Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Ekain Santazilia’

Zer ari zera Trini?”,  “Hemen, ezin bizi eta ezin fini

Lauetan ogeita lau urte zituen Trinik, eta ez omen zuen umore ona galdu.

Trinidad Urtasun

Trinidad Urtasun Martoret Baztango  Iruritako Beltranea etxean jaio zen 1894ko apirilaren 24an. Okina lanbidez, labean egiten zuen lanaz gain, herri eta baserrietan ogia banatzen ere aritzen zen. Mutilzahar bihurtzeko bidean zelarik (37 urtekin) bere emaztea izanen zena (Perpetua Saragueta) Arizkungo Bozaten ezagutu zuen. 1931a esposatu ziren eta sei alaba izan zituzten.

Okinaz gain Trinik zirikada zorrotzeko bertsolaria izan zen. Sendoa argitaletxeak Auspoa bildumam (Bidasoa aldeko bost bertsolari) jaso zuen Trinidad Urtasunen hainbat bertso, hala ere ekoiztu zuen gehiena galdu dela dirudi. Gañera, emazteak hainbat lan suntsitu zituen, neska batzuen aldera begirune gutxi agertzen zutelakoan.

…”Ezkondu ginelaik bere paperetan irakurri nitue bertso ain zakarrak neskatxendako eta erran nako:

Nahi zinuke zure alabendako norbaitek ori egitea? Erre egin nitiie. Nik ez nue maite alako gauzaik eta ez nue utzi ere olakoik egitera”…

Trini eta Perpetuak abertzaleak ziren eta honek, bere emaztea kontatu zuen bezala arazo bat bainoi gehiago ekarria zion:

Bein batez Erratzun aigine ogi saltzen. Iru gizonek gelditu zigute, eta galdetu zakote nere senarrai.

Zu zera Trinidad Urtasun?

Bai jauna, ala naiz.

Zu zera nazionalista? (dena erderaz)

Bai jauna, ala naiz.

Eta zuk zer uste duzu orrekin?

Joño! Amar al nación! » baño motela bezala.

Eta orduan erran zio batak bertzeari:

Burgostik iortzen digute ala gizonak artzera? (1)

Mezkiritzen zegoelarik, Eugiko guardia zibilak etorri zitzaizkion bila, Erroibarreko falangista bat buru zutela. Sekulako jipoia eman ondoren, kanpora atera zuten autoan San Kristobalera eramateko intenzioarekin. Trinidadek apaiza galdegin zuen, eta hark galarazi zuen inora eraman zezaten. Harrezkero, Trini ez zuen geroztik bururik jasoko eta lanerako gauza ez zela gelditu zen. 1944an Iruñera joan ziren bizitzera.

Bertsolaria izaki, erantzun azkarrakoa zen eta gertakari bitxiak ere izan zituen baztandar xelebreak!;

Behin batez Erratzu inguruan ogia banatzen zebilela, Izpegiko karabinero batek Elizondora eramateko agindu zion. Bapatean Erratzura iristean, gizon bat bere zerrikumekin bide erdian agertzen zaie! Gizona ez harrapatzeko Trinik bolantazua emanen du eta bide bazterrera erori ziren. Kamionetaren kristalak autxi ziren eta karabineroa zauritu zen.

Momentuan Elizondoko guardia zibilen buru bertatik pasa zela, istripua ikusita atestadua egin zuen. Guardia zibilak zerrikumetaz ohartu ez zirenez eta Trini, zerrizainari salatu ez zuenez nahi, istripu bat izan zutela…bertsoka (erdaraz botatzen) erran zien:

Al regresar de Errazu

Trini con su camioneta

por mirar a una chica

se ha metido en la cuneta.

Horrela geratu zen idatzita atestatuaren paperetan, eta… atestatua sinatzean, eta karabineroak Félix de Hierro zuela izena ikustean, baztandarrak Trinidad de Bronce bezala sinatu zuen!! erranez;

“de Hierro” zauritu da, eta “de Bronce”koa ez!


Bertze batian etxeko lehiotik paratu zitue bi banabarra dilinden, eta baten bat erran zioenean, zer erran nahi zuen harek?.

Irakurri zak! Biba Nabarra!

(Banabarra, babarruna, indaba Baztango eskuaran).

Bere bizitzako azken urteetan, nekaturik eta gaixorik egon arren, aunitz aldiz bertsotan aitzen zen eta erantzun azkarrak izaten jarraitzen zuen. Aldi batean, eskuñeko zangoa arront beltz beltza zuela eta sendagilleak:

Hau dena adineingatik da! Erterrakoan!

Errantzio Trinik;

-Ez,’jauna, ez! Bi ankak adin berekoak dire!.

Lauetan ogeita lau urte zituela. 1978ko uztailaren 29an, baztandar bertsolaria, okina eta Perpetua Saragueta idazlearen senarra izan zena Mezkiritzen hil zen.

P.D.1 Perpetua Saragueta Trinidad Urtasun, Bertsolaria (1894-1978).  idatzitik kopiatua.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Bazen behin Perpetua Saragueta. Ekaitz Santazilia . Haria, Nabarralde .”2005ko iraila.

Trinidad Urtasun. Wikipedia.eus

 Trinidad Urtasun, Bertsolaria (1894-1978).  Perpetua Saragueta. dialnet.unirioja.es 

FOTOTEKA.

Trinidad Urtasun eta bere emaztea Perpetua Saragueta Baztanen.

Read Full Post »