Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘korrika’

Nahiz eta Goseren abestia “pausoz pauso… gelditubarik” izan, guk “herriz herriz… gelditubatik” aldatu diogu, zeren Astelenian (apirilak 11) Maitatu, ikasi, ari… eus­ka­­­la­kari lelo­pean gure zoko hontara, iritsiko da 17. Korrika.

  Baz­tanen 45,2 kilome­tro eginen    ditu: Goiz goizetik Eugin bar­­na  Artesiagako lepotik Iruritara sartuko da eta N-121 B errepideari segituz,  Irurita, Gartzain, Elizondo, Elbete eta Arizkundik pastuko da, hortik Erratzura abiatuz, eta Erra­tzun buelta hartu eta Arizkungo bidegurutzetik pastuz, berriz, Elbete, Elizondo, Gar­tzain, Irurita, Arraioz eta Oronoz-Mugairi igaroko ditu, NA-1210 errepidetik Bertzaranara bideratuz.

Baztango bazterrak euskalakariz beteta egoteko hona hemen herriz herri ta horduz hordu-ko taula.

Artesiagako lepoa 07:58:10, Irurita (Eugiko bidegurutzea) 09:43:40 Gartzain (NA-121/49km) 09:54:43, Elizondo (NA-121/50km) 10:01:13

Elbete (NA-121/51km)10:07:43, Arizkun (Herri sarrerako kartela)10:33:43, Erratzu (NA- 2600/2km) 10:49:07

Arizkun (bidegurutzea) 11:27:19, Elbete (NA-121/54km) 11:42:16

Elizondo (Ikastolako parkea) 11:53:58, Gartzain (NA-121/49km) 12:05:01

Irurita (NA-121/48km) 12:11:31, Arraioz (NA-121/46km) 12:25:31

Oronoz (herriako bidegurutzea) 12:43:04

Baino egun hartan euskararen aldeko lasterkaldia nondik doa eta nola doan, hoberen irratia piztea (edo ordenagailua) eta Xorroxinen bidez (bai uhinatan edo on-line) segitzea izango da zeren bertze urteak bezala  korrikaren segimendua inen dute, minutuz minutu, orduz orduz eta herriz herri.

korrika1.jpgKorrikaren aurtengo omendua 1919­an sortu zen Euskaltzaindia izanen da.  Bidaiako puntu hunetara  iristeko ez da ibilbide laxaia izan, “hamaika” oztopo, gaitz ulertzeak, trabak…gainditu behar izan dira. . Post hontan korrikaren 17 edizioko  ibilbideak, hasierak, leloak, bitxikeriak aipatuko dugu.

Lehenengo KORRIKA 1980ko azaroaren 29an hasi zen Oñatin eta 1820 kilometro  egin ostean, Bilbon bukatu zen urte bereko abenduaren 7an, KORRIKA EUSKAL HERRIA! leloa zeukala. 0 kiometroa Jose Mari Satrustegi euskaltzainak eta Oñatiko Txantxiku ikastolako lau haurrek in zuten. Bilboko azken kilometroa, AEKren Batzorde Nazionalak egin zuen, ordutik egin diren korrika guztietan bezala.

Korrikaren lehenengo ediziotik erabaki zuten AEK-koek edizio bakoitzean euskararen eta irakaskuntzaren alorrean nabarmendutako norbait omentzea, eta euren irakasle eta irakasleen irakasle izandako Xabier Peña Albizu hautatu zuten lehenengoan.

Lekuko barruan zihoan mezua Rikardo Arregik 1966ko Otsailaren 17an Euskaltzaindiari idatziriko eskutitza zen. Bertan Arregik Euskaltzaindiari Alfabetatze saila sor zezan proposatzen zion, jendeak euskaraz irakurri eta idazten ikastea ardura nagusi baitzuen.

