Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘José Ignacio Irusta Sánchez’

2008ko urritik eta ia ia urte batez, Euskal Herri osoan hainbat eraso faxistak egin ziren, eraso hoien aurka 2009ko urriaren 11n, igandea, kolektibo antifaxistek Falanjearen aurkako protesta ekitaldia egin zuten Iruñean. Hurrengo egunean, Donezteben, jende ugari “antifaxismoari stop” lelopean baita ere manifestatu ziren. Manifestazioa gure eskualdean eta Euskal Herri osoan aurten izan diren eraso faxisten aurka izan zen. Eraso horien egileak “falanje y tradición” izeneko taldea izan da. Talde faxista horren lehen ekintza dure eskualdean Donozteben izan zen, non Islamari buruzko erakusketa baten aurkako pintadak egin zituzten. Gero, pixkanaka, beren ekintzak eta mehatxuak Euskal Herri osora hedatu ziren; Bilbon, Irunen, Tolosan… eta batez ere Nafarroan; Tuteran, Orkoienen (Pasionaria kalearen aurka), Iruñean, Arbizun, Lesakan, Beran eta baita Baztanen ere: Amaiurko monolitoaren aurka egin zuten lehen erasoa, Arraiozko eta Iruritako zinpeko alkateak ere mehatxatu zituzten, pintadaz bete zituzten Elizondoko eta berriki inaguratua izan zen Pitzamarreko (Artesiagan) oroigarriak. Beren pintadetan baztandar ezagun batzuk mehatxatu zituzten eta erasoak Falanje Baztan bezala sinatuak izan ziren

Pitzamarreko oroigarria Falanje Baztan taldearen erasoaren ondoren. Argazkia Diario Vasco.

Falanje Baztan, Falange y Tradición (FyT) eskuin muturreko talde terroristaren atal bat da, eta badirudi Español Falanje mugimendu faxistaren bertze zatiketa bat dela; Falanje Auntentica, Falanje Española, La Falanje, Falanje de la JONS…(hamahiru alderdi politiko daude Espainian, “Falange” izenpean, sigletan) [1]. Talde terrorista horrek era guztietako erasoak egin zituen 2008 eta 2009 urteetan, geroago ohar baten bidez onartu zituztenak. Guztira, hogeita bortz eraso baino gehiago egin zituzten. Erasoak independentismoarekin eta komunismoarekin lotzen zituzten pertsonen mehatxuak eta frankismoaren biktimak oroitzeko monumentuei izan ziren, hala nola Pitzamarreko Bidegabeko Bideari oroigarria.

2009ko irailaren 22ko agirian, “Movimiento Patriota Español” izena jarri zion bere buruari, eta Espainian erregimen politiko kristaua eta nazionala ezartzea zuen helburu. Aberriaren etsaiak zirela erraten zuen, eta horregatik separatismo terroristari, komunismo kriminalari eta kristautasunaren aurkako liberalismoari eraso ziezaieketela.

FyT-k 2009ko urrian jardun zuen azkenekoz, Guardia Zibilak talde hori desegintzat jo baino egun batzuk lehenago, hilaren 23an, “Quimera” operazioan ustezko bortz kide atxilotu baitzituen. Honako hauek ziren; José Ignacio Irusta Sánchez, “El Barbas”, Bilbokoa, baina Sunbillan bizi zena eta taldeko buruzagia zen; Borja Pérez Illera, Irunen (Gipuzkoa) jaioa, Zaragozako Villanueva de Gállego herrian atxilotua eta probintzia horretan armadako soldadu profesionala zena; Javier López Monreal, “El Lanas”, Orkoienen atxilotua; eta David Murillo Eslava eta Fermín Domingo Turrillas, biak Barañainen atxilotuak.

Falangeak ziurtatu zuen ez zutela ezagutzen “Falange y Tradicion” taldea, ezta Nafarroan atxilotutako lau kideak. Baita ere Falanje de la JONS eta Falange Autentica bezalako alderdiek ere ez dutela inolako loturarik atxilotuekin aipatu zuten, alderdi horietan eta Falangean “inoiz militatu ez dutelako”.

Falange y Tradizioak “mugimendu frankistarekin” gaur egun ideologia falangista denarekin baino harreman handiagoa duela ere ziurtatu zuten. 1937ko apirilean, Francok karlisten eta Falangearen arteko bat-egitea iragarri zuen eta Falange Española Tradicionalistan de la JONS (FET) sortu zen. FET izango litzateke Estatuko alderdi ofiziala eta Espainia nazionalean baimendutako erakunde politiko bakarra. Erregimen nazionalak eslogan eta sinbolo falangista batzuk hartu zituen; horien artean, agur faxista, besoa altxatuta.

Flechas y Pelayos haurrentzako aldizkarian 1937ko maiatzean argitaratutako marrazkia, bateratzeari buruzkoa.

Bateratze Dekretuak lasaitasun politikoa eraman zuen matxinatutako eremura, alderdi politikoen arteko borrokak ezabatu zituen, eta Milizia Nazional bakarra sortu zen Falange Española eta Requeté-en (Karlistak) artean (Milizia Nazionala Armadaren laguntzailea zen). 37ko apiriletik, milizia honek, bailara patrullatu eta kontrolatzen du, baina bateratzearen aurretik, matxinatuetako harrapakin-txakurrak, baztanen erreketeak izan ziren.

