Udazken huntako arratsalde epel, gorri ta gozo batian, kuartelekozelaian zuhaitzpian nengola, haurrak ikastolatik atratzia esperatzen nuen bitartean, Hasier Larretxeak atra berria duen ATAKAK liburuko poema batzuk berrirakurtzen ari nintzela ta, Angel Garcia lagunak eta blog huntan “literaturako” saila eramaten duna, edo hobe errana! blogeko “Baztan euskal narratiban” izeneko posten egilea dena, hurbildu eta komentatu zidan, bere atalako azken lanan, Arraiozko idazlea, aipatu behar zula.
Nik sorpresa gustokoak dudanez ,ez nion galdetu zeren zigoan, baña, Baztan eta poesia jorratuko zula imaginatu nun. Artikuloa igorri eta irakurri bezain pronto, segidan konturatu nintzen gaia, poesia ez zela, baizik...gerra zibila eta euskal gatazka, eta Hasierren aipamena bere azken-aurreko “azken balaz” zijoala. Zeren Angelek “laugarren huntan”, gerra, borrokaldia, liskarra…gai protagonista duten liburuak eta doike! haien paisaia, Baztan arana dutenak, azaltzen eta erakusten digu.
Baztan euskal narratiban (4): Gerra Zibila eta euskal gatazka
Maiz aurpegiratu zaio Euskal Literaturari arras gutxi ausartu dela bi gai hauekin. Baina, batez ere euskal gatazkaren gaian, badago liburu zerrenda luzea. Ikuspegi aunitzeko liburuak, gainera. Hori bai, gehienak Gipuzkoa, Iparralde, Bilbo, Madril… aldean kokatuak. Nafarroako herri asmatuetan ere bai: Loitzu, Lizarbe, Ugalde… Bidasoa aldeko muga ere agertu da behin baino gehiagotan. Baina Bidasoa ibaiak Baztan izena hartzen duen alde honetan apaltzen dira gatazka politikoaren hotsak, euskal narratiban. Poesian bai, nabarmendu behar Hasier Larretxea arraioztarraren ahotsa, inplikazio pertsonal handikoa.
Narratiban Patxi Zabaletak nobela trilogia bat kaleratu zuen 90. hamarkadaren erdialdean, Txalaparta argitaletxearen “Amaiur” sailaren hasieran (eta politika arloan izen bereko alderdian dabil orain). Non Nafarroako XX. mendeko historiari errepaso moduko bat egin zion, zabala, bizia eta berezi xamarra.
Trilogiaren lehen liburuak Ukoreka izenburua du. Protagonista Beñat da, Gipuzkoako inklusa batean agertu den haurra, 1910. urte inguruan. 13 urterekin Betelu aldera, Araizko haranean dagoen Guntza herriko baserri batera eramanen dute, eta Mandazen abizena hartuko du. Eta inguru hartan eta Iruñea inguruan mugituko da liburu gehiena, Gerra Zibila aitzineko garaian. Baina azken partean, hamaika pasadizo eta misterioren ondoren, Beñat Lekarotzera, kaputxinoen ikastetxera ekarriko dute. Zaldi gurdian, oinetakorik gabe. Bost karabinero ondoan datoz, zaldiz. Eta Don Ximeno Iribas, Somatena izeneko erakunde ilun bateko burua. 17-18 urte ditu, orain, Beñatek (ez daki zehazki). Zer gertatu den, historia nola akituko den, eta “Ukoreka” hitzak zer esan nahi duen jakiteko, hor dago liburua. Baztango Liburutegian dago trilogia osoa.
Bigarren liburuak, Badena dena da izenburukoa, Gerra Zibilean murgiltzen gaitu. Beñat Mandazenek 26 bat urte ditu, eta Eltzu izeneko herrian bizi da. Guntza bezala, Eltzu izen asmatua da. “Frantzia eta Espainiaren arteko muga ondoan dagoenez gero, Baztango alboan, kontrabandista herria da.” Baztango alboan, mugan, baina non? Urdazubi aldean, Etxalar aldean, edo Eugi aldean? “Tren ttikia, Plazaola” pasatzen da Eltzutik. Tira. 1936ko Sanferminak dira, eta zaldi feria arras ona izan zen. “Baztandik Iruñerako zaldi talde eramatea izaten zen zeregin zailena. Berroetatik Belatera eta handik Ultzaman barrena”.
