Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘agramondar’

“Joe…beti borrokan!!!” ipuinaren lamina bat.

Pasaden astean Nafarroako konkistaren inguruko marrazkitxo batzuk iten aritu naiz, marrazkiak Baztan ikastolan izan duten aste kulturalaren barnean ikaslei irakurri zaien bi ipuintxo apaintzeko izan dira. Ikastolako aste kulturalaren gai orokorra Nafarroako konkista zen eta  marraztutako 11 laminak “Amaiurko gaztelu Baltza” eta “Joe…beti borrokan!!” (Nafarroako historioa) izeneko idatz-lanetarako izan dira. Aste hauetan etxean nabaria izan da, Ikastolan gogoan izan dutela Nafarroako konkista eta gure historioaren hainbat pasarteak eta istorioak jorratu dutela. Polita eta xarmanta da hamar urteko alabari entzutea, Albako dukea nafarroan sartu zela eta Nafarroako errege ta erregiña alde egin behar izan zutela edo sei urteko semeari, gomaespumako ezpata “en mano” ohe gañean saltoka eta ohiuka; Jaime Belaz Amaiurko kapitaina naiz eta ez naiz errendituko!! erranez.

Gauza da, konkista buruzko bertze gauz batzuen artean arras ongi jakin ta ikasi izan dutela gure eskualdean (Amaiurren) gertatutako pasarte garrazisuena, bai liburuak irakurri dutelako (koxkorrek), bai ipuiñak kontatu zaielako eta baita ere gazteluko aztarnetan “murgildu” zirenean (bisitan) Ixabelek gazteluko hainbat istorio aipatu zizkiolako!. Haurrak (bederen etxekoak) badakite nortzuk ziren Jasotarrak, baita ere Belaztarrak, aita ta semia eta hauek Iruñan pozoinduta hil zirela ere, bazirela 200 napar (agramondarrak) gazteluan eta kanpoan gaztelaniar pile! (ta behamondarak ere)…

Haurrak ikasi duten bezala, gehienok badakigu nortzuk  ziren (bederen izenez)  Amaiurko 1521-1522ko pasarte hortan gaztelua defenditzen egon ziren personai nagusiak; Jaime eta Luis Belatz, Xabierreko jauna eta bere anaia Juan edo Mauleon-tar Victor ta Luis. Guzti hauek ibili zirela gaztelua eta inguru hua defenditzen, baña hauekin batera eta Lauxetaren poema dion bezala 200 zaldun sumin zeuden eta hoien artean bailarako eta euskualde hontako jaun batzuk ere!…eta post hontan horietako bat, gogora ekarriko dugu, Alain de Bertiz!!!.

“Amaiurko gaztelu baltza” ipuiñaren 3 lamina.

Gaztelua  1522ko uztailaren 20n gaztelaniarrei errenditzen denean aistion aipatutakoekin batera bertze batzuekin batera Zozaiako PierresMaiako TristanJaurolako jauna  eta Bertizko Alain baztandarrak zeuden (egie da Bertiz ez dela Baztan baina Bertiztarrek Baztanen lurrak zeukaten eta Oronoz “diezmoak” Bertiztarrei ordaitzen zien). Alain Bertizko jaun gaztea zen eta Beriztarrek betidanik  Agramondarrak ziren, ia Alainen familia, bai  Bertizko Juan Peris-ek eta  Petri Sanzek, Bertizko jaunak Agramondarren eta behamondarren arteko borrokako urtetan (Blanca II.na erregiña hil ondoren) Aragoiko don Juan alde aritu ziren, bai Oronozko asedioan eta baita ere Amaiurko herria behamontarretik askatzen. Petri Sanzek ere 1460an Okorrozko gaztelua hartuko zun Agramondarrentzat.

Agramondarren ingurukoa izanez ,normala da Alain jaun gaztea gazteluan aurkitzea eta badakigunez ez zen familiako bakarra bere ezpata altxatu zula gaztelaniarren aurka, zeren Amaiurren errendizerakoan baita ere ageri zaigu Alainen anaia, Juan Peris “Bortetxipia” osaba eta bertze “Bertiz” aunitz ere, eta pentsatzekoa da, Alainenek eta Bertiztarrek gerran izandako parte hartzean haundia izan zela zeren gaztelua erori ondoren, 1523ko Karlos V. a enperadorea Napar agramondarrei eskeitzen dien barkamenatik kanpo gelditzen bai dira. Berak eta bere aginpean zeuden baztandar batzuk anmistia horren onuragarriak eta mesedegarriak ezin dute jasotzen ahal eta Oieregi herriko “diezmoa” bertze gauz batzuen artean galduko dute.

