Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘E.A.J.’

Hezkuntzak eta eskolak aldaketa sakona izan zuten Errepublikaren etorrerarekin: lehen hezkuntzaren derrigortasuna eta doakotasuna, eskola-laikotasuna, hezkuntza-erakundeen demokratizazioa, eskola berrien eraikuntza, eukal eskolak, maistra edo maisua herri txikienetara iristea…

Aldaketa horiek gaitzespen sakona eragin zuten gizarte-talde erreakzionarioenen artean, matxinatuek okupatutako eremuetan 1936ko uztailaren 18tik aurrera maisu-maistren aurkako errepresioan eta mendekuan gauzatu zen. Estatu kolpea izan eta bederatzi egunera, Aldundiak (Diputazioa) Nafarroako irakasleei zuzendutako zenbait neurri adostu zituen: maisu-maistren izendapenak berrikusiko ziren, mutil eta nesken gela mixtoak debekatzen zen eta ez zen onartuko katolizismoaren eta Espainako unitatearen aurkako irakaskuntzarik

Nafarroan 355 irakasle ( maisu-maistrak) errepresaliatu eta “depuratu” zituzten gerra zibilean eta diktadura frankistan, horietako bat Katalina Alastuey Garaikoetxea izan zen.

II. errepubikako gela bat. Andereñoa eta neska-mutil ikasleak (gela mixtoa).

Katalina, 1899ko abenduaren 26an Iruñean jaio zen. Ama baztandarra zuen, Gartzaingoa! Irakasle ikasketak Iruñeko San Jose Plazan zegoen Eskola Normalean egin zituen; eta 1916an ikasketak bukatzerakoan, San Francisco Udal-ikastetxean hasi zen maistra bezala. Baitere ikasketak amaitu ondoren, Maria Ana Sanz eta bertze irakasle batzuekin batera “Iruñeko Normaleko ikasle ohien elkartea” sortu zuen. Elkaertea emakumeen garapen pertsonal eta soziala lortzeko asmoarekin sortu zuten.

Irakaskuntzaz gain, “Emakume Abertzale Batza” elkartean parte hartu zuen. 1931ko urriaren 8an, emakume talde batek Nafarroako taldea sortu zuen, Katalina Alastuey Garaikoetxea zuzendariorde izan zen.

EABren sarea Nafarroa osoan zabaldu zen (Baztangoa urte berean sortuko da), eta 22 talde sortu ziren. Horien bidez, folklorea gazteen artean zabaltzen zuten, eta haur-jaialdiak, elkartasunezko jarduerak, jarduera politikoak eta irakaskuntzarekin lotutako bertze jarduera batzuk antolatzen zituzten. Azken horien artean azpimarratzekoa da Iruñeko lehen ikastolaren sorrera, 1932. urtean. Ikastolaren sorreran Katalinarekin batera bera bezala Eskola Normalean ikasi zuten Maria Biskarret eta Julia Fernandez Zabaleta (elkarteko zuzendaria) zeuden.

Nafarroako Emakume Abertzale Batzako zuzendariordea izanez gain, Euzko Alderdi Jeltzalearen asanblada nazionaletan hainbat aldiz ordezkari izan zen eta Euskararen Adiskidearen eta Eusko Ikaskuntzaren zenbait ekintzetan ere parte hartu zuen. Oso aktiboa izateaz gain, oso kritikoak zen (Julia bezala) bere alderdi politikoak, garaiko emakumeei ematen zien rol tradizionalarekin: familiaren balioak etxean gordetzea eta belaunaldi berriei transmititzea. Beraiek gehiago aldarrikatzen zuten emakumeentzat, bertze alderdi batzuetan emakumeek aktiboki parte hartzen baitzuten etxetik kanpoko mota guztietako jardueretan (lana, politika, kultura…).

Maistra honen jarduera politikoa 1936ko uztailaren 18an Gerra Zibilaren hasieran zapuztu zen. Nafarroako Hezkuntzako Goi Batzarrak bere gain hartu zuen irakasleak garbitzeko lana, eta,Nafarroan lan egiten zuten irakasle guztien zerrenda egin zuen, haiei buruzko zenbait datu bilduz: erlijiotasuna, moraltasuna, irakurtzen zuten prentsa mota, ideia politikoak. Abuztuaren 25ean, espedienteak aztertu ondoren, erregimenari “desafektatzeagatik” (jaregiteagatik) zigortutako pertsonen lehen zerrenda argitaratu zen. Katalinari zehazki, irailaren 2an, urte erdiko soldata galtzearekin zigortu zuten. Ondoren, maistra kargutik kendu zuten 1937ko maiatzaren 18.