Kontrabandoaz eta abeltzaintzaz gain, gazteak Erribera aldera joaten dira “galmotzera”. Garia moztera, alegia. 13 bat gazte abiatzen dira Baztan aldetik. Kamioi militar batean. Haien artean, Beñat. Horrela ezagutuko du, bertatik bertara, Erriberan bizi izan ziren zapalkuntza eta bortizkeria. Baina gerrak Baztan ere jo zuen. Hasi aurretik ere: Mola gudalburua maiz ibilia omen zen inguru honetan, “Portugaleko erbestetik ezkutuan etorritako Sanjurjorekin Iparraldean egoteko… Gerratea Eltzun antolatu zen!”.
Inguru hau iheslarien pasabidea ere izan zen, Gerra Karlistetatik, eta horretan ere agertuko da. Mugaren bi aldeen arteko harremanak. “Izatea indarra da. Badena indarra da. Norbera nor dela onartzen dena bizia da… Arian ari”. Hola du izena hirugarren liburuak. Eta 1959. urtean hasten da, Baztan inguruan. ETA sortu berria da, eta komando batek (bi mutil eta bi neska) muga gurutzatu nahi du Iparraldera, PC alderdian infiltratzeko. Baina autoarekin istripu bat izan dute eta, Zortziko izeneko kontrabandista baten aginduz, Xanbil izeneko mutilak Zugarramurdiko elizan komandoa hartu eta Otxobiko baserrian ezkutatuko du.
Kontua da kontrabandistek arriskuan ikusten dutela bere gaueko lana, ETAkoak hasten badira mugalde honetan mugitzen. Batez ere une horretan, drogarekin hasteko puntuan daudela. Kontrabandisten artean gogorrena Eltzuko Joxemiel “Eroska” da. Iruritako bi anaia ere agertzen dira.
Xanbil eta komandoko neska bat maitemindu egingo dira. Auntsolitz baserrian kontu lizunak handituko dira. Komandoa errota batean ezkutatu ondoren, gertaera izugarriak. Denetarik. Eta Beñat ere agertuko da berriz, azkenean. Baina hemen ez dugu deus gehiago argitu behar.
Garai bertsuan, 1960 inguruan gertatzen da Jon Alonsoren Hodei berdeak eleberria ere, Iruñaldean zentratuta, batik bat, eta EAJren inguruko zirkuluetan, borroka armatuari ekin, ez ekin… Hemen ere muga eta kontrabandoaren munduan sartuko da, eta Belate inguruan izanen dira mugimenduak, horietako bat bereziki lazgarria, lehen bi mutil gazte hilak, bonba bat lehertuta eskuetan. Garai itxaropentsu hauetan, baina memoria egitea ere eskatzen dutenak, hor daude liburu horiek, bertze aunitz bertze.
Eskerrak eman nahi nion Angel Garciari post honengatik eta baita ere lau aldiz, estualditik (kasu huntan, neketasunagatik) atratzeagatik!!!
Artikulua atera eta gutxira berriz ere idazle erdaldun huts batek (Fernando Aramburu, ikus El País, 11-11-30) euskal idazleen isiltasuna salatu zuen, berriz (“no son libres, están subvencionados”). Hasier Etxeberriak, bertzeak bertze, erantzun berri dio, ZUZEUn, eta atera du euskarazko literatur eleberrien zerrenda bat (http://zuzeu.com/blogak/alua-mundua/2011/12/08/gatazkaren-letrak/). Zerrenda luze eta zabala, eta erabat osatu gabea. Gatazkan bete-betean murgildu diren eleberriekin, soilik. Ikuspegi, enfoke eta kolore guztietakoak dira. Merezi du.
Angel, zerrenda ikusite liburu pile daukazu irakurtezeko!…Txantxa aparte, gelditzen naiz Hasier Etxeberriak Zuzeuko bere blogan hasieran aipatzen dunarekin…putza, putza eta putza! gezurre borobila dela Fernado Aramburuk errana.
Halakoak badir beti, el Paisko elkarrizketa irakurri dut eta hainbat “txorradak” erraten ditu…hau txikitatik mindua dagon edo zerbait dauka!!