Blogaren aurreko artikuluaren arabera, Alfontso XIII.a gazteak, Almandozen asto batekin izandako ezbehar baten ondoren, ustekabeko bertze geldialdi bat izan zuen Beran, kasu honetan txerri bat izan zen”protagonista”.
Pentsatzekoa da, agian txerri hori, gaur egun desagerturik dagoen Euskal Herriko bertako Baztango txerria arrazako txerria izanen zela! Baztango txerria, joan den mendeko bigarren aldean desagertu zen kanpoko bertze zenbait txerri arrazen bultzadaren ondorioz, nahiz eta duela 40-50 urte inguru arras ugaria zen.
Baztango txerria Gasteizko muturmotz txerriaren zein Euskal txerriaren arraza hurbila zen. Hirurogeiko hamarkadara arte, Nafarroako txerri-azienda gehiena Baztango arrazakoa zen. Baztango txerria Nafarroa Garaiko iparraldean hedatzeaz gain, Iparraldeko alboko zenbait herrietan ere hedatua zegoen.
Bertako arraza zeltiar enbor handiaren ondorengoa zen eta aldi berean , zeltiar enborra bere “Sus scrofa ferus” forma primitibotik jaitsiko litzateke.
Baztandar txerriak ezaugarri morfologiko hauek zituen: profil ahurra, eumetrikoa eta longilineoa, buru sendoa, bekoki zabala eta mutur ertaina, bekokiarekin angelu irekia osatuz; belarri luzeak eta eroriak zituen, begiak estaliz; lepo motza, aurreko heren sendoa, enbor luzea, zuzena eta zabala; hanka gihartsu samarra, bizkar eroria eta buztan txikia.
Azala zuria zuen, oso zurdatsua eta urdeek oso belarri handiak izateaz gain azalera arrosa kolorekoa zuten. Bizkarraldea konkortua zuten.
Geruza zurikoa izan arren zerri ugari zeuden orban beltzen batekin, batez ere isatsaren atzealdean eta jaiotzan, Alderney arrazako hazitakoren bat sartu zelako. Geruza zuriko txerriki aunitz 5-7 hilabeteren buruan izaten zituzten orban beltz horiek, herentzia homokratoko kasu tipikoa (Gurasoengan agertu ziren adin bereko ondorengoengan hazpegiak edo asaldurak agertzea).
Oro har, baztandar txerria animalia sendoa zen, kanpoko gorabeherak jasateko egina haragia ekoizteko gai zena, koipe gehiegirik gabe, eta, beharbada, aurreko trena nagusitzen zen atzekoaren gainetik, eta horrek erraztu egiten zuen ingurumen-bizitzara erraz egokitzea. Baztandar “txerria ugaltzaile ona zen bere ugaritasunagatik eta esne-ekoizpenagatik.
Abere landatarrak ziren eta erabat aske bizi ziren Baztango haranean. Abeltzainak Baztango haraneko hazitegiz hornitzen ziren. Irurzun asteko merkatuan soilik, 1956an, 2 hilabeteko 68.900 txerri saldu ziren guztira, 8 eta 10 hilabete bitarteko 3.250 txerri eta gizendutako 1.650 txerri. Azienda guzti hau, Baztan, Bortizi, Larraun, Basaburua, Imoz, Ulzama… etorritakok ziren.
Irurzunera joaten zen ganadu gazte ia guztia bertze probintzia batzuetara bideratzen zen. Irailetik martxora, Leongoak 25.000 txerri-kume inguru erosten zituzten eta La Bañeza, León (hiriburua), Astorgan…merkatuetan saltzen ziren. Probintzia horrek Baztan, Bidasoa eta Leitzatik ateratako abererik onena erosten zuen. Martxotik ekainera, esne-txerrikumeak Valladolideko eta Burgosko probintzietara saltzen ziren, baita Zaragoza, Huesca, Errioxa, Guadalajara, Soria, Bizkaia eta Gipuzkoara ere. Gizendutakoa baita ere azken horretara zihoazen, nahiz eta zati handi bat Nafarroan geratzen zen, etxeko zerri-hiltzetarako.
Gizendutako txerrien errendimendua (180 kg bizirik, gutxi gorabehera) oso altua zen, baina gantza eskas <uen beraz pobrea haragi magran, koiperik gabeko haragia zen eta olio-koipea luxuzko produktua zen ekonomia ahulentzat.
Bertze espezie batzuen inportazioak eta elikaduraran eta hautaketan arretarik ez ezartzea eta Belga zuria arrazarekin gurutzatzea Baztango arrazaren desagerpena eragin zuten.

de raza Vasca)
Baina agian…Berako txerria ere, bertakoa zen eta aspalditik hazia eta ustiatuako xuri beltza txerria, hankabeltz txerria edo nabar beltza izenekin ezagutzen zen zerria lizateke. Txerri mota hau 1920ko hamarkadan hartu zen ofizialki arrazatzat (Iparraldean) eta aspalditik Ipar Euskal Herrian, Biarnon eta Nafarroa Garaiko iparraldean zabaldutako arraza zenez Euskal Txerri bezala izendatu zen. Fantsesez, pie noir du Pays Basque du izen ofiziala eta gazteleraz “Euskal Txerri” erabili arren Pio Negro (Pintto Beltza) bezala ezagutzen da.