Honen harira sortu zen korrikaren inguruan izan diren polemiketako lehena. Lekuko barruan zihoan mezua, Oñatitik Bilborako bidean galdu zen nonbait. Bilbora helduta, jatorriko mezua galdua zela konturatu zirenean antolatzaileak, gordeta zuten fotokopiaren bila hasi ziren. Baina biztartean, amaiera ekitaldia ez eteteko, egitarauan ondoren zetorren AEKren diskurtsoarekin hasi ziren. Julen Kaltzadak diskurtso inprobisatu bat bota zuen, aurreikuspen guztiak gainditu zirela aipatu eta AEK-k kanpaina berriarekin zituen helburuak aletu ostean, korrikaren amaiera festan egoterik ez zutenak ekarri zituen gogora. “Euskal Herriaren alde lan egitearren bizia galdu dutenak. Euskal Herriaren alde lan egitearren kartzelan usteltzen daudenak. Komisaldegietan torturak sufritzen dituztenak, torturak hartuko dituzten beldurrez angustiaturik daudenak… Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Euskalduna! Gora langileria! Gora langileri euskalduna!” oihuekin amaitu zen hitzaldia. Diskurtso inprobisatuaren azken esaldiek susak piztu zituzten eta giroa gaiztotu egin zen.

KORRIKA 2 1982ko maiatzaren 22tik 30era bitartean burutu zen. Iruñan hasi eta Donostian bukatu zen. Bigarren korrika honetarako aukeratutako leloa “AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde” izanez.

Jose Maria Jimeno Jurio historialariak eman zion hasiera bigarren korrikari eta omendua Rikardo Arregi izan zen eta, oraingoan bai, iritsi zen Donostiara Rikardo Arregik berak idatzitako eskutitza eta lau orduko atzerapenaz edo urtebetekoaz erran behar, Julen Kaltzadak irakurri zuen Donostiako Bulebarrean.

Lehenengo korrikaren bukaeran gertatutakoak eragina izan zuen bigarren korrika honetan eta hainbertze oztopo izan ziren korrikaren atarian. Korrikaren lehen edizioan amaiera ekitaldian Rikardo Arregiren mezua ez irakurri izanak asko gaiztotu zituen AEK-k Euskaltzaindiarekin eta EAJrekin zituen harremanak. 1981eko ekainaren 21ean AEK Euskaltzainditik kanpo geratu zen. Horrez gain, Korrika 2 Iruñatik abiatzeko faltatzen zirenean 8 egun, alderdi jeltzalearen Euskadi Buru Batzarrak komunikatu bat egin zuen publiko. Korrika diruz ez laguntzea eskatzen zuen komunikatuak. Baita ere, Francisco Javier Ansuategi, Nafarroako Gobernadore Zibilak, ez zion baimenik ematen AEKri korrikak Nafarroa zeharkatzea. Ondarrian, eta hainbertze gestionak iñez, Iruñetik hastea lortu zen.


KORRIKA 3k, 1983ko abenduaren 3an Baionan hasi eta 1960 kilometrotako ibilbidea egin ondoren, abenduaren 11n berriz ere Bilbon bukatu zen , “Euskaraz eta kitto!” lelopean.

Itsasuko Peio Dospital rugbilariak egin zuen lehen kilometroa eta Gabriel Aresti idazlea omendu zuten

KORRIKA 4a, 1.985eko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra bitartean izan zen, Atharratzetik atra ta Iruñean akitu, 1927 kilometrotako ibilbidea eginez. Korrika 4rako aukeratutako leloa “Herri bat, hizkuntza bat” izan zen.

Zuberoako langabetuen batzordeen ordezkari batek hartu zuen lekukoa lehen kilometroa egiteko eta omendua Lapurdiko Luhuson jaiotako Piarres Lafitte euskaltzaina eta idazle haundia izan zen.