Amaiurko monolitoa. Argazkia Pello San Millan

Baina urte batzuk pastu ondoren Alainek bere egoera normalizatzea lortuko du, 1524an Alainek Maria de Allorekin (Behamondar aldeko familiako alaba) ezkonduko da eta familia honek aduana batzuen ardurapea batzuenez, pixkanaka pixkanaka aurrera atrako da eta denborarekin Nafarro Garaiko egoera politiko berriaren barnean sartu eta egokituko da. Horren adibide gise aipatzen ahal da Alainen eta Maria de Alloren semea, Bertizko Martin, erregearen koperoa izan zena eta baita ere Santigoko zalduna izatera iritsi omen bai zen. Martin bizitzae luze ta mugitua izan zun, Franciso de Lodosako Greida izeneko alabarekin ezkondu zen, preso egon zen eta hiru urtez desterratua  (bere kuñatuarekin batera hilketa batean parte hartzea  izan bai zuen ), bere emaztearekin seme alabik ez zuen izan baina Juana Mayora izeneko emakumearekin sasi kume pare batzuk  izan zitun eta bere abizena eman zien…baita ere bertze seme bat izan zun Juana Beaumontekin (Luis Beaumont-en alaba) eta hirugarren ezkontza baten ondoren, alaba bat ere. Ondarrian Bertizko Martin, Nafarroako tesorero generala eta Spaianako erregearen kontseilaria zela 1592ko ekainaren 17an zendu zen, bitxia izanez bere bizitzaren ibilbidea, ikusita non eta nola akitu zun (Espainako erregearen kortearen inguruan),  jakinda bere aita, non eta nola hasi zen!! (Amaiurren, Nafarroako erregea defenditzen).

Post hau iteko hurrengo liburuak erabili dira:

3. Bidasoa Ikerketa Zentoaren Kuadernoak “Bertizko Jaurerria” (2000) . Andoni Esparza Leira.

Amaiur, símbolo de Nabarra” Pamiela (2004).  Jimeno Jurio.

“El castillo de Amaiur a través de la historia de Navarra” Pamiela (2010). Iñaki Sagredo.

Read Full Post »

 

Gartzaingo Ainzano auzoan, Iturbidea izenekoa, jauregi edo “etxe noble” bat dago eta Baztanen dagoen lehen leinuen etxeetako bat da. Gaur egun baserria edo landetxearen itxura eta abeltzaintza-erabilera izan arren, oraindik badira jatorrizko “Cabo de armería” eraikinaren aztarnak, hala nola harrizko zutabe bat bere kapitelekin eta familiaren armarria sarrerako arkuan harrian zizelatuta. Baztango familia handi baten sortetxea izan zen Iturbidea, eta bertatik zenbait seme bitxiak atera ziren, haien artean (edo haien ondorengoen artean) enperadore bat eta guzi! (suposatzen da Agustin Iturbide enperadore mexikarraren arbasoen sortetxea dela).

Iturbide leinu etxea, Aizano auzoan. Argazkia Pello San Millan

XV. mendean Martin Iturbide izeneko bat dugu, Baztango alkate “perpertuo” gisa. Urte batzuk geroago, agramondarren eta bahamondarren arteko Nafarroako “gerra zibilaren” ondoren (agramondarrak Aragoiko Joan II.aren alde eta Behamondarrak bere seme Karlos Vianaren alde) Nafarroako errege zen Joan II.a Aragoikoak (usurpatzailea) eskerrak eman zizkien Gartzaingo Iturbidekoei erregeari emandako laguntzagatik.

1512ko gaztelerazko inbasioan, behamondarren aldekoak dira eta Fernando Katolikoak Johannes Iturbidekoa Baztango jendearen kapitain izendatuko du. Johannes ehun eta berrogeita hamar gizonekin Doneztebeko elizan sitiatuta zeuden gaztelaniarrak laguntzera agertu zen eta Amaiurren gaztelaniarrekin egon zen, eta hemendik aurrera Iturbidetatarrak bailarako “capitán a guerra” kargoa izanen dute eta Hispaniar Koroaren menpean arituko dira.

