Ikastola bat ikasleei (erabat edo nagusiki) euskaraz irakasten zaien eskola mota bat da. Euskal Herrian lehen ikastola ofiziala 1914an ireki bazen ere, XX. mendearen hasieran gaztelania eta frantsesa derrigorrezkoak ziren Pirinioen bi aldeetako eskolatzean. 1930eko hamarkadan, Ikastolen haziak Nafarroan erein zituzten euskal abertzaleak, eta mota horretako lehen hezkuntza erakundea 1931ko azaroan sortu zen Iruñean, ondoren Lizarran (1933) eta Elizondon (1935).
Elizondoko ikastola bultzatu zuten Elizondar abertzaleen artean, Bittori Etxeberriaz gain Ignacio Iturria eta Lekarozko komentuko fraide batzuk nabarmendu behar ziran, batez ere Alzoko Migel Aita. Ignazio euskaltzale izugarriazen, euskaraz solasten zuen beti eta euskaltzale sutsua zen. Berak erosi zituen liburuak, gelako alkiek eta mahaiak eta andereñoaren soldata ordaindu zuen. Andereñoa 21 urteko Goizuetako neska gazte bat izango zen, Pilare Alba Loyarte izenekoa.
Bertze aldetik Alzoko Migel Aitak Eusko Ikaskuntzako Lehen Hezkuntzako Batzordeko kide izateagatik (Comisión de Enseñanza Primaria), erakunde horren laguntzak errazteaz gain, behar zituen kontaktu, aholku eta laguntza guztiak ematen zizkion Pilare andereñori.
Duela gutxi Donostian Irakasle ikasketak amaitu zituen Pilar Alba Loiarte andereño gazteak 1935eko urriaren lehen egunetan hasi zuen ikasturtea 30 haurrekin. Ikastola Beitonean zegoen (egungo Braulio Irarte kalea, 22) Antxiton trinketaren parean. Urte batzuk geroago, adinean sartuta, ikastola ireki zenean holaxen gogoratzen zuen:
“Nahiz eta ilun xamarra izan, mahaiak eta alkiak argiak ipiniz gauza polita sortu zen. Handia, handia ez zen, baina hasteko ongi.” “Eskubidea eman zidaten egiteko neorrek, jartzeko nahi nun bezala eta ordun jarri nien uniforme bezala, batatxo urdin bat, denak berdintsuak egoteko. Liburu kontun, nahi nun guztia, materiala eta dena, dana. Ez dut pentsatzen ordaintzen zutela asko. Hori dana Ignacio Iturria Jaunak egiten zuela” (1)
Hala eta guztiz ere, ikasturteari hasmenta eman bezain fite jaiotzen ari zen ikastola berriari arazo larriak ailegatu zitzaizkion. Urriaren bukaeran lurraldeko inspektorea zen Angeles Barriolaren txostena zela medio Dirección General de Enseñanza delakoak. Elizondo ikastolari bere funtzionamendurako beharrezkoa zen baimena uko egin zion. Haur guziek handik atera, eta berriz sakabanatu ziren, hedatu ziren alde guzietara, barreiatu ziren eta hola gelditu zen”. Egoera honek 1936ko Otsaileko hauteskundeak burutu arte iraundu zuen. Frente Popularraren garaipenarekin ikastolako aintzindariek berriz baimena eskatu eta berehala ireki zuten, ikasturte honetako gelditzen ziren hilabeteak problemarik gabe igaro zirelarik.
Pilare Alba andereñoaren oroitzapenen arabera:
“Giro nahiko ona, eragozpenik ez nuen izandu, lagunak genituen danak, elkarrekin joaten ginen goizero Lekarotzera, eta eskola aldetik erreztasun guztiak eduki nituen. Pedagogia aldetikan, ikasleak oso txikiak izaten zirelako liburuak baino gehiago irudiak erabiltzen nituen eta horiek egin beharko nituen. Nire gusto handiena neretzako izan zan eragozpenik ez eukitzea.” (2)
Pilare Alba Nafarroako bertze ikastolekin konparatuz (Iruña eta Lizarra) alde izan zuen Elizondoko egoera soziolinguistikoa, ume guztiak euskaldunak zituen. Ez zuen hitzik egin beharrik erdaraz, euskaraz ederki moldatzen zirelako haur guztiak.
