Odonimoa (grezierazko οδός, odós, “kale” + ὄνομα ónoma, “izena“) hiri barneko eta kanpoko bideei emandako izendapena da. Toponimiaren azpi-atala da.
1858ko azaroaren 30eko Errege Aginduaren arabera, beharrezkoa zen herri bat osatzen zuten kale guzti-guztiak izendatzea, eta kale horien barruan, kale horiek osatzen zituzten eraikinak etxez etxe zenbakitzea. XIX. mendearen erdialdera arte, kaleak ez ziren errotulatuak izan, eta eman zitezkeen izenak gremio jakin baten, profesionalen, jarduera jakin baten, herritar bikain baten etxearen edo antzeko gaien kokapenaren isla baino ez ziren.
Kaleen izenek aunitzetan konta diezagukete udalerrien historiari eta kulturari buruz. Horietako aunitz oroitzapenezkoak dira, hau da, kolektibitatearentzat garrantzitsutzat jotzen diren pertsona ospetsuak, ekitaldiak eta balioak ospatzeko aukeratu dira.

Elizondoko kale nagusia, Santiago kalea izena du, herriko zaindariagatik datorkio, eta karrikaren jatorria XIX. mendearen erdialdekoa da, 1845an ireki zen .
Data hori baino lehen, bi karrika nagusi zituen Elizondok: kale Nagusia eta Eguzki kalea. Azken hau, Baztan ibaiaren eskuineko ertzan zeuden etxe soltuek osatzen zuten eta bertzearekin alderatuta, kale eguzkitsu bat zen, non eguzkiak egun osoa ematen duen. Urte guttira bi karrika hauek izen propioa emanen diete.
1890eko urriaren 30ean, Elizondoko herriak Isabel II.ari Suplikako instantzia bat zuzendu zion, Jaime Urrutia Irisarrirentzako titulu edo kondekorazio bat eskatuz, ongile publiko gisa. Eskaerarekin batera, herriko kale nagusiari bere izena eman zioten. Ohore hori emateko merezimendueak; urak herrira ekartzea, espaloiak, zuhaiztidun pasealeku bat, bi garbitoki (bat Miserikordiarako eta bestea publikoa), parrokia-organoa erostea eta Elizondoko errota aprobetxatzeko produkzio elektrikoko makineria ezartzeko egin zuen ekarpena eskertu nahi izan zioten. Jaime Urrutia kalea bere izena darama eta karrika hortako Zatonea etxean Jaime urrutia Irrisarri jaio zen.
31 urte ondoren, 1921eko urriaren 18an Eguzki kaleko (Txokoton) Martindene Etxeko pareta batean “Braulio Iriarte kalea” jartzen zuen txafla erakutsi zen. Hortik aurrera Eguzki kalea Braulio Iriarte karrika bezala ezagutuko da. Braulio Iriarte Goienetxe, 1860an jaio zen eta garaiko baztandar haunitz bezala, 17 urtekin eta inolako ikasketarik, ofiziorik eta sosik gabe, Mexikora emigratuko du.Mexikon legamia, irina eta derroten negozioetaan ibili ondoren sosa unen du eta Elizondoko ongilea izanen da; Elizondoko pilotalekuaren eraikuntza osorik ordaindu zuen , 120.000 pezeta (kostu osoaren %13,2) eman zituen Elizondoko eliza berriarentzarako baita ere zarretxea aurrerea segitzeko sosa dexente eman zuen.
Baztango zarretxea, Francisco Joaquin Iriarte karrikan du sarrera. Francisco Joaquin Iriarte, elizondar eligizon (presbiteroa) ongilea izan zen eta XIX. mende erdialdean diru mordoxka eman zuen miserikordia berri bat erekitzeko intenzioarekin. 1857an, emandako sosakin gaur egun ezagutzen dugun zarretxeko eraikina erriki zen eta bere omenez karrikari izena patu zioten.
Izen propioak dituzten kaleekin jarraituz, Elizondoko Santiago elizaren ondoan doan kalea eta Agerreako bideraino hedatzen dena, Maurizio Berekoetxea Elizondar parrokoaren izena du. 22 urtez Elizondoko parrokoa izateaz gain, Baztango artzapeza, organista eta ahots-irakaslea izan zen, eta garrantzi handiko pertsonaia izan zen musika eta kultura baztandarrean. Gaixotasun luze baten ondoren 1933ko abuztuaren 24an zendu zen eta urte eta erdi beranduago (1934) Elizondoko elizaren inguruko kaleari bere izena emanen diote.
Azken kale horrekin ia paraleloan, Maria Azpilkueta karrika dago, Xabierko San Frantzisko santu eta patroi nafarraren amaren izena daramana. Haren ahozko tradizioak dioenez, ama Azpilkuetako baztandar herrian jaio zen.
Bi kale horiek zeharkatuz Aita Donostia kalea dago, Jose Gontzalo Zulaika Arregi Lekauzko kolegioko fraide kaputxino, musikologo, folklorista, idazle eta euskaltzaindiaren omenez izena daraman kalea da.
Plazatik irten eta Baztan ibaiaren ertzean, Pedro Axular kalea abiatzen da. Karrika honek Pedro Agerre Azpilkuetaren oroimenez (bere jaiotetxearen izenaz ezagunagoa, Urdazubiko Axular baserria) izena du. Axular apaiza eta historiako euskal idazlerik handienetakoa izan zen, eta bere “Gero” liburua euskal literaturako lan garrantzitsuenetako bat da, euskara batua definitzeko ere balio izan duena.
Gure euskal kulturako pertsonaia batekin lotuta dagoen bertze karrika bat Xalbador kalea da. Trinketaren alde batean dagoen kale honek, Fernando Aire Etxart bertsolari handiaren goitizena darama.
Kuartelekozelaia (Ikastola) Mendinueta karrika irteten da. Mendinuetarrak Elizondoko Istekoenea etxeko jatorrizko jauntxo familia zen eta hoien artean Juan Martin Mendinueta Urrutia nabarmentzen da, 1797an Nueva Granadako erregeorde izan zena ( gaur egungo Kolonbia). Nahiz eta zihur ez nagon kale honen izena toponimikoa den. Hau da, toki edo termino horrek duen eso zuen izena.
Hauetatik mordoxka ditugu; Burges kalea, Erabeta karrika, Menditurri, Giltxaurdi, Erlategi. Kale horiek iragaiten diren parajearen tokiagatik hartzen dute izena. Bertze kale mordoxka bat Baztango medien izena dute; Abartan kalea, Legate, Amezti kalea, Alkurrunz, Atxuela, Gorramendi eta Akullegi karrikak.
Nahiz eta azken hau ordea, kale horrek Akullegi muinora garamatzalako (338 m) deitzen zaio. Era berean, Alduides kalea, eta Urepel karriken izena kale horiek Iparraldeko herri horietara garamatzatelako jasotzen dute. Azkenik, Amaiurko gaztelua kalea dago, nafar lealistek gaztelarren eta traidore nafarren aurka egindako defentsa ohoretsuaren pasarte historikoa gogorarazten eta omentzen duena, eta honen bukaeran perpendikularrean Diputazio kalea, 60-70eko hamarkadetan probintziako diputazioen omenez, kasu honetan Nafarroako Foru Aldundiaren omenez, herri askotan erabilitako izena.
FOTOTEKA
Argazkiak Leoncio Urabayen. Academicae 1910-20
Utzi erantzun bat