Feeds:
Bidalketak
Iruzkinak

Archive for 2012(e)ko urria

Huntakoan, joanden asteko “post-ik” ez gara urruntzen, zeren Larrazken hontan (Iraila eta Urria), inguru hortatik ibili bai gara gaztañak biltzen. Hitz ibilbide hau, Etxaideko errotatik hasten da ere, zeren errota horren inguruan (pasaden hastean aipatu genun bezala) “errote egune ospatu zen” eta egitarauan, Pello Iriarte iruritarren eskuz (eta ahoz), Irlintziko aitzen inguruan dauden gaztainondoak eta hiru gaztaindegiak edo azpillek bisita gidatu batea ikusteko ta zautzeko aukera izan omen zen.

Bapatean horrela erranda, dirudi gaztainak eta errotak  zerikusi gutti daukatela, baina gaur egun arraroa dirudi arren, garai batean gaztañekin iriña eta ogie (opilak) egiten zen!!

Gaztainondoa, fagaceae familiako zuhaitza da eta jatorriz Europako hego-ekialde eta Asia Txikitik etorria da. Zuhaitz mardula eta altueran 30 metrora heldu daiteke eta kanpoko itxura, zabala eta biribildua du. Udaberri garaian loratzen da eta udazkenean gaztainak helduak ditu. Hostoak nahiko handiak izaten dira. Euskal Herrian, gaztainadiak aunitz hedatu ziren, bereziki, Atlantikoko aldean eta kontatzen dutenez badirudi garai batean, udazkenetan mendietako zoruak gaztainez beteta zeudela. Gure eskualdean erraten da bederen hamabi bat gaztaina mota baziren lehen, San Miguelak ziren lehenak biltzen eta goxoenak, eta San Martin izenekoak azkenak, eta txerrientzako izaten ziren. Orain, aldiz, gaztainak ta gaztainondoak egundoko desagerpena jasan dute, alde batetik, tinta eta txankro izeneko gaixotasunaren ondorioz eta, bertze aldetik, gaur egun daukagun klima epelagatike. Gaztaina, Euskal Herrian  Ameriketatik ekarritako artoa hedatu baino lehen (artoa XVIII. mendean hasi zen landatzen zonaldean), elikagai bezala kriston garrantzia zeukan eta gizakien oinarrizko janaria zela erraten ahal da (sagarrekin batera).  Fruiti lehorrak; urrak, ezkurrak, giltxaurrak, gaztainak…gordetzeko erraza zirenez eta denbora aunitz mantentzen zirenez elikagai preziatuak ziren eta aipatutako azken fruitu hau (gaztaina) hain zuzen, bere azal-babesa arras denbora luzekoa zenez, urte osoan irauten ahal zun eta funtsezko elikadura eta elikagaia bihurtu zen eta bai frexkuak, zimelduak edo aistion aipatu dugun bezala, gaztaina behin lehortuta, ongi xehatuz irin gozoa ateratzen zuten eta horrekin ogia (opilak) egiten zen. Gañera, Baztanen kasuan (Erdi aroan) gaztaina, janariaz gain, baitere merkatal produktoa zen, eta gainera arras preziatua. Baztango gaztainondo aberatsetik gaztainak bildu eta eskualdetik kanpo saltzen ziren eta  bai salmentarako, eta urte osoan zehar jatea posible izateko, gaztainak gordetu eta babestu behar ziren!!!

Irlintzi aitzen inguruko 3. gaztaindegia, 3mko diametroa, 1´70 maltuer eta egoera onan dago.Mutilasko borda inguruan dago. Argazkia Dorrea elkarteko blogatik hartuta dago.

