Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Amaiurko alkaide’

1521eko irailaren 29an, igandean, tropa nafar legitimistak (franco-naparrak) Amaiurko gaztelua setiatu zuten eta pieza artilleroak jarri zituzten Baztango gotorleku birmoldatu berriaren aurrean. Aste batzuk lehenago, bere alkaide Anton Alguacilek, erregeordeari idazten zion, hobekuntzak azalduz eta defentsa berriak probatzeko borrokan hasteko irrikaz. Apurka-apurka, bere baikortasuna zorigaitzaren inguruan jartzen zen, kanoien indarrak bere defentsak ezabatzen zituela ikustean, amore emate desohoragarri bat hitzartzera behartuz, Urriaren 12an errenditzen da. Labritarren bandera dorre nagusiaren goialdean zegoen berriro.

Balentria honen historia, Noaingo guduaren ondoren hasten da (1521eko ekainak 30), kausa legitimistarentzat porrot gogorra izan zena. 1521eko irailean, Noaingo zoritxarra ondoren eta Nafarroa Beherea gaztelarren aurka matxinatu ondoren, Napar-franko erasoaldi berri bat antolatu zen. 1521eko udan oraindik oso egingarria ikusten zen armada franko-nafar batek gaztelaniarrek okupatutako erresuma berreskuratzea.

Amaiurko gaztelua birsorkuntza. navarra.es

Frantzisko I.ak, frantziako erregeak, erasoaldi berri bat egitea erabaki zuen, eta armadako agintari goren bezala, bere konfiantzarik handieneko pertsona bat izendatu zuen: Guillaume Gouffier, Bonniveteko jauna eta Frantziako almirantea.

Bonniveteko jaunak Henrike II.a Nafarroako ERREGEAREKIN bildu zen abuztuan, eta tropen erreklutamendua finkatu zuen erresuma berreskuratzeko bertze saiakera bat egiteko, laugarrena bederatzi urtetan; 1512, 1515 eta 1521koen ondoren (hilabete gutxi batzuk lehenago egindakoa).

Tropa mugimendu hoiek Iruña okupatura iritsi ziren. Han, erregeorde berriak, Mirandako kondeak, erreakzionatu egin zuen, urte horretako maiatzean izandako altxamenduaren antzeko bat gerta ez zedin eta erreinutik erbesteratu zituen altxamendu berri baten buru izan zitezkeen nafarrak, bereziki Iruñean eta Zangoza, Tafalla eta Tuterako zonaldeetan, baita ere gizon taldeak bidali zituen Tutera, Corella, Tafalla, Cábrega eta Elo (Monreal) gotorlekuen hondakinak eta Irunberriko harresiak eraisteko.

Iparraldean, franko-nafar tropak biltzen hasi zen eta armada prest egon zen irailaren amaieran. Peio Monteano historialariak bildutako datuen arabera, indar hori 24.000 infante naparrez, biarnotarrez, gaskoiez, frantsaz eta alemaniar lanskenete ospetsuez osatua zegoenn. Gainera, 600 zaldizko zituen eta artilleriako 18 pieza inguru, horien artean sei kanoi handi zeudelarik.

Tropak bi zatitan banatu ziren. Lehena Donibane Garazin zegoen, Nafarroa Beherea Henrike II.a Albretekoaren alde matxinatu zen, eta Bonnivetek berak eta Nafarroako erregeak zuzentzen zuten. Bigarrena Uztaritze inguruan zegoen, eta Guyenako gobernadore eta Nafarroako Mariskalaren semearen agindupean zegoen.

Aldi berean, Aezkoan, Xabierko anaiak (San Frantziskoren anaiak), Antonio Peraltakoa, Faltzesko markesaren semea, eta bertze noble batzuk zeuden zain, Aezkoko, Zaraitzuko eta Erronkariko tropekin eta 300 erribera-gazterekin batera.

Azkenik, irailaren 27an, lealisten armada bere bi kanpamentuetatik abiatu zen, Donibane Garazikoa Orreagako pasabidean dagoen Peñón gaztelua hartuta, eta Uztaritzekoa Amaiurrerako bidean. Almiratearen armada Iruñerantz zihoala ematen zuen, baina Bonnivetek bazekien hiriburua eraso bat egiteko prest zegoela eta, kapitain nafarren harridura eta haserrea ikusita, bigarren tropa taldea bezala Baztanera joatea agindu zuen, non Amaiurko gaztelua inguratu zen.

