Aita Donostiak 1913ko ekaineko Euskal Erria aldizkarian idatziko zuen: “Eladio Garcia maisuaren odol hotz eta erabakiari esker, ekidin egin zen hekatombe izugarri bat…” Albistea, Baztanen inoiz izan den hondamendirik handienean Elizondok 1913ko ekainaren 2an izandako uholde izugarriari buruzkoa zen. Bertan Elizondoko maisuaren ekintza miresgarria nabarmentzen zen; izan ere, bakarrik eta belaunera iristen zitzaizkion uren hartune bortitzaren aurrean, bere bizitza arriskuan jarriz, zenbait ikasle gerrikotik hartuz , izuaren eta oihuen artean salbatzea lortu zuen. Ikasleak bildu eta goiko solairura eraman zituen . Keinua, Euskal Erria aldizkariaz gain, Nafarroako eta estatuto prentsa ia guztietan agertu zen.
Eladio Garcia Martinez Faltzesen jaio zen, 1886ko otsailaren 18an eta magisteritza ikasi ondoren 1909tik Elizondoko maisua zen . Elizondoko maisu plazak oposizio bidez irabazi zuen eta 825 pezetako soldata jasotzen zuen. Maixu bezala 1917 arte egon zen, Nafarroako Lehen Irakaskuntzako ikuskatzaile (inspektorea) izendatu zuten arte. Elizondon Eladio, bere emazte Simona Serrano eta bere famila Kuartelekoetxean bizi ziren, Kuartezelaiko etxea eta eskola (gaur egun Baztan Ikastola dena). 1917an bere seme Rafael jaio zen baina 1918an espainar gripearen ondorioz bere bi alaba 3 eta 5 urtetakoak) bi egunetan jarraian galdu zituen.

Eladiok hezkuntza modernoaren aurrelaria, eta eskola aurrerapenean eragina izan zuen. Hasiera-hasieratik, irakaskuntza ikasten eta modernizatzen saiatu zen, eta, bertzeak bertze, eduki pedagogikoko hainbat lan, liburu eta eskuliburu argitaratu zituen, eskolan aplikatzeko. 1919an argitaratu zuen bere lehen liburua, « La Cartilla de las Navas de Tolosa», eta ondoren: Metodología de la Geometría, una Historia de España, La enseñanza de la Historia en la Escuela primaria, Preparación y ejecución del trabajo escolar eta Concepción Arenal y la Educación, El cálculo y la medida en el primer grado de la escuela Decroly (1934)
Bere ibilbideak irakaskuntza Europako estandarren arabera eguneratzeko kezka islatzen du. “Hezkuntza morala zentzu kritikoaren eta askatasunaren esperientzia eta praktika mailakatuaren bidez lortu behar da, autoritatea inposatu gabea”, erranen du Iruñean 1920an Eusko Ikaskuntzaren II. Kongresuan. Eta Irakasletzari dagokionez, maisu-maistrak prestatzeko bertze herrialde batzueen (Alemania, Suitza,Ingalaterra) eredua jarraitzeko erranen du eta Eusko Ikaskuntzaren beka jasoko du, Frantziako eta Belgikako irakaskuntzari buruzko azterlan bat egiteko.
1027an, Martin Urrutia Ezkurra ongileak Oronozen sustatutako San Martín (mutilentzat) eta Nuestra Señora del Carmen (neskentzat) ikastetxeak sortzen lagundu zuen. Erten denez, Eladio Garcíak bikotea konbentzitu zuen Oronozen ikastetxeak eraikitzeko, lehenengo ideia Bizkaian (Carrmnen hangoa zen) eraikitzea baitzen.
1929an Faltzesen (bere jaioterrian) omendua izan zen eta seme kutun izendatu zuten (Faltzesko eskolak bere izena darama). Omenaldiaren ondoren Madrilera joan zen Madrilgo eta gerorago Estatuko irakasleen ikuskatzaile izateko.