Gaztañak gordetzeko erabiltzen zen harrizko eraikiñak, gaztaindegiak edo azpilleak (gaztantxea, zilu, silo, ezpile) ziren. Normalean basoen barnealdean eta gaztainondoen hurbil kokatzen zituzten. Gaztaina lizundu ez dadin edo harrak erraztasunez jo ez dezan gaztañak kakotsekin (morkotsekin) biltzen ziren, kakotsak lurretik jasotzeko, adarrez egindako pintza batzuen laguntzen ziren. Gero zumezko sakitxoetan uzten zen eta, saskiak bete ondoren “gaztainetxetara” eramaten zituzten, hor pilatzen ziren eraikina bete arte eta ez usteltzeko lurraz, adarrez, iratzez edo zakuz, hermetikoki  estaltzen ziren, freskoak mantentzen udaberrira arte.

Gaztainak kokotsekin biltzen zirenez eta hartzidura (fermentazio) prozesuari esker, zomorroak (harrek) ezin zioten fruituari eraso egin eta, denbora gehiago irauten zuten egoera onean (urte bat egon zitekeen). Hilabete pare bat pasa eta gero, abenduan edo, antzarraztelu baten laguntzaz
kakotsak kanpora ateratzen ziren eta tresna horrekin berarekin jo egiten zen gaztainak erauzteko.

Zoritxarrez, gaztainondo aunitz eta gaztainaren negozioa “tinta” izeneko gaixotasun batek  XIX. Mende bukaeran desagertarazi zuen. Gaixotasuna, onddo bat da, eta normalean lurreko materia organikoan bizi dena. Gaztainondoaren sustraiak harrapatzen dituenean, zuhaitza poliki-poliki hil egingo da; aldiz, infekzioa enborretik gertu hasten bada, gaztainondoak ez du denbora handirik iraungo. Aurkitutako eraginen artean: adarrak lehortzea, behar baino lehenago hostoak horitzen eta erortzea eta fruitu eskasia dira. Baina bai tinta edo txankroa  gaztainondo guztiekin akitzea ez zuten lortu eta gaur egun oraindik gure gaztainaz gozatzea posible da

Beartzunen aldean Irlintzi aitzetatik urbil dauden hiru gaztaindegien argazkiak eta ibilbidearen azalpena, Dorre elkartea blogako “dokumentuak” atalako “Gaztainaren ibilbidea PDF / Ruta de las castañas PDF” artxiboan ikus daiteke.

Post hau iteko erabili den materiala.

http://www.iturribero.org eko kirikinauizi%20gordelekua.pdf” artxiboa

Dorrea elkarteko “Gaztainaren ibilbidea PDF / Ruta de las castañas PDF” artxiboa.

Gabriel Imbuluzqueta Alcasenaren “Aportación a un estudio de las castañas ericeras en Baztán“. (Cuadernos de etnología y etnografía de
Navarra).

berria.info-ko Iñigo Astizen “gaztainaren_iragana” artikuloa (2012-10-25)

Advertisements

Read Full Post »

2012ko urria.

Etxaideko erreota. Argazkia Pello San Millan

Urriaren erdialdera, inguru hontan errotaren eguna ospatzen da, huntakoan (2012) Etxaideko errota izan da protagonista. Elizondoko Etxaide auzoko errota XIX. mendearen erdialdekoa da eta gaur egun funzionatzen segitzen du 2003an  zaharberritu bai zuten; Ur-errota horretan modu tradizionalean ehotzen da artoa eta lortzen den irina erabiliz, garai batean ogiaren pareko funtsezko elikagaia zen taloa, iten dute. Etxaide auzoa Elizondoko plazatik km batetara egonen da eta errotaz gain, hainbat baserri, ta ermita pare bat (Santa Engrazia eta San Pedro) osatu arren ez da ahaztu behar garai batean auzo huntan dorretxea edo jauregi bat bazela; Etxaideko jauregia.