Anton Alguacilek 1512tik zuzentzen zuen gaztelua eta 1521eko maiatzean gaztelanien esku geratu zen bakarra izan zen. Bere goarnizioa indartua izan zen, defentsak hobetu ziren azken hilabetetan eta aistion erran dugun bezala nahiko ondo prestatuta zegoen franko-nafar lealisten erasoeta setio baterako.

Amaiurko gaztelua, 1513ko udaberrian hartu zuten gaztelanuarrek eta hasiera batean Comareseko markesa (
Erresumaren konkista zuzendu zuena) Juan de Mondragón kapitaina jarri izan zuen gotorlekuaren eta gotorlekuaren buru gise baina egun gutxi barru, Anton Alguacil gaztelarra gotorleku horretako alkaide izendatuko dute.

Alguacilek azken bederatzi urte hauetan egin zituen erreforma guztiak ez zitzaikion aunitzerako balio, izan ere, kanoi frantziar indartsuek harresietan zulo handi bat irekitzea lortu zuten, eta, ondorioz, franko-napar infanteria erasotu zuen, gaztelarren artean hainbertze galera eraginez.


Gaztelua urriaren 12an entregatu zuten eta berreskuratu ondoren, Jaime Velaz de Medrano kapitain nafar beteranoa agintari gise geratu zen bertan, 200 nafar inguruko goarnizio batekin.

Amaiurtik, Velaz de Medranok Baztango harana eta Bortzirietako zati handi bat kontrolatzen zituen, Elizondo Miguel de Xabierren agindupean zegoen aurrerategi-postu bihurtuko zen eta Belateko portuan, Ziga eta Bertizen zaintza-lekuak ezarri ziren. Hemendik aurrera, erresumaren gainontzeko lurraldeetatik independentea izango zen lurralde txiki bat ezarriko zen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Amaiur, 1522. Nuestra historia desconocida.Iñaki Sagredo Garde. 26/05/2011. http://www.euskonews.com.

¡Amaiur…! Joseba Asiron. 16/07/2012. http://www.noticiasdenavarra.com.

Setiembre de 1521: Amaiur y Hondarribia, el desquite de Noain. Pello Guerra. 03/09/2021. http://www.naiz.eus.

Amaiur 1522. Los navarros que defendieron el reino. Peio Monteano Sorbet. 2018. Txalaparta.

Amaiur, símbolo de Navarra: la guerra de 1512-1522 y su repercusión sobre los territorios de la Corona de Navarra. José María Jimeno Jurío. 2004. Pamiela.

Read Full Post »

1944KO Ekainaren 6an, E-Egunean  Normandiako Lehorreratze famatuan eman zen.  Itsasotikegindako historiako inbasiorik handiena izan zen eta helburua Alemania Naziari Mendebaldeko Frontea irekitzea izan zen.

Aliatuen tropak Normandiara iritsi zirenean 47 euskaldun baziren soldaduen artean, 17 infanterian eta 30 aviazioan. Baziren Ameriketako Estatu Batuetara bizizera joandako lehenego eta bigarren belaunaldiko gazteak: Frank Arregebere, Stephen Larrinaga, Santiago Mendieta… Britaniar jautsilari konpainian Aretxabaletako Luciano Sauquillo zegoen, Kieffer komandoan, Iparraldeko Joseph Villard Miarritztarra, Eskiulako Joseph Julian Hourcourigaray eta Laurent Casalonga Donostiarra. Abiazioan, RAFek, (Britainiar Aire Armadak ) eskuadretako bat iparraldeko euskal pilotuek osatzen zuten erabat. 342 Eskuadroia zen, “Lorraine” Eskuadroia ere deitua (bonbardero ikurriña margotuta zuten)…agian hoietako baten baten arbasoak Baztandarra izanen zen, baina dirudi 47 euskaldun hoietatik bailarakoa batere. Baina…Lurralde hoietan, hondartz, herri eta hiri haietan, mende batzuk lehenago, ejerzito lehorreratzeetan (portu hartze kasu hontan) , Baztandar dexente batzuk, Normandian ibili, borrokatu eta defenditu omen zuten.

XIV. mende erdialdean kokatzen gera. Nafarroan, 1349 tik Karlos II.a Nafarroakoa , Evreuxkoa eta Gaiztoa ezizenez ezaguna erregea da.  Nafarroako erregeaz gain   Evreuxeko kondea ere da; Evreux, Mortain, zein Vexinen eta Cotentinen zati batzuen jabe zen Karlos.

