Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Buztiniaga’

Berriki Olentzerok oparitu zidan liburua irakurri ondoren, Hertzainak taldeko kamarada kantuaren esaldia etorri zait burura  “nola aldatzen diren gauzak, Kamarada!

Oparitutako liburua 2001ean argitaratutako faxmil bat da, “Noticias y datos estadísticos del noble valle y universidad de Baztan” izenburua duen 1890eko liburuxka da. Egilea Manuel Irigoyen y Olondriz Aniztarra da eta liburuxka idatzitako garai hartan, bailarako idazkaria zen. Hitzaurrean (prologoan) erraten duen bezala liburuaren hasierako ideia Baztango ballearen historia idaztea zen.
Horretarako, eskura dituen udaleleko dokumentuak erabiliko ditu, baina, azkenean, historiaren pasarte batzuk baino ez ditu kontatuko edo bilduko, eta liburua «albiste historikoen» koaderno batean bihurtuko da (egilea errana)

 
Noticias y datos estadisticos del noble valle y universidad de Baztan

Liburua, Baztan hitzaren esanahiarekin hasten da, eta horrek (egiliaren arabera) – Bat han, edo denak bat –erran nahi du. Hau da, 29 jauregi/dorretxe, 14 eliza, denak batera, familia bakarra edo leinuetxe bakarra da. Hori guztiaidazki historikoen, epaiketako eta udal-paper bidez dokumentatzen du eta Lope de Vega poema batekin eta guzti!

Balleko armarriarekin segitzen du eta Juan Goienetxeren “Executoria de la nobleza, antigüedad y blasones del Valle de Baztan” bertsioarekin bere jatorria azaltzen du. Bigarren bertsio hau Navas de Tolosako gudua baino askoz lehenagokoa izango zen. Antso Garcia IV.a Peñalenekoak (1054 – 1076) baztandarrei eman omen zien armarri xakeduna frantziarren eraso batetik salbatu ondoren.

Bertze epai batzuk, dokumentuez eta kapareez (hidalgo) hitz egiten jarraitzen du, Baztango lurraz, mugaz eta abar… Alde honetan, nobleziaren gaia nabarmentzen da. Horretarako, 1440an Juan II Nafarroako erregeari irabazitako epaia aipatzen du (berak ez zuen errege izan behar, bere semea Karlos Vianako printzea baizik). Baztandarrak bat zirela aprobetxatuz, gutxienez 1336tik (data hori aipatzen du) dokumentatuta dagoela eta Baztan erresumako 12 familietako bat denez, horixe bera jada kapare (noble) bihurtzen die. Eta nobleak badira, beren lurrak zergarik gabe daude (ez dira petxeroak), beraz Juan II.ak ezin die bazteandarrei kobratu edo zergarik ezarri beren lurrengatik..

Epai honen garrantzia da, legez, baztandarrak kaparetzat (hidalgoak) hartzen dituela, eta horrek (zergak ez ordaintzeaz gain) aukera ematen die baztandar guztiei etxean armarri xakeduna bat jartzeko, edonor dela ere, jauna, nekazaria, hargina edo arotza.

Lehen zati hori amaitzeko, Urdazubiko monasterioaren eta Miserikordiaren (Zarreetxea) historiarekin jarraitzen du. Noiz eta nola sortu zen Zarretxea, nola lehen “miserikordia” (Kuartelekozelaian zegoen) eta nola XIX. mendearen erdialdean Francisco Joaquín Iriarte presbiteroak (elizgizona) diru mordo bat eman zuen leku bat (egungo eraikina) eraikitzeko, balleko behartsuak arreta jasotzeko leku bat izan dezaten.

Zarretxea XX.mende hasieran. postala.

Kontatzen digun bertze pasarte historiko bat Arizkungo konbetoaren inagurazioa da. 1731ko ekainaren 19an izan zen eta Juan Bautista Iturralde, Murilloko markesa eta Ogasuneko (Hazienda) gobernadore (Felipe V.a Espainiako Ogasuneko ministroa) arizkundarrari esker, bere familiaren etxearen ondoan (bertan jaio zen) gurasoen lurretan ereikiko zen. Egun horretan Arizkunen izan ziran ospetsu guztiak, gotzaina, jaunrxoak…aipatzen ditu, baita ere barruan egongo ziran 20 mojak jakineratzen gaitu.

Bigarren kapituluaren izenburua “Personajes notables naturales y oriundos de Baztan” da, eta izenburuak dioen bezala, Baztango ustezko ospetsuak (zelebritateak) aurkezten dizkigu (denak militarrak, elizgizonak eta gortesauak). Bere zerrendan 1712an Erratzuko Buztiniaga etxean sortutako Lorenzo Irigoyen Dutari, bailarako ospetsuena da. Erratzuarraren bizitza osoa kontatzen du, zer ikasi zuen, non ikasi zuen!, Iruñeko apezpikua izan zela, eta bertzeak bertze. Erratzuko elizako klaustroa eraiki zuela, Madrilen 1778an ehortzi zutela, jende aunitz bildu zela, eztakizer ta badakizer!
Bere bizitza kontatzen duen poema-liburu luze batekin amaitzen da istorioa, hori bai, “Ospe Santuko” elizgizon zela eta haran honen ohore, aintza eta babeserako aldareetan kanonizatu eta gurtu behar zuena. Nire uste idazlea eta apezpikuak familia zirela (abizen bera) eta uste dut ere… ez zela kanonizatua izan!

Gotzainaren biografiaren ondoren, herriz herri ibiltzen da, herri bakoitzeko famatuez hitz eginez; militarrak, brigadierak, koronelak, santiago ordenako tenienteak, elizgizonak… adibidez, Elizondoz hitz egiten digu Pedro Mendinuetaz, Isteconea etxeko semea zena eta Santa Feko erregeordea eta Errege Armadetako Kapitain Nagusia izan zenaz, eta, horrela, Gartzain, Azpilkueta, Lekaroz…

Pertsonaia “ospetsu” horiek, batez ere 1650-1800 urteetakoak dira, guztiak jaunen semeak, aunitz “segundoiak” ziren eta seme nagusia etxaldea eta jabetzak bereganatzen zituenez, karrera erlijiosoa edo karrera militarra egitea bertze aukerarik ez zitzaienei geratzen.

Eta liburutxoa irakurrita, galdera bat datorkit burura! Zenbat urte daramatza haran honek militar batek, ministro batek, gotzain batek… eman gabe?  ba hori, nola aldatzen diren gauzak, kamarada! (eskerrak).

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Noticias y datosestadisticos del noble valle y universidad de Baztan“ liburua (1890)Manuel Irigoyen Olondriz.

Read Full Post »