Bertze ikastolei bezala, Elizondokoari Espainiako gerrarekin behin betiko itxiera heldu zitzaion. Baztanera hasi ziren etortzen kamionak eta kamionak eta hainbertze requete eta falange eta Arizkunenean paratu zuten bere Koartela. Berehala, bi egunen buruan, requeteak joan ziren ikastolara eta lenbiziko ereki zuten, sartu ziren barnera eta atera zituzten hango liburu guziek, eta erre zituzten denak, alkiek, eta mahiak, karroetan bertze eskoletara eraman zuten.

Bertzalde, Uztaila zela Pilare Alba oporretan egotea arren Elizondotik zebilen eta Gipuzkoatik abiatuz Bizkaiara joan zen. Bizkaia Nazionalen eskutan ez zegoenik hango Mundakako ikastolan 1936-1937 ikasturtean aritu zen. Eta Bizkai Nazionalen eskutan gelditu zenean atzerrira joaten ziren umeekin Iparralderat alde egin zuen eta Donibane Garazin zeuden haur errefuxiatuen artean klaseak ematen egon zen.
Pilar 1913ko azaroaren 14an jaio zen Iruñean, baina Goizuetako Lubienea etxean eta familia abertzale batean hazi zen. Ikasketak Iruñean eta Donostian egin zituen, eta Elizondoko ikastolan lan egin aurretik Iturengo eskolan egin zuen lan. Familia abertzale bateko kide zenez, gerra garaian Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean lan egin zuen. Gerra ostean, itzuli eta moja egin zen, Mungian 30 urtez egon zen moja gisa, eta euskarazko hezkuntza baimendu zenean (diktaduraren ondoren) moja izateari utzi zion eta Bilboko hainbat Ikastolatan irakasle aritu zen 10 bat urtez.
2015eko urtarrilaren 30ean Goizuetan Elizondoko Ikastolako andereño izan zena hil zen, 101 urte zituela.
P.D. Sarrera hau 2015ean idatzi zen. Baztan Ikastolak antolatzen baitzuen urte horretan Nafarroa Oinez, eta urtean zehar hainbat jarduera, ekimen… egin ziren. Horietako bat Baztan Ikastolako lehenengo ikasleen bilera izan zen martxoaren hasieran. Ikasle ohiak afari baten inguruan bildu ziren Arriarte Elkartean, Mari Carmen Goñi irakaslearekin. Mari Carmen andereñoa 34 urte baino gehiagoz eta Baztan Ikastolako lehena irakaslea izan zen.
Merendu-afarian, oroitzapenak eta elkarbizitzaren zatiak berreskuratu ahal izan zituzten, adiskidetzeak eragindako alaitasunaren eta berriz elkartzearen artean, Baztan Ikastola posible egin zuten guztientzat oroigarri bat ere izan zen, bertzeak bertze, Pilare Alba Loyarte, Elizondoko lehen ikastolako lehen andereñoa eta bakarra!
(1), (2) Jesus P. Chueca Intxusta. NAPAR TOKIKO AGINTEAK ETA EUSKARAREN BORROKA BIGARREN ERREPUBLIKAN BARRENA. HURBILTASUN BAT.
Sarrera hau egiteko erabili den materiala
EUSKARARI PRESTIGIOA ITZULI ETA PEDAGOGIA IRAULI ZUEN ISPILURIK GABEKO EREDUA erreportajea. Maider Iantzi Goienetxe. 2015
NAPAR TOKIKO AGINTEAK ETA EUSKARAREN BORROKA BIGARREN ERREPUBLIKAN BARRENA. HURBILTASUN BAT. Jesus P. Chueca Intxusta.