega eta Elo (Monreal) gotorlekuen hondakinak eta Irunberriko harresiak eraisteko.

Iparraldean, franko-nafar tropak biltzen hasi zen eta armada prest egon zen irailaren amaieran. Peio Monteano historialariak bildutako datuen arabera, indar hori 24.000 infante naparrez, biarnotarrez, gaskoiez, frantsaz eta alemaniar lanskenete ospetsuez osatua zegoenn. Gainera, 600 zaldizko zituen eta artilleriako 18 pieza inguru, horien artean sei kanoi handi zeudelarik.

Tropak bi zatitan banatu ziren. Lehena Donibane Garazin zegoen, Nafarroa Beherea Henrike II.a Albretekoaren alde matxinatu zen, eta Bonnivetek berak eta Nafarroako erregeak zuzentzen zuten. Bigarrena Uztaritze inguruan zegoen, eta Guyenako gobernadore eta Nafarroako Mariskalaren semearen agindupean zegoen.

Aldi berean, Aezkoan, Xabierko anaiak (San Frantziskoren anaiak), Antonio Peraltakoa, Faltzesko markesaren semea, eta bertze noble batzuk zeuden zain, Aezkoko, Zaraitzuko eta Erronkariko tropekin eta 300 erribera-gazterekin batera.

Azkenik, irailaren 27an, lealisten armada bere bi kanpamentuetatik abiatu zen, Donibane Garazikoa Orreagako pasabidean dagoen Peñón gaztelua hartuta, eta Uztaritzekoa Amaiurrerako bidean. Almiratearen armada Iruñerantz zihoala ematen zuen, baina Bonnivetek bazekien hiriburua eraso bat egiteko prest zegoela eta, kapitain nafarren harridura eta haserrea ikusita, bigarren tropa taldea bezala Baztanera joatea agindu zuen, non Amaiurko gaztelua inguratu zen.

Anton Alguacilek 1512tik zuzentzen zuen gaztelua eta 1521eko maiatzean gaztelanien esku geratu zen bakarra izan zen. Bere goarnizioa indartua izan zen, defentsak hobetu ziren azken hilabetetan eta aistion erran dugun bezala nahiko ondo prestatuta zegoen franko-nafar lealisten erasoeta setio baterako.

Amaiurko gaztelua, 1513ko udaberrian hartu zuten gaztelanuarrek eta hasiera batean Comareseko markesa (
Erresumaren konkista zuzendu zuena) Juan de Mondragón kapitaina jarri izan zuen gotorlekuaren eta gotorlekuaren buru gise baina egun gutxi barru, Anton Alguacil gaztelarra gotorleku horretako alkaide izendatuko dute.

Alguacilek azken bederatzi urte hauetan egin zituen erreforma guztiak ez zitzaikion aunitzerako balio, izan ere, kanoi frantziar indartsuek harresietan zulo handi bat irekitzea lortu zuten, eta, ondorioz, franko-napar infanteria erasotu zuen, gaztelarren artean hainbertze galera eraginez.


Gaztelua urriaren 12an entregatu zuten eta berreskuratu ondoren, Jaime Velaz de Medrano kapitain nafar beteranoa agintari gise geratu zen bertan, 200 nafar inguruko goarnizio batekin.

Amaiurtik, Velaz de Medranok Baztango harana eta Bortzirietako zati handi bat kontrolatzen zituen, Elizondo Miguel de Xabierren agindupean zegoen aurrerategi-postu bihurtuko zen eta Belateko portuan, Ziga eta Bertizen zaintza-lekuak ezarri ziren. Hemendik aurrera, erresumaren gainontzeko lurraldeetatik independentea izango zen lurralde txiki bat ezarriko zen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Amaiur, 1522. Nuestra historia desconocida.Iñaki Sagredo Garde. 26/05/2011. http://www.euskonews.com.

¡Amaiur…! Joseba Asiron. 16/07/2012. http://www.noticiasdenavarra.com.

Setiembre de 1521: Amaiur y Hondarribia, el desquite de Noain. Pello Guerra. 03/09/2021. http://www.naiz.eus.

Amaiur 1522. Los navarros que defendieron el reino. Peio Monteano Sorbet. 2018. Txalaparta.

Amaiur, símbolo de Navarra: la guerra de 1512-1522 y su repercusión sobre los territorios de la Corona de Navarra. José María Jimeno Jurío. 2004. Pamiela.

Read Full Post »

Urteberri, berri, zer dakarzu berri

uraren gainean  osasuna ta bakea

urtetx, urtetx urtetxa nahi dugu,

Bestondoa! bestondoa ekarri du urtero bezala urteberriak! (urterzarra ondo pasatutako señalia) eta Baztanera, Amaiurrera zehazki, berria ez izan arren eta ia bi urte berandu iritsi arren… urte berriak Amaiurko monumentuari buruzko erakusketa  ekarri du!

