1644ko apirilaren 8an, 88 urte zituela Saran zendu zen Pedro Agerre Azpilkueta elizgizona ta idazlea. Pedrok, 1556. urtean Urdazubiko Axular izeneko etxean jaio zen eta hortik datorkio idazle goitizena eta historiara pasaden izena. Ia ziurtzat jo dezakegu lehen ikasketak herrian egin zula,hau da, Salvatore monasterio premontretar ospetsuan. Erten dute Iruñan segitu zuela ikasketak eta Salamankako Unibertsitatean Batxilergo titulua eskuratu zuela baina ez dago bestelako ikasketari buruzko daturik, dena den bere obraren kalitateari behituz, oso gizon jakintsua zela pensatzen ahal daiteke.
28 urte zituela subdiakono ordenatu zen Iruñean (1584). 40 urterekin, diakono zen Leridan eta apaiz katolikoa Tarbesen (Biarno), eskualde batean kalbinismo nafarra indartsua zena baina gurtza askatasuna bazena. Pedro Agerre Azpilkueta 1596an Biarnotik Donibane Loitzunera abiatu zen eta bertan izan zen bortz urtez zeren 1600an Sarako erretoretzako titularrak, Juan Douametek osasun arazoak zirela medio dimisioa eman ostean eta Bertrand Etxauz Baionako apezpiku baigorriarrak lagunduta eta jendearen begikotasuna lortu ondoren (predikari ospetsua zen) erretore izendatzen dute eta hantxe biziko zen, hil arte. Baina kargua berria hartu eta hilabete gutxira, 1600ean, bertze apaiz bat, Jean d’Harozteguy, kargua eskuratzeko lehian sartu zen, hango semea zela ta parrokiaren ardura izateko eskubidea zuela aipatuz ta salatuz Pedro Agerre atzerritarra zela. Axularrek ordea nafartzat zuen bere burua, eta,hortaz, Enrike Frantziako (IV.a) eta Nafarroako (III.a )erregearen mendekoa zela zion eta naturalizazioa eskatzen zuen. Erregea bere alde agertu zen kargua hartzeko naturalizazioa beharrezkoa ez zela adierazita, nafarrak bere meneko zirelako Nafarroko erregea bai zen. Gauzak horrela, 1601eko abuztuaren 20an Bordeleko Parlamentuak aurretik emana zuen epaiari kontra eginez, auto bat plazaratu zuen bi egun beranduago, bertan Pedro Axularrek karguan jarrai zezakeela adierazten zen.
Saran Axularrek hitzketaldi (tertulia) bat sortu zun zeinetan arazo erlijioso eta pastoralak eztabaidatzen ziren eta baita ere euskara erabili behar zela (otoitz-liburu egokien bitartez) kristauen birmoldaketarako. Hitzketaldiko solaskideek Axular aukeratu zuten halako zereginerako ez zuten erratu. Saran eta giro hortan 1643an idatziko zuen Axularrek Gero liburua, eta han gorpuztu zen herri gogoak gorde duen Axularren irudi ia mitikoa ( Axular, kristau jakituriaren eredu, Salamankan eta deabruaren eskolan ikasi ondoren deabrua garaitu zuen apaiza).
“Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan” Gero liburuan agertzen den esaldia.
Erran dugun bezala sermolari eta hiztun oparoa zen eta idazle bezala ere, hortaz izango du horrenbertze eragin eta itzal sasoi hartako eta geroagoko euskal idazleen artean. Haren luma trebeak dotorezia ordu arte ezezaguna erantsi zion euskarari. Esaldi luze eta korapilatsu samarrak ditu batzuetan, laburrak eta trinkoak bertzetan, baina mezu ulergarria eta garbia emango digu beti.
Axularrek eta haren taldeko lagunek urratutako bideari jarraituz, bertze elizgizon batzuek ere landu zuten mende hartan lapurtera, adibidez, Harizmendik, Silvain Pouvreauk eta Gazteluzarrek. Haiekin batera, Oihenart zuberotar idazle laikoak ere, euskal literatura gora eraman zituen.
