Ilbeltzaren 17an San Anton da eta Elizondon ospe haundiko eguna da. Erranairu (asotiz) zahar bat dio “Sasoian sasoiko, San Antonez ospelak belarriko”, eta hala ez izan arren (eguna beroa eta goxoa izan da), bertze guzia (zozketa, baztanzopak…) beti bezalakoa izan da… edo ez!.
Gaurko egunean, aspaldiko ohitura da, baserritarrak eta nekazariak goizean bazka bikoitza ematea etxaldeko aberei. Izan ere, San Anton laneko animalien zaindari eta zaintzaile denea, baserri eta etxaldetako animalentzan festa eguna da, bakantze eguna.
Bazen garai bat sanantonen, herritarrek aberekin elizara joaten zirela eta mezaostean abereak horiek bedeikatzen ziren. Bedeinkapenak, urte osorako gaixotasunetatik babesten zuen
San Anton izatera iritsi zen gizasemea, VI. mendean Egipton bizi omen zen. Desertura joan zen predikatzera, santu egin zen eta denborarekin etxalde eta lanero animalien zaintzaile bihurtu zen. Baserriko animalien babesle bihurtzeak, Franziako San Antoniori eskainitako Erdi Aroko monasterio batean dago! Dirudienez, monasterio hortan zerriak lehen aldiz historian hazi zirela izan omen zen.
Antzinako eta ahaztutako ohiturek gibelean utzita, gaurko eguna, azken urteak bezala, baserritarrak eta zenbait herritar, mezetara joan ondoren, plazara joango dira San Antongo zozketara. San Anton egunean 100 urte baino gehiago egiten den zozketa honek Joakin Iriarte zaharetxera finanziatzeko balio izan du. Gaur egun, zozketatik ateratako sosa sinbolikoa da, baina gastu batzuk ordaintzen laguntzen du.
Zozketa hasi aurretik, Jon Barberena eta Jon Elizetxe bertsolari baztandarrak giroa berotzen aritu dira. Bertso gehienek baserriari, nekazaritzari, animaliei… buruzko gaiak jorratzen dituzte. Bertsolari batek ere erran du, plazaren ezkerraldean askoz tripatzale zeudela baztanzopen zain bertsolariak entzuten ari direnak baino. Udalak doan eskainitako baztanzopakin tripa bete eta zinzarria busti ondoren, zozketa hasi da.
Gaur egun, aratze bat da zozketako lehen saria, baina duela ez aunitz behi handi bat zen. Txikitan Elizondoko kaleetan behia jetzi gabe (errapetan nabari) paseatzen zutela gogoratzen dut. Orain (2009) animalia ez da jeitsi plazaren erdian zegoen kamioitik.
Lehen saria birritan zozkatu ondoren (ateratako lehen zenbakia ez zen saldu), sariak horrela geratu dira.
1. ARATZEA 9130
2. TXERRI EDERRA 7759
3. BI BILDOTS 11396
4. MAGRA EDERRA 11866

Ez da ohikoa izaten, baina atzo San Antonek zortea banatu zuen Baztango Udaletxe plazan zeudenen artean (300 inguru). Zozketatutako lau sarietatik bi zenbakiak ezagutu eta 5 minutura erreklamatu ziren, eta ohikoa denez (plazan erositako txartelak izaten dira sarituak), irabazleek atzo goizean bertan erosi zituzten sariak.
Saritutako zenbakien bolak ateratzen dituzten esku errugabeak bailarako lau gazterenak izaten dira. Urte batean (aspaldi aspaldi ) bolak atratzera balkoira igo nintzen eta lau horietako ume bat izan nintzen, bolak atera ondoren 100 pezetako billetea eman ziguten mukizu bakoitzari.
Bitxikeri personalekin jarraituz aipatuko dut 1997an nire izeba bati tokatu zizaiola behia eta egun berberean plazan saldu omen zun, sosa polit bat irabaziz!.