Joanden urtean utzi zigun euskaltzale, literaturzale, biltzaile, poeta, filologoa, dantzaria,irakasle…Joxemiel Bidador-rek, 2000 urtean zehar, Euskaldunon egunkarian, Baztandar euskal idazlei buruz idatzi zun, nortzuk ziren, nongoak, zer idatzi zuten…lan guzti hori zubitegia.armiarma.com web gunean aurkitzen ahal da, eta lan horren bidez, Baztandar hoiek ezagutzeko aukera dugu.

Idatzitako katezismoa
Nikolas Etxeberria Iturralde (1796-1845, Berroeta)
Juan Nikolas Anbrosio, Iruñan egin zun eliz ikasketak zenbait urte (Irigoien Dutari Iruñeko apezpiku erratzutarra irekiriko San Migelgo apezgaitegian) eta behin apeztuz gero, Berroetara itzuli zen erretorearen postua betetzera bere auzokideek hala eskaturik. Basaburuko hirian zortzi bat urte eman ondoren, Elizondora joan zen 1828.eko maiatzean Santiagoko erretore bezala eta han egonez 1845.eko maiatzaren 13an zendu arte..
Idatzitako artikulo batzuk eta Elizondon idatzitako hiru sermoiak gordetzen dira Nafarroako artxibategian. Baita ere izan zen Zabalkunde ikaragarrizko katetxima baten egilea: Christau doctrina Aita Gaspar Astetec erderaz escribitua eta orai escuaraz publicatzen duena, cembait gauza aumentaturic, Baztango Valleco Parroco batec cristau fielen instruccionearen deseyuz, 1826.ean ageri zena.
Anastasio Etxeberri Santxolur (1822-1907, Elizondo)
1822.eko apirilaren 17an Elizondon jaioa, aita Garaioakoa zuen, Baztan aldera joandako maisua, eta ama, aldiz, Orbaitzetakoa. Apeztu ondoren, Lesakan ibili zen, baña 1858rako Zugarramurdin erretore moduan zebilen, 1907an ,hantxe bertan hil artio .Argitaraturiko testuen artean, eta sermoiaren gaia dela eta, Zugarramurdin 1875.ean predikaturiko dantzen inguruko sermoia izan daiteke aipagarrienetakoa: «Cer erranen dugu, orraco berce yosteta eta zubec deitzen ttuzuben liberticione, demoniyuac ez bacarric erri andiyetan baicic oraiñ ttipietan introducittu edo sartu ttuben orietaz? Badaquizube ceñetaz naicen mintzo. Orraco diversio lotsa santuba galduerazten ttuzten orietaz. Orraco yostetaz ceñetan du doncellitac icasten obiago izanen lizaquiyena iracasten ezpalu; icasten baitu, aunitztan, honra, estimaciyua eta castidadia galzeco gaya diren gauzac».
Frantzisko Laphitz Arriada (1832-1905, Arizkun)
Baztango egilerik klasikoena eta behar baden ez bezain ezaguna. Nahiz eta sorterria Arizkun izan (bertakoa baitzuen bere ama Maria Josefa Arriada, Aintzialde auzokoa) Iparraldearekin lotura haundiagoa dauka. Frantziski 1832.eko irailaren 30ean jaio eta gutxira, aitaren herria zen Irisarrira aldatu ziren. Gazte zela, Hazparneko eskolan ikasketa klasikoak egin ondoan, apezgaitegian sartu zen, Uztaritzeko txikian lehenbizi eta Baionako nagusian gero, 1857an apeza eginik, Baigorrin erretore laguntzaile izan zen eta Baigorritik Zuberoako Altzaira egin zuen 1866.ean, han San Mixel Garikoitzen betharrandar “ordean” sartutz. Ameriketara joan zen misiolari bezala. Montevideoko El Cerro auzoan, Paraguayen eta Buenos Airesen ibili ostean, Platako hirian zendu zen 1905.ean.
Laphitz garrantzi haundiko pertsona izan zen Hego-Amerikako historia erlijiosoan. Erraten da, Ameriketara joatearekin euskal idazle haundia galdu genuela zeren itsasoz bestaldera joan aitzineko liburu bakarraren idatzitako maila, ikusgarria da!. Laphitzetik olerki bakarra ezagutzen da, 1862.eko Urruñako lore jokoetan aurkeztuakoat “Oderik edo Aita Santuaren soldadoa“, lehen aipamena jaso zuena, eta bere liburu bakarra 1867an inprimitutako “Bi saindu hescualdun bizia, San Inazio Loiolacoarena eta San Francisco Zabierecoarena” izenburua daukana.
Martin Goienetxe (1845, 1847, Elizondo)
Bonaparteren kolaboratzaile sutsua zen Bruno Etxenike urdazubiarrak Elizondoko bere etxetik paper mordoa helarazi zion printzeari 1856.eko irailaren 9an.Etxenikek bilduriko materialen artean, Elizondoko erretorea izaniko Martin Goienetxeren hiru sermoi gutxienez badaude. Hiru sermoi hauek, Baztango eta Otsagiko euskaran egina dauden eta, Rosa Miren Pagola filologoak Bonaparteren Ondareko Eskuizkribuak izenburuko bildumak irakurtzen ahal dira. Goienetxek baita ere itzulpenak eginen ditu eta Alonso Rodríguezen “Lección sacada de Rodríguez con algunas pequeñas variaciones y varias omisiones de retazos enteros” euskaratuko du
Damaso Etxeberria Iturralde (1834-1886, Elizondo)
Bordelen 1834.eko abenduaren 11an jaio izanan arren, elizondarra dugu Damaso. Honen aita Berroetako Martin Luis Etxeberria izan zen, Baztango alkate eta Karlista, Erreniagako borrokan zendu zena; ama, aldiz, Angeles Iturralde Aldekoa, Elizondoko Datue jauretxeko nagusia. Damaso bere aita bezala, Baztango alkatea izan zen, eta baita Karlisten partaidea ere. Ez zen oso idazle emankorra, baña, San Frantzisko Xabierrekoari eginiko bertso batzuen egilea dugu, 1857.eko urriaren 18an Bonaparte printzeak berak Elizondon bertan jaso zituenak : «Nafarroco hume noblea / Catedratico Parisen / Ygnacio duzu seguitzen / Ceruac manic bidea / Itzala munduco fama gucia / Daucazu despreciatua. / O saindu miragarria / Apostolu famatua / Yguzu Javier escua / Artzeco zure vicia».
