Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Posts Tagged ‘1914’

 
2004. urtean egin zen lehen aldiz Mariano Izeta Sariketa. Sariketaren helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten. Xalto Sariarekin txandakatu izan ohi da, bakoitza bi urtetik behin gauzatuz.

Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du; horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak (lkartea bera da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango Udalaren eta bertso-eskolaren laguntzaz.)

Mariano Izeta.

Mariano Izetak, baztandar amorratua izanez gain, bertsotzale, idazlea, euskaltzaindiaren urgazlea, dantzaria, (Santiago egunian dantzatzen den  Ohorezko mutildantzan lerroburuan ainbertze urte ibili zen) eta ogibidez, erlogularie izan zen (1984an jubilatu zen arte).

Federiko Izeta zarauztarraren eta Juana Elizalde elizondoarraren semea izan zen Marianok. 1915ko Uztailaren 14an Elizondoko Mutilenea etxean jaio zen, zortzi anai-arreben zaharrena izanez. 14 urtekin Eskolako ikasketak bukatu ondoren, bere aitarekin hasi zen erlojugintzan. Mariano gaztia, euskal kulturan hazi eta hezi zen eta gaztetik euskararen inguruko gaietan murgildu zen. Euzko Alderdi Jeltzalean (EAJ) bazkidetu zen 18 urte bete bezain fite (1933-07-28). Gazte izanda Elizondoko ikastolaren sortzaean parte hartu zuen, baita ere 1936 urtean Elizondon egingo zen Nafarroako lehenengo bertsolari txapelketaren segimendua egingo zion. Handik aintzin bertsolaritza sustatuko du eta garai ilun hoietan ( frankismo garaiak) bertso saio aunitz antolatuko zituen. Bertso saio haietan gai-jartzaile gise ibiliko da. Berriz txapelketak hasi zirenean, epaile gise ere aritu zen. 1992ko urtarrilaren 19an, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak omendu zuen eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko Ohorezko lehendakaria izan zen.

50. hamarkadan  idazten hasi zen,  Zeruko Argian, Herrian, Principe de Viana aldizkariko Erriz-Erri sailean, geroxago Diario de Navarran, Euskaldunon Egunkarian, Deian, Navarra Hoy-en eta Diario de Noticias-en argitaratu zituen artikuluak. Beti Baztan edo eta euskal gaiei buruz idatzi zuen eta batzutan Anzanarri izengoitiaz ere sinatzen zuen.

1962an Dirua galgarri eleberria karrikaratu zuen1961etikeuskaltzain urgazlea izan zen, 1982an bere bigarren eleberria Nigarrez sortu nintzan argitaratua izan zen. Baztandarren ahoetatik Baztango euskal hitzak bildu zituen eta 1996an Baztango Hiztegia idatzi zuen. 1999an Baztango kontuak biltzen zituen ainbat idazlanak karrikaratua izan zen eta 2000. urtean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

Santioko mutildantzetan, lerroburu

Mutildantzari fina zen, 15 urte baino ez zituela dantzatu zuen lehenbiziko aldiz Baztango mutil-dantza Santioko Bestetan. Urte aunitz mutildantzen lerro burua izan zen Elizondoko Bestetan. Idazten eta erlojuak konpontzen zuen biztartean, baztango mutildantzak bultzatu eta hainbertze jendei irakatsi zizkion dantza horiek, eta han- hemen ibili zen Baztango dantzak hedatzen, Maurizio eta Felix txistulari eta atabalaria lagun zituela. Elizondoko trinketean erakusten zituzten.

Baita ere kirol ekitaldiak antolatzen aritu zen, Adibidez: Baztango Itzulia. Urte anitz eman zituen txirridulari lasterketa horren antolakuntzan Elizondon (gazte garaian Txirrindularia izan omen zen) edo Antxitonea trinketean antolatutako pilota partidekin, edota lasterketekin.

Bertze hainbat alorretan aritu zen; abesbatzan (Koralan) kantarı, haur zein helduei euskaraz erakusten (eskola nazionalean 1969-70, eta Elizondoko Gau Eskolan 1974-1977), idazkiak euskaratzen, Xorroxin Irratiko Elizondoko berriemailea izan zen eta Irulegi Irratian ere solasten zen.

Urte parez Elizondoko alkatea (1957-58) izan zen frankismo aroan eta 1980-1984 biztartean Baztango Udaleko zinegotzia (EAJtik), Kultur saileko arduraduna, demokrazia aroko lehen legegintzan.

Marianoren lan guztia eskertzeko edo ordaintzeko asmotan omenaldi aunitz jaso zituen bizitzan zehar. 1972an Club Deportivo Baztan kirol taldeak egin zion omenaldia. Talde horretako diru kontuak eraman zituen hainbertze urtez, eta elkarte horrek antolatutako ekitaldi anitzetako bultzatzaile izan zen. 1983an etorriko zen Baztandarren Biltzarra Elkarteak egindakoa, Elkartea harreman estua izan zuen Marianorekin.

Hala ere omenaldirik kuttunenak, 1990eko apirilaren 22an Xorroxin Irratiak egindakoa eta 1991n Baztango Balleko Etxeak eta Nafarroako Bertsolarien Lagunak Elkarteak elkarrekin egin zizkiotenak izan ziren. 1992an Bertso Egunean Bertsozale Elkartearen omenaldia jaso zuen.

Lan guzti hoietatik eta Baztani erakutsitako maitasunagatik 1997ko maiatzean Batzar Nagusiak, aho batez, Baztango Seme Kutun izendatu zuen. Urte bereko uztailaren 25ean Mariano Izeta Erreboteko plaza inauguratu zen Elizondon. 2001ean Baztandarren Biltzarrak bere lana gogora ekarri zuen, lehenbiziko aldia baitzen Baztandarren Biltzarrak Marianoren presentziarik ez zuela

Baztan ikastolako urteko bazkarian

2001eko urtarrilaren 8an bere etxean zendu zen, 85 urte zituela. Alkate soinua joz sartu zen elizan, hilkutxak gainean Baztango ikurrina zuela.

Hileta elizkizunetara jendea aunitz urbildu zen, herritar aunitz gain euskal kulturako ordezkari franko ere.

1963tik Gabriela Goñi Olaetxea lekaroztarrarekin ezkondua zegoen eta bi alaba izan zituzten.

P.D. Post hau 2008ko Azaroaren 28an, Mariano Izeta III. sariketaren finala Elizondon jokatu zela medio gin zen. Edizio hortan Jon Elizetxe gartzaindarra nagusitu zen. Bertsolari gazte baztandarrari Mariano Izetaren alabak txapeldunaren txapela ezarri zion.

Post hau iteko erabili den materiala:

BDB Bertsolaritzaren datu-basea. Mariano Izeta.

Mariano Izeta (1915-2001). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Kultura Saila. 2002. Jon Abril.

Iceta Elizalde, Mariano. Auñamendi Eusko Enziklopedia.

Mariano Izeta wikia.Wikipedia

IX. Mariano Izeta Bertso Sariketa abenduaren 27an Iruritan. erran.eus.

Read Full Post »