Zerrenda horretan Katalina bezala, zigortuak, depuratuak, lanpostutik kenduak eta enpleguz eta soldataz gabetuak baita ere izan ziren; Manuela Fagoaga Aristia erratzutarra, Maria Arevalo Pantoja Erratzuko maistra eta herri bereko maixua; Manuel Muguruza Etxeberria, Almandozko Jose Maria Cherrail Ezquer maixua, Lekauzko maixua; Julio Martinez Tello, Predro Vidaurre Araiz Azpilkuetako irakaslea, Elizondoko andereñoa; Dolores Moreno Luzuriaga, eta Karlos Menaya Erburu, Elizondokoa ere. Karlos Iruñarra (gerora Napar margolari ezaguna) ere lanbidea betiko galtzeaz gain, gogor torturatua izan zen.

Guztizkoaren % 29 maisu eta % 15 maistreak zigortuak izan ziren. Maisu-maistra horietatik 58 lanpostutik galduzituzten, eta 85 lanpostutik eta soldatatik behin betiko kendu zituzten, 100 baino gehiagok bertze zigor batzuk jaso zituzten; adibidez, isun handiak ordaintzera kondenatu zituzten, eta 32 maisu eta maistra bat afusilatuta exekutatu zituzten. Horien artean Amaiurko maixua, Martín Gil Isturiz Aoiztarra, atxilotua, espetxeratua eta azkenik 1944ko urriaren 14an Alcala de Henaresen fusilatua izan zena.

Karlos Menaya eta Juli Arrubin, Elizondon maixua zen garaian.

Maistra Maria Camino Oskoz Urriza Iruñarra zen,  maistraz gain Alderdi komunistako Idazkaria eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kidea izen zen. 1936ko uztailaren 31n falanjistek atxilotu zioten eta  jendaurrean ibilarazi ondoren espetxean torturatua eta bortxatua izan zen. Hamaika eguneko infernu bizi ondoren abuztuaren 10ean, espetxetik atera zuten eta Urbasako Pilatosen balkoiara eraman zuten. Han karlistek, hil eta amildegitik behera bota zuten maistraren gorpua. Maria Camino 26 urte zituen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

“Hik hasi” erebistako artikuloa. Irene Lopez. 68 zbk. 2002 Maiatza.

Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona”. Hainbat egile. Iruñako Udala. 1998.

Homenaje a las maestras y maestros represaliados“. Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea – 1936.

Listado de maestros, maestras y personal docente represaliado. pazyconvivencia.navarra.es. Nafarroako Gobernua. 2016. 

Camino Oscoz y otras historias del 36. Joseba Eceolaza. Denonartean-Cenlit. 2017.

Wikipedia.

Read Full Post »

 
2004. urtean egin zen lehen aldiz Mariano Izeta Sariketa. Sariketaren helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten. Xalto Sariarekin txandakatu izan ohi da, bakoitza bi urtetik behin gauzatuz.

Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du; horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak (Elkartea bera da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango Udalaren eta bertso-eskolaren laguntzaz.)

Mariano Izeta.

Mariano Izetak, baztandar amorratua izanez gain, bertsotzale, idazlea, euskaltzaindiaren urgazlea, dantzaria, (Santiago egunian dantzatzen den  Ohorezko mutildantzan lerroburuan ainbertze urte ibili zen) eta ogibidez, erlogularie izan zen (1984an jubilatu zen arte).

Federiko Izeta zarauztarraren eta Juana Elizalde elizondoarraren semea izan zen Marianok. 1915ko Uztailaren 14an Elizondoko Mutilenea etxean jaio zen, zortzi anai-arreben zaharrena izanez. 14 urtekin Eskolako ikasketak bukatu ondoren, bere aitarekin hasi zen erlojugintzan. Mariano gaztia, euskal kulturan hazi eta hezi zen eta gaztetik euskararen inguruko gaietan murgildu zen. Euzko Alderdi Jeltzalean (EAJ) bazkidetu zen 18 urte bete bezain fite (1933-07-28). Gazte izanda Elizondoko ikastolaren sortzaean parte hartu zuen, baita ere 1936 urtean Elizondon egingo zen Nafarroako lehenengo bertsolari txapelketaren segimendua egingo zion. Handik aintzin bertsolaritza sustatuko du eta garai ilun hoietan ( frankismo garaiak) bertso saio aunitz antolatuko zituen. Bertso saio haietan gai-jartzaile gise ibiliko da. Berriz txapelketak hasi zirenean, epaile gise ere aritu zen. 1992ko urtarrilaren 19an, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak omendu zuen eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko Ohorezko lehendakaria izan zen.

50. hamarkadan  idazten hasi zen,  Zeruko Argian, Herrian, Principe de Viana aldizkariko Erriz-Erri sailean, geroxago Diario de Navarran, Euskaldunon Egunkarian, Deian, Navarra Hoy-en eta Diario de Noticias-en argitaratu zituen artikuluak. Beti Baztan edo eta euskal gaiei buruz idatzi zuen eta batzutan Anzanarri izengoitiaz ere sinatzen zuen.