1366 apeoan, nahiz eta ez den adierazten  jauntxoa dela, Sancho Echaide bat agertzen zaigu nagusi bezala, 1427ko apeoan “Johan Peritz Seinor Dechaide” ageri da eta 1651koan  On Juan de Echaide jauntxoa (palaciano) bezala eta 1725 Josseph de Echaide da palaciano baña, jauregia eroria edo erautsia dagola eta jauntxoa Garesen bizi dela aipatzen da.
Gaur egun, Etxaideko jauregiaz non zegoen zihur ja dakigu, inguru hortan halako eraikinen aztarnak ez bai dira, baña batzuk diote, jauregia (edo dorretxea) Elizondoko hilerrriaren goiko aldean dagoen Laputzu zelaiaren inguruan egoten ahal zela, zeren zelai hortako iskin batean aspaldiko elur-ziloa bada eta uste dute, jauregiko “nevera” izaten ahal zela. Bertzealdetik inguru hortan dagoen etxe zahar bakarra Zaldarriaga etxea da eta garai batean etxe “haundia” zela, irudia dauka.
Gaur egun eta aspalditik Laputzu zelaia eta elurtegia Zaldarriaga baserrikoak dira, baserria ikusterakoan nabarmentzekoak dira bere gorapeko harrizko zutabeak eta hori eramaten ahal digu pentsatzera akaso jauregia bota odoren, toki berean Zaldarriaga eraikitzea eta hortaz bai ahozko tradizioan eta paperetan elur-ziloa bai Jauregiarekin eta bai Zaldarriagarekin lotzea.

Luputzuko elur-ziloa. Elizondoko hilerri eta Etxaideko San Pedro artean dagoen zelaian. Argazkia Pablo Orduna Portusen “Registro de dos neveras en Elizondo, Valle de Baztan” idazlanatik hartuta dago.

Laputzuko elurziloa edo elurtegia bezalakoak, elurra gordetzeko edo kontserbatzeko prestatutako zulok ziren. Elurraren ustiaketa (explotazioa) antzinarotik egin da eta erromatarrek Europako mendebaldean elurraren erabilatzea (medikuntzarako,  jakiak mantentzeko…) zabaldu arren ez zen XIV. eta XV. mendera arte elurraren berriz-erabiltze  masiboa eman zela eta garai hortan, halako erainkinak herrietan agertzen hasi ziren eta ia ia XX. mendera artio “izotz frabrikak” agertu zirela mantendu ziren. Elurraren erabilera medikuntzan ematen zen, elurra edo hobe errana izotza (horma, jela) sukarrak jausteko, meningitisa tratatzeko, odoljariok (hemorragia) geldiarazteko, hezur hausturak eta orkatil bihurrituak lasaitzeko…erabiltzen zen. Bertze erabilpen bat, edariak freskatzeko, ohikoa bai zen ardo gorria hotz-hotz edatea eta baitere izotzkiak egiteko izan zen (izozkiak iteko metalezko tramankulo bat elurra eta esnea nahasten zuna, erabiltzen zen).

Normalki botatako elurtea urte osoan edo bederen negu osoan irautzen zuent tokietan eluz-ziloak naturalak ziren eta “letzea” izenarekin ezagutzen ziren, baiana Baztan bezalako bailaretan, elurteak izan arren normaki denbora aunitz ez dutenez irauten, beharrezkoa zen halako elurtegiak itea elurra konserbatzeko. Elur-ziloak iterakoan lehenengo gauza toki aproposa aukeratzea zen; Ipar aldera egotea edo ematea, egun osoan itzalean egotea, pixket malda izatea…eta Etxaideko elurziloa aztertzerakoan gauz guzti horiek betetzen direla ikusten da.

Irudia Pablo Ordunaren “Registro de dos neveras en Elizondo, Valle de Baztan” idazlanatik hartuta dago. Marrazkia Esther Álvarez Vidaurrek egiña da

Pablo Orduna Portusek bere lanan aipatzen dun bezala, gaur egungo Zaldarriagako nagusiak (familia) 1928tik baserrian bizi dira eta lehenagoko nagusiak erranda (baserria erosi zutenari) bazekiten, zelaiko “eraikin” hori elurra gordetzeko zela baina aspalditik erabili gabe zegola itxura zeukan.