Gartzainen 1609an jaiotako Miguel Iturbide Zuria izan zen haraneko “gerrako kapitain” kargua izan zuen bertze Iturbidetar bat. Gartzaindarra nabarmenduko da kapitain bezala Flandesko Armadan (historiografian izen horrekin ezagutzen du 1516tik aurrera a Austriako Etxeko Habsburgotarrak Herberean antolatutako armadari) eta gudan izandako merituengatik kargoz igo zena.

Aita hil ondoren, Baztanera itzuli zen, Nafarroako Gaztelako koroako erregeordea Biarnoan espioi gisa zerbitzatu zuen etapa berri bati hasiera emanez (gaztelania, frantsesa eta euskara menderatzen zituelako). Zerbitzu-bizitza horregatik, Madrilgo gortea eta Olivaresko konde-dukearen aldeko gomendioa nagusitu zitzaizkion.

Iturbide familia armaría Gartzaingo elijan. Argazkia Pello San Millan

1636an porrot egin zuen Lapurdiko espedizioan parte hartu zuen, Valparaisoko markes Nafarroako erregeordeak aginduta. Bertan nabarmendu zen eta berriro igo zen. 1638an, Hondarribiko sorospenean eta Kataluniako gerran ere parte hartu zuen, non zauritu egin zuten.
Miguel de Iturbidek alde batera utzi zuen bere bizitza militarra 1643an Burgo de San Cernin lurmuturreko erregidore eta 1644ko Gorteetako Iruñeko diputatu izendatu zutenean.

Garai gogorrak dira Hispaniar Inperioarentzat, Portugal bere soberastasun osoa berreskuratu du, herrialde katalanak independentziaren alde borrokatzen daude, gainera Frantziarekin gerra dago eta Madrildik etengabe eskatzen diote Nafarroari gerrarako gizon eta diru gehiago. Nafarroak 100 urte anexionatuta izan arren, Nafarroak oraindik erreinu bat da eta bere foruak mantentzen ditu… eta eskaera horiek guztiak foruen aurka doaz.


Miguel de Iturbidek, diputatu gisa, Nafarroako erresumaren izenean, eskaeren aurkako protesta egingo du , eta Felipe IV.aren aurrean ere protestatuko du, erregeordeak, Oropesako kondeak, Kataluniako armadako nafar desertore batzuei ezarri zizkien zigor umiliagarriengatik (azken protesta honen ondorioz, Oropesako kondeak Nafarroako erregeorde kargua utzi zuen).

Ezbehar horren ondoren, eta Nafarroaren subiranotasun galdua berreskuratzeko matxinada bat prestatzeaz akusatuta, Miguel Iturbide Madrilera deitu zuten 1646. urtearen amaieran, eta urtebete osoan zehar gortean atxiki zuten, inolako azalpenik gabe.

Diputazioaren protesta formalek ez zuten ezertarako balio izan, eta Iturbide modo misteriotsu batean 1648ko urtean hil zen (epaiketa sekretu baten ondoren, antza denez, zigortuta).

Historian zehar, ez da lehen kasua nafar erresumaren defendatzaile bat modu misteriotsuan eta gaztelarren aginduz atxilotuta dagoenean hiltzen dena. 126 urte lehenago antzeko zerbait gertatu zen San Nicolaseko espetxean, eta misteriotsuki hilda agertu ziren Amaiurko gazteluko azken alkaide nafar izan zen Jaime Belaz kapitana eta haren seme Luis.

Handik ia V. mendera (1989ko azaroaren 20an) bertze euskal diputatu bat (Miguel de Iturbide bezala) eta independentzia-askatasunaren defendatzailea (Jaime Belaz, bezala) zen Josu Muguruza, Madrilen afaltzen ari zela buruan tiro eginda, hil zuten.

P.D. Sarrera hau 2017 berritua eta eguneratua izan zen.

Sarrera hau egiteko erabili den materiala:

Represión y reparto del Estado navarro”. Pedro Esarte. Pamiela.

Miguel de Iturbide, ajusticiado en 1648 ¿Motivo? Querer sublevar Navarra para recuperar su soberanía.  Mikel Burgui. Nabarralde

Miguel Iturbide Zuria. Real Academia de Historia.

Read Full Post »