Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Pitzamar’

2008ko urritik eta ia ia urte batez, Euskal Herri osoan hainbat eraso faxistak egin ziren, eraso hoien aurka 2009ko urriaren 11n, igandea, kolektibo antifaxistek Falanjearen aurkako protesta ekitaldia egin zuten Iruñean. Hurrengo egunean, Donezteben, jende ugari “antifaxismoari stop” lelopean baita ere manifestatu ziren. Manifestazioa gure eskualdean eta Euskal Herri osoan aurten izan diren eraso faxisten aurka izan zen. Eraso horien egileak “falanje y tradición” izeneko taldea izan da. Talde faxista horren lehen ekintza dure eskualdean Donozteben izan zen, non Islamari buruzko erakusketa baten aurkako pintadak egin zituzten. Gero, pixkanaka, beren ekintzak eta mehatxuak Euskal Herri osora hedatu ziren; Bilbon, Irunen, Tolosan… eta batez ere Nafarroan; Tuteran, Orkoienen (Pasionaria kalearen aurka), Iruñean, Arbizun, Lesakan, Beran eta baita Baztanen ere: Amaiurko monolitoaren aurka egin zuten lehen erasoa, Arraiozko eta Iruritako zinpeko alkateak ere mehatxatu zituzten, pintadaz bete zituzten Elizondoko eta berriki inaguratua izan zen Pitzamarreko (Artesiagan) oroigarriak. Beren pintadetan baztandar ezagun batzuk mehatxatu zituzten eta erasoak Falanje Baztan bezala sinatuak izan ziren

Pitzamarreko oroigarria Falanje Baztan taldearen erasoaren ondoren. Argazkia Diario Vasco.

Falanje Baztan, Falange y Tradición (FyT) eskuin muturreko talde terroristaren atal bat da, eta badirudi Español Falanje mugimendu faxistaren bertze zatiketa bat dela; Falanje Auntentica, Falanje Española, La Falanje, Falanje de la JONS…(hamahiru alderdi politiko daude Espainian, “Falange” izenpean, sigletan) [1]. Talde terrorista horrek era guztietako erasoak egin zituen 2008 eta 2009 urteetan, geroago ohar baten bidez onartu zituztenak. Guztira, hogeita bortz eraso baino gehiago egin zituzten. Erasoak independentismoarekin eta komunismoarekin lotzen zituzten pertsonen mehatxuak eta frankismoaren biktimak oroitzeko monumentuei izan ziren, hala nola Pitzamarreko Bidegabeko Bideari oroigarria.

2009ko irailaren 22ko agirian, “Movimiento Patriota Español” izena jarri zion bere buruari, eta Espainian erregimen politiko kristaua eta nazionala ezartzea zuen helburu. Aberriaren etsaiak zirela erraten zuen, eta horregatik separatismo terroristari, komunismo kriminalari eta kristautasunaren aurkako liberalismoari eraso ziezaieketela.

FyT-k 2009ko urrian jardun zuen azkenekoz, Guardia Zibilak talde hori desegintzat jo baino egun batzuk lehenago, hilaren 23an, “Quimera” operazioan ustezko bortz kide atxilotu baitzituen. Honako hauek ziren; José Ignacio Irusta Sánchez, “El Barbas”, Bilbokoa, baina Sunbillan bizi zena eta taldeko buruzagia zen; Borja Pérez Illera, Irunen (Gipuzkoa) jaioa, Zaragozako Villanueva de Gállego herrian atxilotua eta probintzia horretan armadako soldadu profesionala zena; Javier López Monreal, “El Lanas”, Orkoienen atxilotua; eta David Murillo Eslava eta Fermín Domingo Turrillas, biak Barañainen atxilotuak.

Falangeak ziurtatu zuen ez zutela ezagutzen “Falange y Tradicion” taldea, ezta Nafarroan atxilotutako lau kideak. Baita ere Falanje de la JONS eta Falange Autentica bezalako alderdiek ere ez dutela inolako loturarik atxilotuekin aipatu zuten, alderdi horietan eta Falangean “inoiz militatu ez dutelako”.