5. KORRIKA 1987ko apirilaren 3tik 12ra egin zen, Hendaiatik Bilbora 2.085 kilometrotako ibilbidea, “Euskara, zeurea” leloa izanez. Lehen kilometroa, Xalbador ikastolako ikasle batek egin zuen kazkabarra gogotik ari zela ta.

Balendin Enbeita, Muxikan jaiotako bertsolari handia omendu zuen 5. korrikak eta bere seme Jonek, AEKren Batzorde Nazionalarekin batera azken kilometroa egin ondoren, kantatu zuen Bilboko helmugan lekuko barruan zetorren mezua.

Korrikaren 5. edizio honetan jaio zen gerora ezinbesteko bihurtu den korrikaren euskarrietako bat: bizkarreko ala petoa.

6.KORRIKA 1989ko apirilaren 14ean hasi zen Iruñean, 2100 kilometro egin ondoren, Donostian bukatuko zen, “Euskara Korrika eta kitto – Euskal Herriak AEK” leloa erabiliz.

001.jpgLehen kilometroa Iruñeko Dantzarien Elkarteko ordezkari batek egin zuen. Jose Migel Barandiaran, izan zen omendua, eta omenduetako lehena bizirik zegoela.

Hotan ere, EAJk eta EEk korrikari diru laguntzarik ez ematea prentsa ohar bat bidali zuten, baña alderdietako ordezkari batzuk korrikan partea hartzeaz gain sosakin lagundu zuten. (eskuineko argazkia, Mariato blogetik artuta dago.)

KORRIKA 7 Gasteizen hasi zen 1991ko matxoaren 15ean, Baionan bukatuz hilabete berberako 24an. Lehenengo aldia izanez Iparralden bukatzen zela. Lehen kilometroa Abel Enbeita bertsolariak egin zuen eta azken kilometroaren azken zatia Sabin Gaztañaga, Bizkaiko AEKren arduradunak egin zuen, jadanik gaixo zegoena eta 1991n bertan hilgo zena. Korrika 7k 1990ean zendutako Remigio Mendiburu eskultorea eta lekukoaren egilea, omendu zuen.

KORRIKA 8 Iruñean hasi ta Bilbon bukatu zen, 1993ko martxoaren 26tik apirilaren 4ren tartean.

Denok maite dugu gure herria euskaraz” izan zen leloa eta Martin Ugalde kazetari, historialari, idazle eta kultur eragilea omendua. Martinek berak egin zuen AEKrekin batera Bilboko azken kilometroa, biloba zaharrena ondoan zuelarik, Joxemi Zumalabe zenaren emazte eta seme alabekin batera, lekuko barruan Zumalaberen mezua baitzihoan. AEK-ko herrialde arduradun izandako Sabin Gaztañaga zenaren gurasoak ere multzo berean ikus zitezkeen.

Edizio honetan jaio zen, Korrika Kulturala baita ere edizio honetatik aurrera zautu dira korrikaren kanta eta bideo ofizialak eta korrika hortako kanta Tapia eta Leturiak egin zuten, Jon Sarasua bertsolariaren hitzak oinarri.

KORRIKA 9 1995ean izan zen, Donibane Garazin hasi eta Gasteizen bukatuz eta “Jalgi hadi euskaraz” leloa bezala.

Lehen kilometroa Donibane Garaziko gau eskolako ikasle zein irakasleek egin zuten. Omendutakoa Mikel Laboa kantari donostiarra izan zen eta azken kilometroan ere parte hartu zuen Mikelek, AEK-ko ordezkariekin batera.
 

korrika-93.jpg

KORRIKA 10 Arantzazun hasi zen, 1997ko martxoaren 14ean eta 23an Bilbon bukatu zen, “Euskal Herria Korrika!” izanez leloa.

