Gaur egungo Elizondoko Merkatuzelaiko zonalde erresidenziala, bere etxe adosatuak, unifamiliarrak, urbanizazio pribatua, inguruko etxeak eta haur-eskola, garai batean Frantziskanotarren lurrak (terrenoa) ziren. Franziskanoen eskola, zinema, futbol zelaiak (hiru baziren) … inguru guzti hori hartzen zuten eta eremu hori “frantziskanoak” bezala zautzen (ezagutzen) zen.
Han, futbol zelai nagusiaren amaieran, Erabetako bidean (gaur egun etxe baten gibeleko lorategi) bunker txiki bat edo “nido de ametralladora” (habia) bat zegoen (bertan,humetan aunitz jolastu dugu) eta etxebizitzak egiterakoa eraitsia izan zen.
Búnker txiki hori ez da izan eraikuntza berri baten ondoren desagertu den bunker bakarra, bera bezala Zubiberrin (Arizkun) zegoen “bunkerra” ere eraitsi egin zuten Zubiberrikobidea zabaltzerakoan. Bertze batzuk; Dutarimuinokoa (Azpilkueta-Arizkun) edo Bilkortekoak (Erratzu) bezalakoak sasi eta sastraka artean daude.
Baztango bunker hauek, Gerra Zibilaren ondoren ,Francok eta bere Estatu Nagusiak sortutako defentsa-sistemaren (Frantziako Linea Maguinot antzekoa) zati bat da. Hasieran batean (1939), Espainia armada inbaditzaile batetik defenditzeko sortu zen.
Defentsa-harresia “linea P” (Pirinioetakoa) izena zeukan, “Linea Perez” bezala ezagutzen bazen ere. Asmoa Pirinioetako katearen 500 kilometroetan 6.000 búnker (estazionak) “ereitea” zen. Gipuzkoa, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia arteko 4.500 defentsa-estazio inguru biltzen ditu eta Nafarroan bakarrik, 1.814 bunker planifikatu zituzten (200 inguru katalogatuta daude).
Lanak 1939an hasi ziren, eta munduko II. gerraren amaiera aldera areagotu ziren, Hitlerren Alemaniak gerra galduko zuela argi zegoenean. Baztango bunkerrak 1939 eta 1940 urtekoak dira, “Vallespin gotorlekua” izenekoak, Donostian destinatutako koronel horrek diseinatu baitzituen. 1940an eraikuntza gelditu ziren baina bunkerrei lotutako errepideak eraikitzen jarraitu zen. Búnker eta errepide hauen eraikuntzarako erabilitako eskulana, 12.000 gizonekoa izan zen, lan-batailoi izeneko presoak ain zuzen.
1944an, Bigarren Mundu Gerran Frantziaren askapena gertatu ondoren Espainiako diktaduraren beldurra Pirinioetan zehar aliatuen inbasioa (errepublikarrekin batera) jasan zezaketela zen eta P lerroa eraikitzen hasiko da, non Baztan Bisadoako búnker eta gotorlekuak partzialki integratu ziren.
. Hala ere, obren kalitatearen eraginkortasuna ez zen hain zorrotza izan eta bunkerrek akats ugari izan zituzten. Bunkerrak eta habiak aztertu dituzten adituen arabera, habien neurriak ez ziren egokiak arma berrietarako, ainitz ia agerian edo estrategikoki txarrak ziren eremuetan zeuden eta, gainera, hormigoizko babes batzuek nekez eutsiko zieten obus indartsuenei.
Gerraostean urriak ziren burdina eta zementu kantitate ikaragarriak erabili behar izan ziren, Material horren zati handi bat esku pribatuetan amaitu zen, zeren militarrek negozio paraleloak asmatu baitzituzten, eta ez zen harritzekoa eraikuntza partikularretara bideratzea.
Pirinioetako bunker ikusgarrienetako bat eta handiena Alkurruntzekoa da. Otsondo mendatea menderatzen duen tontor horretako harkaitzean zulatuta dago, 930 metroko altueran. Sarreratik beste muturreraino, metrailadore-habia artio, zementu armatuzko hormen artean 110 metro luzeko korridore ilun bat igarotzen da. Argi naturala troneroen zulotik (tiratzaileentzako leihotxo estuak) soilik sartzen da.
Otsondo portuan bertze bunker txikiago batzuk daude, baita ere metrailadore-habia eta tiratzaile-putzu baten bat (azken hauek tapatuta, oso arrunta baitzen aske zebilen ganadua haietan erortzea).
Otsondoko lepoaren ondean, Goizamendiko magalean, errepide ondoan, babesteko (de abrigo) bunker bat dago, hiru sarrerarekin. Bunkerraren mutur bakoitzean metro eta erdi baino gehiagoko barrunbe bat dago, Mauser fusil edo mosketoientzako armairuarekin
Otsondotik Berara errepidearen alboetan metrailadoreen habiak daude ( geratzen direnak), hoietako baten bat bunker anti-tankea omen da (omen zen).
Otsondo 06 (Organización Defensiva 6) zen eta Erratzukoak berriz 07.
P lerroko obra osoa ez zen inoiz amaitu, bunkerrak ez ziren zerbitzuan jarri, aliatuen inbasioa ez zen inoiz eman, ezta aliatuek prestatutako makiena ere… edo agian bai?…Hala bada, hori bertze istorio bat da.
P.D.1.
Hasierako sarrera 2008an idatzi zen, denboran zehar berrituz joan da.
P.D.2
2020an Erratzuko hiru bunker garbitu eta berreskuratu zituzten Bilkorte inguruan
Sarrera hau egiteko erabili den materiala:
La fortificación de Vallespin 1939-1940. Juan Antonio Saéz Garcia. Ingeba. 2010
La Línea P, la paranoia de Franco. Aje Ribera. El Correo.com. 2013.
El secreto de la ‘Línea P’ y sus seis mil búnkeres. José Antonio Guerrero. Hoy.com. 2017.
FOTOTEKA



Utzi erantzun bat