Falange y Tradizioak “mugimendu frankistarekin” gaur egun ideologia falangista denarekin baino harreman handiagoa duela ere ziurtatu zuten. 1937ko apirilean, Francok karlisten eta Falangearen arteko bat-egitea iragarri zuen eta Falange Española Tradicionalistan de la JONS (FET) sortu zen. FET izango litzateke Estatuko alderdi ofiziala eta Espainia nazionalean baimendutako erakunde politiko bakarra. Erregimen nazionalak eslogan eta sinbolo falangista batzuk hartu zituen; horien artean, agur faxista, besoa altxatuta.

Flechas y Pelayos haurrentzako aldizkarian 1937ko maiatzean argitaratutako marrazkia, bateratzeari buruzkoa.

Bateratze Dekretuak lasaitasun politikoa eraman zuen matxinatutako eremura, alderdi politikoen arteko borrokak ezabatu zituen, eta Milizia Nazional bakarra sortu zen Falange Española eta Requeté-en (Karlistak) artean (Milizia Nazionala Armadaren laguntzailea zen). 37ko apiriletik, milizia honek, bailara patrullatu eta kontrolatzen du, baina bateratzearen aurretik, matxinatuetako harrapakin-txakurrak, baztanen erreketeak izan ziren.

Errekete, karlisten erakunde paramilitarra zen Espainiako Gerra Zibilean matxinoen alde aritu ziren nafar gudaroste guztiei ere halaxe esaten zaie. Nafarroan, 1936 hasieran, 6.360 errekete kide zeuden, 9 tertziotan banatuta. Urte haietan, karlismoak 30eko hamarkadako eskuin erradikaleko Europako bertze alderdi-milizien itxura bera hartu zuen (Alemaniako S.A., Italiako  Camicie Nere).

XIX. mendeko Karlistadak ondoren, idei horien presentzia nabarmena zen Baztanen, jauntxo aunitz karlistak ziren eta Errepublikan egindako hauteskunde guztietan eskuina eta karlismoa garaile atera ziren.

Altxamendua gertatu eta egun gutxira erreketeak agertu ziren Baztanen, eta haiekin batera baita Herio (heriotza) ere, abertzale, errepublikar, ezkertiar eta ateoa zen oro fusilatzeko izenekin osatutako zerrenda batekin etorri bai ziren, baina Elizondoko Andres Belzunegi apaizaren bitartekaritzari esker, zerrendakako iñor ez zen fusilatua izan, baina… fusilatuak bai izan ziren Baztanen. Lehenegoa, Oronozko Diputazioko bide-zaintzailea (guarda de caminos) Franciso Mula eta bertze bat Valeriano Ilzauspe Berroetarra “euskal nazionalista izateagatik” izan ziren. Mulari emakume batzuek salatu egin zuten eta mezatara ez joateaz akusatu zuten, eta horrek atxilotu eta Iruñea eramateko balio izan zion. Bidean, Lantzeko bidegurutzearen parean gelditu ziren, eta errepide ondoko pinudian hil egin zuten.
Francisco Mulak 25 urte eta hiru seme-alaba zituen eta Elizondoko Fortenea etxean bizi zen. Maiatzaren 16an, Artesiagan, seme batekin hitz egiteko aukera izan nuen, Ricardo izenekoa. Ricardo Mula Elizondon jaioa eta bere aita hil zutenean 3 urte zituena.

Valerianori Iruñako San kristobal presondegira eraman zuten eta han bertan fusilatua izan omen zen [2]. Bitxikeri gise, erran behar, berak zeukan ikurriña, Etxeberria etxean urte auniz tabike falso batian altxatu zutela eta gaur egun zahar-zahartue Elkartetxean gordetuta dago [3].

Erreketeak (eta falanjista batzuk ere) Elizondon bestak zirenenean (Santio egunean, uztailaren 25ean) iritsi ziren. Iritsi bezain laster, udaletxera abiatu ziren. Han, balkoitik behera bota zuten Errepublikaren bandera, hor doa trapua erranez. Behean zeudenek hankekin zapaldu ondoren, erre egin zuten. Ondoren Txokoton zegoen Elizondoko ikastola (Nafarro osoan bakarrik hiru euskal eskola baziren, Iruñan, Lizarran eta Elizondon) ixtea izan zen. Liburuak eta mahiak erre ondoren “cuartel de pelayos” artean idatzi zuten. Pelayosak erreketen gazteria zen eta gerra ondoren Elizondar gazte aunitz pelayoak izan ziren! Errekete bezala jantzi eta txapela gorriarekin kanta karlistak abestuz, desfilatuko dute.