Badirudi “aspaldi” hori behinpin mende bat gibelarat eramaten ahal dela zeren XIX. mendeko Zaldarriaga etxeko gordezen diren katastrotan (bata 1811koa, bertze bat 1858koa ta hirugarren bat datarik gabekoa), baserriaren jabetzetan ez da ageri iñoiz elur-ziloa edo elurtegia. Hau pentsatzea ematen du garai horietan ia elur ziloa, utzita eta erabiligabekoa zela, akaso Etxaideko “jauregia” erraustu zutenetik?
Laputzuko elur-ziloa forma borobila dauka, barruko diametroa 4,2 mkoa da eta sakontasuna 5mkoa (gaur egun barrukaldea trastez eta zaborrez betea dago, baserriko biltegi bezala erabilia bai da), lur gañetil ikusten dena 0.70 mko harri pareta da bere kupula “faltsuarekin”, kupula 4.8mko diametroa du  eta belarrez eta landaretzaz estalia dago. Eluertegiaren iparreko aldean 0.77mko eta egoera kaxkarran aurkitzen den atea dago.Ate hunten garai batean  sortutako zuhaitz baten motzondoa dago, eta harriak mugitu dituenez zaborrez bateta dago zen. Zelaiko animaliak Elur-ziloan ez sartzko intentzioarekin “nevera”  alanbrez (burdin-ariz) inguratuta dago.
Pentsatzekoa da, elur-ziloa bai Jauregikoa izanez edo Zaldarriagatarrak kudeatua izanez, norbaitek garai batean, elurra biltzen, mantentzen eta saltzen ogibidea izanen zun eta Etxaide auzoko baserrietan eta Elizondo osorako elurraz ta izotzaz hornituko zun.
Baña Laputzuko elurtegia ez da bakarra Elizondon izan dena zeren gaur egun desagertua egon arren, bada kostantzia bertze elur-zilo bat bazela Elizondo erdi erdian, Herriko Etxearen gibelekoaldian hain preziso. Kontatzen dutenez (Remigio Lizasoain Pablo Ordunari “Registro de dos neveras en Elizondo, Valle de Baztan” idazlanan) elur ziloa 2mko zulo borobila zen eta sakontasunaz 5 m inguru izanen zun, eta 1982an bi arri txaflez eta lurrez estaliz izan zenean (gur egun bere gañan baratze eder bat badago) ez zun estalkirik (kupula) ezta perimetroko harresirik, nahiz eta aztarnak izan garai batean pareta zegolik. Estalkia ez izatea ez da harrarorik zeren batzuk diote, herri kaskoan egoterakoan eta maiz erabiliko zenez “kupularik” ez izatean salmentarako lana errextuko zuen eta ondarrian bai ostoz ta adarrez estaliko zen. Remigiok dioenez ere, Herriko Etxeko elur-ziloaren elurre gehienbat medikuntzarako (sukarrak ta infezioak jausteko) eta herriko haragitegirako haragiak fresko mantentzeko erabiltzen zen eta Herriko Etxean egotea pentsarazten digu, elurtegia publikoa izanen zela (Etxaideko ezberdintasuna Etxe edo Jauregi batera lotuta zegola) eta errentan norbaitek eramanen zula.
Elurtegiaz amaitzeko erran behar, Nafarroan gaur egun gutxik mantentzen direla edo guttien konstantzia badela,  Nafarroan Iruñan, Bianan, Oliten, Zangotzan, Tuteran (erdiaroko hiri garrantzisuak) bada edo izan ziren, baita ere Korellan, Fiteron, Los Arkosen… eta Zarrakaztelun, “pozo de yelo” bat bada ta guzti!. Antxon Aguirre Sorondok bere “Neveros de Navarra Cnnservaión y comercio de nieve y hielo” (Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra 85, 2010) artikuloan 169 aipatzen ditu eta hoietatik bi soilik (hauek biek) gure eskualdean daude.  Iparraldeko kantauri ixurriko bailaretan (Baztan-Malerreka-Bortziriak) soilik Elizondoko bi hauetaz zerbai jakitea, benetan kurioso ta bitxia da, pentsatzekoa hauek bezala bertze tokitan izatea baña akaso horiek elurra urtzen den bezala memoriaren biltegian urtuko ziren aspaldi elurra gordetzea utzi zen bezalaxe!…baña nere belarrietara etorri zait Amaiur alden zerbait aipatzen dela, aspaldin elurtegi bat omen zela! norbait ikertzeko pres!!
Post hau iteko hurrengo materiala erabili da.
“Registro de dos neveras en Elizondo, Valle de Baztan” idazlana (.pdf artxiboa). Pablo Orduna Portus.
“Neveros de Navarra Cnnservaión y comercio de nieve y hielo” (Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra 85, 2010, .pdf artxiboa). Antxon Aguirre Sorondo.
www.elizondo-baztan.com-eko “Palacios de Cabo de Arméria” atala.

