Azaroaren 23an Elizondoko Baztan frontoian 2013ko bertsolari txapelketako bigarren itzuliko lehenengo finalaurrea jokatu zen, oltza gainean sei bertsolari eta haien artean nagusi Unai Iturriaga atera zen. Azaroko hau, ez da Elizondok hartu izan duen txapelketa nagusi bateko lehenengo kanporaketa, lehenengo hori, aspaldi eman zen, eta nahiz eta bertze izena izan urte haietan (Bertsolari Eguna), gaur egun Bertsolari Txapelketa Nagusiaaren hitorian ageri da.
Hiru arotan bana liteke Bertsolari Txapelketa Nagusien historia: gerraurreko txapelketak (1935-36), Euskaltzaindiak antolatutakoak (1960-82) eta Bertsozale Elkarteak antolatuak (1986-tik). Espainiako gerra aurrean Donostian bi “Bertsolari Eguna” izenarekin lehiaketa izan ziren. Gerora, Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketa izena eman zitzaien bi horiei, eta bertan herrialde euskaldun guzietako ordezkariek parte hartu zuten “Euskaltzaleak” elkarteak deituta. Nafarrak lehen urtean ez ziren aritu, baina bigarrenean Jose Manuel Lujanbio “Txirrita”k txapela irabazi zuen urtean, han izan ziren. Lehenengo “Bertsolari Eguna” arrakastatsuaren ondotik, 1936.ekoa hobea zetorren alde guzietatik. Partaidetzak gora egin zuen eta Donostiako saioa luzeegia gerta ez zedin kanporaketak jokatu ziren Tolosa, Azpeitia eta Elizondon ( Elizondoko kanporaketa baita ere Nafarroako lehen bertsolari txapelketa izan zen).
Elizondoko kanporaketan hamar bertsolari aritu ziren. Antolatzaile lanetan, Donostiako “Euskaltzaleak” elkartea, Donostiako “Euzko Gaztedi (Bertsolari egunaren antolatzaileak) gain, Elizondoko “Euzko Etxea” -bertako nazionalisten gerizpean sortutako elkartea- aritu zen. Aipagarria da, Bittori eta Esteban Etxeberria anai-arrebek, Mariano Izeta gaztea laguntzaile zutelarik, herriz herriz bertsolari bila egindako lana! Azkenian, 1936.eko urtarrilaren hamabian Elizondoko Antxitonea trinketean, hamar bertsolari bildu zituzten.
Mixel Dargaitz, Sara, Amaiurren bizi zena
Simun Ibarra, Sunbilla
Pedro Ibarra, Ziga
Juan Ibarra, Ziga
Joxe Mari Mutuberria, Eltzaburu
Jean Harriet, Aldude
Juan Felix Iriarte, Sunbilla, Bankan bizi zena
Martzel Larrosa, Banka
Beltran Sahargun, Banka
Patxi Elorga, Lekaroz
Ez ziren, noski, Nafarroan orduan zeuden bertsolari bakarrak. Antolakuntza Elizondon kokaturik egonik, Baztan eta inguruetako ibarretara (Bidasoa, Ultzama, Baigorriko kantonamendua) baizik ailegatu edo zabaldu zen deialdia. Bertsolaritzaren munduan zer erran ugari izan zezaketen bertze lurralde batzuetan (Larraun, Imotz, Leitza eta Goizueta aldea, adibidez) ez zen kasik haren oihartzunik izan. Bertzalde ere, txapelketaren figura bera “berrikeriatzat” hartu zuten bertze batzuek, eta agian uzkurtu. Azkenik ere, ideolojia karlista zuten zenbait bertsolari -eta ez ziren gutti orduko Nafarroan- ez ziren agertu “nazionalisten afera” zelakoan.
Antxitonea trinketean Juan Felix Iriartek “Bersinato” (eskuratu zuen lehen postua. Ondotik, Joxe Mari Mutuberria, Jean Harriet eta Mixel Dargaitz (Amaiurtarra) gelditu ziren. Lau hauek lortu zuten Donostian ondoko igandean jokatuko zen saiorako txartela. Eguna heldu zenean, urtarrilaren hemeretzian, Joxe Mari Mutuberriak ez zuen joaterik izan eta bertze hiru ordezkari nafarrak aritu ziren indarrak neurtzen gainerantzeko sei partaiderekin. “Victoria Eugenia” antzokian Txirritak jantzi zuen txapela, Uztapide bigarren eta Zepai hirugarren suertatu zirelarik eta laugarrena izanez Amaiurren bizi zen Mixel Dargaitz saratarra, bostgarren lekuan Juan Felix Iriarte gelditu zen.

Mixel Dargaitz, bertsolari “Amaiurtarra” ta 1936ko II. Bertso Egunan laugarrena izan zena. Argazkia http://www.euskomedia.org.
