Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘Alava sarea’

Elizondoko Pedro Axular karrikan, Baztan ibaiaren ertzean, ‘Bittori Etxeberria’ eskultura dago. Mikel Iriarte artista arizkundarrak egindako Markina beltzezko mormolezko pieza bat da eta guerra zibilan eta ondoko frankismo urteetan euskal erresistentziako Alava sarea parte hartu zuten baztandarrak omentzen du.  Alava Sareko parte izan ziren Bittori Etxeberria, Esteban Etxeberria, Agustin Ariztia, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza.

Bittori Etxeberria’ eskultura. Argazkia erren.eus.

Timoteo Plaza Mendiburu Lekarozen jaio zen 1908an eta 30. hamarkadan EAJko militante nabarmena zen Baztanen. Felicitas Ariztiaren senarra zen eta Bikotea, Agustin Atiztia koñatuarekin eta Esteban eta Bittori anai-arrebekin batera, 1937ko abuztutik, Euskal Zerbitzu Sekretua deritzonaren ekimenez Baionaren eta euskal erresistentziaren arteko harremanari eusteko balio zuen sarea osaten zuten. Sare hainbat dokumentu, informazioa eta pertsonak Baztandik pasten zuen.

Sarea martxan jarri baino hilabete batzuk lehenago, Timoteo Plaza atxilotu izan zen eta Iruñeko Espetxe Probintzialean espetxeratu zuten 1936ko azaroaren 7an. Hala ere, atxiloketa horri buruz Timoteo Plazak berak hitz egin omen zuen Carlos Blasco kazetariari 1978an emandako elkarrizketa batean eta hala zion, “36ko urrian atxilotu zidaten, baina akusazio zehatzik gabe”. Egia izan ala ez, dirudi edo pentsa daiteke 1936ko udazkenetik aurrera mugako pasabide klandestinoak egiteko lanetan zebilela. Muga nahiko ongi ezagutu behar zen, aurretik 2.000 pezetako isuna jarri baitzioten kontrabandoan aritzeagatik.

37ko abenduaren bukaeran, nazionalak Baztango gazteak alistatzeko deituko dituzte, Timoteok 1938ko urtarrilaren 1 eta 2ko gauanean muga menditik zeharkatu zuen, Iparraldera ihesis. Hortik aintzin Saratik sarea lagunduko du eta lankidetza estua izanen zuen Pepe Mitxelenarekin, Euskal Zerbitzuko kidea zena eta bi urte eta erdiz hainbat aldiz Daxen bilduko ziren.

Hilabete ba geroxago (1938ko otsailean) bere kuñatua Agustin Ariztiak (Pablo Etxebeste izen klabea), Guardia Zibilak bere etxean agertu zirela, Komandantzia Militarrera joateko zitazio batekin, baita ere Frantziara ihes egin zuen. 38ko urrian frantsesek Toursen konfinatu zuten, eta han egongo da 39ko maiatzera arte, Elizondora bueltatuz.

Jakina denez, Araba Sarea 1940ko abenduan desegin zuten, naziek urte bereko maiatzean Eusko Jaurlaritzak Parisen duen Ordezkaritzan sartu zirenean eta Espainiako Poliziari berehala entregatu zioten han aurkitutako dokumentazioagatik. Horrela, 1940ko abenduaren 20an, Madrildik joandako Brigada Politiko-Sozialeko zenbait agentek Bittori Echeverria eta Agustin Ariztia atxilotu zituzten, baita handik gutxira egiturako kide gehienak ere, Timoteo Plaza ezik. Timoteo Plaza ez zuten inoiz sareko kidetzat hartu, ziurrenik 1938ko urtarriletik eta sumarioa amaitu arte Frantziako lurraldean bizi izan zelako. Timoteo Palaza Lekarozera itzuli zen 1942ko udan

Timote Plaza Mendiburu

Nahiz eta Timoteo Plazak ez zuen inolako zigorrik jaso ,1943ko urtarrilaren hasieran ireki zioten sumario militar bat, 1928ko “remplazoari” deitu ziotenean aurkeztu ez izana egotzita. Sumario horretan, bere deklarazioan, Timoteo Plazak esan zuen lehen hilabeteetan Mugimendu Nazionalarekin bat egin zuela, eta harekin elkarlanean aritu zela mendietan, errepideetan eta hainbat eraikinetan zaintza eta patruila egitem. 1938ko urtarrilaren 1ean edo 2an zeharkatu zuen muga, bakarrik eta ezkutuan, Frantzian barneratuz, non ordura arte bizi izan zen, Ipar Euskal Herriko eta Landetan laborari gise eta mendian lan eginez, jakin gabe “gerrara” deitu ziotela. Aipatu zuen ez zela alderdi edo sindikatutako kide izan, eta Espainiara itzuli zela bere bizitza partikularra normalizatzera. Haren aurka espetxealdi arindua agindu zen, eta hamabortz egunean behin Elizondoko Guardia Zibilaren postura joan beharko zuen.


Red Álavak 1937ko abuztutik 1941era funtzionatu zuen, baina aitzindari gisa sare bat egon zen Baztanen, Timoteo Plaza 1938 baino lehen buru zuena, sare hori Elbeteko Erviti anai kontrabandistekin lan egiten zuen (hauek ere 37ko azaroan aldean eginen dute). Timoteo Plazak aistion aipatutako Carlos Blasco kazetariariaren elkarrizketa hartan (1978) aitortu zuen 1936ko uztaila eta 1938ko urtarrila biztartean jendea pasatzen aritu zela, eta Alava Sarea 38. urtean hasi eta 41. urtean desagertu zela, baina urte bat lehenago hasi zirela pasatzen eta jendeari laguntzen.