Nafarroko gobernuak antolatutako Amaiurko monumentuaren 25. urteurrena ospatzeko erakusketa mugikorra, Amaiurko serorategian ikusgai izanen da.

 

Argazkia Baztan-bidasoa.com

Erakusketa hau duela urtebete ikusi nuen Iruñean. Harritu egin ninduen Amaiurko monolitoari buruz nafarren eta euskaldunen askatasunaren sinbolo gisa ezer ez esateak ( horregatik altxatu zen), ezta Jaime Belaz de Medrano eta haren 200 zaldun agramondarrak aipatzeak ere. Bai 1922an sortzeko ideia nabarmentzen zen, eta baita ia 10 urte geroago, 1931n, atentatu baten ondorioz (dinamitatua) monumentua eraitsi egin zela ere.

Erakusketa azken 25 urte hauetan oinarritzen da, 1982an Amaiurtarrek monumentua berreskuratu eta zaharberritzeko daukaten gogoetan, baina monolitoaren sinbologia eta 200 zaldun naparren balentriaz ja!

2007an Monolitiaren 25.urteurrena ospatu
zuten Amaiurtarrak. Agazkia Diario Vasco

Balentria 1521eko irailean hasi zen, Enrike II.a “zangotzarrak” Amaiurko gaztelua Nafarroarentzat berreskuratu zuenean, gotorlekua ez ezik, Baztan -Bidasoako “marka” eta egun gutxiren buruan Hondarribiko gotorlekua ere berreskuratu zituen. Amaiurko gazteluaren kapitaina Jaime Belaz da, eta Miguel Jatso (Xabier santuaren anaia) Elizondon kokatu zen; Hondarribian, berriz, Pedro de Navarra Nafarroako mariskalaren semea (aitaren izen bera du) geratu zen kapitan gise.

1522ko ekainean, gaztelarrak Belatetik Donoztebera iritsi ziren, eta borroka baten ondoren, nafarrek Baztanera ihes egin behar izan zuten (Doneztebe Martin de Urtsuan, eta bertze baztandar batzuek gaztelarrekin bat egin zuten). Borrokan zauritutako nafarrak Urdazubiko monasteriora eraman zituzten (Urdazubiko abadea leiala da Nafar kausarekin).

Uztailaren 15ean gaztelarrek Amaiurko gaztelua setiatzen dute eta lau egunez 10.000 gaztelar gaztelua konkistatzen saiatzen dira (beno, baziren nafar behamontarrak, gipuzkoarrak, alemaniarrak…). Azkenean, janaririk gabe eta leher eginda (lau egunez gau eta egun borrokan ibiliz), setiatuek amore ematen dute. Pasarte historiko honengatik, Amaiur euskaldunentzako askatasunaren sinbolo bihurtu zen, baina ez zen azken bastion nafarra izan, 1524ra arte Hondarribian Nafarroako estandarte gorria onesten jarraitu baitzuen (1521eko urriaren 6an setiatua).

Menderatua eta garaitua den nafar honetan, belaunaldiz belaunaldi, isilean eta klandestinitatean Amaiurren gertatutakoa gogoratu dugu (eta odoletan eraman ere bai) eta 1879an “euskara Elkartea” han borrokatu zirenen oroimenean zerbait egin behar zela pentsatzen hasi zen.

1920an, “Nafarroako Monumentuen Batzordeak” monumentu bat eraikitzea baimendu zuen, eroritakoen omenez, eta han hil zirenak Nafarroko askatuaren azken dedefendatzaileak izan zirela erranen dute. Hitz horiek eta baimen horrek kristonezko polemika sortu zuten; izan ere, nafar batzuentzat (espainiar nazionalistak) han hil zirenak frantses eta espainiar traidoreak baino ez ziren.”

Hika mika hoien gain 1922ko kainaren 20an monolitoa inaguratzen da euskal probintzien lau armarriekin eta  “Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonei ” leloarekin.

Argazkia Pello San Millan

1920ko hamarkadan eraiki ondoren, eta polemika etengabea zela, 1931ko uztailaren 26an amaiurtarrak , monolitoa lehertzen zuen dinamita-eztandak eragindako zaratarekin esnatu ziren. Ez zen inoiz jakin nor izan zen atentatuaren atzean; Victor Praderaren ingurukoak (nafar nazionalista espainiarra),, errepublika bera eta baita abertzaleak ere susmatu zituzten.

Hainbat hamarkadaz monolitoaren marmolezko harriak sakabanatuta egon ziren gazteluaren muinoan, harik eta 80ko hamarkadan Amaiurtarrek, Amaiurko gaztelua defendatu zutenen monolitoa eta balentriaren eta ohorearen oroitzapena berreskuratzea erabaki zuten arte.

1982ko urriaren 10ean, monolitoa berriro zutik egon zen, eta oraingoan…betiko izanen da.

Read Full Post »