Guzti honekin erran daiteke nafar bertsolaritzak 1936.ean agertzen zela, “ofizialki” edo, bederen lehen aldiz bere burua erakusten dula, baina doike! urte hori baño aintzin, Nafarroan eta Baztanen bertsolariak badire plazan plazan aritzen direnak eta bere ospe dutenak. Egie da, hemen ez dela Txirrita edo Pello Errota bezalako izen haundirik, lehenago ere Xenpelar edo Bilintxik izan ziren bezala. Hara ere, bada garai horiek oroitarazten diguten izenik: Manex Hiriart ezterenzubiarra, Juan Antonio Sanziñena “Axura” etxalartarra, Juan Migel Bera zubietarra, Pedro Maria Etxarte lesakarra, Iribarren goizuetarra, Kristobal Beiñes eta Miel Joakin Barun leitzarrak, Lazaro Bengoetxea eratsundarra, Ignacio Larramendi, Roman Dornaku eta Joakin Aldabe beratarrak…eta baztanen Agerrebere erratzuarra, Xalbador Elorga lekaroztarra, Santxo eta Jose Maritorena amaiurtarrak, Trinidad Urtasun iruritarra… Haien bertsoetatik, ordea, deus gutxi ailegatu da gure egunetara, ez badira behintzat, batzuen kasuan, han eta hemen argitaratutako aleak.
XIX mendean berriz, gutxi izanen dira iritsi zaigun bertsolaien izenak; Genarro bidarraitarra, Xantxo “mandozain” baigorriarra, Manex Apezena Bankakoa, Pudent arnegitarra, Joanes Etcharren irulegiarra, Etxamendi ezterenzubiarra, Larralde, Larramendi eta Lasarra eiheralarretarrak, Felipe Sanziñenea etxalartarra, Exkerra beratarra eta Santxo Koblari Erroibatarra. Eta, hori bertsolari haundiekin batean -Juan Etxamendi “Bordel” luzaidarra, Joanes Otxalde eta Zalduby rekin – bai kronistek aipatuak, bai herriaren oroimenean lerrokaturik agertzen direlakoz da.
Pablo Jose Aristorenak “Nafarroko Bertsolaritza” liburuan dion bezala Nafar bertsolari baten izena eta bertso zaharrenak Berako Martin Olaetxea zurginarenak dira. 1830-ekoak dira eta Berakoa ere zen Legia liberalak Espainian armada batekin sartu nahi eta porrot egin zuenean, Olaetxeak trufa egin zion bertso sorta dira.
Armada eder bat ekarri digu
Berara Fermin Legiak
yudu eta sastre protestantiak
ark ere eztitu beriak,
galtzen neurria artu diote
español kazadoriak.
Pio Baroja idazleak eman zuen Olaetxearen berri “El aprendiz de conspirador” bere eleberri ezagunean. Bertso sorta osoa, berriz, Julio Caro Baroja haren ilobak argitara eman zuen 1944.ean “La vida rural en Vera de Bidasoa”
izeneko lanean. Alde horretatik, beraz, beratarra salbuespen bat da, bere lan apurra jaso eta ahanzturatik atera ahal izan zelakoz izen-deitura eta guzti. Nafarroako bertze bertsolari aunitzek, gehiengehienek hobe erran, ez zuten zorte bera izan.
Dudarik ez da, bertsolaritzak Nafarroan gainerako herrialdeetan bezain erro zaharrak dituela. Olaetxearen bertsoak baino lehenagokotik bada horren lekuko franko: “Berdabioko semea” (Mikel Laboa kantariak”Goizuetan
bada gizon bat” izenez zabaldu dena), “Ituringo arotza”, “Pello Joxepe”, San Migelen iduriaren lapurketaren bertsoak, Belateko lapurren bertsoak… Hauexek bezala, jatorria XVIII mendearen hondarrean edo XIXaren hasieran duten bertze batzuek ere egilerik izanen zuten, bistan da, baina, tamalez, haien izenik ez da gaurdaino ailegatu.
Alde batetik, Nafarroak ez du izan, Gipuzkoak ez bezala, Juan Ignacio Iztueta (1767 – 1845) bezalako kronista euskaldun eta euskaltzalerik garai hartako bertsolaritzaren berri emanen zuenik eta Iztueta aipatuta, ze hobe post hau akitzeko, Iztueta berak XVIII. mendean (1720 ak) bildutako bertsoa Baztandarrak, laxo partido bat galdu ondoren protagonistak direnak.
Hamar joku ta sei zeudenean
Erriberaren kopeta
bazirudien bazekarrela
elurrarekin tormenta
elizaraino sakatzen zeban
zortzi ontzako pilota
Baztandarrak hitzak eder
malmotea kolkoan
erraz irabazi uste zuten
partida galdutakoan
negarra mardul egiten zuten
Hernanin elizondoan
Post hau iteko erabili den materiala:
“Nafarroako Bertsolaritza” liburua. (Nafarroako Gobernua, 1995). Pablo Jose Aristorena.
www.bertsozale.com/eu web guneko “Historia” atala.
wikipedia.or -eko “Juan Ignacio Iztueta” wikia.
Aupa Baztango, bilketa ederra ta ezin aproposagoa. Zu beti gu harritzen. Gainera 1936ko lehen kanporaketa hartan, asteburu hontan Zarautzen omentzen den Basarri zena izan zen gaijartzaile. Lapurtzen dizut linka, bale?
Bai bai, “linkeatu”, postako informazio gehiena (artikuloan agertzen da) Pablo Jose Aristorenaren “Nafarroako Bertsolaritza” liburutik atraia dago. Informazioa gehiago ta sakonagorako behitu liburua.