Berrogei urte baino gehiagoko diktaduraren ondoren, 1979ko apirilean “demokrazian” deituriko lehenengo udal-hauteskundeak egin ziren, botoa emateko eskubidea berriro erabili ahal izan zen, eta udalerrietako alkateak, aukeratu ahal izan ziren. Baztanen Timote Plaza Mendiburu abertzale hautatu zuten alkate.

Timoteo Plaza 93 urte zuelarik 2000 urtean zendu zen.

Post hau egiteko erabili ziren lanak.

Contrabandistas de ganado y redes de evasión en Navarra durante la guerra civil española. Fernando Mikelarena Peña. Cuadernos de Historia Contemporánea. Ediciones Complutense. 2017-2019.

Timoteo Plaza, el primer alcalde nacionalista vasco. http://www.euskoalkartasuna.eus. 2000.

Censo provisional del Exilio navarro de la guerra de 1936-1939. pazyconvivencia.navarra.es.

Read Full Post »

Maiatzaren hasieran, 6an hain zuzen ere, baina 1963an Parisen Xabier Landaburu hil zen. Xabier Landaburuk bizitza osoan maite izan zuen Baztan, eta bihotzean zeraman, eta baztandar batzuk ere bai; Garmendia familia, Ariztia eta Etxeberriatarrak, batzuk esatearren, eta hori Landaburuk ia ez zuela Baztan ezagutu, egun bakar bat egon baizen.

Frantzisko Jabier Landaburu Fernandez de Betoño batzuetan Xabier Landaburu bezala ezagutua, 1907ko irailaren 5an Gasteizen jaiotako politilari abertzalea eta kazetaria zen. EAJ alderdiko eta Eusko Ikaskuntza elkarteko kidea zen eta 1933an diputatu hautatu zuten Araban, EAJ alderdiaren eskutik. 1936ko uztailatik Gasteiz nazioinalen eskuetan zegoen eta Xabierrek ia bi aldiz atxilotua izan zen eta hirugarren atxiloketa bat ez izateko, hamahiru hilabetez egon zen ezkutuan Gasteizko Floridako familiaren pisuko sabaian. Bere etxean ezkutatuta 1937ko iraila artio egon zen, gure “istorio ttipi hau” hasten den egun artio.

Xabier Landaburu. Argazkia euskonew.

 Gasteiztik atera eta Iparraldera ihes egin behar zuen eta horretarako, Alava Sarera jo zen, Eusko Jaurlaritzak berriki sortutako espioitza sarera. Baztanen sarea Bittori eta Esteban Etxeberria, Agustin eta Felizitas Ariztiak elizondarrak osatzen zuten, eta, neurri batean, Garmendia familiak, Rafael Garmendia izango baitzen Landaburu Gasteiztik Elizondora eramango zuen txoferra (taxista zen).

Lander Santa Maria “las cuatro estaciones en el valle de Baztan” liburuan kontatzen dun arabera, Xabierreri, Gasteizen kotxe batean sartu, manta latz batzukin estali ta bi aulkien tartean makurtuta ta mugitu gabe ezkutatuta, gelditu gabeko bidai luze baten ondorioz, Elizondora iristean, Rafael Garmendiak Santiago kalea zeharkatu zuen, ezkerrera biratu zuen Burjes kalea eta parean zuen garajerako sarrera bideratu zuen, Jaime Urrutia kaleko egungo 8. zenbakiarekiko bidegurutzean, gaur egun Goizalde eraikina dagoen tokian, zuzenean sartu zen eta anaia, Ignacio, berehala itxi zituen ateak. Kotxetik atera ziotenean, gixajoa ezin mugiturik zegoen, makurtua bidaiako postura gatik, garaje bertan igurzidurak ezarri zioten.

Hortik, garajetik eta gau itxian, Etxenikeara eraman zuten, 50 bat metrora dagoen etxe batera, baratze batek bakarrik banatzen duena, eta Agustín Ariztia elizondarraren familiak, Alava Sareko kide aktiboak, hartu eta ezkutatu zuena.


fiat 508 balilla (1932-1937) – Argazkia todocoleccion – 157367429

Biharamunean, goiz goiz ta garaje berberatik, Ignacio Garmendia ta bere familia eskerrak emanez, beren bizizak arriskuan jartzeagatik, kotxean sartu, baña kasu hontan maleteroan ezkutatuta eta Agustin Ariztiak gidatuta, Dantxarineatik barna Donibane Lohitzunera eramanen zuten. Handik Parisera eta han hasiko zuen politikari bezala epealdi garranzitsu ta berri bat.

 EAJ alderdiak bere ordezkari izendatu zuen Parisen. Frantzia alemaniarren esku geratu zenean, Gestapotik ihes egin zuen, eta euskal erresistenzian (aliatuen alde) sartu zen , 1944. urtean, 1944n Paris askatu zutenean bertze euskaldun batzuekin batera, Marceu etorbideko Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitza bereganatu zuen. Agirre lehendakariaren zerbitzupean izan zen, hura hil zen arte. La causa del pueblo vasco obra eman zuen argitara 1956. urtean. 1960. urtean, Agirre lehendakaria hil zenean, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izendatu zuten.

1963ko maiatzaren 6an 55 urte zituela eta José Antonio de Aguirre, forjador de la nación vasca obra idazten ari zela Parisen hil zen. 

Post hau egiteko erabili den materiala

Las cuatro estaciones en el Valle de Baztan. Lander Santamaria. Diario de noticias, Baztango Herri Unibersitatea. 2006.

Frantzisko Jabier Landaburu. wikipedia.eus

Read Full Post »