“Gero” euskaraz idatzitako literatura testurik onena dela erran ohi da. Bordelen inprimatu zen, 1643an, idazlea hil baino urtebete lehenago. 87 urte zituen orduan Axularrek. Hirurogeita zortzi urte beranduago bigarren edizioa egin zen izenburua aldatuta: “Gveroco Gvero”, datarik gabe eta zuzenketa eta aldaketa urri batzuekin. Hirugarren edizioa 1864koa da; Baiona inprimatu zen Inchauspe kalonjearen eskutik. Hirugarren edizio horrek badu berezitasun bat: gaien hurrenkera aldatu egin zen eta testuan hainbat aldaketa barneratu ziren, errealismoa oso agerikoa zenean, bereziki. Laugarren edizioa Zarautzen inprimatu zen 1954an. Bertan ortografia modernoagoa baliatu zen eta bigarren edizioan egindako aldaketak ageri dira oraindik. Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkarian (1910) lehenengo edizioa argitaratzeari ekin zitzaion faksimile modura baina lana amaitu gabe geratu zen, aldizkaria argitaratzeari utzi baitzitzaion 1936an. Axularren lana Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroara ere hedatu zen nahiz eta lapurtarrez idatzita egon. 1820an, Pedro Antonio de Añíbarrok aita bizkaierazko bertsioa egin zuen baina ez zen argitaratu, baita ere hasi zen gipuzkerazko bertsioa ematen 1909an, baina hau ere lehenengo kapituluetan amaitu zen. Gaur egun Gero balio handiko liburutzat jotzen da eta aipagarria da edizio elebiduna Aita Luis Villasanteren hitzaurre batekin hornitzen dela. Axular eta bere obra goitik behera aztertzen da bertan. 1988an Euskaltzaindiak faksimile bat argitaratu zuen 1643an Bordelen argitaratutakoan oinarritua.
Axular eskuararen (lingua navarrorumen) prosalaririk onena bezala hartzen da eta kontuan hartuz hizkuntz guztiak idazle modelo bat daukatela bere literaturako: Ingelesek Shakespeare dute bere ingeleserako; italiarrek Dante daukate bere italierarako; espainiarrek Cervantesez gozatzen dute bere gaztelaniarako…erten ahal dugu eskuara (euskara) Axular dula idazle modelo gise.
Baina Pedro Aguerrek eskualdekoa izanez gain (jejeje) ze lotura du Baztanekin? …1954an Aita Donostia hil zenean Lekaroz errebistarako ziren “nota” batzuk aurkitu ziren. Eskuidatzi horiek “Pedro Axular en Baztan” tituloa zeukaten eta aita Jorgue Riazuk 1974an ezagutzera eman zitu (urte aunitz aldizkariko zuzendariaren esku egon bai zren). Bilduma hori 66 akta osatzen zituzten eta Aita Donostiak Baztango udalako artxibategietan “Pedro Agerre Azpilkueta” agertzen edo aipatzen zioten dokumentuak ziren. Axularren fama ospetsua zen baina egie erteko, berari buruzko dokumentu eta erreferentzi gutti ziren hortaz aita donostiak bere ikerketa ezberdietarako lanetan Axularri buruz aurkitzen zuen guztia biltzen eta apuntaten hasi zen, exkasa zenez edozein gauza garrantzia bai zuen. 66 akta horiek XVII. mende hasierakoak dira eta Simon de Asco (Elbeteko Asco jauregikoa) escribanoak siñatutakoak dira eta Baztango herri batzuen Baionako apezpikutzarekin zeukaten (ordaindu behar zuten) zergak edo kontibuzionez erreferentzia iten dute. Documentu hoietan ageri da nola zerga (kuartos) horiek kobratzera bertze batzuen artean agertzen dire (urte ezberdiñekoak dira, 1613-1631 bitarte) ; Pedro Iriart, Norberto Eskortz (Urdazubiko monastegiko prokuradorea, Miguel Azpilkueta eta Goienetxe, Baztan,”Valde” Bertiz, Valde Lerin (Doneztebe-Malerreka) eta Bortzirietako (denak Baionako apezpikutzaren barne) errentatzaile nagusiaren prokuratzailea zena… eta baitaere… errentatzaile nagusia, Sarako erretorea, Pedro Agerre Azpilkueta lizenziatua.
Axularren izena agertzen diren dokumentuak zazpi dira, bere izenean arrendatu ziren aipatutako bailarak 1625an eta 1627an bain bakarrik bere firma agertzen da 1627ko Maiatza 15-eko aktan, konfirmatuz bederen Elizondon egun hortan egon zela “kuarto” horiek kobratzen.
Post hau iteko erabili den materiala:
nafarroakoistorioa.wikispaces.com “Pedro Agerre Azpilkueta” artikuloa. Iñigo Saldise Alda.
Auñamendi Eusko Entziklopedia “Pedro Agerre Azpilkueta” Bernardo Estornés Lasa.
“Pedro Axular en Baztan“. P.Jorgue Riezu. Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, ISSN 0046-435X, 6. urtea, 16. zenbakia, 1974, págs. 129-130.
wikipedia.org-eko “Pedro Axular” wikia.
Utzi iruzkina