Errekete, karlisten erakunde paramilitarra zen Espainiako Gerra Zibilean matxinoen alde aritu ziren nafar gudaroste guztiei ere halaxe esaten zaie. Nafarroan, 1936 hasieran, 6.360 errekete kide zeuden, 9 tertziotan banatuta. Urte haietan, karlismoak 30eko hamarkadako eskuin erradikaleko Europako bertze alderdi-milizien itxura bera hartu zuen (Alemaniako S.A., Italiako  Camicie Nere).

XIX. mendeko Karlistadak ondoren, idei horien presentzia nabarmena zen Baztanen, jauntxo aunitz karlistak ziren eta Errepublikan egindako hauteskunde guztietan eskuina eta karlismoa garaile atera ziren.

Altxamendua gertatu eta egun gutxira erreketeak agertu ziren Baztanen, eta haiekin batera baita Herio (heriotza) ere, abertzale, errepublikar, ezkertiar eta ateoa zen oro fusilatzeko izenekin osatutako zerrenda batekin etorri bai ziren, baina Elizondoko Andres Belzunegi apaizaren bitartekaritzari esker, zerrendakako iñor ez zen fusilatua izan, baina… fusilatuak bai izan ziren Baztanen. Lehenegoa, Oronozko Diputazioko bide-zaintzailea (guarda de caminos) Franciso Mula eta bertze bat Valeriano Ilzauspe Berroetarra “euskal nazionalista izateagatik” izan ziren. Mulari emakume batzuek salatu egin zuten eta mezatara ez joateaz akusatu zuten, eta horrek atxilotu eta Iruñea eramateko balio izan zion. Bidean, Lantzeko bidegurutzearen parean gelditu ziren, eta errepide ondoko pinudian hil egin zuten.
Francisco Mulak 25 urte eta hiru seme-alaba zituen eta Elizondoko Fortenea etxean bizi zen. Maiatzaren 16an, Artesiagan, seme batekin hitz egiteko aukera izan nuen, Ricardo izenekoa. Ricardo Mula Elizondon jaioa eta bere aita hil zutenean 3 urte zituena.

Valerianori Iruñako San kristobal presondegira eraman zuten eta han bertan fusilatua izan omen zen [2]. Bitxikeri gise, erran behar, berak zeukan ikurriña, Etxeberria etxean urte auniz tabike falso batian altxatu zutela eta gaur egun zahar-zahartue Elkartetxean gordetuta dago [3].

Erreketeak (eta falanjista batzuk ere) Elizondon bestak zirenenean (Santio egunean, uztailaren 25ean) iritsi ziren. Iritsi bezain laster, udaletxera abiatu ziren. Han, balkoitik behera bota zuten Errepublikaren bandera, hor doa trapua erranez. Behean zeudenek hankekin zapaldu ondoren, erre egin zuten. Ondoren Txokoton zegoen Elizondoko ikastola (Nafarro osoan bakarrik hiru euskal eskola baziren, Iruñan, Lizarran eta Elizondon) ixtea izan zen. Liburuak eta mahiak erre ondoren “cuartel de pelayos” artean idatzi zuten. Pelayosak erreketen gazteria zen eta gerra ondoren Elizondar gazte aunitz pelayoak izan ziren! Errekete bezala jantzi eta txapela gorriarekin kanta karlistak abestuz, desfilatuko dute.

Pelayoak

Mola jeneralaren Nafarroako Zutabeetan, Valenzuela kapitainaren agindupeko Elizondo izeneko errekete terzioa zegoen, errekete horiek ez ziren inoiz Elizondon egon, eta ez ziren handik igaro, eta ez ziren herri honetakoak.

Terzioa“, Mendiko Batailoiko Erreketeen 4. Konpainia deitua, Artaxoa, Larraga, Irunberri, Atarrabia eta Iruñerriko Karlistadekin osatua zegon, denak Laurean Valenzuela Kapitainaren agindupean

Mugairera joan ziren, eta handik Verara, non Konpainiako erreketeek karabineroen indarra desarmatuko dute. Une horretan Elizondoko “terzioa” 120 Errekete ditu eta une horri “Tertzio de Vera” deitzea zalantzan jartzen dute. 36ko abendutik 37ko otsailera biztartean, elizondo konpañia San Fermin izeneko “terzioan” sartuko da.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala.

http://www.requetes.com/elizondo.html

Wikipedia.

P.D 2015ean José Ignacio Irusta, Javier López Monreal eta Borja Pérez Illera epaitu zituzten. Urte eta erdi eta bi urte arteko espetxe-zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak hiru auzipetuei, eta ondorioz, ez zuten kartzelan sartu beharrik izan. Zigorra arina izan zen, mehatxuengatik bakarrik kondenatu zituztelako, eta ez legez kanpoko elkartzeagatik.

Oharrak

[1]- Bederen 2009an hamahiru alderdi politiko baziren Espainian, “Falange” izenpean, sigletan.

[2]- Maite Lacar eta Ana Telletxearen  “baztan solasian” liburuan agertzen den bezala, “Berruetako abertzale bat (ez da izena aipatzen) Iruñako presondegira eraman zuten…”

[3]- Bederen 2009artio

Read Full Post »