Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Juan Gregorio Bazán’

Villeta, Paraguai ibaiaren ertzean dagoen Paraguaiko udalerri bat da. Asuncionetik 33 kilometrora dagoen hiri industriala eta portu-hiria da. Gaur egun 42.000 biztanle inguru ditu eta 2014 urtean 300 urte bete zituen sortu zenetik.

Nahiz eta gaur egun Villeta (villa txikia) izenarekin ezagutzen den, sortu zenan “San Felipe de Borbón en el Valle de Baztán” izena jarri zioten.

Hiria 1714ko martxoaren 5ean San Felipe de Borbón en el Valle de Baztán bezala sortu zen. Izenaren lehenengo zatia Felipe V.a espainiar subiranoaren omenez jarrita zegoen (Borboien dinastiako lehen errege hispaniarra zen) eta bigarrena “en el valle de Baztan” hiriaren sortzailearen familiaren jatorria aipatzen zuen.

Hiriaren 300 urteurrena ospatzeko eraikitako monumentua. Erdian Baztango armarria eta “Baztan” izena idatzita ikusten ahal da.
Argazkia bienvenidoaparaguay.com

Hiriko sortzailea garai hartako Paraguaiko Probintziako gobernadore zen Juan Gregorio Bazán de Pedrazak izan zen. Juan Gregoriok 1665ean Tucumáneko (Arjentina) Todos los Santos hirian jaio zen. 1713-1717 biztarte (hil zen arte) Paraguaiko gobernadore eta kapitain nagusia izan zen.

Real Academia de Historia webguneko biografían dioen bezala, konkistatzaileen semea zen eta familia bere aitatxirekin XVI.mendearen bukaeran Gaztelako Talabera de la Reina-tik etorria zen. Bazan leinuko (linaje) adar hau Talaberan, bederen XV. mendetik errotua zegoen eta Bazan izeneko guztiak bezala, armarria gise zuri beltzeko xakea zeukaten eta harro kontatzen dute bere abizenaren jatorria;

Diotenez, Bazanen leinua, 1135ean Gartzia Ramirez erregeak sortutako Nafarroako Erresumako “ricohombres” hamabietako bat zen. Bazandarrak Nafarroa, Aragoi eta Gaztelako errege etxeetatik datoz, eta Baztango haraneko jaun eta jabe izan zirelako abizen hori hartu zuten. Etxeko eta Baztango haraneko lehen andrea Maria Bazan andrea izan zen, Fortun Iñigezekin ezkondu zena.

Bai Bazan leinua eta abizena Baztan haranatik dator, hain zuzen Ontzalu Ibañez Baztangoa-tik.  XIII. mendeko Nafarroako handikia zen (Baztango jauna) eta bere leinu extxea Iruritako Jauregizarrea zen. Nafar erresumeko  errege-alfereza izan zen. Nabarreriako Gerran, Frantziako Filipe III.ak jarritako Eustache Beaumarchais gobernadorearen aurka borrokatu zen, eta Nabarreriaren suntsipena eta Sarraski handiaren bezperan ihes egin zuen nobleetako bat izan zen hura hil eta suntsitu bezperan Nabarreriatik ihes egin zuen nobleetako bat izan zen. Horregatik konfiskatu zituzten bere lurrak eta jabetzak eta Gaztelan babestu behar izan zen.

Hortik aintzin Baztan leinua Gaztelako Koroan zabalduko da eta bere oinordekoak Valduerna eskualdean errotuko dira eta “z” galduz abizena Bazan geldituko da.

Bazan hoietako bat, Gregorio izenez 1440 inguruan Talaberan ezarriko da eta hiru mende geroxago bere ondorengo bertze batek, arbasoak omenduz nahian Nafarroko haran baten izena jarriko dio berriki Paraguaien Espainiako lurraldea hedatzeko eta Chacotik iristen ziren indigenen aurrean interesak babesteko helburuarekin sortutako hiriari.

P.D. Zenbaiten ustez, hiriaren izena “San Felipe de Borbón en el Valle de Baztán en los campos del Guarnipitán” izanen zen, baina ez dago hori berresten duen dokumenturik eta garaiko aktek ez dute aipatzen “Guarnipitango eremuetan”.

Sarrera hau egiteko erebili den materiala:

Villeta (Paraguay). Wikipédia.

Bazán de Pedraza, Juan Gregorio. Real Academia de Historia.

Gonzalo Ibáñez de Baztán. Wikipédia.

Read Full Post »