Euskal Txerria, Baztango txerria zein Gasteizko muturmotz txerriaren arraza hurbila zen eta mende hasieran, bertze arraza hoiekin batera (muturmotz zerria Nafarroan Lizarraldean hedatua zegoen), eskualde osoan hedatzen omen zen.
Historian zehar txerrien presentzia oso nabarmena izan da gure inguruan. Iparraldeko agiritegi historikoetan ageri denez, zerrien hazkundearentzat lege eta zergak ezarriak ziren XV. mendetik aurrera. Udazkenean gaztaina, ezkur eta antzekoak jatera eramaten omen zituzten mendietara zerriak. Zerrizainek zerga bat ordaindu behar izaten zuten herriko lurretan beraien zerriak bertan bazkatzeko.
Nafarroako errege-erreginek “quinta” izeneko zerga bat hartzen zuten “Erregearen mendietan” bertan zerriak ibiltzearen sari gisa: 5 zerrietarik 1 hartzen zuten. Zerga horrek “iurdea” edo “ehiurdea” izena zeukan. Harez gain, zerrizainek bertze zerga batzuk ere ordaindu behar omen zituzten (wikipedia)
XIX. mendearen amaieran, txerriak eta haien ekoizpena hobetzeko asmoz, “granjas modelo” izeneko etxaldeak sortu ziren. Nafarroan, Diputazioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak 1889ko maiatzaren 18an egindako batzarrean Bertizaranako haranean Baztan-Bidasoa ibaiaren ertzean halako etxalde bat sortzea erabaki zuen. Etxaldea Reparacea jauregiko lurretan ezarri zen, ain justu Oiaregiko Ustarizenean eta, Nafarroan eratu zen lehenengo “granja modeloa” izan zen.
Urte haietan “herrialdeko arraza purua” deitzen ziren txerriak erosi ziren inguruan, eta Ingalaterratik, Pasaiako portutik, Yorkshire eta Berkshire arrazetako ugaltzaileak inportatu egin ziren (baita ere Franziako Kraones arrazakoak). Txerri hauek “herrialdekoekin” gurutzatu ziren eta txerri hobetuak agertu ziren, eta ospe handia lortu zuten.
Baztan-Bidasoa aldean hazitakoak “Baztango txerri arraza” izenaz ezagutuak izanen dira. Pintto beltzak (Euskal txerria) eta txerri zuriak (Baztango txerria) hobetuak, XX. mendearen hasmentan Baztan-Bidasoa aldeko baserrietan hazi eta gizendu ohi ziren.
.
“Bertako zerri” hauek, ezaugarri oneko txerriak zirela zioten. Honela, 1939an Nafarroako Diputazioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egindako ikerketa batek zera zioen: «Gure probintzian, jatorri ezberdineko zerriak ditugu; badira txarrak, Lizarraldean; erdi mailakoak, Erriberan eta onak Mendialdean».
Baina…Basogabetzeak eta bereziki gaztainondoen urritzeak euskal zerriaren ustiapena murriztu zuen XX. mendean. Bertze arrazekin alderatuz gantz eduki handia dauka eta kumaldi txikiagoa dituenez, txerri ekoizleen lehentasuna izateari utzi zion.
XX. mendearen erdialdera, Euskal Txerri arrazako ale gutxi zeuden Euskal Herrian; 1929an 158 000 ale baziren, 1980ko hamarkadan 25 edo 30 ale soilik geratzen ziren. Ordurako desagertuta zeuden bertze bi euskal arraza hurbilak (Gasteizko muturmotz txerria eta Baztango txerria). Edonola ere, zenbait abeltzainen adoreari eta determinazioari esker, bereziki Aldudeko Pierres Oteizari esker, erabat galtzeko arriskutik atera zen arraza hau.
Pierre Oteiza laborari baxenabartarrak Parisko azoka batean aurkitu zituen bizirik zeuden aleak, 1980ko hamarkadan: Aldudera ekarri, hazi eta ugaldu egin zituen.
2016an, hamabost urteko lana egin eta gero, Iparraldean lortu zuten Parisek onartzea euskal txerriaren sor-marka, Kintoa izenekoa. Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko mugako mendialdearen izenak eman dio deitura.
2.000 urte inguruan ITG-ren medioz Oronozko Zubialdea baserrian euskal txerria berriz baztanen, zazpi zerrama eta aketz batekin hazi eta ugaltzen hasi ziren eta hamarkada bukatzerakoan, zerrikiak merkaturatzen hasi ziren.
Gaur egun 4500 euskal zerri daude Euskal Herrian, horietatik 3000 kintoan.
Sarrera hau egiteko erabili den materiala;
Raza porcina Baztanesa. http://www.enciclopedianavarra.com.
Baztango txerria. wikipedia.eus
Euskal txerria. wikipedia.eus
El cerdo “PÌo Negro” de raza Vasca. Una raza porcina tradicional de calidad diferenciada. Juan Carlos Iriarte Jorajuría-Leopoldo Alfonso Ruiz.
Txerrien euskal abizenak. Jon Fernandez . Berria 2019.
Zerri pintto beltza bizirik eusteko ITGren saiakera. Aitor Arotzena. Erran.eus 2009
Utzi erantzun bat