Read Full Post »

2012ko urriak.

Afariak, bazkariak eta mota ezberdiñeko ekiataldiak direla… hilabete bat daramat tarrapataka blog “puto” honekin. Erran behar Iraila bukaera ekitaldiz beteta egon dela zulo hezea; bideo emanaldiak, eskolen besta, pailazoak, laisterketak izan dira…eta ondar egunian Urriko besta ta guzti! Hau da Oktoberfesta izan dela edo hobe errana, OktoBRTfest izan zela, zeren garagardo besta hau Baztan Rugby Taldeak ekarri zigun.

Oktoberfest 2005. Egilea Andreas Steinhoff. Creative comons lizentzi askea (wikipedia)

Oktoberfest 1810. urtetik aurrera Alemaniako Munich bavariar hirian ospatu ohi den jaialdia da. Alemaniako Jaialdi Herrikoi edo Herri Besta (alemanaz Volksfest) handiena da, baita gisa honetako munduko handienetakoa ere, urtero 6 milioi bisitarik baino gehiago dituelarik. Irailaren 15a ondorengo larunbatetik hasi eta bi asteetan zehar Munich hiriaren erdigunean dagoen Theresienwiese (Santa Teresaren larrea) zelaian ospatzen da (wikipedia). OktoBRTfesta berreiz, Elizondoko Merkatuzelaiko gorapetan ospatu zen eta jende haunitz hurbildu ez arren, han agertu ginenok Bavieratar peto petoak bezala Hordeum distichon (garagar) zukua edan genun! bederen nik! garagardo motak guztiak ia ia bi aldiz dastatu bai nun!! (Adriaren garagardo “aquosa” hori ere). 

Ondarrian,  ilunabar aldera garagardoz aunpetue (azkez “spaten-a” oso osoa bota izan behear nun) eta lagun batek dion bezala “pinplatue” nere pitter-oroigarriarekin etxera bueltatu nintzen, eta hori soilik, hasmentako nahia buelta bat ematera eta bizpa-hiru pitter garagardo botatzea zela… baña, “eske”… barrakoietan bazen giroa, arras “familiarra” zen eta adiskidetasuna eta talde giroa hairean usaintzen zen.

Aipatzekoa da kirol talde honek rugbira jolastera ez dela murrizten eta finantziatzeko egiten duten ekitaldiak irekiak, orijinalak, adiskidetasuna eta giro ona bultzatzen dutenetakoak dira eta horren adibidea, Iraila 29ko garagardo jaia da, baña taldearen 34 urte hauetan mota ezberdiñeko ekitaldiak izan dira, gaupasak, kontzertuak, bidiak… eta denetatik pastu da, hori bai gehienak onak eta oroitzerakoan ezpainetan iribarre bat uzten dutenetakoak.

Baztan rugby taldea 1978an sortu zen eta sortzailenetako nagusi Xabier Soubelet Laskibar Ziburutar-Baztandarra izan zen. Dioenez  (Diario Vaskoko artikuloan) 77/78ko ikusturtean  Donibane Lohizuneko institutoan lanaean zegola hainbat rugbi partidu antolatu ziren irakasle, ikasle artean eta partidu haietan Baztanen, Rugbi talde bat sortzearen ideia piztu zen

