Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Nafarroa Oinez’

Nafarroa Oinez lehenengoz 1981eko ekainaren 21ean egin zen, Altsasun. Itxaropenak gainditu egin zituen, izan ere 30.000 pertsona baino gehiago joan ziren ekitaldiri hartara. Altsasun egina zenez Nafarroa Garaian euskaraz irakasten zen lehenbiziko ikastetxea, ekitaldia hantxe egitea erabaki zuten. 18.000 euro (hiru milioi pezeta) irabazi ziren (wikipedia).

Nafarroa Oinez 82ko logoa. Irudiaren egilea Martin Garde ikastolako aita izan zen,

Urtebete geroago, bigarren edizioa Elizondon ospatu zen Baztan Ikastolaren eskutik. Orduan, Baztan ikastolak berrehun eta sei haur zituen, eta bi egoitza zahar eta murritzak. Bata Elizondon zegoen (Eskola Nazionala izan zena) eta bertzea Elbeten, bi egoitzak desegokiak ziren eta ez zuten institutuen laguntzarik, beraz festa “berri” hau ospatzera behartuta egon ziren.

 Uztailaren 18an ospatu zen, goiburua Oinez’82 izan zen eta irudiaren egilea (logoa) Martin Garde Lek○ arra izan zen, garai hartan ikastolaren aita eta Baztango Udaleko kultura saileko zinegotzi izandakoa. Logotipo honen bidez, euskararen berreskurapena urratsez urrats, oinez, lortuko dela adierazi nahi nuen. Logotipo hori lortu zuena gure barrenean sartu eta betiko ikono bat izatea izan zen.

Lan handia egin ondoren, dena ondo atera zen, antolakuntza eta giroa apartekoa izan zen, eguraldi onarekin hamabi mila lagun hurbildu ziren Baztanera. Euskal Herriko txoko guztietatik etorri ziren oinez ibiltzera Elizondo eta Lekaroz arteko zirkuituan. Garai haietan ez ziren gaur egun ezagutzen ditugunak bezalako guneak, baina musika, dantzak eta festa giroa bazter guztietan zeuden.

Jende ezaguna etorri zen, tartean Karlos Garaikoetxea, garai hartako Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaria, Txillardegi (Telesforo Monzonen alarguna), Jose Mari Satrustegi (apaiza, etnologoa…) pregoi polemikoa bota zuena… baina beti bezala (edo aunitzetan bezala) Nafarroako Diputazioko ordezkariak ez ziren etorri, muzi egin zuten.

Pedro Echenique eta Garaikoetxea. Elizondo 1982.

Mila pertsona baino gehiago aritu ziren antolakuntzan. modu batean edo bertzean lagundu zuten. Batzuk zikiroa prestatzen, bertzeak janaria zerbitzatzen. Herri bazkaria izan zen jaiaren ekitaldi nagusia. Bazkarian mila eta bortzehun bat lagunek hartu zuten parte, eta menu arras baztandarra dastatzeko aukera izan zuten; baztanzopak, piperrada, zikiroa, postrea eta doike! kafea eta kopa.

82ko Nafarroako Oinez hura, ezin da alderatu gaur egungoekin, bertaratzen den jende kopuruarekin, ekitaldiekin, marketinarekin… baina aunitz txikiagoa eta xumeagoa izan arren 3,5 milioi pezeta biltzea lortu zen (zirkuitoan sartzean ordaintzen zen “km-ak” erosiz) Gaur egun ez da diru aunitz, baina garai hartarako arras ongi egon zen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala.

Baztan ikastola 25 urteurrena 1970/1995

P.D. Sarrera hau, urte hartako Nafarroa Oinez-etik (Etxarri Aranatz 2009) itzuli ondoren egin zen eta garai hartan Baztan Ikastolako aita eta ikasle ohia nintzenez hainbat oroitzapen desblokeatu nintuen.

.


.

Read Full Post »