18 urtez Euskaltzaindiko buru izandako Luis Villasante izan zen omendua eta berak egin zituen hasierako metroak eta lehen metroak egin ostean, zazpi herrialdeetako ordezkari anonimoei eman zien lekukoa. Azken metroak Joan Mari Torrealdaik eta AEK-ren ordezkariek egin zituztelarik, berea, Torrealdairena, baitzen lekuko barruan zetorren mezua. (Argazkian urte hortako Baztango ikastolako “korrikalariek” korrika itxarotzen)

KORRIKA 11 1999ko martxoaren 19tik 28ra biztartean egin zen . Iruñetik Donostiarainoko ibilbidean “1+1=hamaika. Zu eta ni euskaraz” leloa erabiliz.

Omenduak, hamaika izan ziren, hainbat giza esparruta desberdiñetakoak; lan munduaren ordezkariak, irakaskuntza arloan, Iruñeko Euskalerria Irratia, euskal komunikabideen izenean, euskararen erabilera kirol munduan sartzeko hainbertze ahalegin egindako Jose Angel Iribar

Korrika honetan AEK-k eta Eusko Jaurlaritzak urteetako “gerra”ri amaiera eman zioten, urte batzuk lehenago 1997an akordioa sinatuz. Akordio hori 11. Korrika honetan eragin zuzena izan zuen: lehen aldiz korrikaren historian, Eusko Jaurlaritzak eta Jaurlaritza gisa Korrikan parte hartu zuen, Donostiako azken aurreko kilometroa Mari Carmen Garmendia Kultur Kontseilariak egin zuelarik lekukoa eramanez.

Azken kilometroaren azken metroak, AEKrekin batera, Ramon Labayenek egin zituen, lekuko barruan zetorren mezuaren egileak…

 KORRIKA 12, 2001eko martxoaren 29an hasi Gasteizen eta apirilaren 8an Baionan bukatuz, globalizazioaren milurtekoaren hasieran “Mundu bat euskarara bildu” leloa erabiliaz.

Gasteizen egin zen lehen kilometroan, Karmona  Alaves Futbol Taldeko kapitaina zena, eraman zuen lekukoa. Karmonari Juan Jose Ibarretxe lehendakariak kendu zion lekukoa 2. kilometroa egiteko eta horrela, korrika egin duen lehen lehendakaria izan eta bakarra izanez.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea omendu zuten.

Omenaldia gauzatzeko ekitaldi berezia prestatu zuen korrikak, beren beregi omenaldirako sortua (lehen aldiz) eta Donostiako Kursaal aretoan burutu zena, ekitaldi bakarrean, Koldo Izagirreren testua oinarri, Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean. Ekitaldiaren grabaketa bideo formatuan plazaratu zen gero. Ordutik aurrerako korriketan ere erabili izan da halako ekitaldien gauzapena omenaldi gisa.

Baionako azken kilometroan Andoni Egaña bertsolariak, orduan Euskal Herriko txapelduna zenak, eraman zuen lekukoa eta berak kantatu oholtzatik barruan zekarren mezua, berak egina.

 KORRIKA 13 2003ko apirilaren 4tik hilbereko 13artio izan zen, Maulen hasiz ta Iruñean bukatuz.

AEKrekin Herri bat geroa lantzen” izan zen 13. edizio honetako leloa.

Mauleko plazako kioskoan hasi zuen 2150 kilometrotako ibilbidea lekukoak Jean Louis Davant euskaltzain zuberotarraren eskutik.

Euskaldunon Egunkariaren itxierak eta horrekin batera izandako atxiloketa eta auziperatzeek markatu zuten goitik bera Ez dok hamahiru mugimendua eta eurekin batera berpizkunde kulturalean berebiziko garrantzia izan zuen belaunaldi oso bat omendu zuen Korrika 13k.

Edizio honetan lehen aldiz korrika-aek bekaren deialdia izan zen, eta Tentazioak irabaziko zuena “Metxa” antzerki obrarekin. Edizio honetan, baita ere, Korrika Laguntzailea kanpaina eta txartelaren sorrera, egoera ekonomikoaren larria bai zen. Aipatzen da kanpaina hura martxan jarri ez bazen, zihurhaunitz korrika ez karrikara aterako.