Urte hoietan zulo hontan Lino Plazalekauztarra ezik (Madrilen rugbian jolasten zuna) ez iñor kirol hau jokatu eta bere arauak, guttiago ezagutzen zutenak!! baina hori ez zen arazoa izan eta hainbat pertsonekin harremanetan jarri ondoren, ondarrian talde bat muntatzen hasi zen. Lehenengo ausart eta adoretsu talde hori bertze batzuen artean Xabier Soubelet, Jose Mari Aldako, José Miguel Arizmendi, Rafa Olaizola, Miguel Gonzalez, Karrikiri, Antonio Urolategi Frías, Iñaki Unanua, Javier Aragón, Txomin Landa, Koldo Goyenetxe, Txomin Garmendia, Salva Lizasoain,  Jesus Agerre, Antonio Sarratea, Leiza, Juantxo Etxart, Jose Mari Irigoyen, Augustine Satrustegi, Jose Mari Arnal, Xabier Landa, Iñaki Fagoaga, Pello Etxandi, Juanjo Jáuregui, Kepa Arizmandi, Kiko Satrustegui, eta Pirrin osatu zuten. Lehenbiziko urtea horretan, 78/79 denboraldian, tenore hortan liga bakarra zen Euskal Ligan ez ziren apuntatu izan ahal,  baina prestakuntza mantentzeko, zerbait gehigo ikasteko eta ligara ohitzeko lau lagunarteko partiduak jokatu zuten.

BRT-ren lehenengo partidua Mugaireko San Martin eskolako zelaietan izan zen eta aurkariak, Donibane Lohizuneko institutoko ikasle talde bat izan zen. Emaitza…kriston paliza izan zen baina baita ere Kristonekoa omen izan zen hirugarren denbora. Hurrengo bi partiduak, beharrezkoak zirenak Baztango taldearentzat partiduen dinamikan sartzeko Atlético San Sebastián eta Zarautzeko beteranoen aurka izan ziren.

Soubeletek sortzailea gain, entrenatzaile zen, entrenamenduak italiar franziskanen (gaur egun desagertu eta urbanizatua) frontoian ziren eta prestakuntza aparte jokoaren arauak eta filosofia erakutsi behar izan zun. Horretarako, hainbat aldiztan Donibane Lohizuneko lagun-jokalariak etortzen ziren eta batzutan ere Baztandarrekin aritzen ziren.

1979an, Euskal Ligan BRT (Baztan Rugby Taldea) apuntatzea lortu zuten, izena Soubeleti bururatu zizaion Bilbao Rugby Taldea (BRT) izenarekin parekatuz, bilboko talde horretan bere anaia eta hainbat lagunak jokatzen bai zuten. Izena aparte baita ere bururatu zizaion ekipamenduaren koloriak, taldearen arropa: kamiseta berdea, praka motz zuria eta galtzerdi gorriak izango dira, Donibane Lohizuneko Olympique taldearen kolore antzekoa ( Xabier Soubeleten txikitatik talde, gogokoena bai zen). Baita ere talde horren  Julito Ledesma jokalariari esker baloiak eta bertze materialak lortu zun.

Taldeko lehenengo kapitaina Rafa Olaizola izan zen (gerora entrenatzailea eta lehendakaria izan dena) eta etxeko partiduak Hernanin jokatzen zuten (zelai federatiboa zen eta Hernaniko taldea aparte BRT-a bezala kanpo zelaia ez zuten taldeak jokatzen zuten)  eta kanpokoak, Ordizian, Logroñon, Irun, Donosti, Zarautzen, Gernikan…. eta Iruñan (garai horietan Nafarroan BRT aparte Iruña eta El Bronce soilik zeuden).

Taldeko lehen lehendakaria Lander Santa Maria izan zen eta doi den rugbi talde guztiek bezala bere ereserkiak eta Haka ohiu (euskaraz) zuten. Baztanen rugby garai hau bi urte iraun zuen eta oroizapenak onak izan arren ez da ahaztu behar liskar txiki batzuk izan zirela. Club Deportivo Baztan-ek bere barruan edo babesean ez zien hartu izan nahi (garai haietan futbola aparte C.D. Baztan barne, txirrindularitza, atletismoa, pilota, eskubaloia…zeuden), iñoiz kirola egindako arlote edo baldarra talde bat soilik zirela pentsatzen bai zuten eta hori zela ez zieten Giltxaurdi futbol zelaian iñoiz utzi partido bat jokatzeko (zelaia suntsituko zutela beldurra zeukaten), eskerrak bertzealdetik Mugairen (San Martinen) eta Lekautzen (kolegioan) iñorengo arazoak izan zuten baloi obalatu mugitzeko eta “paloen” artean sartzeko.