1337tik Frantzia eta Ingalaterra Ehun Urteko Gerran daude eta Karlosen Normandiako lurrak, kolokan. Horrela, eta Normandian zituen ondasunak mantentzeko (Cherbourg itsas portu garrantzitsua, Avranches, Évreux eta bertze zenbait hiriko gotorlekua) 2 espedizio militar bidali ziren itsasoz. Lehena 1355eko abuztuan, Erregea buru zegola, Baionatik 6 itsasontzitan 2.000 nafar, 100 zaldik eta erresumako gizon aberats eta zaldun nagusiekin Cherbourgen lehorreratu zen. Espedizio honen eginkizun nagusia nafarrek frantsesen aurrean galdu zituzten gaztelu eta gotorleku ugari berreskuratzea zen. Expedizio hortan Ursuako Miguel Santxez Baztandarra zegoen.

Ursuako Miguel, escudero gise irisi zen Normandiara eta urte hoietan arma gizon trebea bihurtuko omen zen. Zihur ez jakin arren pentsatzekoa da Miguel ezkutariak, Txerbugo, Avranchesko eta halako gotorlekuen babesten hariko zela eta 1358an jakerkeriaren errepresio basatian parte hartu zuela (Jaqueria, Franziar uhartea, Pikardia, Xanpaina, Artois eta Normandiako landa eremuetan izandako herri alxtamendua izan zen. Erten ahal da, herria, nekazariak… nobleziaren gerraz aspertuta zegola) eta ondoren Karlos II.aren komandantearekin (erregearen anaiarekin) Melun hiriaren konkistan. Konkista honen ondorioz eta prestatutako zerbizioagatik, erregea sarie gise, garai hartako zerbitzuengatik, Amaiurko errotaren eta herriko errolden diru-sarrerekin sarituko dio, baita ere Baztango hainbat larre (bustalizak, idiendako expresko belaiak) eta belaiekin.

1360ko Urrian Frantziarekin Bakea siñatzen da (Erregea, 1361ko Urrian Nafarrora bueltatuko da), baina bakea ez du aunitz iraungo Nafarroko erresuman, Karlos Gaiztoak Aragoiko Pedro IV.aren aurka azpijokoan dabiltza. Gerra hontan Ursutarra “ballesteroen nagusia” (maixua) tituloa du. Gerrako ministro antzekoa da eta bere kargu dago, hainbat gotorlekuen defentsa lanak egitea, zaldunak ordaintzea, ballestaz hornitzeaz….Lan onegatik, Oliteko kapitaneriakin eta gorteko ondasun batzuekin Erregeak sarituko dio.

Cocherelgo gudua. Toison d’or de Guillaume Fillastre miniatura. XV.mendekoa

1363ko eguberritan, Normandiatik etorritako mezulari bat iritsiko da, Mantes eta Meulán nafar plazen erorketaren berri txarrak ekarriko ditu. Urtarrila eta otsaila artean ejerzito berri bat prestatuko da eta Martín Enríquez Lakarr-en ajintean mila gizon Ondarrabitik aterako dira . 2. expedizioko armada ttiki hontan, Jauntxoen artean, bertzeak bertze, Baztango Ibainez eta Narbarteko Periz Jaunak agertzen dira, azken honek 18 soldadukin. 1364ko maiatzaren 16an Karlos V.a Frantziako erregearen eta Karlos II.a Nafarroako erregearen tropak Cocherelen, aurrez aurrez topo eginen dute. Guda horren ondorioa, frantziarren garaipena izanen da.

Cocherelengo porrotarekin eta 1365ean deitutako Avignoneko Itunaren siñadurarekin Karlos II.aren gainbehera etorriko da. Hemendik aintzin Normandia gelditzen zaion gotorlekoak mantentzen saiahatuko da. Garai hauetan Ursuako Miguel, Donibane Garaziko kapitaina da, urte pare geroxago Amaiurko gazteluko kapitaina edo alkaidea izanen da. Kargu hau betetzen hari zela, Karlos II.ak 1374an Normandiara bidaliko dio eta Avranscheko kapitaina izeanen da (hiri hontako kapitaina , denbora batez, Baztango Ibainez ere izan zen). Napar kapitan gise 1378 arte egonen da, gauzak gero eta zallago jartzen hari zaie Naparrei Normandian, Napar erregeak ez da garai batean bezala hango lurretako jauntxo haundi bat. Naparrei gero eta gehiago kanpotar talde militarra gise ikusten zaie lirralde hoietan, eta azkenik 1378ko urrian Miguel eta bere gizonak Avransch utzi eta Baztanera bueltatuko da eta Baztanen, 1384 arte Amaiurko gazteluko alkaide gise egonen da.

