1890eko urriaren 30ean, Elizondoko zenbait herritarrek instantzia bat (erregu eskaera) zuzendu zioten Espainako Isabel II. erregiñari, Elizondoko seme Jaime Urrutia Irisarrirentzako titulu edo kondekorazio bat eskatuz, herriko ongile publikoa izateagatik.
Erregu egiteko egiaztatzen dituzte merezimendu publikoak; Iturri-Ederra iturburutik urak ekartzeko proiekturako 10.000 pezetako ekarpena (1887), espaloiak eraikitzea, zuhaiztia duen pasealekua, bi ikuztegi (bata publikoa eta bestea zarretxearendako), elektrizitatea ekoizteko makineria erosteko 15.000 pezetako ekarpena, Elizondoko errotako uraren energia aprobetxatzeko, baita garraio sarea eta argiteria publikoko ekipamendurako (Elizondo izan zen argiteria publikodun lehen herri nafarra) eta parrokiako organoa erosteko bertze ekarpen bat izan ziren.
Eskaerarekin batera, herriko kale nagusiari izena emanen diote, eta guztien ongizateagatik erakutsitako eskuzabaltasuna eskertzeko, Elizondoko bizilagunek monumentu bat eskaini zioten. 1891an datatutako, harrizko eta marmolezko iturri itxurakoa, erdi-puntuko arkuduna, ongile ospetsuaren brontzezko bustoa gordetzen duena eta eta gaur egun hainbat kokalekutik ibili ondoren elizaren lorategian aurkitzen duguna.
Jaime Urrutia Irisarri Elizondoko Zatonea etxean jaio zen eta gazte zelarik Argentinara emigratu zuen, han dirutza eta sosa handia lortu zuen. Baztanera itzulita, Sunbillako Manuela Magirena gaztearekin ezkondu zen, eta, 1904an, haren omenez altxatu zuen “amerikano-indiano” estiloko Manuelenea izeneko etxea (Santiago kalea). Bertan, Jaime Urrutiak ez zuen aunitz gozatuko, 1906an hil baitzen.

Jaime Urrutia hil ondoren, haren alarguna (dezente gazteagoa) 1906an ezkondu zen Irunen (Gipuzkoa) Santiago Urrutiarekin, aurrekoaren ilobarekin. Santiago Urrutiak Haraneko fiskal kargua bete zuen eta 1932an hil zen Elizondoko bere etxean, 67 urte zituela.
P.D. Bitxia da Elizondoko benetako ongile nagusietako bat izanik, Braulio Iriarterekin batera, bertze “amerikano” batzuen bezalako biografia bat eskuragarri ez egotea, hala nola Braulio Iriarte bera, Erratzuko Irigoyen anaiak edo Martin Urrutia Oronoztarrarena.
Sarrera hau egiteko erabili den materiala:
Aproximación a la arquitectura de los americanos en Navarra. José Javier Azanza López. RPV.
Iturri-Ederra fomento de Elizondo. 111 años de administración vecinal. Pedro Mari Esarte Muniain. Pamplona, Salesianos, 1998.
Mansiones para la burguesía urbana de los siglos XIX y XX. José Javier Azanza López
FOTOTEKA

Egilea ezezaguna. Memorias de Baztan, recuerdos en blanco y negro liburutik hartua.
Utzi erantzun bat