Txokoto, Elizondoko auzo bat da, edo hobe errana, Elizondonko zati bat da, ibaiaren bertze bazterra da. XX.mende hasieran Elizondoko hirigunea, bi kale ziren, ibaiaren bi ertzak hain zuzen. Ezkerra, kale Nagusia zen eta 1890tik Jaime Urrutia izenarekin ezagutuko da. Bertzea, eskuin ertzekoa, etxe solteek osatzen zutena eta bertzearekin alderatuta, kale eguzkitsu zenez Eguzki kalea bezala ezagutzen zen. Kale hau Txokoto zena eta dena zeharkatzen du eta 1921ko urriaren 18an, Kale Nagusia bezala, honi ere bertze herritar ongileren (benefaktorea) izenarekin izendatua izango da, kasu hontan Braulio Iriarte karrikan.
Braulio Iriarte Goienetxe, 1860an jaio zen, Elizondoko Txokotoko Martindenea etxean. Braulio gazteak garaiko baztandar haunitz bezala, 17 urtekin eta inolako ikasketarik, ofiziorik eta sosik gabe, Mexikora emigratuko du. Han, iritsi bezain pronto, Santa Catalina okindegiko langile gise hasi zen. Etxez etxez ogia saltzen hasi zen eta, mende laurden geroago, XX. mendean sartuta, okin sektoreko enpresari haundi batean bihurtuko da, 80 okindegiren jabe zen!. Okindegiko diru-irabatziekin La Blanca izeneko bere lehenego errota martxan jarriko du eta iringintza industrian sartuko da. Denborarekin, Fermin Etxandi eta Juan Oteiza nafarrekin batera Euskaro errota (1906) martxan jarrizuen eta Agustin Jauregi (Elizondo, 1890) eta Jose Larregi (Elbete, 1899) ilobekin, Beti-Ona errota. 1913an Levadura Comprimida Leviatán, S.A. elkartea sortu zuen. Ogiarekin zerikusia zuen hirugarren negozio hau, Mexikon ogiarendako legamia egiten zuen lehen enpresa izan zen (ordura arte ogia egiteko legamia ez baitzen herrialde osoan egiten eta Iraultza biztartean, Estatu Batuetatik ekarri behar omen zuten).
Legamiari esker nahikoa sosa irabazi zuen eta kapital hori bilduta, 1922ko martxoaren 8an Cervecería Modelo enpresa sortu zuen Iriartek. Modelo garagardo-lantegiat sortu aitzinetik, garagardotegi ttiki aunitz zeuden Mexikon, batez ere iparraldean. Herri eta eskualdeko merkatuak hornitzeko aski ziren lantegi hauek, baina Modelok herrialde osorako produkzioa egin nahi zuen. Elkartea osatzeko Braulio Iriartek Mexikon zeuden bertze negozio-gizon haundien laguntza bilatu zuen, batez ere kantabriarrak eta asturiarrak. Bera izan zen administrazio kontseiluko presidentea, enpresa sortu eta bere heriotzara arte (1932 ekainak 25) eta berak, kapitalaren zati handi bat jarriz gain, fabrika eraikitzeko Tacuban lurrak erosi zituen (1920).
1925eko urriaren 25eko goizean, orduko Mexikoko presidenteak, Plutarco Elías Callejos-ekin formalki inauguratu zuten Cervecería Modelo lantegia eta garai hartako garagardo-lantegi handienaren produkzioa hasiko zen: Bertzeak bertze “KORONA” ( pilsener mota) eta “MODELO” (beltza) ekoiztuko dute.

Braulio Iriartek Angela Moreno Herrera mexikarrarekin ezkondu zen eta 1932ko ekainaren 25an 72 urte zituela Mexiko Hirian hil zen. Bizitza gehiena Mexikon egin zuen arren ez zen iñoiz ahaztu Elizondo eta Baztanez. Bere enpresak baztandarrez beteta egoteaz gain (bai administrazio konseiluetan, bai langile gisa) Elizondoko ongilea izan zen. Bertze baztadar dirudun batzuek bezala diru mordoxka bidali zun zaharretxea aurrera seguitzeko, baita ere Elizondoko pilotalekuaren eraikuntza osorik ordaindu zuen 1921ean, eta 120.000 pezeta (kostu osoaren %13,2) eman zituen 1916-1921 biztartean eraiki zen Elizondoko eliza berriarentzat (elizako bigarren dorrea egin zen).
Pilotalekua, Braulio Iriarte frontoia da, laxoa edo frontoi luzearen ondoan eta gaur egun grafitiz margotuta dagoena (1) frontaiaren albo batean harrizko txafla batean irakurtzen ahal da: 1921an ereikia, Braulio Iriarte Goienetxe jaunari esker, Francisco Goienetxe alkatea izanez. 1921ko urriaren 18an Braulio Iriarte pilotalekua inaguratu zen. Elizondon besta egun garrantzisua izan omen zen. Garaiko kronika dio meza ondoren, Martindene etxeko pareta batian, Braulio Iriarte kalea patzen zuen txafla erakutsi zela, eta karrika izendatu bezain pronto, fronton berrian lehenego partidua jokatu zen. Palazko partido bat izan zen eta Donostiko Real Soziedadeko Eguia eta Larrañaga, Iruñeko Denak-Bat elkarteko Irurita eta Mariano Iribarren elizondarraren aurka aritu zuten, naparrak izan ziren garaile.
Bitxikeri bezala aipatu, Braulio Iriarte Goienetxe akaso ez zela iñoiz exititu, edo behinpin, izen horrekin ez zela haurrik sortu. Agustin Otondo Dufurrenaren “Diccionario Historico Biografico del valle de Baztan” liburuan agertzen den bezala, 1850 eta 1870 urteen arteko Elizondoko elizako bataio erregistrotan ez da ageri, Braulio Iriate Goienetxe izeneko bataiatutako haurrik, baño bai 1860ko Martxoaren 20an sortutakoa Tomas Pedro Iriarte Goienetxe izeneko bat, (5. liburua-272 V horrialdean) eta gurasoak Elizondoko Juan Pedro Iriarte Etxeberria eta Arizkungo Maria Catalina Goienetxe Landa ziren.
Brauliok Pedro Tomas Iriarte izanen zen? Txikitatik Braulio deituko zioten? denborarekin izena aldatuko zuen? auskalo!! baina…benetan arraroa izanen zen “Tomas Pedro Iriarte! kalea ezta?
P.D. (1) Blogeko sarrera hau, 2010ko irailan idatzi zen, ordine Braulio Iriarte frontoian berriki (santioetan) grafiti ederrak margotu ziren. 2017an frontoia estali zen eta paretak txuriz margotuak izan ziren.
Sarrera hau egiteko erabili den materiala:
75 Años Sin Don Braulio. Alberto Alday. Vascosmexico.com. 2007.
Coronita euskalduna. Nagore Irazutabarrena. Argia.com. 2008.