90. hamarkadan bigarren aldiz berpiztuko da Baztango Rugby Taldea  eta gaur egun gogor ta indartsu mantentzen da, jubenil taldea eta bi “senior” talde izanez.  BRT Menditarrak-en talde nagusia “liga nazionalan” aritzen da, ta bertzia “B-a” Liga Regional Vascan eta asteburu hontako larunbatan (urriak 13) 12/13 denboraldia hasiko da eta berriz ere Lekauzko zelaiak jendez betetzea espero da errugbia gozatzeko bai da bai jokatzerakoan nola bai ikusterakoan eta zer erran 3. denboraz!!!

AUPA BRT!!!

Post hau iteko erabili den materiala:

Diario vaskoko ” 30 años del Baztan Rugby Taldea “. Tellechea  (2008.9.20).

Interesport Irabia BRT-ren webgunea .

Read Full Post »

Urriak 2012.

Pasaden astean (irailak 21an) Iruritan, Jon Maiaren “Gazta zati bat” dokumentala bota zen.  Lan honek, Idiazabalgo Nazioen Mundua (duela urte batzuk Goierrin sortutako mugimendua da, eta Euskal Herria eta nazio guztiek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, helburu du) herri mugimenduaren ekimenak azaltzen ditu.
Gazta Zati Bat dokumentalak euskal gatazkaren gaia era berritzailean aurkezten digu: gertakizun handien hurbileko begirada eskainiz, historia handia letra txikiarekin kontatuz, gertutasunez, intimismoz, umorez… Giza faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta albisteen kronika estereotipoetatik aldentzen da. Iragan gatazkatsua eta iluna atzean utzi eta aurrera begira era positiboan jartzen gaituen istorioa da Gazta zati bat.

Dokumentala gasna (gazta baztaneraz), munduaren metafora bezala ikusiz euskaldunok gure zatia nahi dugula azaltzen du. Istorioa, bere gasna mundu osoan ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean hasten da, Idiazabalalen. Filmean,  Idiazabalgo Luis Katarain artzaina gazta lehengo erara egiten du, berak irudikatzen du herri honen existentzia milenarioa, atenporala, betidanik hor egon dena. Zortzi mila urte dira gizakiak gasna egiten duela lur hauetan. Hemengoak gara, hemen gaude eta hori, artzaina eta gasna irudikatzen du!

Dokumentala ikusi ondoren eta blog honekin lotu nahian (bloga txobinista! Baztan buruz soilik tratazen bai du), aspaldin  Lander Santa Maria kazetariari irakurritako gasnagintza inguruko bitxikeri batez, oroitu nintzen. Euskal herriko zoko zulo heze huntan, gure gasna ditugu eta gaur egun “industria” ederra bada. Bada ardi gazta eta behiena, ardiena,  ibarrako larretan mendetan zehar hezitako ardi latxaren esne gordinaz egindako gasna, bada ekolgikoak, naturalak eta Idiazabal jatorrizko izendapenean sartuta daudenak, baitere batzuk Nafarroako Reyno Gourmet zerrendan bilduak, bada baserritan egitendakoak eta poligonoetan kokatutako gasnategietan, bada… bada ohiture, aspaldiko ohiture, Baztanen aspalditik bizitzeko modu bat izan dena eta ez dena galdu, artzantza eta gasnagintza…baña izan zen urte bat, kanpotik etorri zirela erakusteko eta gasna gehiago eta hobea iteko irakasteko.