Korrika Iruñera ailegtzea zegoela, udalarekin arazoak sortu ziren eta Nafarroako Gobernuak korrika Iruñean sartzea debekatu zuen. Antolatzaileek tribunaletara jo zuten eta auzia irabazi zen, lortuz Martxelo Otamendi lekukoa eskuetan eta jende haunitz inguratuta, Iruñeko Foru Plazan sartzea. Han bertan Martxelok irakurri zuen lekukoak kartzen zuen mezua, (berak idatzia komisaldegitik atera bezain fitr)

KORRIKA 14, 2005eko martxoaren 10ean hasi zen Orreagan eta Bilbon amaitu zen martxoaren 20an, “Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai!” leloarekin.

Omenduak, euskalduntzeko erabakia hartu zuten/duten milaka eta milaka herritarrak izan ziren, bai helburua lortu zutenei ta baita ere bidean gelditu zirenak edo direnak, horien guztien ispilu eta ordezkaritzat hartuz, Andolin Eguskitza euskaltzaina. (Andolin Korrika hasi baino hilabete batzuk lehenago zendu zen) 

Ondarreko kma AEKrekin batera Andolin Eguskitzaren senideek egin zuten. Mezua, Andolinek idatzitakoa Tere Irastortzak, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria  irakurri zun.

KORRIKA 15 2007an egin zen, martxoaren 22an  Karrantzan hasi eta apirilaren 1ean Iruñean bukatuz.

Heldu!” izan zen leloa baña hainbertze azpi-lelo erabili ziren: “Heldu hitzari!”; “Heldu lekukoari!”; “Heldu elkarlanari!”; “Heldu euskarari!”; “Heldu Herriari!”.

 Euskal Emakumea omendu zuten eta korrikaren ibilbidean, ehunka izan ziren lekukoa eraman zuten emakumeak.

Iruñeko azken kilometroko azken metroak Xabier eta Miren Amuritzak egin zituzten, lekuko barruko mezua, eurek egiña irakurri zuten.

KORRIKA 16 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era biztartean korritu zen. Tutera hasiz eta Gasteizen amaituz guztira 2503 kilometro egin ziren, izanez ordura arte korrikarik luzeena.

korrika1640.jpgOngi etorri!. Euskaraz bizi nahi dugunon Herrira.” izan zen leloa. Ongi etorri hori Euskal Herriko milaka biztanlek “ongi hartu” dutela frogatu ahal izatea izan zen AEKren eta Korrikaren erronka pozgarria.

“Euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei, baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere” egin zien Korrika 16k bere omenaldia. Omenaldia gauzatzeko AEK-k ordu betetik gorako dokumental bat prestatu zuen Bidaia intimoak izenekoa eta Jon Maiak zuzendutakoa. Bertan lau pertsonaren bizipenak kontatzen dira, eurek, euskarara egindako bidaiaren nondik norakoak, barru sentipenak, bidaiak eman diena-eta kontatzen dutelarik. (Argazkin, korrika 16 Anizko herria uzten.  Korrika 16 Baztandik pastu zeneko argazki gehiago, gure pikasan)

Korrikaren amaieran Pirritx eta Porrotx pailazoek irakurri zuten lekuko barruan zegoen haiek idatzitako mezua… ta aurtengoan…nik, Artesiagan itxaroko diot 9 aldera, kuadrillak hor bai dauka kma erosia 

Post hau iteko, Auñamendi eusko enciklopediatik informazioa atra dugu hain zuzen euskomedia webguneko, 2010ko Edurne Brouard-en korrikaren “historia laburra“, idazlanatik.

Baita ere herriz herrizko ordutegia Ttippi-ttapa.net-ik kopiatua izan da.

Aurtego kanta deskargatzeko, korrika.org webgunean.

Read Full Post »