Pelayoak

Mola jeneralaren Nafarroako Zutabeetan, Valenzuela kapitainaren agindupeko Elizondo izeneko errekete terzioa zegoen, errekete horiek ez ziren inoiz Elizondon egon, eta ez ziren handik igaro, eta ez ziren herri honetakoak.

Terzioa“, Mendiko Batailoiko Erreketeen 4. Konpainia deitua, Artaxoa, Larraga, Irunberri, Atarrabia eta Iruñerriko Karlistadekin osatua zegon, denak Laurean Valenzuela Kapitainaren agindupean

Mugairera joan ziren, eta handik Verara, non Konpainiako erreketeek karabineroen indarra desarmatuko dute. Une horretan Elizondoko “terzioa” 120 Errekete ditu eta une horri “Tertzio de Vera” deitzea zalantzan jartzen dute. 36ko abendutik 37ko otsailera biztartean, elizondo konpañia San Fermin izeneko “terzioan” sartuko da.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala.

http://www.requetes.com/elizondo.html

Wikipedia.

P.D 2015ean José Ignacio Irusta, Javier López Monreal eta Borja Pérez Illera epaitu zituzten. Urte eta erdi eta bi urte arteko espetxe-zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak hiru auzipetuei, eta ondorioz, ez zuten kartzelan sartu beharrik izan. Zigorra arina izan zen, mehatxuengatik bakarrik kondenatu zituztelako, eta ez legez kanpoko elkartzeagatik.

Oharrak

[1]- Bederen 2009an hamahiru alderdi politiko baziren Espainian, “Falange” izenpean, sigletan.

[2]- Maite Lacar eta Ana Telletxearen  “baztan solasian” liburuan agertzen den bezala, “Berruetako abertzale bat (ez da izena aipatzen) Iruñako presondegira eraman zuten…”

[3]- Bederen 2009artio

Read Full Post »

Iruritatik Eugira doan NA-1740 errepidean altxatu zen Bidegabeko Bidea, 1939 eta 1941 artean eraiki zuten frankismoaren esklaboen oroimenez. Inauguratu eta hamabi ordura, gauaren iluntasunaz baliatuz, atentatu bat egin dute. Oroigarria pintadaz beteta agertu zen atzo, Kristo Erregeren bizipenekin, altxamendu faxista goraipatuz eta Baztango herritar batzuk (Lander Santmaria kazetariari, Iker Frias historiatzaileari…) eta gorriak mehatxatuz, hainbat hondamendi eragiteaz gain.

Pitzamarreko oroigarria pintada faxistaz beteta.Argazkia justiciaymemoria.blogspot.

Urde faszistak, Falange de Baztan ustezko kideak dira eta gaur horretan ez zen izan egin zuten ekintza koldar bakarra. Iruritako eliza ere pintadaz bete dute, Jainkoak eta Espainiak eroritakoak goraipatuz, eta gerra zibilean tropa frankistetako kide gisa erori ziren bizilagun-izenekin. Baita ere, Arraiozen mehatxuak idatzi dituzte Xoterori zuzenduta.

Gertakari hauek ez dira berriaak eskualdean. Azken hilabeteetan, antzeko ekintzak izan dira Donezteben, Amaiurren, Beran eta, Elizondon.

Erasoak aurten hasi ziren eskualdean, Amaiurren Nafarroako subiranotasunaren aldekoen oroimenez egin zen ekitaldian (otsailan) pintadak egin zuten monolitoan, Donezteben jarraitu zuten pintadak egiten, kasu honetan arrazista eta xenofoboak ziren, islamari buruzko kultura-erakusketa baten aurka (“navarra es cristiana” eta holakoak). Elizondon Pirritx eta Porrotx pailazoen ekitaldia zela falange eta españa goratzen zuten panfletoak agertu ziren. Berrikiago, Beran eta Lesakan mehatxuzko pintadak erregistratu dira alkateen eta bertze auzotar batzuen aurka, baita ere bertze herri batzuetan, hala nola Arantzan eta Igantzin.