Kargu horiek Primo de Riveraren diktaduraren amaieran eta II. errepublika osoan izan zituen. 1936ko estatu-kolpearen ondoren kargu hoietatik dimititu zuen eta gerra amaitu ondoren Errepublikan egindako lanagatik, espedientea ireki eta gaitasungabetu (inhabilitatu) zuten. Baina laster (1941) desgaituko zuten, ez baitzen erregimen berriaren “etsaia”, politikoki alderdi mauristako kide izan baitzen (kontserbadoreak) eta bere seme Rafael falangista nafarra ezaguna zen ( 1936ko altxamendu militarrean Nafarroan protagonismo zuzena izan zuen)
Rafael Garzia Serrano 1917ko otsailaren 11an jaio zen eta bere biografian Iruñan jaio zela patu arren garai hartan gurasoak Elizondon bizi ziren.
18 urtekin, Madrilgo Unibertsitatean Filosofia eta Letretako ikaslea zela, Falange Españolan sartu zen 1934ko urtarrilean eta gerraurreko argitalpen falangistekin kolaboratu zuen.
Gerra Zibilaren hasieran, Iruñean matxinatutako indarrekin bat egin zuen, Emilio Mola jeneralaren aginduetara, Nafarroako hiriburuaren okupazioan parte hartuz. Kazetari, zutabegile edo zuzendari gisa lan egin zuen hainbat argitalpen falangistatan, hala nola Arriba España, Jerarquía, Arriba (Falangeko organo ofiziala zena zuzendaria izan zen) 7 Flechas astekarian (guztiak Mugimenduko prentsakoak).
Gerra Zibila gai nagusi zuen hainbat eleberriren eta bidaia-kroniken egilea izan zen eta José Antonio Primo de Rivera literatura saria lortu zuen. Rafael García Serranoren estiloa zuzen definitu da , «Bronkoa eta kastizoa». Baita ere García Serranok, filmen gidoiak idatzi zituen, tartean bere eleberrian oinarritutako La fiel infantería (1960). Gainera, Ronda española (1952); La patrulla (1954) Los económicamente débiles; La casa de la Troya (1959); Tú y yo somos tres (1961), El marino de los puños de oro (1968) eta A la Legión le gustan las mujeres (…y a las mujeres les gusta la Legión) (1976) filmenak ere idatzi zituen.
Madrilen hil zen, 1988ko urriaren 12an, eta zazpi seme-alabaren aita izan zen; horien artean Eduardo García Serrano esatari eta kazetaria dago.
Elizondoko maisu oroituaren biloba Madrilen jaio zen, 1956ko martxoaren 7an, eta kazetari gisa Grupo Intereconomía taldean egon da.
Eduardo Garcías La Gacetan idatzi du eta Intereconomía Televisión-en El gato al agua, Noticias Intereconomia-n kolaboratu du eta Radio Interconomian tertuliakide izan da. Eskuin muturrarekin lotuta (ideologia falangistako pertsona gisa definitzen du bere burua) García Serranok hainbat gertakari polemikoren protagonista izan da hedabideetan egin dituen hitzaldietan. 2006ko ekainean, «vieja Marikona» gisa kalifikatu zuen Antonio Gala idazlea, terrorismoaren biktimei buruzko artikulu bati erantzunez. Antzeko ildo batean, 2006an ere, «Marikoi» gisa definitu zuen Pedro Zerolo politikari sozialista, 2010eko ekainean, Intereconomía TV El gato al agua programan, «Guarra, puerca, zorra» deitu zion Marina Geli Kataluniako Generalitateko orduko Osasun sailburuari. Gertakari horiengatik, katearekin batera, Madrilgo 20 zenbakiko zigor-arloko epaitegiak 21.000 euro ordaintzera kondenatu zuen, irain larrien delitu batengatik. 2016an “puta y malfollada” erran zion Anna Gabriel CUPeko bozeramaileari, eta Txapoteren neskalagunari etakidearen epaiketan zela ‘puta nazkagarria‘ deitu zion…
Hau guztia kazetari katoliko (horrela definitu izan da behin baino gehiagotan) eta Elizondorekin nolabaiteko harreman urruna duen baten ahotik atraiak.
Eladio García Martínez, el maestro de Elizondo. Diario de Noticias. Lander Santamaria. 2020.
Rafael García Serrano. Real Academia de la Historia.
Rafael García Serrano. Wikipedia.eus
Eduardo García Serrano. Wikipedia.es
Utzi erantzun bat