Urtero, Ezpeletan (Lapurdi) urtarrileko azken astearte eta asteazkenean abere azoka iten da. Hazienda ferie hortara baztandar abelzain ta “laborari” aunitz joaten dira, zeren Ezpeletan abere mota ezberdinak aurki ditzakete: pottokak, ardi eta akerrak, zaldiak, behiak…Bi egunetan zehar burutzen den ekimenean, animaliak ere bi egun ezberdinetan sailkatzen dira. Asteartean pottokak ikus eta erosi daiteke Ezpeletako kaleetan barrena, pottoka basati zein heziak.
Pottoka Euskal Herriko berezko poni motako zaldia da, pottoka zaldien familiako ahaide txikia da. Abere landatar eta indartsua izaki, pottoka milurtekoetan zehar Euskal Herriko mendi zein basoetara egokitutako zaldia da. Bere jatorria historian barrena aspalditik kokatzen da, agian azken Izotz Aroa eta gero, gure inguruan iraun zuten basa ponietan, hain zuzen. Jose Migel Barandiaranen arabera, pottoken arbasoak hainbat marrazkitan ageri dire Euskal Herrian ugaria den labar-artean, Ekaingo harpean dauden zaldi marrazkiak izanez adibide argiena. Zalantza dago zein zen euskal poniren arbaso hori. Jakia da Euskal-Akitaniar-kantauriar gunean zaldia dela gehien marraztutako animalia eta pintura horiek aztertuz, jakintsuak hiru zaldi mota nagusi bereizten dituzte labar-margo hoietan: Equus przewalski, gaur egungo Przewalskii zaldiaren, arbaso zuzena (Zaldi hau arras ugari izan zen Euskal Herrian magdaleniarrean zehar), Equus caballus Gmelini delakoa, tarpan modernoaren arbasoa eta Equus abeli edo basoko zaldia deizen ziotena.
Arbasoa jakin edo ez, gauza da Euskal Herriko mendietan libre bizi izan den aberea dela, ia ukuiluan sartu gabekoa. Ez dakite noiz desagertu ziren benetan basatiak ziren azken euskal poniak, baina badakigu erromatarren garaietan zaldi talde basati ugari zegola Iberiar Penintsulako iparralde guztian, halaxe aipatzen bai digute erromatarren testo batzuk. Badago euskal erranairu zahar bat pottoken “basatasun” hori azpimarratzen duena: “Pottokak mendian ez dira heziak“. Zaldi honen ezaugarri orokorrei dagokienez, ondo osatutako aberea da, neurri ertain eta proportzionatuak ditu eta gorputz gihartsu eta sendoa. Izakeraz berriz azkarrak, eta etxekotuz gero jabearekiko leialak eta oso erresistenteak dira. Gure mendietako Pottokak garai batean kontrabandorako erabiliak izan ziren, bere tamaina txikiak eta kolore ilunak, gauez ez bereizteko eta arretarik ez deitzeko baliagarri zitzaien kontrabandistei.

Pottoka bat III. Gerra Karlistan, 1872. Pottoka aunitzetan, arraza gogorra eta indartsua izaki, gerrarako zaldia bezala erabilia izan da. Argazkia wikipwdiatik hartuta dago, Argazki zaharra, ZAPE elkarteko artxibategikoa.
Euskal Herriko ohitura, kondaira eta mitoetan nabarmena izan da pottoka aintzinatik, pottoka kutxetan, hilarritan, harmarietan… zintzelatua izan da, eta kondaira aldetik bada bat, azpimarratzen diguna bere basatasuna baina baitere kontatzen diguna nola izan zen bere etxekotzea.
…Bazen aspaldi garai bat, Mari-k zeruak ildaskatzen zuela bi pottoka hegodunek botatako bere su-gurdian. Bi pottoka hegalariak Ilesuk eta Arrabi zeukaten izena. Garaiko gizonek, leku batetik bertzera joateko, laguntzaren bat eman ziezaela eskatu zioten Mari-ri. Ama jainkosak, Ilesuk-en eta Arrabi-ren kume ez hegaldunak oparitu zuen. Marruk eta Learri deitzen ziren eta arras hezigaitzak ziren. Marruk, arrak, boli-adar bat zuen bere kopetan eta ez zuen inor hurbiltzen uzten edo baimentzen. Learrik berriz, azkar korrika egiten zuen eta atzemanezina zen.