Baztanen ez da falanjerik eta Falanje Baztan siñatzen dutenak Baztanekin zerikutsi gutti dute, kalean zurrunurruak entzuten dira eta eraso hauen atzetik Sunbillan bizi berri den Bilbotar arraro eta frankista baten izena entzuten da.

Gizon tallak, espantu haundiek.

P.D.1- 2009ko Irailan, Falange y Tradición izeneko talde batek bere gain hartu zituen azken hilabeteetan Bidasoaldean, Iruñerrian, Erriberan eta Euskal Herriko bertze zenbait lekutan egindako eraso faxistak. Eskualdean Bera, Lesaka, Doneztebe, Elizondo, Arraioz, Irurita, Amaiur eta Pitzamarren erasoak (pintada mehatxugarriak) egin zituen.
Falange y Tradición taldea “mugimendu patriota espainola” dela dio ekintza hauek bere gain hartzerakoan, eta “egiazko Estatu nazional eta kristaua” nahi duela dio. Horretarako, bere esku dauden ekintzak “beharrezko ikusten duen unean” eginen dituela jakinarazi du, “bereziki aberriaren arerioen kontra, hala nola separatismo terrorista, komunismo kriminala eta liberalismo antikristuaren kontra”. Erran.eus 2009ko Iraila

P.D.2- 2009ko urrian, ‘Quimera’ operazioa egin zen eta Falange y Tradición eskuin-muturreko taldeko bortz kide atxilotuak izan ziren. Hoien artean taldeko burua, Jose Ignacio Irusta Sánchez, “El barbas” edo “el carlista” bilbotarra eta Sunbillan bizi zena.

P.D.3 – Epaituak izan ziren eta bi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Irustari, eta urtebete eta sei hilabetekoa López Monreali, El Lanasi eta Pérez Illerari. Helburu terroristekin egindako kalte eta mehatxuengatik absolbitu egin zituzten, eta inor ez zen kartzelan sartu, aurrekaririk ez izateagatik. “Operación Quimera”, bere izenari ohorea egin zuen eta horretan geldituko zen “Quimera” batean (Irudimenaren emaitza den ametsa edo ilusioa).

P.D.4- 2009ko abernduan Baztan-Bidasoa Antifaxista taldeak deituta, auzolanean txukundu zuten Falange y Tradicion taldeak erasotutako oroigarria.

Sarrera pintadak ezagutu eta berehala idatzi zen, gero “ondorengoak” urrengo hilabetetan gehitu ziren.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala.

Agresión fascista contra la escultura alzada en Artesiaga. Diario de Noticias. 2009.

Hainbat herritan pintadak agertu dira eta Irurita eta Amaiurko oroitarriak hondatu zituzten. erran.eus 2009.

La Guardia Civil desarticula el grupo de extrema derecha Falange y Tradición. Europapress/navarra. 2009.


Read Full Post »

Maiatzak 16an, Irurita-Artesiaga errepideko 13. kilometroan, Pitzamar alderdian, errepide hori egitera behartu zituzten preso errepublikarrei, omenaldia egin zaie.  Omenaldi polita eta xumea  Memoriaren bideak eta Geronimo de Ustariz intitutoa taldeak antolatuta izan da eta Baztango udalaren eta Irurita herriaren laguntza izan dute. Omenaldiaz gain,  frankismoak errepresaliatu zituen preso antifaxistak gogoratuko duen eskultura inaguratu  zen.

Bidegabeko Bidea izena duen oroigarria, Mikel Iriarte Arizkundarrak  altzairuz (corten) egindako eskultura bat da eta presoak erabili behar zituzten tresnak irudikatzen dira. Eskultura, harri puske batzuen gainean dago eta harri kozkor hauek, presoek baldintza okerrenetan pikatu behar izan zituzten harriek irudikatzen dituzte ere.

Bidegabeko Bidea. Frankismoak errepresaliatu zituen preso antifaxistak gogoratuko duen eskultura. Argazkia Pello San Millan

Gaur egungo NA-1740 errepidea (Irurita-Artesiaga)  gerra zibilaren ondoren (1939-41) eraiki zen eta 1.756 preso zatar, gosetuek, gaizki jantzita eta tratatuak, haietako aunitz inolako epaiketarik eta defentsarik gabe kondenatuak eta lan egitera behartuak eraiki zuten. 