Damaso Legaz Laurenzena (1838-1902, Arizkun)
Ama Elbetekoa eta berak B 1838.eko abenduaren 11an Arizkunen sortua. 1854an Iruñeko Donibaneko apezgaitegian sartu zen, ikasketak beka berezi bati esker in zun eta hortik aurrera, eliz karrera ikusgarria burutu zun: teologia katedratikoa, apezgaitegi kontziliarraren idazkaria, errektore ordea, teologiako doktoretza erdietsi zuen Valentzian, Iruñeko apezgaitegiaren errektore izendatua izan zen… eta ondarrian esan Tarazonako nahiz La Habanako apezpikua izateko aukerak izan zitun.
Egia esan, arras lan gutxi argitaratu zuen. Euskara elkartekidea izan zen sortu zenetik eta Campionen kolaboratzaile aparta izan zen.
Legazen euskal lanik ezagunena Asteteren itzulpena izan zen, Cristauaren icasbidea, Aita Gaspar Astetec eguina cein centzatua eta berretua aguertzen da euscarara biurtua Dre. D. Jose Oliver eta Hurtado Iruñeco Obispo chit arguiaren aguindez bere menecoen oitzaraco
Eliz lanak aparte bertzetako testuen itzulketak bazuen Legazek; ezagunena, Campionek bukatu gabe utzi zuen Los últimos navarros izan zen, 1878.eko Euskara aldizkarian «Baztander batec» sinaturik agertu zena; Nafarroako konkistaren azkenengo egunetan giroturik, Baztango juradoak Gaztelaren kontra jo behar zutenentz erabakitzeko bozka egiten ari ziren, eta ezetz, borroka gehiagorik egin behar ez zutela onartu ostean, Zigako Martin Ulibarri honela mintzo zen: «Egun da lembicico aldia Baztandarra izateaz alquetzen naicena. Uste dut mendiec eztali dutela goibeletan bere burua gu ez icusteatic; ez tugu beñere, beñere mancha au garbituco».
Juan Kruz Goienetxe Elorga (1857-1925, Elbete)
Amaiurko erretorea izan zen eta buruzko berria Mariano Izetak eskeini zigun. Elbeten 1857.ean jaioa, Iruñeko apezgaitegian sartu zen, eta Luzaiden egon ondoren Amaiurrera bidali zuten, erretore bezala ,1925.eko apirilaren 29an zendu arte egonezn. Goienetxeren ezaugarriren bat nabarmendu beharko balitz, horixe da bertako kulturarekiko zuen jarrera baikor eta aktiboa; Amaiurko gaztetxoendako Latin Eskola ireki zuen herriko apezetxean, eta bertzealdetik ere, Nafarroako Monumentu Historikoen Batzordeak Baztanen zuen ordezkaria genuen. Horregatik ere, Batzordeak 1920.ean Amaiurren eraiku zuen oroitarriaren inguruko ekitaldi guztietan parte hartu zuen. Euskararen alde Nafarroan burutu ziren bestelako ekitaldietan ere arras nabarmengarria izan zen Goienetxeren parte hartzea, esate baterako 1908.ean Auzan eta Elizondon, eta 1910.ean Lekunberrin ospatu ziren lore jokoetan, euskarazko predikuak zein hitzaldiak ematen. Euskaltzaindiak 1923.eko irailean Donezteben antolatu zituen Bigarren Euskalegunetako Itzaldietan Martin Azpilkuetari buruzko mintzaldia dugu, hil ostean argitaratu zena. Honetaz aparte, Goienetxek hainbat lan argitaratzeke utzi zizkigun, bederatzi ipuin idatzi zituen Goienetxek: Artzain lapurra, Doministikun-doministiku, Errege zorria, Euna ta ongarria, Ikazkina ta erioa, Txerri usaina, Urtsuko ermitan, Zeruko berriak eta Landaberroko afaltiarra, eta gainera, bertsoegilea izan omen zen.
Joxemiel Bidadorren lana, bertze zazpi idazlekin segitzen du; Bittorio Apeztegia, Paskual Benardino Biguria Ozta, Jose Tadeo Biela Lopez, Jabier Lazkoz Biguria, Paulao Arozarena Urrutia, Blas Fagoaga Ariztia eta Jazinto Sanziñena Ibarrondokin, baña bertze baterako utziko dugu, posta hau sobera ez luzatzeko. Hurrengo batetan aipatuko ditugu eta ez nuke lehenego atal hau itxi nahi, gaur egun daukagun Baztandar Euskal idazle bakarra aipatu gabe, bera Hasier Larretxea Arraioztarra da eta orain arte hiru poemarioak argitaratuak ditu; Eguraldi lainotsua (2001) eta Bazaudete? (2004) eta Azken bala (2008).