Saio aunitz ondoren, “gizonak” ikusi zuten animalia (Marru) hain basatia zenez, heztea ezinezkoa izango litzatekeela, eta Mari-ren gana joan ziren iradokizunen baten bat eskatuz. Mari-k irribarre egin zuen eta erran zien:- Nire herriko Gizonak, indartsuak, sendoak eta tematiak zarete, baina Marruk hezteko indarra eta adorea baino gehiago behar da. Soilik orbangabeko norbait hurbilduko zaio, bihotz garbia daukana eta naturarako maitasuna izanez igo ahal izanen du eta ez bakarrik hori! edozein zereginek ere ordenatuko ahal dio, eta Marruk txintxo txintxo obedituko du.
Egunak, asteak, hilabeteak eta urteak pastu ziten “gizonak” animaliari hurbiltzen saiatuz, baina ezinezkoa zen. Arratsalde batean, neskatiko bat, iturri bateko ura edaten zegoela, Marru pottoka ikusi zun, Marruk ere, neskatikoa ikusi zion eta harengana hurbildu zen eta neskatoa laztantzea utzi zion. Laztandu ondoren “Neska” pottoka-ra igo zen eta batera itzuli ziren baserrira eta haien gibeletik, Learrik jarraituak.
Bizkor, bere amak, leku bat egokitu zuen baserrian eta pottokak lasai lasai sartu ziren. Hurrengo goizean, Marruren adarra ikuiluko sarreran erorita zegoen eta haren ondoan, bi zaldi ttiki berri lanerako prest. Animalia hezi zuen neskak, adarra hartu eta Mariri eskeini zion eta honek, gizonei laguntzeko Euskal Herrian pottokak beti egongo litzatekeela ziurtatu zien. “Gizonek, “Amaren opari honekin irakaspen bat asimilatu zuten: Ezer ez da ezina euskaldun baterako… Nahiz eta batzutan indarra alde batera utzi behar da eta gozotasunera jo.
Kondaira (edo ipuintxoa) dio edo pentsatzera eramaten digu, pottokak Euskal Herriko bertako arraza bakarra dela, baina bertze zaldi arraza autoktonoak badire, baina egie da gehienek pottoka arbasotzat daukatela, eta baita ere egie da bertako pottokak kanpoko arrazekin nahastean sortu zirela. Salbuespenak Lautzako zaldi ( ponia, Burgos iparraldea eta Arabako Gaubean eta Aiaran) eta zaldi montxinoa (Bizkaiko Enkarterrian aurkitzen ahal den ponia) lirateke, azken bi hauek ere antzineko arrazak dira eta genetikoki eta morfologikoki pottokatik nahiko hurbil daude biak. Zenbait adituek Nafar behoka delako arraza ere nahastu gabeko antzineko arrazatzat jotzen dute. Dena den, pottoka, Euskal Herriko mendiko zaldia, Nafar behoka eta Aurizko zaldiarekin egindako azterkena genetiko batean, hiru markatzaile genetiko erabiliz, demostraturik geratu zen pottoka dela kanpoko arrazen eragin txikien jaso duen bertako zaldi arraza dela ( Losino eta montxino zaldiak kontutan hartu gabe).

Pottoka Baionako Aviron errugbi taldearen maskota ofiziala. Argazkia facebook-eko “POTTOKA OFFICIEL” profilatik hartuta dago.
Hortaz agian, kanpoko arrazen eragin txikien jaso duen bertako zaldi arraza denez, pottoka, Euskal Herriko ikur bat bihiurtu izan da eta zenbait euskal herritarrek pottokaren marrazki bat erabiltzen dute beraien autoetan ibilgailua Euskal Herrikoa dela adierazteko, (latxa ardiarekin bezala). Pottoka, ikurra bezala era berean Baionako Aviron errugbi taldearen maskota ofiziala da eta baita ere Xareta eskualdeko maskota. Errate baterako, “Kontrabandisten bidea” delako ibilbidea markatzeko ikurtzat urdin koloreko pottoka baten marrazkia erabiltzen dute…eta Pottoka ere, Amaiurretik kantari ibilitzen da Euskal herrian zehar!!
Poat hau iteko erabili den materiala:
eu.wikipedia.org-eko Pottoka wikia.
euskonews.com webguneko Zuriñe Velez de Mendizabal-en “Ezpeletako azoka: ohitura baten errealitatea” artikuloa.
danieloholeguy.wordpress.com blogeko “Historia mitologica vasca, 29. La pottoka” posta.
Utzi erantzun bat