Post hau egiteko erabili den materiala.

El capitán Pedro de Ursúa, señor de Ursúa. EULOGIO ZUDAIRE HUARTE. Revista Principe de Viana. 158. zenbakia

Eco de la batalla de Cocherel en los documentos de Comptos reales de Navarra. MARTÍN LARRÁYOZ DE ZARRANZ. Revista Principe de Viana.

Nafar gudarosteak Europako gatazketan, lehen Evreuxtarren agintepean (XIV. mendea). Roberto CIGANDA ELIZONDO Universidad de Navarra / Nafarroako Unibersitatea. 2007

Fightingbasques.net bloga. Sancho de Beurko elkartearen ikerketa lanak. “47 soldadu euskaldun izan ziren Normandiako lehorreratzean” eta “Kieffer komandoa

Carlos II el Malo. Auñamendi Eusko enciclopedia.

URSUA, Miguel Sánchez de. Auñamendi Eusko enziklopedia.

El capitán Pedro de Ursúa, señor de Ursúa. Eulogio Zudaire Huarte.Revista Principe de Viana. 158. zenb.

Cocherelgo gudua. http://www.wikipwdia.org.

Eco de la batalla de Cocherel en los documentos de Comptos reales de Navarra. Martin Larraioz de Zarraz. Revista Principe de Viana. 96. zenb.

Nafarroako konpainia. http://www.wikipwdia.org.

Nafar gudarosteak Europako gatazketan, lehen Evreuxtarren agintepean (XIV. mendea). Roberto Ciganda Elizondo. Universidad de Navarra / Nafarroako Unibersitatea. 2007.

Read Full Post »

Amaiurko herriaren eta Gaztelu Elkartearen ekimenez, 2006an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea Amaiurko gazteluko inguruak arakatzen, eta handik aitzina egindako lanak arrunt aldatu dute ingurua. Juantxo Agirre Mauleonen zuzendaritzapean, Aranzadiko arkeologoek Amaiurko monolitoaren lurpea zulatzeari ekin zioten eta indusketa arkeologikoei esker, lurpean gelditu ziren oinarriak agertu zaizkigu. Lehenengo sorpresa 15 zentimetrora baino ez, harresien arrastoak zeudela izan zen. Gazteluaren eta harresien perimetroa zehaztea lortu zuten eta indusketen bidea gazteluaren azken itxura ezagutu ahal izan zen; Dorre nagusi bat zegola, XIII. mendean jada existitzen zena, bortz dorre zituen harresi batez inguratua zegola. Perimetroak eta sarrerako atalazapata (atalasea) ageri zen, baita ere urputzua (aljibea, euri-uraren biltegia) agertu zen, eta, bigarren harresi bat, bi dorre zituena.

Baita ere Nafarroa konkistatu zenean Erdi Aroko gaztelua gotorleku bihurtzeko egin ziren obra handiak antzeman dira.; Bi kubo, hiru solairuko dorreak, kanoiak jartzeko plataforma erdizirkular moduko bat…

Urtez urte, gazteluak bere sekretuak erakutsi dizkie. “Hazienda zatiak aurkitu dire (hezurrak), ze jaten zutena erraten digutenak; behia, ardia ,ahuntza… Europa osoko txanponak, ontzi zatiak, gezi puntak, lantza puntak eta zilarrez estalitako zutoihalen (portaestandarteak)puntak, artilleria piezak … eta Amaiurko ezpata ‘bezala ezagutzen dena, 1,30 metroko luzera duen ezpata, bere ezpataburuarekin. Hau guztia posible izan da  1522an, gaztelua erabat utzi aurretik, kargak lehertu zirelako eta material aunitz erori zelako, aurkitutakoa lurperatuz.

Gazteluko indusketak 2013 aldera. Arg: Arantzadi Zientzia Elkartea

Gaztelua, 1522ko abuztuan eraistea agindu zen, nafar gotorleku eta harresiz inguratutako beste hainbeste gotorleku bezala. Simancasen datuek, horretarako, kontrolatutako zenbait leherketa egin zituztela azaltzen dute, aurretik, zimenduak suntsitzea aginduz hargin koadrilen laguntzarekin eta naturalekiko mesfidantza handiarekin.