1962an Dirua galgarri eleberria karrikaratu zuen1961etikeuskaltzain urgazlea izan zen, 1982an bere bigarren eleberria Nigarrez sortu nintzan argitaratua izan zen. Baztandarren ahoetatik Baztango euskal hitzak bildu zituen eta 1996an Baztango Hiztegia idatzi zuen. 1999an Baztango kontuak biltzen zituen ainbat idazlanak karrikaratua izan zen eta 2000. urtean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

Santioko mutildantzetan, lerroburu

Mutildantzari fina zen, 15 urte baino ez zituela dantzatu zuen lehenbiziko aldiz Baztango mutil-dantza Santioko Bestetan. Urte aunitz mutildantzen lerro burua izan zen Elizondoko Bestetan. Idazten eta erlojuak konpontzen zuen biztartean, baztango mutildantzak bultzatu eta hainbertze jendei irakatsi zizkion dantza horiek, eta han- hemen ibili zen Baztango dantzak hedatzen, Maurizio eta Felix txistulari eta atabalaria lagun zituela. Elizondoko trinketean erakusten zituzten.

Baita ere kirol ekitaldiak antolatzen aritu zen, Adibidez: Baztango Itzulia. Urte anitz eman zituen txirridulari lasterketa horren antolakuntzan Elizondon (gazte garaian Txirrindularia izan omen zen) edo Antxitonea trinketean antolatutako pilota partidekin, edota lasterketekin.

Bertze hainbat alorretan aritu zen; abesbatzan (Koralan) kantarı, haur zein helduei euskaraz erakusten (eskola nazionalean 1969-70, eta Elizondoko Gau Eskolan 1974-1977), idazkiak euskaratzen, Xorroxin Irratiko Elizondoko berriemailea izan zen eta Irulegi Irratian ere solasten zen.

Urte parez Elizondoko alkatea (1957-58) izan zen frankismo aroan eta 1980-1984 biztartean Baztango Udaleko zinegotzia (EAJtik), Kultur saileko arduraduna, demokrazia aroko lehen legegintzan.

Marianoren lan guztia eskertzeko edo ordaintzeko asmotan omenaldi aunitz jaso zituen bizitzan zehar. 1972an Club Deportivo Baztan kirol taldeak egin zion omenaldia. Talde horretako diru kontuak eraman zituen hainbertze urtez, eta elkarte horrek antolatutako ekitaldi anitzetako bultzatzaile izan zen. 1983an etorriko zen Baztandarren Biltzarra Elkarteak egindakoa, Elkartea harreman estua izan zuen Marianorekin.

Hala ere omenaldirik kuttunenak, 1990eko apirilaren 22an Xorroxin Irratiak egindakoa eta 1991n Baztango Balleko Etxeak eta Nafarroako Bertsolarien Lagunak Elkarteak elkarrekin egin zizkiotenak izan ziren. 1992an Bertso Egunean Bertsozale Elkartearen omenaldia jaso zuen.

Lan guzti hoietatik eta Baztani erakutsitako maitasunagatik 1997ko maiatzean Batzar Nagusiak, aho batez, Baztango Seme Kutun izendatu zuen. Urte bereko uztailaren 25ean Mariano Izeta Erreboteko plaza inauguratu zen Elizondon. 2001ean Baztandarren Biltzarrak bere lana gogora ekarri zuen, lehenbiziko aldia baitzen Baztandarren Biltzarrak Marianoren presentziarik ez zuela

Baztan ikastolako urteko bazkarian

2001eko urtarrilaren 8an bere etxean zendu zen, 85 urte zituela. Alkate soinua joz sartu zen elizan, hilkutxak gainean Baztango ikurrina zuela.

Hileta elizkizunetara jendea aunitz urbildu zen, herritar aunitz gain euskal kulturako ordezkari franko ere.

1963tik Gabriela Goñi Olaetxea lekaroztarrarekin ezkondua zegoen eta bi alaba izan zituzten.

P.D. Post hau 2008ko Azaroaren 28an, Mariano Izeta III. sariketaren finala Elizondon jokatu zela medio egin zen. Edizio hortan Jon Elizetxe gartzaindarra nagusitu zen. Bertsolari gazte baztandarrari Mariano Izetaren alabak txapeldunaren txapela ezarri zion.

Post hau iteko erabili den materiala:

BDB Bertsolaritzaren datu-basea. Mariano Izeta.

Mariano Izeta (1915-2001). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Kultura Saila. 2002. Jon Abril.

Iceta Elizalde, Mariano. Auñamendi Eusko Enziklopedia.

Mariano Izeta wikia.Wikipedia

IX. Mariano Izeta Bertso Sariketa abenduaren 27an Iruritan. erran.eus.

Read Full Post »