Diario de Noticiasko artikuloa dio, gasna itea artzainen bizimodura lotuta zegola, ekoizpena urria zela eta kontsumoa mugatua. Gauzak horrela zirela eta hori aldatu nahian, Diputazioko bi funzionario edo teknikari, gasna hobea eta gehiago iteko formula irakasteko, Elizondon (Pilarko Ikastolara doan bidean) gasnategi-eskola bat ireki zuten. “Gasna-eskola” hasmentatik polemika izan zun eta berehala haren kontra denuntziak eta kexak agertu ziren.

Teknikariak zioten, eskolaren nahia baztango baserritarrei gasnaren “industralizazioa” (kopuru haundiago ta hobea) erakustea zela, baño baztandar batzuk aipatzen zuten foru langile horiek “soldata finkoa” zeukatela eta erakutsi baño gehiago, astean zehar gasna iten pasten zutela eta gasna hori salmentarako zela . Teknikariak defenditzen ziren baimenduta zeudela horretarako eta hobeto erranda, bere nagusiek aginduta Baztango artzaiei gasna egiteko modurik onena erakusteko, etorriak zirela.

Batzuen eta bertzen solasa gogortuz gan zen, eta salaketa baten siñatzailea  zion; “Ez zuela zalantzarik baimenduta zeudela gasna iten erakusteko, ezta ere, ez zuela ezer irakastearen kontra“, baina bai, biziki protestatzen zun, gizon horiek soldata finkoa izanez gain,  astean bortz egun gasna iten aritzen zirela eta ondarrian bere eginkizunak baztertuz (erakusteea),  zuzenean  Baztango gasna “industria ttikia” ustiatzen zutela, konpetentzia haundia izanez gasna iten ta saltzen zuenarentzat. Aipazen zun ere gasna hobea iten erakusteko, hamar edo hamabost litro esne erabiltzen ahal zela eta ez, egunero foru-langile horiek erabiltzen zuten ehun litro pasa horiek! kalte egiñez, benetan gasna salzeaz bizi zirenei.

Baitere enzun zen eskola hori ez zela beharrezkoa, zeren hor zegoen Lekauzko kolegioa, pentsatzen bai zen “gasna-eskolan” erakusten zuten formula Aita kaputxino edo kolegioko anai batetik atera izan zela. Gasna-maixuak babesten zutenak, ere baziren eta hauen defensatz erraten zuten: ez dela gauza bera gazta itea edo gazta ona egitea, “etxeko gazta, gaur ona izaten ahal dela, biharkoa erdi purdi ateratzen ahal dela eta biharamunian txarra!!. Beraz argi gelditzen zen formula bat izatea beharrezkoa zela,  gañera “guztia ahalik eta zehatzena”, gasna bai  Errazun, Elbeten, Almandozen edo Lekarozen iterakoan berdintsua izateko eta denak, “Baztango gasna” bezala, fabrikatzea eta saltzeko.

Eztakigu nola bukatu zen afera eskola itxi zuten edo ez, gasna-maixuek aberastu ziren edo ez, negozio aparte formula irakatsi zuten edo ez… baina, 40 urte inguru geroxago baztango bailaran 40.000 kilo ardi gasna iten eta saltzen da! on egin!!

Posta amaitzeko aipatu “Gazta zati bat” lana barne, bere webean, dokumentalaren bandako soinu kanta bat jausteko aukera badela eta animatzen da soinuarekin bideo bat grabatzea eta grabatutako guziak elkartuta bideoklip erraldoi bat eginen da, ekimenare izena “dantza zati bat” da eta Iruritarrek Juan Arbeloak grabatu eta editatutako bideo eder batekin parte hartu dute.

<p><a href=”http://vimeo.com/50812318″>Dantza zati bat – IRURITA</a> from <a href=”http://vimeo.com/user8488507″>Gazta zati bat</a> on <a href=”http://vimeo.com”>Vimeo</a&gt;.</p>

Post hau iteko erabili den materiala;

Diario de Noticiasko “la polemica del queso” artikuloa. Lander Santa Maria (2010).

www.gaztazatibat.eu/ webgunea. Dokumentalaren web horria.

Read Full Post »