Bortxazko lanetara zigortutako presoak (edo esklabuak) 18. eta 159. Langileen Batailoietako eta 12. Langile Soldaduen Diziplina Batailoiko kondenatuak izan ziren eta hoietako lau omendu zizaien Pitzamarren: Justo Urkijo, Pako Barreña, Pedro Aranguena “Bixkai” eta Angel Galar.

Bertsolariak, ohorezko aurreskua, txistulariak, txalapartariak eta lore sorta eskeintzaren ondoren, Lesakan bizi den buru garbiko 90 urteko Justo Urkijo bizkaitarrak hitza hartu zuen eta omenaldi berantiarra ia iahil ostekoa! (póstumo) zela, baina, hala ere, bere esker ona adierazi nahi zuela aipatu zuen.

Pako Barreñak, hau bizkaikoa ere, umore onez kontatu zuen nolakoa izan zen bizitza urte hoietan eta nola jasatzen zuten zigorrak, nola errepiderako harriak mazetaz pikatu behar ziren, nola sorbaldan eramaten zuten harriz betetako zakuak alanbrez lotuta, nola goseagatik  elurraren artean hilda zegoen oilo bat jan zuten eta nola “sariz” bezala kartzelez kartzel Afrikan “batallon disciplinario” batean akitu zuen.

Pedro Arangüena Bixkai“-ren alaba azaldu zuen bezala, aita bertan egon arren, pena zela zeren agian berandu samar egindako omenaldia zen, zeren orain gutti artio arras ongi zegon baina orain bertan zerbait apal zegon eta han gertatutakoaz apenas ulertuko zuen. Bixkai, goitizena dion bezala bizkaitarra da ere aske gelditu zenean Iruritan ezkondu eta Iruritan  bizitzen gelditu zen.

Angel  Galar ez zegoen, baina bai zeuden familiakoek bere aita ordezkatzen. Angel Erronkarikoa da.

Justo Urkijo, Bixkai, Pako Barreña. Argazkia Alicia del Castillo

Azkenik hitza  Ricardo Mula Katalandarra hartu zuen. Ricardo 1933 Elizondoko Fortenea etxean jaio zen eta bere aita, Franciso Mula Oronozko Diputazioko “celador de caminos zen. Faxistak altxatu ziren egun bazutara, Iruñatik iritsitako falangista talde batak Franzisko preso hartu eta Iruñera eraman zuten. Bidean, Lanz-eko bidegurutzeko arekan fusilatuta erail egin zuten. Gaur egun bidegurutzeko bazter batean bere omenezko oroigarri xume bat dago.

Baztanen errepide hau egin zuten preso batallonez gain, Baztan barna 3.486preso geihago zeuden bertze errepide eta instalazio militar eraikitzen. Erratzuko kuartelak edo kanpalekuak, Izpegiko bidea, Amaiurkko Punpulusta mendiko gotorlekuak…I

Iparraldearekin Baztango mugan zehar altxatutako , bunker eta gotorlekuen sarea, Mendebaldeko Pirineotako defentsa planaren barruan sartuta zegoen. Frankok beldurra edo susmoa zeukan II. gerrate mundiala akitzerakoan Frantziatik eta aliatuk lagunduta espaniar errepublikatzaleak sartu eta inbadituko ziotela!

P.D 1 Pedro Aranguena Mirandona “Bixkai” 2010ko urriarem 4an Iruritan zendu zen.

P.D 2 Justo Urkijo Bizkarguenaga “Lesakarra” 2013ko Urriaren 28an Leskan zendu zen. 2011an 96 urte zitella bere herriko bestetako txupinazoa eta lesakarren omenaldia jaso zuen.

P.D 3 Pako Barreña Elizegi Durangotarra 2010ko Irailaren 6an zendu zen.

Agur eta ohore askatasunaren aldeko miliziano eta eusko gudariak.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Recuperación de la Memoria Histórica en Irurita. Alicia Del Castillo. Diario Vasco, 2009.

Una escultura recordará en Irurita a los prisioneros de Franco. Ahaztuak1936-1977 bloga. 2009

Homenaje a prisioneros antifascistas. Unidad Civica Navarra por la Republica bloga. 2009

Read Full Post »