Aranzadik indusketa lanak hastearekin batera, Iñaki Sagredok (1997tik Nafarroako erresumako gazteluak ikertzen ari den ikertzaile eta idazle Irundarra) ikerketuz eta dokumentuak bilaztu ondoren (Simankaseko artxiboa… ) 2009an Pamielaren eskutik El castillo de Amauir a traves de la historia de Navarra liburua argitaratu zuen.

Liburuak Nafarroaren konkistaren bertze ikuspegi bat eskaintzen du, Amaiurko gazteluaren historia Nafarroako historiarekin batera askoz gehiago ezagutzea lortuz.

EL castillo de Amaiur a través de la historia de Navarra liburuaren azala. Iñaki Sagrado. Pamiela. 2009

Erromatar garaitik hasita (pentsakoa da ezazu bidea begiraleentzako dorre bat egotea), Erdi Aroan,XVI. mendean, XVIII. mendean eta XX. mendean izandako aldaketak ageri dira liburuan, baita XX. mendean egindako oroiagarriaren (monolitoa) historia ere, eta doike! XX. eta XXI. mendeko indusketenak.

Amaiur eta bere gazteluaren inguruko lehen erreferentziak Behe Erdi Arokoak dira, XII. mende ingurukoak, 1192an Gazteluko tenente gise Orizko Gartzia agertzen da. Gazteluaren ardura zen Baiona-Iruñea bideko saria biltzea zen. Zaintzako postua zen, inguruko segurtasuna bermatzeko. Mayer edo Maya herrian (dokumentu zaharretan halaxe agertzen da) peajea ordaindu behar zen, merkantzien krontrol egiten zen, erresuman zer sartzen zen eta zer ateratzen zen kontua eramaten zen (tabla).

Liburuan baita ere gazteluko alkaide edo tenenten zerrenda guzia aurkitzen da, gotorlekuaren momenturik ezagunena, Amaiurko bataila! eta bertze garai batzuk ere; 1637an erreforma batzuk egin ziren,1522ko eraispenaren ondoren geratu zenarekin oinarriz hartuta; 1641ean, Espainiarrek hondarrak eraitsi zituzten; 1794an Franzestean (Konbentzio Gerran), Frantsak dinamitarekin hegan egin zuten eta, 1813an Napoleonen Gerrak barne dirudi abandonatua izan zela. Geroago XX mendean monolitoa eraikiko da eta baita ere ermita bat izanen da.

Liburu honek dibulgazio historikoaren ezaugarriak eta edozein irakurlerentzat erakargarriak diren materialak; irudiak, mapak, diseinua- konbinatzen ditu, baita jatorrizko dokumentazio ugaria aurkezten duten atalak ere, horietako aunitz ikerketa honetan zehar aurkitutakoak. Sagredok bilaketa zehatza egin du Simancaseko (Segovia) eta Zerbitzu Historiko Militarreko eta Kartografia Historikoko (Madril) artxiboetan, baita Nafarroako Artxibo Nagusian ere

Ibilbide historikoaz eta dokumentu eta indusketa arkeologikoetatik abiatuta gotorlekua berreraikitzeko ahaleginaz gain, liburuak Pedro Esarte elizondarraren hitzaurre bat du, eta, amaieran, 22 eranskin, kronologia bat eta terminoen hiztegi bat daude, bertzeak bertze.

Bortzehun urte beranduago, honelako lanei esker (arkeologikoak eta ikerketakoak) gaztelu zahar haren historiaz gehiago dakigu, non nafar fededunek euren independentzia berreskuratu nahi izan zuten.

1gazteluazaharra.jpeg

P.D. 2020ko abuztuan, azken 15 urteotan Aranzadi Zientzia Elkartekoak gazteluan egindako indusketa-lanetan berreskuratu eta eta  bertan topatutako aztarna arkeologikoak biltzen dituen Amaiur arkeologia-zentroa inauguratu zen.

Arkeologia-zentroa Amaiurko kale nagusian dago. (museoa)

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

www.aranzadi.eus. Aranzadi Zientzia Elkarteko webgunea. Arkeologia atala.

EL castillo de Amaiur a través de la historia de Navarra. Iñaki Sagrado. Pamiela. 2009

2009-«El castillo de Amaiur»: Presentado en Iruña el nuevo libro de Iñaki Sagredo. Pamiela.com

El castillo del yacimiento de Amaiur descubre sus secretos a los visitantes. Alicia del Castillo. Diario Vasco. 2015

Harresiak lurpetik atera eta hizketan hasi dira. Itsaso Zubiria Etxeberria. Argia. 2013

Read Full Post »